25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2020 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, zeinaren bidez Frantzisko Xabierkoa saria ematen baitzaio José María Zabala Martínez jaunari, Zabala Innovation Consulting enpresaren sortzaile eta zuzendariari.

Abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, Frantzisko Xabierkoa saria sortu zuen Nafarroako Gobernuak, esker ona adierazteko Foru Komunitatetik kanpora diharduten pertsonei, entitateei eta erakundeei, euren lanaren bidez Nafarroa aurrerapena, ongizatea eta gizartearen hobekuntza sustatzen dituen erkidego gisa agerrarazten dutelako.

Saria Nafarroako Gobernuak emanen du, bere lehendakariak edo kontseilari batek edo batzuek proposaturik.

Saria banatzeko ekitaldia zehazten den egunean eginen da eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria jendaurrean.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak erabaki du saria José María Zabala Martínez jaunari ematea; izan ere, Zabala Innovation Consulting enpresaren sortzaile eta zuzendari den aldetik, Zabala jaunak lan garrantzitsua egin du enpresa berrikuntzaren kudeaketaren arloan enpresak dauzkan bederatzi bulegoen bidez (bat, egoitza nagusia hain zuzen, Iruñean dago, eta gainerakoak, Europan eta Latinoamerikan). Zabala Innovation Consulting-ek 200 profesionalek baino gehiagok osatutako langile taldea dauka, eta 1.500 bezero baino gehiago dauzka munduan zehar, tartean direla enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta administrazioak. 500 proiektutik gora zuzendu ditu Europako Horizon 2020 programarako (horren bidez Europako hainbat arlotako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzen dira), eta nazioarteko bazkideak ditu munduko 20 herrialdetan baino gehiagotan.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du José María Zabala Martínez jaunari ematea Frantzisko Xabierkoa saria.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko urtarrilaren hamabostean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Frantzisko Xabierkoa saria ematea José María Zabala Martínez jaunari, Zabala Innovation Consulting enpresaren sortzaile eta zuzendariari.

2. Saria ekitaldi instituzional batean emanen da, Madrilgo Lázaro Galdiano museoan, foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

3. Foru dekretu hau José María Zabala Martínez jaunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2000770