25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2020 FORU LEGEA, urtarrilaren 23koa, zeinaren bidez indarraldia luzatzen baitzaio 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari, eta aldaketak egiten baitzaizkio.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ INDARRALDIA LUZATZEN BAITZAIO 2017-2019 ALDIRAKO TOKI INBERTSIOEN PLANA ARAUTZEN DUEN ABENDUAREN 13KO 18/2016 FORU LEGEARI, ETA ALDAKETAK EGITEN BAITZAIZKIO.

HITZAURREA

Nafarroak toki administrazioaren arloan duen eskumen historikoa baliatuz eman zen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

Aipatutako arauaren 61.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresna gisa, Nafarroako Gobernuak, kasuko gaikuntza egiten duen foru legearen esparruan, inbertsio planak ezartzen ditu, helburu nagusitzat dutenak Foru Komunitatearen lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea.

Agindu horretan xedatutakoa aplikatuz eman zen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duena, 100 milioi euroko aurrekontu zuzkidurarekin.

2017-2019 aldiko ekitaldietako bakoitzean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak geroko ekitaldien kargurako gastua baimentzen eta konprometitzen du, kasu bakoitzean finkatutako urtealdi-mugak gainditu gabe; konpromiso ekonomikoak ordainketen aurreikuspenaren eta lanen exekuzioaren arabera egozten dira.

Betetzeko dauden konpromisoen egozpenerako eta betebeharren tramitaziorako egungo aurreikuspenekin, ikusten da ezinezkoa izanen dela 2019ko ekitaldian bukatzea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean jasotako obrak.

Bestalde, foru legean ezarrita dagoenez, konpromiso horiei erantzuteko behar diren zenbatekoak bermatuta daudenean, beste jarduketa batzuei helduko zaie, erreserban dauden inbertsioen lehentasun ordenari jarraikiz, eta horrez gain litekeena da presako lanak egiteko eskaerei ere aurre egin behar izatea.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da luzatzea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen indarraldia, eta horrela aukera emanen da, plan berri bat onetsi arte, indarreko planean sartutako inbertsio finantzagarri guztien konpromisoak baimendu eta egozteko eta ordainketak egiteko.

Lehen artikulua.–Indarraldia luzatzea 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari.

Indarraldia luzatzen zaio 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari, eta horrela aukera ematen da indarreko Toki Inbertsioen Planean sartutako inbertsio finantzagarri guztien gastu konpromisoak baimendu eta egozteko, bai eta ordainketa-betebeharrak betetzeko ere, plan berri bat onetsi arte.

Bigarren artikulua.–Aldaketak egitea abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari, 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duenari.

1. Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeko 22. artikuluko 4. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. Obrak aurreko apartatuetan ezarritako epeetatik kanpo hasten badira, zehapenak ezartzen ahalko dira diskrezionalki, non ez den salbuespenezko baimen berezirik ematen, toki entitateak frogatzen dituen arrazoiak egoteagatik, interes publikoaren mesedetan obrak atzeratzera behartzen dutenak, edo partikularrei eraginak ekartzeagatik, betiere inbertsioaren norakoa eta helburua babesturik. Zehapen horiek eskala hauetan jasotakoak dira:

–Epez kanpo hastea, gehienez ere 15 eguneko atzerapenaz: gehieneko diru-ekarpenaren % 10.

–Epez kanpo hastea, gehienez ere hilabeteko atzerapenaz: gehieneko diru-ekarpenaren % 20.

–Epez kanpo hastea, gehienez ere bi hilabeteko atzerapenaz: gehieneko diru-ekarpenaren % 50.

Obrak bi hilabetetik gorako atzerapenaz hasten badira, obra osoki utziko da inbertsio-planetik kanpo, foru legearen 27. artikuluan adierazten den moduan.

Gehieneko diru-ekarpenaren gutxitzea artikulu honetan xedatutakoari jarraituz egiteko, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, toki entitate interesdunari 10 egun baliodunez entzunaldia emanen dion espediente egokia tramitatu ondoren.”

2. Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeko 24. artikuluko 5. eta 6. apartatuak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“5. Obra amaieraren ondoriozko ordainketarako eskaera, IV. eranskineko 5. ataleko C) letran eskatutako dokumentazioarekin batera, hilabeteko epean aurkeztu beharko da, obrak xede duen erabilera publikorako entregatu daitekeela frogatzen duen harrera-aktaren dataren biharamunetik kontatzen hasita, are enpresa kontratistaren adostasunik ez dagoenean ere.

Obra-amaieraren justifikazio-agiriak epez kanpo aurkezteak honako eskalan jasotzen diren zehapenak ezartzea ekartzen ahalko du diskrezionalki:

–Epez kanpo justifikatzea, gehienez ere 15 eguneko atzerapenaz: obraren amaierako ordainketari dagokion ekarpenaren % 5.

–Epez kanpo justifikatzea, gehienez ere hilabeteko atzerapenaz: obraren amaierako ordainketari dagokion ekarpenaren % 10.

–Epez kanpo justifikatzea, gehienez ere bi hilabeteko atzerapenaz: obraren amaierako ordainketari dagokion ekarpenaren % 15.

–Justifikazio-agiria epez kanpo aurkeztea, bi hilabete baino gehiagoko atzerapenaz: obraren amaierako ordainketari dagokion ekarpenaren % 20.

6. Obraren amaierako ordainketari dagokion ekarpenaren gutxitzea aurreko apartatuari jarraituz egiteko, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, toki entitate interesdunari 10 egun baliodunez entzunaldia emanen dion espediente egokia tramitatu ondoren.”

Xedapen iragankor bakarra.–Araubide iragankorra.

Foru lege honetan aurreikusitako zehapen-araubidearen aldaketak hark indarra hartu aurretik hasitako prozedurei aplikatuko zaizkie baldin eta araubide juridikoa aurreko araudiak ezarritakoa baino mesedegarriagoa baldin bada.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2001200