25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 483295.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (RIS3) hauek jotzen ditu sektore estrategikotzat: automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak. Hori guztia, beste jarduera sektore batzuetatik etor litekeen edozein ekimen gutxietsi gabe.

Halaber, 2017ko uztailaren 19ko Gobernu Erabakiaren bidez onetsitako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak aipamen batzuk jasotzen ditu ikerketarako talentuari bultzada irmoa eman beharraren gainean; ulertzen du pertsonak direla I+G+b-aren oinarri eta, beraz, beharrezkoa dela talentu hori prestatu, mantendu eta erakartzeko aukera eskaintzea. Hori horrela, interes handiko tresna bilakatu da langile teknologikoak eta ikertzaileak kontratatzeko laguntzen deialdia, bultzada ematen baitu ikertzaileak ikerketako enpresa eta erakundeetan sar daitezen.

Aurreko deialdietan, emaitza onak lortu dira prestakuntzako tituludunak enpresetako eta zentro teknologikoetako I+G+b-ko lanetan has daitezen emandako laguntzarekin, eta horregatik beharrezkoa da jarduketa ildo hori mantentzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzen 2020ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimendu dira:

HONEN PAREKO AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82100-4701-467302: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2021

800.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 17an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da tituludunen prestakuntza hobetzea, enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek, unibertsitateek eta sozietate publikoek garatutako I+G+b proiektuetan ikertzaile eta langile teknologiko gisa arituz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Honako hauek izan daitezke entitate onuradun: enpresak (pribatuak zein publikoak), unibertsitateak, sozietate publikoak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluko definizioaren arabera, baldin eta 3. oinarrian zehaztutakoak kontratatzen badituzte eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta I+G+b proiektu bat egitea bertan.

b) Kontratazioaren xedeko lanpostuan enplegurik deuseztatu ez izana deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen denera bitarte.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskirminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

3. Laguntzen eskabidearekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioak.

1. Dirulaguntzaren xedea izanen da kontratazio unean ondoko baldintzak betetzen dituztenak kontratatzea, ikertzaile eta langile teknologiko gisa parte hartzeko I+G+b proiektuetan:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

I) Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, gradua, masterra, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

II) Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Kontratu bidezko loturarik ez izatea entitate onuradunarekin edo lotutako edo elkartutako enpresekin (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean termino horiei egiten zaizkien definizioen arabera), deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den bitarteko epean.

2. Kontratuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Deialdi honen 2. oinarrian onuradun gisa ezartzen diren entitateek eta kontratatuek sinatu behar dituzte.

b) Idatziz formalizatuko dira, eta hauxe adieraziko da berariaz:

I) Kontratatuaren titulazioa.

II) Hasierako eguna (ezin da 2020ko irailaren 30etik aurrerakoa izan), eta bukaerakoa (salbu kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

III) Beteko den lanpostua.

IV) Zenbatekoa eurotan izanen da, eta urteko soldata gordina adieraziko dute; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

V) Deialdi honen dirulaguntzari aipamena.

c) Lanaldi osokoak izanen dira, 12 hilabeterako gutxienez ere.

d) Kontratatutakoek Nafarroako lantokietan jardunen dute eta 5. oinarrian aipatutako eskaerako titulu akademikoarekin bat heldu diren lanpostuetan arituko dira.

e) Kontratatuak sartuta egonen dira entitate onuradunak Nafarroan duen lantoki baten Gizarte Segurantzaren kotizazio kontuaren kodean.

f) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatutakoaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea unibertsitateko tituluen kasuan eta 1. taldetik 7.era goi mailako Lanbide Heziketaren kasuan.

g) Dagokien lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira ordainsariak, eta urteko soldata gordina 18.000 eurokoa izanen da gutxienez.

h) Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko da.

3. Eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa aipatuko da, eta I+G+b proiektu bererako kontratazioetarako laguntza eskatzen ahalko da, diruz lagundu beharreko kontratazioen kopurua gehienez ere bikoa izanik entitate bakoitzeko. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen kontratuen kopurua handitzen ahalko da, gehienez ere bost entitate onuradun bakoitzeko.

4. Dirulaguntzaz baliatuta ezin dira kontratatu enpresaburuaren ezkontideak, ondorengoak eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideak, edo entitatea kontrolatzen dutenenak, zuzendaritzako karguak betetzen dituztenenak edo haren administrazio organoetako kide direnenak.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, baldintza hori betetzearen gainekoa.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarria kontratatutakoaren soldata kostuen portzentaje bat izanen da (Gizarte Segurantzarako ekarpenak barne), taula honetan adierazten diren gehieneko kopuruekin:

ENTITATE ONURADUNA

LAGUNTZA
(%)

GEHIENEKOA
(1. taldea)

GEHIENEKOA
(2. taldea)

GEHIENEKOA
(3. taldetik 7.era)

Enpresa handiak

50

15.000

12.000

10.000

Gainerako entitateak

70

19.000

16.000

14.000

Ondorio horietarako, hara zer adierazten duten:

a) 1. taldea, 2. taldea edo 3.etik 7.era bitarteko taldea dira Gizarte Segurantzaren kotizazio taldeak.

b) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

c) Gainerako entitateak: zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak, unibertsitateak, sozietate publikoak eta enpresa txiki eta ertainak, aurreko letrako definizioaren arabera.

2. Entitate eskatzaileek laguntza gehigarria jaso dezakete kontratazio bakoitzeko; halakoetan, aurreko ataleko gehienekoak gainditzen ahalko dira, baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean:

a) 1.000 euroko laguntza gehigarria, emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzen bada:

I) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 250 langile baino gutxiago dituztenean.

II) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

III) Neurriak aplikatzea bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko edo entitateak erantzukizun soziala hartzeko.

b) 1.000 euroko laguntza gehigarria, 50 langile edo gehiago dituen entitate batean, langile guztien %4k baino gehiagok desgaitasuna badute. Gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori langile guztien %2 edo handik gorakoa denean.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen eguneko 23:59an amaituko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko web-orria erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen web-orria).

Edonola ere, dirulaguntzaren eskaerak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak baliabide telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen web-orrian eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskaera telematikoa, 2., 3.4 eta 15. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) I+G+b proiektua deskribatzen duen memoria, kontratazio plana jasoko duena.

c) Entitate eskatzailea enpresa txikia edo ertaina bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa eta azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan utziak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak aplikatuko dira, 4.1 oinarrian ageri direnak.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 4.2.a oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

e) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntzak eskatzeko epearen aurreko hilabetean, 4.2.b oinarriko laguntza gehigarria justifikatzeko.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak artxibo digitalak izanen dira. Zein bere artxiboan aurkeztu beharko da, behar bezala izendaturik.

4. Eskaerak oinarri honetan aipatu baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hau norgehiagokako araubidea erabiliz emanen da eta, horrela, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

15

8

d) Memoriaren kalitatea

10

5

e) Kontratazio plana

15

10

f) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (RIS3) sektore estrategikoen artean kokatzen den

5

0

g) Plantillan sartu ote den ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko aurreko deialdietatik (2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018) heldu denik

5

0

GUZTIRA

100

50

a) Proiektuaren irismen teknologikoa. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. 10 puntu gehienez ere.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean. 10 puntu gehienez ere.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. 10 puntu gehienez ere.

b) Proiektuaren berritasun maila. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean. 10 puntu gehienez ere.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta. 10 puntu gehienez ere.

c) Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea eta aurrekontua. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak). 5 puntu gehienez ere.

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak. 5 puntu gehienez ere.

e) Kontratazio plana: Alderdi hauek baloratuko dira:

–Eskatutako aurrekontua nola egokitzen den proiektuaren helburuetara eta eginkizunetara. 8 puntu gehienez ere.

–Kontratatuak egin beharreko eginkizunen eta prestakuntzaren deskripzioa. 7 puntu gehienez ere.

f) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan sailkatzen den:

–Automobila eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

g) Plantillan sartu ote den aurreko deialdietatik (2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018) heldu denik: 5 puntu emanen dira, deialdi honen bidez diruz lagundutako kontratua izan dutenen %60 gutxienez sartu eta mantendu bada plantillan.

3. a), b), c) edo d) letretako irizpideetako batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak ez dira beste irizpideen arabera baloratuko, eta haien laguntza eskaera baztertu eginen da. Baztertu eginen dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztien multzoan 50 puntutara iristen ez diren eskaerak.

4. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, e) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, a), b), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak honako hau edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntzak eman eta ukatzeari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena bi hilabeteko epean gehienez ere eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskabideak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

8. oinarria.–Kontratatuak hautatzeko prozedura.

1. Entitate onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta bertan profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dute, eskaeran eta I+G+b proiektuaren memoria-Kontratazio planean ezarritakoari jarraituz (5.3 oinarria).

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hautaketa bat eginen du, aldez aurretik, zehaztutako profila bete eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren datu basean enplegu eskatzaile gisa inskribaturik daudenen artean.

2. Entitate onuradunak, Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik egindako hautaketatik soilik abiatuta, hautatuko du horien artean nor kontratatu, lanposturako egokitzapena neurtzeko proba egokiak egin ondoren, hala bada. Ez da onartuko aipatutako lehendabiziko hautaketa horretatik ez datozenak kontratatzea.

3. Kontratazioak bat egin beharko du titulazioarekin eta kotizazio taldearekin, zeinak zehaztuta baitaude eskaeran eta I+G+b proiektuaren memorian-kontratazio planean (5.3 oinarria). Aipatutako agirietan zehaztutakoan aldaketarik eginez gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio hura onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

9. oinarria.–Kontratua aurkeztea.

1. Kontratua sinatu eta 2020ko irailaren 30a baino lehen, egun hori barne, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen web-orriaren bidez:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

c) Kotizaziorako datuen txostena (IDC), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza nagusiaren besteren konturako langileen kasuan, edo egiaztagiri bat frogatzeko kontratatua sartuta dagoela Gizarte Segurantzako kotizazio kontuaren kodean entitateak Nafarroan duen lantoki batean eta kotizazio taldean.

2. Betebehar hau bete ezik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. 2021eko urriaren 30era arte, hura barne, entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztuko dute laguntzen web-orriaren bidez:

a) Pertsona kontratatuaren partaidetza izan duen I+G+b proiektuko jardueren memoria, laguntzen web-orrian dagoen ereduaren araberakoa.

b) Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

2. Kontratatua ordezten bada, 12. oinarriaren arabera, 2021eko azaroaren 15era artekoa izanen da, gehienez, oinarri honen 1. puntuko dokumentazioa aurkezteko epea.

3. Artxibo digitaletan aurkeztuko da dokumentazioa. Behar bezala identifikaturik egonen dira, kronologikoko ordenaturik eta 3 taldetan banaturik: nominak, ordainagiriak eta langilearen gaineko kalkulu globalak.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da proposamen horretan.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 10. oinarrian zehaztutako frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

12. oinarria.–Kontratua etetea, azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Etetea.

Arrazoi hauengatik eten daitezke deialdi honen babesean eginiko kontratuak:

a) Aldi baterako ezintasuna, gutxienez ondoz ondoko 2 hilabete irauten duenean.

b) Amatasuna eta aitatasuna.

c) Arriskua haurdunaldian.

d) Arriskuak bederatzi hilabetetik beherako haurren edoskialdian.

e) Adopzioa edo harrera, horren iraunaldian.

Kasu hauetan, entitate onuradunek eska dezakete, laguntzen web-orriaren bidez, epe horretan laguntza ere eten dadila, halako moduz non ez diren diruz lagunduko epe horretan onuradunak zituen soldata-gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egoki jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, eta, laguntzen web-orriaren bidez, frogagiriak aurkeztu beharko ditu, kontratua azkendu eta 15 eguneko epean.

3. Ordeztea.

Entitate onuradunek kontratatu den pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetakoren batengatik amaitzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, entitate onuradunek jakinaraziko dute, 15 egun naturaleko epean gehienez kontratua azkentzen denetik, zehazki zerk ekarri duen kontratua azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimena emanen du ala ez, kontratatua ordezteko.

Bidezko denean ordezkapena egitea, 8. oinarrian aurreikusitako prozedura bete beharko du kontratazio berriak. Kontratuak, halaber, 3. oinarriko baldintzak bete beharko ditu, salbu eta hasierako egunari dagokiona.

9.1 oinarrian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da laguntzen web-orriaren bidez.

Hasieran kontratatutakoa ordezten bada, ez da inola ere emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handituko.

Aurreko kontratua azkendu eta hilabeteko epe luzaezinean hasiko da gehienez ordezpenaren kontratua.

Ordezpen bakarra onartuko da diruz lagundutako kontratu bakoitzeko.

4. Kontratua azkentzen denean ordezpena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoari jarraituz:

a) Dirulaguntza guztia kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, iraupenaren lehenbiziko seihilabetekoan amaitzen denean kontratua.

b) Dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, iraupenaren bigarren seihilabetekoa osatu gabe amaitzen denean kontratua.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen web-orria baliatuz aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, web-orri horretan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Informazioa emateko betebeharra urratuz gero, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatzen duena, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Kontratatu beharreko pertsonak 8. oinarriko prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 9. eta 10. oinarrietan adierazten den moduan.

d) Jasotako dirulaguntza bereiz kontabilizatzea.

e) Kontratua eten, azkendu eta, hala denean, ordeztu dela egiaztatzea, 12. oinarrian adierazitako moduan eta epean.

f) Pertsona kontratatuek parte hartzen duten I+G+b proiektuaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik entitate onuradunek, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bitartez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren xedeak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasuren bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

14. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatuek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi behar dute. Halaber, doktorego tesian finantzazio hori aipatuko da, bai agirian berean bai tesia defenditzeko ekitaldian.

2. Kasu guztietan, hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da diruz lagundutako proiektuarekin lotuta prestatzen den dokumentazioan eta horren emaitzak hedatzeko materialetan, eta begiratuko da irudi igualitarioa zabaltzen dela, genero rolei lotuta ez dagoena, irudi askotarikoa eskainiz emakumeen nahiz gizonen inguruan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat.

15. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortuko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen web-orriaren bidez.

2. Entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eta herritar karpetan eginen dira administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak: (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

2. Entitate onuradunek laguntzaren eskabidean eman beharko diote aditzera Energiaren arloko I+G+b Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, haiek jaso bezain laster eta, betiere, 10. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) emandako dirulaguntzak, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, entitate onuradunak eta emandako diru-kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, laguntzen web-orrian, honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzen helburua.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2000960