230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LIZARRA

Deialdia, ingurumeneko erdi mailako teknikari lanpostuan aldi baterako kontratazioarekin aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bidez eratzeko

Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2020ko irailaren 17an egin bilkura arruntean, deialdia onetsi zuen izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bidez eratzeko, ingurumeneko erdi mailako teknikari lanpostuan aldi baterako aritzeko, Lizarrako Udalaren zerbitzura.

Erabaki honi jarraikiz ematen dira argitara deialdiaren oinarri hauek.

Lizarran, 2020ko irailaren 18an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1.–Deialdi honen helburua da izangaien zerrenda bat eratzea, Lizarrako Udalaren zerbitzuko ingurumeneko erdi mailako teknikariaren lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2.–Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen B mailako ordainsariak izanen ditu, bai eta %26,39ko lanpostuko osagarria ere, eta aplikatuko zaizkio enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritakoa eta administrazio publikoen langile lan-kontratudunei aplikagarri zaien gainerako araudia ere.

2. oinarria.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauek edukitzea edo eskuratzeko moduan egotea: graduduna izatea Ingurumen Zientzietan, Biologian, Ingurumen Biologian, Ingurumen Ingeniaritzan, Zientzia Esperimentaletan, Nekazaritza Ingeniaritzan, Agronomia Ingeniaritzan, Mendi Ingeniaritzan, Basogintzako eta Natura Inguruneko Ingeniaritzan, Nekazaritzako Elikagaien Ingeniaritzan (Landa Ingeniaritzako ibilbidearekin), Geologian eta Arkitekturan; orobat, aipatutako graduko ikasketak eragin zituzten goi-mailako lizentziaturak eta ingeniaritzak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, eskabidea aurkezterakoan haren kopia konpultsatua erantsiz.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkeztuko dira Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean (Lizarrako Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, atzealdea), 09:30etik 14:00etara, egoitza elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabidearen ereduari jarraituz.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia, deialdi honetako 2.1.c) oinarrian eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura lortzeko baldintzetan daudela egiaztatzen duen ziurtagiria, eta lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.estella-lizarra.com) argitaratzeko.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta jendaurrean jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.estella-lizarra.com).

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6.2. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean, izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertu, eta ohartuz gero baldintzaren bat betetzen ez dela denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Lizarrako Udaleko Ingurumeneko zinegotzia.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Gazteria eta Elkartasuneko eta Zerbitzuetako zinegotzia.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Ingurumeneko goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Zerbitzuen Departamentuko burua.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Ingurumeneko goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko B edo A mailako teknikari bat, zehazteke.

Epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, enpresa batzordeak izendatua.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, enpresa batzordeak izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu oposizio-lehiaketan, eta gehienez ere 100 puntuko balorazioa izanen du. Lanpostuan aldi baterako aritzeko zerrendetan sartuko dira oposizioaldian gutxienez 30 puntu lortzen dituzten izangaiak.

6.2. Lehendabizi oposizioaldia eginen da. Gehienez ere, 80 puntu. Epaimahaiak zehazten duen egunean hasiko da; onartuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko da eguna. Pliken sistema erabiliko da eta deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo agiri baliokidea gainean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2.1. Bi proba eginen dira:

6.2.1.a) Lehenbiziko proba: proba horretan, test motako 55 galdera, gehienez ere, erantzun beharko dira, idatziz; galderak II. eranskinean ageri diren gaiei buruz izanen dira. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba honek gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du.

Lehenengo proba gainditzeko gutxieneko puntuazioa: 20 puntu.

6.2.1.b) Bigarren proba: ariketa praktiko bat egin beharko da, atal bat edo gehiago dituena, Lizarrako Udalaren ingurumen arloko aferei buruzkoa, betiere II. eranskineko gaiekin loturik.

Proba honek gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du.

Bigarren proba gainditzeko gutxieneko puntuazioa: 15 puntu.

6.2.2. Epaimahaiak, izangaien kopurua kontuan hartuz, zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Epaimahaiak erabakitzen badu bi ariketak egun bakarrean egitea, ariketa praktikoa hasi aurretik ariketa teorikoa zuzendu eta haren emaitzak argitaratuko ditu; bigarren ariketa egin ahalko dute ariketa teorikoa gainditu dutenek soilik.

Gai-zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da.

Probak egiteko ez da inolako testurik erabili ahalko, ezta bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.2.3. Probak egiten diren egunean jakinaraziko da zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan eginen den ariketen plikak irekitzeko ekitaldi publikoa.

6.2.4. Lehenengo proba gainditu duten plika zenbakien bigarren probak bakarrik zuzenduko dira.

6.2.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian zein den lortu den puntuazioa eta epeak ezarriko ditu erreklamazioak egiteko.

6.3. Lehiaketaldia. Gehienez ere, 20 puntu. Apartatu honetan ezarritakoaren arabera alegatu eta frogatutako merezimenduak ondoko baremoari jarraituz puntuatuko zaizkie oposizioaldia gainditu duten izangaiei bakarrik.

6.3.1. Lan esperientzia. Gehienez ere 14 puntu, antzeko eginkizunetan aritu izanagatik;

6.3.1.a) Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak lanpostu hauetan: Ingurumeneko goi mailako tituluduna, Ingurumeneko teknikaria, Agenda 21eko teknikaria, Ingurumen Ebaluazioko teknikaria, Ingurumeneko aholkularia/auditorea edo antzekoa, B edo A mailakoa; 2 puntu urte bakoitzeko.

Atal hau frogatzeko, dagokion administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztuko da.

6.3.1.b) Administraziotik kanpoko enpresetan egindako zerbitzuak lanpostu hauetan: Ingurumeneko goi mailako tituluduna, Ingurumeneko teknikaria, Agenda 21eko teknikaria, Ingurumen Ebaluazioko teknikaria, Ingurumeneko aholkularia/auditorea edo antzekoa, unibertsitate mailako titulazioa eskatzen duten lanpostuetan (gradua, lizentzia edo diploma); puntu 1 urte bakoitzeko.

Atal hau frogatzeko, enpresa-ziurtagiria edo lan-kontratua aurkeztuko da, Gizarte Segurantzako lan bizitzaren txostenarekin batera.

Oharrak:

a) Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da (kontuan hartuko den gutxieneko denbora hilabete osoa izanen da).

b) Hainbanatu eginen dira lanaldi partzialean egindako zerbitzuak (gutxienez lanaldiaren %20).

c) Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

d) Aurreko 6.3.1.a) eta 6.3.1.b) atalak batuta lortzen den puntuazioa, guztira, ez da 14 puntutik gorakoa izanen.

e) Atal honetako balorazioa egiterakoan, ez dira antzeko lanpostu gisa hartuko honako hauek: Kalitateko teknikaria, Lan arriskuen prebentzioko teknikaria, GIS eta teledetekzioko teknikaria, Hondakinen kudeaketako teknikaria, Uren tratamenduko teknikaria, Geografoa, Arkitektoa edo Hezitzailea, “ingurumenekoa” izendapena izan arren.

6.3.2. Euskara.

Lizarrako Udalaren Euskararen ordenantza bete beharrez, euskaraz jakitea hautaproben parte izanen da. 6 puntu eskuratu ahalko dira gehienez, merezimendu gisa. Zentro ofizialen tituluak baloratuko dira, B1etik gorakoak, ondoko balorazio-baremoari jarraituz:

–EGA edo C1: 6 puntu.

–B2: 4,8 puntu.

–B1: 3,6 puntu.

Mailarik altuenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inola ere batuko bi mailatako edo gehiagotako puntuak.

6.3.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eska ditzake epaimahaiak noiznahi.

6.3.4. Lehiaketaldia burututa, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa ikusgai jarriko da iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen da behar diren erreklamazioak aurkezteko.

6.3.5. Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zaizkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.

7.–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Ariketen balorazioa bukaturik eta, erreklamaziorik bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendaren proposamena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa.

7.2. Halaber, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oinarri honetan aipatzen den zerrendaren proposamen hori, onets dezan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

7.3. Izangaien artean berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban lortzen den puntuaziorik handienari eginen zaio kasu. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa kalifikazio epaimahaiak eginen du eta ukitutako izangaiei bertan agertzeko deia eginen zaie.

7.4. Alkatetzak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta “www.estella-lizarra.com” web-orrian argitaratuko da.

8.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

8.1. Zerrenden kudeaketa Lizarrako Udalaren Langileen Alorrari dagokio eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen 814/2010 Foru Aginduari jarraituz eginen da (Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, abenduaren 31n).

8.2. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta onesten denetik hasita, gehienez ere 5 urteko indarraldia izanen du.

8.3. Deia egiterakoan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek egoera hori frogatu behar dute, organo eskudunak berariaz luzatutako agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda. Ingurumeneko erdi mailako teknikaria (B maila)

1. gaia.–Ingurumena Europar Batasunean. Europako Ingurumen Agentzia. Europar Batasunaren ingurumen politikak.

2. gaia.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. 93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.

3. gaia.–Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legea.

4. gaia.–Energia. Energia kontzeptua. Energia iturriak eta motak. Nafarroako balantze energetikoa: energia produkzioa, banaketa eta kontsumoa Nafarroan. Energia berriztagarriak Nafarroan eta Lizarran.

5. gaia.–Energia berriztagarriak: kontzeptua, iturriak eta motak. Abantailak eta desabantailak, energia arrunten aurrean. Energia arruntak: motak eta eragina ingurumenean eta giza osasunean.

6. gaia.–Klima: kontzeptua eta alderdi nagusiak. Klima Nafarroan. Berotegi efektua. Klima-aldaketa: kontzeptua, jatorria eta izan ditzakeen ondorioak. Berotegi efektuko gasak (BEG): kontzeptua, BEG nagusiak eta iturriak.

7. gaia.–BEG isuriak Nafarroan. Arintzea eta klima-aldaketara egokitzea. Nazioarteko tratatuak klima-aldaketaren arloan. Xedeak eta konpromisoak. Klima-aldaketaren gobernu arteko taldea eta bere txostenak. Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orria.

8. gaia.–Atmosfera: konposizioa, geruzak eta kontzeptu orokorrak. Airearen kutsatzea: kutsatzaile nagusiak, sailkapena, iturriak eta pertsonen osasunean dituzten ondorioak. Argiaren kutsadura. Ozono geruzaren zuloa eta horri lotutako problematika.

9. gaia.–Ziklo hidrologikoa. Ura Lurra planetan. Uraren hornidura Jurramendiko Mankomunitatean. Uraren kutsadura eta arazketa. Hondakin-uren araztegiak: kontzeptua eta faseak. Lizarrako hondakin-uren araztegia (HUA).

10. gaia.–Lurzorua: konposizioa, geruzak, motak eta kontzeptu orokorrak. Lurzoruaren kutsadura: iturri eta kutsatzaile nagusiak.

11. gaia–Nafarroako ingurune naturala: geografia fisikoa, geologia, hidrologia, edafologia, klimatologia, biogeografia, landaretza eta fauna naturala. Nafarroako habitatak.

12. gaia.–Natura 2000 Sareko eremuak Nafarroan eta Lizarran. Naturagune Babestuen Sarea Nafarroan. Babesguneen eta babes figuren ezaugarriak. Espezie mehatxatuen katalogoak. Espezie exotiko inbaditzaileak: kontzeptua eta horri lotutako problematika. Lizarran dauden espezie exotiko inbaditzaile nagusiak.

13. gaia.–Lizarrako ingurune naturala, Lizarrako ibaiertzak eta ibai-ibilguak (Ega eta Urederra) eta errekak, Belastegi mendia, Peñaguda, Santa Bárbara eta Jurramendiko mendi-mazelak: flora, fauna eta ezaugarri nagusiak (geomorfologia, hidrologia, geologia...). Giza erabilera eta inpaktu nagusiak.

14. gaia.–Lizarrako hiriko parkeak eta lorategiak: parke nagusiak, lorategi historikoak, flora eta faunako espezie nagusiak. Lizarrako Los Llanosko parkea. Zuhaitz zaharrak eta zuhaitz apartekoak. Zumakeren bidea eta Donejakue bidea Lizarran.

15. gaia.–Hirigintza eta lurraldearen antolamendua. Lurralde-antolamenduko planak. Lizarrako Udal Plana.

16. gaia.–Bioeraikuntza: kontzeptua, printzipioak, helburuak, materialak eta teknikak. Hirigintza jasangarria. Etxebizitza eta eraikinen ziurtagiri energetikoa.

17. gaia.–Hiri-hondakinen sorrera eta kudeaketa Lizarran. Hondakinen kudeaketa: hiri-hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea Jurramendiko Mankomunitatean. Konpostajea. Ekonomia zirkularraren printzipioak.

18. gaia.–Mugikortasun jasangarria: kontzeptu orokorra. Garraiobideak: oinezkoa, bizikleta, garraio publikoa, ibilgailu pribatua... Mugikortasunak ingurumenean eta osasun publikoan dituen inpaktuak. Zarataren neurketa. Kutsadura akustikoa: iturri nagusiak eta horri lotutako arazoak.

19. gaia.–Agroekologia. Nekazaritza ekologikoa: kontzeptua, printzipioak, helburuak eta teknika nagusiak. Biodinamika. Permakultura.

20. gaia.–Hiriko eta hiri inguruko nekazaritza: kontzeptua, historia eta egungo egoera. Hiriko eta hiri inguruko nekazaritza motak: baratze komunitarioak, aisialdiko baratzeak, baratze sozialak, baratze didaktikoak, eskola-baratzeak... Baratze komunitarioen eta eskola-baratzeen programak: planifikazioa, xedeak, diseinua, kudeaketa eta dinamizazioa.

21. gaia.–Garapen jasangarriaren kontzeptua. Tokiko Agenda 21. Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda. 30. gaia. Lizarrako Agenda 21. Lizarrako jasangarritasun adierazleak. Agenda 21eko foroa. Eskolako Agenda 21.

22. gaia.–Kontratazio publiko jasangarria. Kontratazio publiko berdea. Ingurumen- eta gizarte-irizpideak Administrazio Publikoaren kontratazio-pleguetan. Europako Batzordearen erosketa ekologikoen eskuliburua.

23. gaia.–Ingurumen-hezkuntza: historia, kontzeptua, helburuak, oinarrizko printzipioak eta bitartekoak. Ingurumen-hezkuntzako programak: diseinua, plangintza, helburuak ezartzea, kudeaketa, garapena eta ebaluazioa.

24. gaia.–Gobernamendua eta herritarren partaidetza politika publikoetan. Ingurumenaren arloan informazio eta partaidetzaren inguruko araudia ezartzea proiektu, plan eta programetan. Metodologiak, gakoak eta antolaketa partaidetza prozesuetan.

Iragarkiaren kodea: L2010923