230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Gizarte-larrialdiko laguntzetarako dirulaguntza

Burutzaren 2020ko abuztuaren 27ko Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zen;

ERABAKIA:

Lehendabizikoa.–Deialdi bat onestea, oinarri arautzaileak biltzen dituena banakako ebaluazioaren araubidean emateko Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen larrialdiko laguntzak.

Bigarrena.–30.000,00 euroko gastua baimentzea indarreko aurrekontuko “Gizarte larrialdietako laguntzak” izeneko 900003 91600 23183 48000 partidaren kargura.

Hirugarrena.–Oinarri hauek argitaratzea Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azkoienen, 2020ko abuztuaren 27an.–Mankomunitateko burua, Nuria Autor Resano.

GIZARTE-LARRIALDIKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

1.–Xedea.

Diruz laguntzea ekonomiaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak berdintzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak, betiere Faltzesko, Funesko, Martzillako eta Azkoiengo bizilagunak badira. Horretarako, diru sarien bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen esku-hartzearekin.

Laguntza horien xedea da:

–Halako tresna berezi bat eskaintzea, udalaren ardura baita gizartearen aldera, arin dadin pobrezia endemikoa nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabiliz.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetan gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan.

2.–Eskatzaileen betebeharrak:

1. Azkoienen, Faltzesen, Funesen edo Martzillan egotea erroldatuta laguntzaren eskatzailea nahiz haren familia-unitatea.

2. Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo bere ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

3. Eskaera egiten denean familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak ez izatea hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

1

1.281,35 euro familia-unitateko

2

1.537,63 euro familia-unitateko

3

1.665,25 euro familia-unitateko

4

1.793,90 euro familia-unitateko

5

1.921,52 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.020,17 euro familia-unitateko

4. Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean eta haren ondorengo aldaketetan ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren.

5. Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko Errenta Bermatua halako hamar baino handiagoa. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

6. Berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. ataletan eskatutakoa.

3.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute eta 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egiten badira.

2. Kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako diru-muga arteko dirulaguntzak emanen dira. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Ostatu ematea.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak. Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 3.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza baterako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko. Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko. Dirulaguntzan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu eta laguntza horiek Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean araututa badaude.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasoila, etab.).

b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere. Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko. Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500,00 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700,00 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940,00 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220,00 euro urteko eta familia-unitateko

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean norbera gaitzeko arautu gabeko prestakuntza jardueretan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan parte hartzeko diren gastuak. Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk. Atal honetan jasoko dira aurreko ataletan zehaztu gabeko laguntzak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla. Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500,00 euro urteko eta familia-unitateko

2 lagun

700,00 euro urteko eta familia-unitateko

3 lagun

940,00 euro urteko eta familia-unitateko

4 lagun

1.220,00 euro urteko eta familia-unitateko

4.–Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua:

Eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzeko azaroaren 30a arte izanen da, betiere aurrekontu-kontsignazioari eusten bazaio. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, instrukzio-organoak eskatuko dio interesdunari eskaera zuzen dezala 7 egun naturaleko epe luzaezinean, errekerimendua egin eta biharamunetik aurrera, eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela ebazpena eman ondoan, bat etorriz Administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin.

Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan aurkeztu behar da eskaera (Corte kalea 13, behea, 31350 Azkoien).

Eskabideak, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta, honako agiri hauek erantsirik aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (ikus II. eranskina). Eredua Eskubide Sozialetako Departamentuko oinarrizko gizarte zerbitzuen web-orriaren Komunikazio Atarian eskuratu daiteke.

b) Entitate eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5.–Aurrekontuaren muga orokorra.

Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzen aitortzak muga bat izanen du, Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen urteko aurrekontuan aurreikusitako 23183 48000 partidaren ondoriozkoa (Gizarte-larrialdiko laguntzak), baina ez da nahitaezkoa izanen ekitaldi bakoitzerako gaitutako aurrekontuko xedapenen gainetik. 2020. urterako, 30.000 euroko zuzkidura du partidak. Ez da deialdian ezarritako kopurutik gorako dirulaguntzarik emanen.

Adierazitakoa ezertan galarazi gabe, ezarritako zenbatekoa agortuz gero, handitzen ahalko da zehaztutako aurrekontuko partidan dagoen aurrekontu-kredituarekin, deialdi berririk egin beharrik gabe, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/3003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin.

Zenbateko osagarria eraginkorra izateko, adierazi beharko da kreditu erabilgarria badagoela, eta, kasu guztietan, bidezko aurrekontu aldaketa onetsita dirulaguntza ematen duen ebazpenaren aurretik.

6.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza bateragarria da bertze edozein administraziok edo entitatek helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen gastu diruz lagunduaren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da, eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.

7.–Prozedura.

Banakako ebaluazioaren araubidean emanen da dirulaguntza.

Buruaren ebazpenaren bidez emanen da dirulaguntza, Gizarte Zerbitzuko teknikariek balorazioa egin ondoan.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuko teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, proposamen-txosten bat prestatuko dute, igorriko zaiona ebazteko eskumena duen organoari, Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondoan.

Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistro orokorrean sartu zen egunean hasita.

Epea iraganik berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ulertuko da eskaera ezetsi dela isiltasun administratibo negatiboagatik.

Laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta ondokoak adierazi beharko ditu espresuki: dirulaguntza jaso duen pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta pertsona edo entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.

8.–Dirulaguntzen ordainketa.

Laguntzak ez dira ordainduko egindako gastuen frogagiriak Udalari helarazi arte, hark zehaztutako moduan. Gainera, dirulaguntza ordaindu aurretik, interesdunek justifikatu behar dute ezarritako baldintzak bete dituztela. Mankomunitateak eskatzaileei eska diezazkieke bidezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Mankomunitateak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

9.–Itzultzeko prozedura.

Jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutza interesa ordaindu dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan ageri diren arrazoiak sortzen direnean.

Honako hauek dira diru guztia edo zati bat itzultzeko arrazoiak:

–Deialdi honetan zehaztutako baldintzak ez betetzea, Administrazioak ohiko kontroletan egiaztatu ondoan.

–Iruzurra egitea edo datuak ezkutatzea.

–Zenbait dirulaguntza batera jasotzea, salbu eta haien artean bateragarriak badira eta deialdi honetan ezarritako muga gainditzen ez bada. Halakoetan, mugatik gora dagoena itzuli beharko da.

10.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: L2011270