235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 23an hartua, “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa egituratzailea onesten duena, trazadura aldatu eta Mugiroko tuneletik pasatzea galarazteko. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko azaroaren 20ko erabakiaren bidez aldaketa hau tramitatzen hasi zen. Horretarako, aldi berean jendaurrean jarri zen eta entzunaldia eman zitzaien trazaduraren aldaketak ukitutako udalei. Erabaki hori 2019ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 9koan.

Jendaurreko epean eta ukitutako udalari eta kontzejuari entzuteko aldian, ez da alegaziorik jaso aldaketaren aurka.

Espedientean Nafarroako Gobernuaren Herri-lurren Atalak 2020ko urtarrilaren 9an aldeko txostena jaso da.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 280E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin zen. Bertan ezartzen denez, UPSaren aldaketa egin beharko da proposamenak ingurumenari buruz biltzen duen dokumentazioan jasotako ingurumen babeserako irizpideei jarraituz, eta proposamen horretan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira.

Aldaketaren hasierako onespenaren erabakian proposamenaren lurralde eta hiri koherentzia baiesten eta justifikatzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2020ko maiatzaren 14ko txostenarekin eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa egituratzailea onestea, trazadura aldatu eta Mugiroko tuneletik pasatzea galarazteko. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

2. Katastroa ere aldatu beharko da, Plazaolaren bide berdearen trazadura berria nabarmentzeko.

3. Gogorarazi behar da ezen, “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren arabera, trazaduraren garbiketa eta sastrakak kentzea 3 m-ko zabalerara mugatuko dela, eta ezin izanen dela material asfaltikorik, hormigoirik edo antzekorik erabili (testu bateginaren 53. artikulua, 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1993ko urriaren 11koa).

4. UPSa garatu eta gauzatzeko, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 280DE/2020 Ebazpenak ezartzen duena hartuko da aintzat.

5. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Babes Zibileko Zuzendaritzara (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua), Herri-lurren Atalera, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira.

7. Erabaki hau Larraungo Udalari, Mugiroko Kontzejuari eta Plazaola Partzuergo Turistikoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena den, administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko irailaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011081