25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAONDOA

Ordenantza, Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa
eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzagaondoko Udalak, 2019ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Onespenaren erabakia 2019ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 25ean, argitaratu ondoren, jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua)

Ardatzen, 2020ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Elsa Plano Urdaci.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Administrazio erregistroa. Itzagaondoko Udalaren ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroa sortzen da, izaera administratibokoa. Ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak inskribatzen ahalko dira erregistro horretan, bai eta halakoen bukaera ere, ordenantza honetan ezarritako eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorra zer den. Bikote egonkortzat jotzen da elkartze libre eta publikoa, ezkonduenaren antzeko afektibitate harremana duena, edozein izanik ere sexu orientazioa, bi pertsona adindunek edo adingabeko emantzipatuk osatua, ahaidetasun-loturarik izan gabe odolkidetasunez edo adopzioz zuzeneko lerrotik (aita-ama/seme-alabak) edo alboko lerrotik bigarren maila arte (senideak), baldin eta bietako inor ez badago bertze norbaitekin loturik ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz. Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideek agiri publiko batean adierazten dutenean bikote egonkorra eratzeko nahia.

3. artikulua. Erregistroan inskribatzeko betekizunak. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahalko dute, baldin eta beren adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze bat osatu badute. Elkartutako kide batek bederen egon beharko du Itzagaondoko udalerrian erroldaturik, bertan bizi ohi delako, urtebete lehenagotik gutxienez. Halaber, bi kideek zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko dute, adieraziz ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko elkartzeen edo izatezko bikoteen bertze erregistroren batean.

4. artikulua. Lehenbiziko inskripzioa. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren aitzinera, beren artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa oinarrizko inskripziotzat joko da, eta horren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak. Aitzineko paragrafoan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

5. artikulua. Ukatzeko arrazoiak. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo ahaide badira zuzeneko lerrotik (aita-amak/seme-alabak) odolkidetasunez edo adopzioz nahiz ahaide badira alboko lerrotik odolkidetasunez edo adopzioz bigarren maila arte (senideak). Inskripzioa ez egiteko bertze arrazoi bat litzateke agertzen direnetariko bat judizialki ezgaitua izatea, edo bere burua gobernatzeko ahalmenaz gabetua, inskripzioaren ardura duen funtzionarioaren iritziz. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona. Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago.

6. artikulua. Baterako eskabidea. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo azkentzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahalko baita.

7. artikulua. Desegitea. Kasu hauetan, bikote egonkorra desegintzat hartuko da:

–Bikotekide baten heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik.

–Kideetako bat ezkontzeagatik.

–Bien artean hala erabakitzeagatik.

–Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahi izateagatik, bertze kideari modu frogagarrian jakinarazita.

–Urtebetetik gora elkarrekin bizitzetik gelditzeagatik.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak Bikote Egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinaraztera eta elkartzea deuseztatzeko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatuta eginen da idazpena, aitzineko artikuluak ezarri bezala.

8. artikulua. Erregistroaren kokalekua. Erregistroa Itzagaondoko Udalaren Idazkaritza Orokorrean egonen da.

9. artikulua. Liburu Orokorra. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua osatua egonen da orri mugigarriz, zenbatuz eta zigilatuz, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Liburu Lagungarria. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden bikote inskribatuekin zerikusia duten idazpenak.

11. artikulua. Idazpenen konfidentzialtasuna. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta idazkariak ematen dituen egiaztagirien kasuan, soilik bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

12. artikulua. Idazpenak dohainik izatea. Inskripzioak dohainik izanen dira; ez, ordea, ziurtagiriak, horiek Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantzaren arabera emanen baitira.

13. artikulua. Tratu berdintasuna. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Itzagaondoko Udalean.

14. artikulua. Araubide juridikoa. Ezkondu gabeko bikote egonkorraren harremanaren ondoriozko gai guztiei (hala nola ondare erantzukizunari, familia eta ondorengotza araudiari nahiz funtzio publikoaren araudiari) aplikatzen ahal zaien araubide juridikoa honen araberakoa izanen da: elkarrekin bizi direnek esanbidez edo isilbidez erabakitzen dutena; bikote egonkorrei aplikatzen ahal zaien foru araudian xedatua; eta, hala behar badu, auzitegiek Zuzenbidearen printzipio orokorrak aplikatuz ezartzen dutena.

15. artikulua. Zerga eta tributu araubidea. Zerga eta tributu arloei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren erregistro fiskalaren edukia eta funtzionamendua arautzen dituen otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduan xedatuari jarraikiko zaio.

I. ERANSKINA

Inskripzio-inprimakia (PDFa).

II. ERANSKINA

Elkartzea azkentzeko inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2000717