230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGOA

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza.
Behin betiko onespena

Larragoako Udalak, 2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larragoako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza, kontsulta publikoa aldez aurretik eginda Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatua betetzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larragoan, 2020ko irailaren 18an.–Alkatea, Tomás Andueza Riezu.

LARRAGOAKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza bat izatea egokia da, emakumeek jasaten duten bereizkeriaren aurka borroka egiteko beharra dagoelako. Bereizkeria hori egiturazko fenomeno unibertsala da, gure herrian ere gertatzen dena, eta oztopoa da emakumeen garapenerako gizarte, ekonomia eta giza arloetan. Izan ere, toki administrazioak funtsezko zeregina du gai honetan, udalerria baita, bere lurralde-dimentsioan, desberdinkeria gauzatzen den tokia, bai eta, bere antolaketa-dimentsioan, gizarte-arazo horretatik eta arazo horrek eragindako pertsonengandik hurbilen dagoen erakunde publikoa ere.

Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren fenomenoak nazioarteko tratamendu juridiko gorena jasotzen du Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioan (CEDAW ingelesezko siglekin ezaguna), Nazio Batuek 1979an onetsitako eta Espainiar Estatuak 1983an berretsitako horretan.

Bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna da Europar Batasunaren funtsezko printzipio bat, eta formalki jaso da Amsterdamgo Ituna indarrean jarri zenetik, 1999ko maiatzaren 1etik, hain zuzen. Hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzea eta haien arteko desberdinkeriak ezabatzea xede ditugu Batasunaren eta haren kideen politika eta jarduketa guztietan. Gainera, Europako Erkidegoko jatorrizko zuzenbidearen arauei dagokienez, aintzat hartzekoak dira honako zuzentarau hauek, besteak beste: 2002/73/EE Zuzentaraua, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzkoa, enplegua, prestakuntza, lanbide-prestakuntza eta lan-baldintzak eskuratzeko; 2004/113/EE Zuzentaraua, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzkoa, ondasunak, zerbitzuak eta hornidurak eskuratzeko; eta 2006/54/EE Zuzentaraua, gizonen eta emakumeen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa, enpleguko eta laneratzeko gaietan.

Estatuan, Konstituzioaren 14. artikuluak aldarrikatzen du berdintasunerako eta sexua dela-eta baztertua ez izateko eskubidea eta, 9.2 artikuluak ezartzen duenez, botere publikoek betebeharra dute behar diren baldintzak sustatzea gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen berdintasuna egiazkoa eta eragingarria izan dadin.

Berdintasunerako eskubidea garatzen da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan. Toki-erakundeei dagokienez, lege organiko horrek berdintasunerako eskubidea sartzen du horien eskumenen erabileran. Halaber, gainerako administrazio publikoekiko lankidetza ezartzen du horretarako.

Bestetik, apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko botere eta administrazio publiko guztien lehentasunezko helburu estrategikoa dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea.

Testuinguru juridiko horretan, aipatzekoa da berdintasun planek duten garrantzia toki esparruan sortutako eta kudeatutako berdintasunari buruzko politiken garapenean.

Larragoako Udaleko Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza ematen da Udalak duen erregelamendu-ahala baliatuz, lurralde izaerako administrazio publiko den aldetik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ematen dion ahala, alegia. Oinarrizko arautegia da toki gobernuarentzat, arlo honetan esku hartzeko.

Ordenantzak 20 kapitulu ditu. Alderdi orokorrak jorratzen dira lehenbizikoan, hala nola xedea eta arau-esparrua, helburuak, aplikazio-eremua eta printzipioak.

2. kapitulutik 13.era, egiturak eta neurriak arautzen dira, generoaren ikuspegia toki-erakundeen jardunean txertatzea helburu nagusi dutenak. 15. kapitulutik 19.era, funtsean, esku hartzeko hainbat esparru sektorialetan berdintasuna sustatzeko neurriak jasotzen dira, hala nola komunikabideak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, ekonomia-jarduera, osasuna, kultura, kirola eta ingurumena.

Azkenik, emakumeen kontrako indarkeria jorratzen da 20. kapituluan, hura baita emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren adierazle nagusia.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta arau-esparrua.

1. Ordenantza honen xedea da udalerrian emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzeko araubide juridikoa ezartzea, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauen esparruan. Horretarako, onartzen du emakumeen aurkako bereizkeria dela fenomeno unibertsala, menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa.

2. Aurreko apartatuan adierazitakoarekin bat, ordenantza honek indarrean dagoen araudian ezarritakoa beteko du. Erregulazioaren xedeko gaia kontuan izanik, nabarmentzekoak dira honako arau hauek:

a) Tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako Europako Gutuna, 2006koa.

b) Emakumeen kontrako bereizkeria era guztiak ezabatzeko Konbentzioa, Espainiak 1983an berretsi zuena.

c) Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa.

d) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.

e) Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea.

f) Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea.

g) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburu orokorra da udalerrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea, emakumeen aurkako bereizkeria era oro ezabatuz. Horretarako, berdintasunaren aldeko konpromisoa agertzeaz gain, udal gobernuak gainerako erakunde publiko eta politikoak inplikatuko ditu, bai eta sozietate zibileko erakunde pribatuak ere.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau udal administrazioan eta haren menpeko edo hari lotutako erakunde eta entitate publikoetan aplikatuko da.

2. Halaber, ordenantza honen printzipio orokorrak aplikatuko zaizkie Udalarekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten enpresa edo entitate guztiei, publikoak zein pribatuak, bai eta Udalaren dirulaguntzarik jasotzen dutenei ere.

4. artikulua. Oinarrizko printzipioa eta printzipio instrumentalak.

1. Ordenantza honen arau-printzipio oinarrizkoa Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasotzen da. Horren arabera, botere publikoek saiatu behar dute gizabanakoak osatzen dituen taldeen berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzen.

2. Aurreko apartatuan aipatutako berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzeko, udal botereak honako printzipio hauek aintzat hartuko ditu, botere publiko guztien jarduna gidatu behar dutenak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko arloan: tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna, dibertsitatearekiko eta desberdintasunarekiko errespetua, genero-ikuspegia jasotzea, ekintza positiboa, sexua dela-eta jarritako rolak eta estereotipoak ezabatzea, ordezkaritza orekatua eta koordinazioa eta lankidetza.

II. KAPITULUA

Ordezkaritza politikoa eta udal organoen osaketa

5. artikulua. Ordezkaritza edo osaketa orekatua.

Ordezkaritzari edo osaketari dagokienez, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, halako moduz non, kasuan kasuko taldean, sexu bakoitzaren presentzia %40ren eta %60ren artean izan behar baita.

6. artikulua. Eragindako organoak.

Ordezkaritza edo osaketa orekatua aplikatuko zaio hauteskunde ondorengo udal gobernuaren eraketari, eta oreka hori sustatu behar da batzordeen osaketan, izendapen libreko karguetan eta epaimahai, hautapen epaimahai, udal kontseilu, partaidetza organo eta Udaleko gainerako organo administratiboen osaketan ere.

7. artikulua. Laguntza neurriak.

1. Ordezkaritza edo osaketa orekatua babestu eta defendatzeko, honako hauek lortzeko neurriak hartuko ditu udal gobernuak:

a) Hautatutako emakume ordezkariek portaera edo hizkuntza estereotipoak ez jasatea, ez eta beste motatako inolako jazarpen mota ere.

b) Hautatutako ordezkariek bizitza pribatua, bizitza profesionala eta bizitza publikoa bateragarri egin ditzaten. Hau da, ordezkari guztiek haien eginkizunetan erabat parte har dezaten ahalbidetzea, esaterako, horretarako egokiak diren lan ordutegi eta metodoak erabiliz eta haien ondorengoek edo haien ardurapeko pertsonek haur eskoletan sartzerik izanen dutela bermatuz.

c) Toki hauteskundeetan parte hartzen duten talde politikoek zerrenda paritarioak egiteko konpromisoa har dezaten begiratzea.

III. KAPITULUA

Berdintasunerako Zerbitzua

8. artikulua. Sorrera.

1. Udalak bere egitura egokituko du Berdintasunerako Zerbitzua sortzeko. Horrek genero-ikuspegia Udalaren politiketan eta jardunean txertatzea izanen du eginkizun, besteak beste. Horretarako, zerbitzuaren ardura duen pertsonak edo zinegotziak parte hartu ahal izanen du egoki iruditzen zaizkion udal arlo guztietan.

9. artikulua. Atxikitzea eta lankidetza.

Berdintasunerako Zerbitzua Alkatetza-Udalburutzari atxikiko zaio eta gainerako udal langileen lankidetza izanen du.

10. artikulua. Helburua.

1. Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuak xede du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea, eta horretarako diren berdintasunerako toki politikak diseinatuko ditu.

2. Berdintasunerako Zerbitzuko langileek behar den prestakuntza izanen dute gai honetan.

11. artikulua. Eginkizun nagusiak.

1. Berdintasunerako Zerbitzuak bere gain hartuko ditu sustapena, programazioa eta Udalaren jardunerako aholkularitza emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaian eta, zehazki, ordenantza honetan ezarritakoari dagokionez.

2. Halaber, Udalaren gainerako arloekin batera, ebaluazio lanetan lagunduko du ebaluazioa egiteko ardura duen erakundeak egoki jotzen duenean.

3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak eta baliabideak hedatzea.

4. Hizkuntzaren erabilera sexista zuzentzea Udalaren agirietan.

12. artikulua. Berariazko eginkizunak.

Berdintasunerako Zerbitzuak honako eginkizun berariazkoak izanen ditu:

a) Berdintasunaren arloko programazioa edo plangintza diseinatzea, baita horien jarraipena egiteko mekanismoak ere.

b) Ekintza positiboko berariazko neurriak diseinatu eta sustatzea.

c) Sustapen lana genero-ikuspegia txertatzeko udal administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan, maila eta fase guztietan.

d) Udal administrazioari atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten prestakuntza-beharrizanak diagnostikatzea, eta proposatzea kasu bakoitzean behar den prestakuntza-mota zein prestakuntza hori eskuratzeko orduan aplikatu beharreko irizpideak eta lehentasunak.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko aholkularitza eta laguntza ematea udal administrazioko zerbitzuei eta haren mendean dauden gainerako organo eta entitateei.

f) Udal arloan txostenak emateko eskumena duen organoa izatea.

g) Bere lurralde-eremuan bizi diren herritarrak sentsibilizatzea emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriez, bereizkeria anizkoitzeko egoerak kontuan harturik.

h) Proposamenak eta sustapen lana egitea udal administrazioan berariazko programak edo zerbitzuak egokitzeko eta sortzeko, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideak izanen dituztela bermatze aldera. Eginkizun hori eta aurrekoa betetzean, zerbitzuaren lana koordinatuko da gainerako arloen lanarekin, bakoitzaren eskumen esparrua zein den.

i) Proposamenak eta sustapen-lana egitea baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak sortu eta egokitzeko, emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntze aldera.

j) Bere lurralde-eremuan gertatzen diren bereizkeria-egoerak hautematea, eta egoera horiek ezabatzeko neurriak diseinatu eta sustatzea.

k) Gizonen parte-hartzea eta inplikazioa ahalbidetzeko neurriak abiatzea berdintasuna garatzeko.

l) Estrategiak diseinatzea feminitate eta maskulinitate eredu berriak sortzeko. Berdintasunaren kultura sustatzeko balioekin eta jarrerekin inplikatutako ereduak izanen dira, eta udalerria pertsona guztientzako espazio partekatu, inklusibo eta bizigarri bihurtzen lagundu behar dute.

m) Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute. Zerbitzuak harremanak sustatuko ditu, bereziki, hezkuntzaren, prestakuntzaren eta pertsonen sozializazioaren arloan diharduten erakunde eta entitateekin, gaitasun berezikotzat jotzen baitira balio, eredu eta erreferente berri eta berdinzaleagoak sustatu eta bultzatzeko.

n) Erabakiak hartzeko toki eremuetan emakumeen partaidetza ahalbidetzeko berariazko neurriak sustatu eta prestatzea.

o) Neurriak eta estrategiak diseinatu eta abiatzea emakumeek historian zehar eta udalerriaren garapenean egindako lana ikusarazteko eta aitortzeko. Emakumeen presentzia sustatuko da, bereziki, tokiko memoria zaintzeko eta hedatzeko elementuetan (kale-izendegia, monumentuak eta abar).

p) Solaskidetza emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumenak dituzten erakunde, organo eta unitateekin, eta, bereziki, Ameskoa Morea emakumeen elkartearekin eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin.

q) Bere eskumen esparruko beste edozein.

IV. KAPITULUA

Berdintasuneko udal politika sustatu, kudeatu eta koordinatzea

13. artikulua. Berdintasuna sustatzea.

Berdintasunerako Zerbitzuaren eginkizunak gorabehera, Udalaren alor guztiek sustapen lana eginen dute, bakoitzak bere jardunaren esparruan, bereizkeria ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko.

14. artikulua. Erakunde arteko partaidetza.

Berdintasunaren aldeko udal politika beste udalerriekin eta erakunde publiko zein pribatuekin modu bateratuan sustatze aldera, udal gobernuak behar diren ahaleginak eginen ditu harreman horiei eta jadanik dauden sareetan duen presentziari eusteko. Halaber, behar diren ahaleginak eginen ditu geroan sor daitezkeen sareetan zein koordinazio formuletan parte hartzeko.

V. KAPITULUA

Udal administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta trebakuntza

15. artikulua. Berdintasunerako prestakuntza eta trebakuntza.

1. Administrazioaren jardunean genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzeko, udal gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko oinarrizko prestakuntza progresibo eta iraunkorra emanen die bere langileei.

2. Udalak laguntzaile izan ditzakeen kanpoko teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko berariazko trebakuntza izanen dute. Trebakuntza hori, ahal dela, unibertsitatekoa izanen da edo, nolanahi ere, antzeko prestaketa maila izanen du.

3. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioari eta hori jardun administratiboan aplikatzeari buruzko edukiak eskatuko dira Udalean lanean hasteko hautatze prozesuetako gai zerrendetan ere.

16. artikulua. Neurriak.

Aurreko artikuluaren lehenbiziko apartatuan ezarritakoa betetze aldera, udal gobernuak, Berdintasunerako Zerbitzuaren aholkularitzarekin, neurri hauek hartuko ditu, gutxienez:

a) Diagnostikoak egitea bere zerbitzuko langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren gainean duten prestakuntza mailari buruz, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonen sentsibilizazio mailari buruz ere. Diagnostiko horiek legegintzaldi bakoitzeko lehen urtean eginen dira.

b) Diagnostikoaren arabera, bere zerbitzuko langileentzako prestakuntza planak egin eta gauzatzea, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonentzako sentsibilizazio planak ere.

c) Langileen ordutegiak egokitzea, eta berdintasunaren esparruko prestakuntzarako erabiltzen duten denbora aintzat hartzea.

VI. KAPITULUA

Bizitza politiko eta zibikoan parte hartzea: Berdintasunerako Kontseilua

17. artikulua. Emakumeen partaidetza.

1. Udalerriko emakumeek eta gizonek eskubidea dute tokiko gobernuan eta bizitza publikoan parte hartzeko, baldintza beretan.

2. Udalak konpromisoa hartzen du emakumeen tokiko parte-hartzearen gaineko diagnostikoa egiteko eta gaian sakontzeko, haien parte-hartzea mugatu ohi duten zergatiak eta zioak ezagutze aldera.

3. Orobat, Udalak, Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez, formulak bilatuko ditu emakumeen parte-hartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko, haien parte-hartzea sustatze aldera, dela banaka dela taldeka, barne harturik, egokia balitz, honako alderdi hauek: parte-hartzerako prestakuntza edo neurriak abiaraztea parte-hartze prozesuak egokitu daitezen emakumeen behar praktikoetara eta interes estrategikoetara.

4. Parte-hartze horren ondorioetarako, behar den informaziorako irispide bera emanen zaie emakumeei eta gizonei, bai eta jarduteko aukera eta kontsultatuak izateko aukera bera ere.

18. artikulua. Berdintasunerako Kontseilua sortzea.

Berdintasunerako Kontseilua sortzen da, emakumeek eta gizonek baldintza beretan parte hartzeko tokiko gobernuan eta bizitza publikoan, eta hori erraztu eta bermatzeko.

19. artikulua. Osaera, eskumenak eta funtzionamenduko araubidea.

Osoko Bilkurak onetsiko ditu Berdintasunerako Kontseiluaren osaera, eskumenak eta funtzionamenduko araubidea, Berdintasunerako Zerbitzuak proposatuta, eta, nolanahi ere, toki administrazioaren partaidetza bermatuko da, bai eta udalerrian ezarrita dauden emakumeen elkarte, erakunde edo taldeena ere.

20. artikulua. Partaidetza sustatzeko dirulaguntzak.

Kontseiluak aurreko artikuluaren bidez esleituta dituen eskumenak galarazi gabe, eta emakumeen presentzia, partaidetza eta aitorpena udal bizitzan areagotzeko asmoz, lehentasunezkoak izanen dira elkarteek eta erakundeek aurkezten dituzten dirulaguntza eskaerak, baldin eta haien bidez emakumeen presentzia, partaidetza eta aitorpen horiek areagotzen laguntzen bada.

VII. KAPITULUA

Berdintasunerako Plana

21. artikulua. Definizioa.

Berdintasunerako Plana izeneko dokumentuak aldian behin islatuko ditu udal politikaren garapena eta zehaztapena emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoaren eta erangingarriaren esparruan.

22. artikulua. Esku hartzeko arloak eta berariazko neurriak.

1. Berdintasunerako Planak jarduketa neurri zehatzak garatuko ditu ordenantza honetan bilduta dauden esku hartzeko arloetan, bai eta interesgarriak izan daitezkeen beste arlo batzuetan ere.

2. Halaber, Berdintasunerako Planak edo horretatik etor daitezkeen plan edo programa zehatzek arreta berezia jarri behar dute hauek bezalako aldagaietan: adina, jatorria, dibertsitate funtzionala edo sexu-orientazioa. Horrez gain, bereizkeria anizkoitzeko egoerei dagokienez, talde bakoitzari modu berariazkoan eragiten dioten beharrak aztertuko ditu.

23. artikulua. Planaren prestaketa eta kontrola.

1. Berdintasunerako Zerbitzuak Berdintasunerako Plana diseinatu eta bultzatuko du, eta bere gain hartuko ditu planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko lanak, honako aukera hauen artean egokiena zein den aztertuz: udalerriak bere kabuz jardutea edo egun kide gisa dagoen edo horretarako sortzen dituen mankomunitateen bidez jardutea.

2. Aurrekoa galarazi gabe, Berdintasunerako Planaren jardunaren helburuak eta ardatzak finkatzeko orduan, aipatu dokumentua egokituko da Nafarroako Foru Komunitateko berdintasunari buruzko erakundeek onetsitako planifikazio-agirietako irizpideetara, baldin eta horrek ez badie kalterik egiten emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan toki mailan hautemandako beharrei eta lehentasunei.

3. Halaber, Berdintasunerako Planak ordenantza honetan jasotako edukiak izanen ditu gidari edo orientabide jardunaren edukiak eta neurriak definitzeko.

4. Berdintasunerako Plana egin aurretik, diagnostiko eguneratua (orokorra edo sektoriala) egin behar da emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoera udalerrian aztertzeko. Lehentasunak zehazten lagunduko du horrek (arlo batean, arlo batzuetan edo arlo guztietan), lehentasun horiek koherente izanda Udalaren politika eta eskumenekin eta hautemandako interes eta arazoekin.

5. Diagnostikotik eratorritako lehentasunak ezarri ondoren, Berdintasunerako Planak planifikaziorako hainbat osagai txertatuko ditu, hauek gutxienez: helburu orokorra, berariazko helburuak, ardatz estrategikoak, horietan sartutako lan arloak, eta arlo bakoitzean egin beharreko programak.

6. Berdintasunerako Plana kontrolatzeko, bertan zehaztuko dira garapenean egin beharreko jarraipen memoria motak, ebaluazioa arautuko duten irizpideak eta kontrol hori egiteko behar diren eta izanen diren baliabideak eta tresnak.

7. Udalak, Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez, parte hartzeko prozesu bat diseinatu eta bultzatuko du. Udalerriko emakumeen eta gizonen inplikazioa (norbanakoa zein taldekakoa) ahalbidetu behar du prozesu horrek, plana prestatzeko.

8. Aurreko puntuan jasoaren harian, Berdintasunerako Tokiko Kontseilua eragile aktiboa izanen da plana prestatzen eta/edo onesten den bitartean. Horrez gain, planaren jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko du, Berdintasunerako Zerbitzuak eta horren erantzule politikoek xedatzen dutenari jarraikiz.

24. artikulua. Txostena.

Berdintasunerako Plana onetsi baino lehen Nafarroako Gobernuaren txostena behar da.

25. artikulua. Onespena.

1. Udalaren Osoko Bilkurari dagozkio Berdintasunerako Plana onestea edo hori luzatzea, Berdintasunerako Zerbitzuak proposaturik. Luzapena egiteko premiak Berdintasunerako Zerbitzuaren txostena behar du.

2. Udal gobernu bakoitza eratu eta gehienez urtebetean onetsi behar dira plana edo horren luzapena.

26. artikulua. Iraunaldia.

Berdintasunerako Plana indarrean egonen da toki hauteskundeen ondoriozko udal gobernuak irauten duen bitartean, baldin eta onesteko proposatzen den dokumentuak berak ez badu gutxiago irautea aurreikusten, betiere justifikatutako arrazoiak izanda eta Berdintasunerako Zerbitzuak txostena emanda.

27. artikulua. Jarduteko urteko programak.

1. Berdintasunerako Planak jarduketarako urteko programak izan behar ditu. Programa horien onespenek, hasierari eta amaierari dagokienez, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasierarekin eta amaierarekin eginen dute bat.

2. Programa bakoitzaren hasierako dokumentuan zehaztuko dira planak irauten duen bitartean egin beharreko ekintza zehatzak, dauden baliabideak, erabil daitezkeen bitartekoak eta espero diren emaitzak. Adierazte aldera:

a) Zerbitzu bakoitzean egin beharreko ekintzak zehaztu behar dira, aipatu ekintzek eta horiek osatutako planeko ekintzek daukaten elkarrekikotasuna aipatuz, baita xede dituzten helburuak ere.

b) Programatutako ekintza guztietan, horiek gauzatzeko erabiltzen diren aurrekontu-kredituak aipatu behar dira, udalerriak egin beharreko gastua ekartzen badute.

c) Ekintza bakoitza egiteko atxikitako giza baliabideak eta antolakuntzakoak aipatu behar dira, hala badagokio.

d) Ekintzak norentzat diren aipatu behar da, bai eta horietako bakoitzarekin bete nahi diren helburu berariazkoak eta, posible bada, betetze maila baloratzeko adierazleak ere.

3. Programaren amaierako dokumentuak jarraipen eta ebaluazioko txosten bat izanen du, honako hauei buruzkoa: lortutako aurreratze maila, gizarte-inpaktua eta hobetzeko proposamenak.

VIII. KAPITULUA

Genero-ikuspegia duten aurrekontuak

28. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak urtero esleitu eta zehaztuko ditu bere aurrekontuetan ordenantza honetan aurreikusitako eginkizunak betetzera eta neurriak gauzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak, baita emakumeen eta gizonen berdintasuna, oro har, sustatzera bideratutakoak ere.

2. Horrez gain, sarreren eta gastuen politiken diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan izanen ditu emakumeen eta gizonen baldintzen, egoeren eta beharren arteko desberdintasunak. Horretarako, sustatuko du genero-ikuspegia duten aurrekontuak egitera bideratutako ekimenak abiatzea edo –hala bada– finkatzea, eta horien inguruko hausnarketa eta analisia egitea.

IX. KAPITULUA

Estereotipoak saihestea eta hizkuntzaren erabilera ez-sexista

29. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak hizkuntzaren erabilera ez-sexista eginen du, hizkera mota guztietan, zuzenean edo hirugarrenen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan.

2. Halaber, aurreiritziak saihestu eta prebenituko ditu, bai eta sexu baten zein bestearen gehiagotasuna edo gutxiagotasuna edota estereotipatutako rol maskulinoak eta femeninoak islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere. Horretarako, jarduerak eta kanpainak eginen ditu, genero estereotipoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko borrokari egiten dizkioten kalteez kontzientziatzeko.

30. artikulua. Aholkularitza.

Berdintasunerako Zerbitzuak aholku emateko ardura izanen du udalerrian hizkuntzaren erabilera ez-sexista zer den edo estereotipo sexisten erabilera zer den zehazteko.

31. artikulua. Neurriak.

Udalak, Berdintasunerako Zerbitzuaren ekimenez, kontzientziazio kanpainak eginen ditu eta prestakuntza ikastaroak bultzatuko ditu hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzeko eta portaera eta jarrera estereotipatuak saihesteko, eta aholku emanen die hala eskatzen duten elkarte, erakunde eta udal entitateei.

X. KAPITULUA

Genero-inpaktua Udalaren araudian eta jardunean

32. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honek generoinpaktuaren ebaluaziotzat jotzen du Udalaren edozein araudi edo jarduera aldez aurretik edo egin ondotik ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunean edo desberdinkerian izan ditzakeen edo benetan dituen ondorioak ezagutzeko.

33. artikulua. Ebaluazioaren xedea.

Generoinpaktuaren aldez aurreko ebaluazioaren xede izanen dira honako hauek arautzen dituzten ordenantzetako proiektuak eta egintza administratiboetako proposamenak:

a) Udal enpleguko sarbide, betetze eta igoerako hautapen-prozesuak, bai eta hautapen-epaimahaien osaera zehazten dutenak ere, nahiz eta deialdiak ez arautu modu orokorrean.

b) Udalerriak sustatutako edo diruz lagundutako edozein sari emateko epaimahaien osaera.

c) Kultura eta/edo arte funtsak eskuratzeko gaitutako kideko organoen osaera.

34. artikulua. Txostena egiteko jarraibideak.

Generoinpaktuaren aldez aurreko ebaluazio txostenak egiteko jarraibideak eduki arte, Udalak horretarako orientabide izanen ditu Nafarroako Gobernuak adierazten dizkionak. Halaber, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez ezartzen duen erregulazioari jarraituko dio, hain zuzen, apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusten diren generoinpaktuaren ebaluazio txostenen edukiari eta horiek prestatzeari buruzko erregulazioari.

XI. KAPITULUA

Berdintasuna enpleguan eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea, Udalaren langileentzat eta zerbitzuak hornitzen dituzten enpresen langileentzat

35. artikulua. Xedapen orokorra.

Udalak emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidea aitortzen die bere langileei, enpleguaren alderdi guztietarako, lanaren antolaketa eta lan baldintzak barne. Halaber, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eskubidea aitortzen du, bai eta laneko segurtasunerako eta duintasunerako eskubidea ere, denontzat berdin.

36. artikulua. Esparruak eta neurriak.

Aurreko atalean adierazitako eskubideak garatzeko, udal gobernuak bidezko diren lege-neurri guztiak hartuko ditu, desberdintzeko ekintza positiboak barne, jardunaren hainbat esparrutan. Konpromisoak honako jarduketa hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Udalaren eta zerbitzuak hornitzen dituzten enpresen enpleguari buruzko diagnostikoa egitea eta horren gaineko politikak eta prozedurak berrikustea, epe egoki batean desberdinkeriak jorratzeko. Besteak beste, alderdi hauek aztertuko dira:

–Soldaten berdintasuna, honako irizpide hau bertan jasorik: balio bereko lanek, soldata berdina.

–Soldatak, ordainsariak eta ordaintzeko eta erretiroa hartzeko modalitateak berrikusteko xedapenak.

–Igoera eta karrera garatzeko aukerak modu bidezkoan eta gardenean bermatzeko neurriak.

–Maila guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatzeko neurriak, bereziki goi mailetan eta zuzendaritza mailetan diren desorekak zuzentzekoak.

–Generoa oinarri duen lanbide-segregazioa ezabatzeko neurriak eta langileek ohikoak ez diren lanpostuak eska eta bete ditzaten animatzeko neurriak.

–Bidezko kontratazioa bermatzeko neurriak.

–Lan baldintza egokiak eta osasunerako arriskua ekarriko ez dutenak bermatzeko neurriak;

–Enplegatuei eta horien sindikatuei kontsulta egiteko prozedurak, kontsultarako edo negoziaziorako organoetan emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua dagoela ziurtatuz.

b) Sexu-jazarpenaren eta jazarpen sexistaren aurkako protokolo bat onestea.

c) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko bideak bultzatzea, hauen bitartez:

–Lan-ordutegia egokitzeko politikak ezartzea, langileek haien mendeko pertsonei arreta eman diezaieten.

–Amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko neurriak sustatzea.

d) Gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak hartzea, plan baten bidez edo berariazko ekintzen bidez.

XII. KAPITULUA

Lehiaketa eta kontratu publikoak

37. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatuko du kontratazio publikoan.

2. Udalak jarraibideak emateko konpromisoa hartzen du urtebetean –ordenantza hau indarrean jartzen denetik hasita– emakumeen eta gizonen berdintasun irizpideak jasotzeko Udalaren kontratuetako baldintza-agirietan, klausula administratiboetan eta preskripzio teknikoetan. Aipatu jarraibideak emanen zaizkie gobernu, zuzendaritza edo teknikaren arloko erantzukizunak dituztenei, Udalaren kontratazio prozedurak sustatzen badituzte edo haietan esku hartzen badute.

3. Bestelako neurriak galarazi gabe, Udalak bermatuko du kontratuaren adjudikaziodun den pertsona juridikoak ziurtatu behar duela emakumeen eta gizonen berdintasunaren sustapena, bere estatus juridikoa zein den ere, udalerriak, berak zerbitzua emanez gero, eginen lukeen modu berean.

XIII. KAPITULUA

Dirulaguntzak ematea

38. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honetan aurreikusitako aldez aurreko genero-inpaktuaren menpe egoteaz gain, Udalak eginen duen dirulaguntzen adjudikazioak men eginen die hurrengo bi artikuluetan jasotzen diren debekuari eta baldintzei.

39. artikulua. Debekua.

Udalak ez die inolako laguntza edo dirulaguntzarik emanen sexua dela medio diskriminatzen duten jarduerei, ez eta sexua dela-eta diskriminatzeagatik zehapen administratiborik izan duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean.

40. artikulua. Baldintzak.

Elkarte, erakunde edo kolektibo eskatzaileei dirulaguntzak adjudikatzeko orduan, balorazio irizpide gisa jasoko da horien konpromisoa emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko, hala zuzendaritza organoen osaerari nola garatu nahi dituzten jarduerei dagokienez.

XIV. KAPITULUA

Komunikabideak

41. artikulua. Dirulaguntzak.

1. Udalbatzak ez die dirulaguntzarik emanen komunikazio lanetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburuarekiko konpromisoa hartzen ez duten komunikabideei.

2. Komunikabideen konpromisoak honako alderdi hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta hizkera inklusiboa erabiltzea.

b) Komunikabideak emakumeen parte-hartze aktiboa eta presentzia orekatua bermatzea, bai eta bi sexuen irudi askotarikoa ere, edertasun kanonetatik kanpo eta bizitzaren esparruetan betetzen dituzten eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik kanpo.

c) Emakumeek sustatutako edo haiei zuzendutako jarduera politikoak, sozialak, kirolekoak eta/edo kulturalak zabaltzen direla bermatzea, bai eta emakumeen ahalduntzean laguntzen dutenak ere.

d) Ahal den guztietan, parte hartzeko esparru berariazkoak gaitzea (iritzi zutabeak eta abar) udalerriko emakumeentzat, banaka zein taldeka, horien iritziek, esperientziek eta errealitatearen interpretazioek oihartzun soziala izan dezaten.

XV. KAPITULUA

Gizarte zerbitzuak, zaintza eta erantzunkidetasuna

42. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak behar diren laguntzak eta zerbitzuak emanen dizkie udalerriko emakumeei eta gizonei, sexuarekin loturiko desderdintasunak eta genero harremanetatik datozen desberdinkeriak aitortuz. Horrela, baliabideak egokituko dira emakumeen eta gizonen egoera desberdinetara, bereziki guraso bakarreko familien kasuan eta egoera ahulean dauden taldeen kasuan.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako beharrak zehazteko, diagnostiko bat eginen da legealdi bakoitzeko lehenbiziko urtean.

3. Zaintzak bizitza ekonomikoan eta sozialean duen garrantziaz jabetuta, baita lotura soziala egiteko duenaz ere, Udalaren lehentasunen artean egonen da gizarte laguntzak eta zerbitzuak ematea adingabeak eta mendekotasun egoeran dauden bestelako pertsonak zaintzeko lanak estaltzeko. Edozein kasutan ere, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatuko da aipatu lanetan.

43. artikulua. Jarduketak.

Aurreko atalean jasotako prestazioak bermatze aldera, udal gobernuak, beharren diagnostikora egokituta, honako hauek hartuko ditu bere gain:

a) Herritarrak sentsibilizatzea genero estereotipoak ezabatzeko, honela diotenak hain zuzen ere: batez ere emakumeen ardura dela adingabeak, zaharrak eta mendekotasuna duten bestelako pertsonak zaintzea.

b) Genero-ikuspegia jasotzea behar diren zaintza sistemak, zerbitzuak eta laguntzak emateko, finantzatzeko eta planifikatzeko orduan, emakumeek zaintza lanekiko oraindik duten lokarri berezia zuzentzeko.

c) Kalitatezko zaintza sistemak ematea, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarriak egiteko beharrak estaltzeko, zuzenean zein tokiko bestelako eragileen bitartez.

d) Generoa dela-eta esleitzen zaizkien zaintza ardurak eta horiek ekartzen duten isolamenduak jotako emakumeei laguntza ematea eta horientzako aukerak sustatzea.

XVI. KAPITULUA

Hezkidetza, sexu eskubideak eta elkartasuna

44. artikulua. Hezkidetza.

1. Udala, Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez, harremanetan egonen da hezkuntzaren, prestakuntzaren eta pertsonen sozializazioaren arloetan diharduten erakundeekin, bereziki garrantzitsutzat jotzen baitira balio, eredu eta erreferente berdinzaleak sustatu eta bultzatzeko.

2. Udalak, eta zehazki Berdintasunerako Zerbitzuak zein horren burutzan aritzen diren politikariek eta teknikariek, lehentasunezko helburutzat edukiko dute harreman iraunkorrak eta arinak edukitzea tokiko eskola komunitatearen ordezkaritzarekin (irakasleak, gurasoak, ikasleak eta abar) eta prestakuntzaren arloko beste zenbait organo eta entitaterekin, beharrak atzemateko eta diagnostiko partekatua egiteko udalerrian berdintasunaren kultura garatzeari begira.

3. Halaber, Berdintasunerako Zerbitzuak baloratuko du komenigarri ote den eskatzea udalerrian diren era askotako eskola-foroetan sartu eta parte hartzeko.

4. Udalak, Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez, elkarlaneko ekimenak diseinatu eta martxan jarriko ditu, ikastetxeekin eta prestakuntzaren arloko entitateekin, berdintasunarekin loturiko balioak sustatzeko.

5. Sentsibilizazio kanpaina guztiek trataera eta hedapen berariazkoak izanen dituzte tokiko ikastetxeetan eta prestakuntzaren arloko entitateetan.

45. artikulua. Sexu aukera eta genero identitatearen aniztasuna errespetatzea.

1. Udalak aniztasuna aitortzen du sexu orientazioari eta genero identitateari dagokienez. Aitortzen du, halaber, pertsonak elkartzen ahal direla heterosexualak ez diren harremanen bitartez eta sortzen ahal dituztela ohikoak ez diren familia ereduak. Horregatik guztiagatik, aitortzen du, halaber, ezin dela ziurtzat eman udalerriko herritar guztiak heterosexualak direla eta norberak libreki kudeatzen ahal duela norberaren identitate definizioa. Azkenik, egiaztatzen du LGTB kolektiboak berariazko bereizkeria jasaten duela heteroarauaren parametroetatik at egoteagatik.

2. Hori dela eta, honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

a) Sentsibilizatzeko, kanpainen eta beste baliabide batzuen bitartez, harreman afektibo-sexualen aniztasunaz eta askatasunaz, ugalketa harremanez eta genero identitateaz.

b) LGTBQ kolektiboak jasaten duen bereizkeriaren aurkako tresna eta neurri berariazkoak martxan jartzeko.

46. artikulua. Senidetzeak eta nazioarteko lankidetza.

1. Udalak aitortzen du senidetze eta lankidetza europarrak nahiz nazioartekoak duten balioa pertsona guztiek herritartasun osoa lor dezaten eta pertsonen eta herrialdeen arteko desberdinkeriak ezaba daitezen.

2. Udalak konpromisoa hartzen du honako hauek egiteko senidetze eta lankidetza europarraren nahiz nazioartekoaren arloko jardueretan:

a) Lankidetzako ekintzetan genero-ikuspegia jasotzeko, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen lagundu dezaten eta desberdinkeria harremanak finkatu ez ditzaten.

b) Senidetze harremanak eta lankidetza europarrak nahiz nazioartekoak esperientziak elkar trukatzeko plataforma gisa erabiltzeko, baita emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ezagutzak partekatzeko ere.

c) Emakumeek lankidetza proiektuetan eta senidetzeetan parte hartzen dutela bermatzeko.

XVII. KAPITULUA

Toki garapen bidezkoa eta parte-hartze aktiboa

47. artikulua. Ekonomia-jarduera eta enplegua.

1. Udalak konpromisoa hartzen du emakumeek egun ez ezik udalerriaren historian zehar ere tokiko garapenean eduki duten rola ezagutzera eman, ikusarazi, azpimarratu eta hedatzeko. Horretarako, Berdintasunerako Zerbitzuak ekintzak eta/edo programak sustatuko ditu emakumeek udalerriko esparru sozioekonomikoan eta laneko esparruan duten rola ikertzeko eta diagnostikatzeko, hainbat ikuspegitatik.

2. Horrez gain, harreman iraunkor eta arinak ezarriko ditu ekonomia eta enpresa-jardueraren garapena sustatzen duten tokiko eragile guztiekin, emakumeek arlo horretan dituzten baldintzak hobetze aldera. Beharrezko edo bidezko izanez gero, harreman horiek eskualdeko eragileekin ezarriko dira.

3. Udalak emakumeak lan munduan sartzeko jarduerak eta/edo programak sustatuko ditu eta horiek diseinatzen lagunduko du (prestakuntza, informazioa, orientazioa eta ekintzailetzarako laguntza barne). Arreta berezia emanen zaie gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeei.

4. Tokiko ikastetxeekiko eta prestakuntzaren arloko entitateekiko harremanetan, Udalak ekintzak eta/edo programak sustatuko ditu egun dauden genero estereotipoak ikasketa-orientabide bitartez ezabatzen laguntzeko, honela dioten estereotipoak hain zuzen ere: neskek zein mutilek, norberaren sexuari tradizioz esleitu zaizkion ikasketak nahiago dituztela (horrek laguntzen du emakumeak desabantaila egoeran jarraitzeko estereotipoak mantentzen, lan merkatuan eta arlo ekonomiko osoan).

XVIII. KAPITULUA

Aisialdiko inguru osasungarria eta sortzailea, parekidetasunean

48. artikulua. Kirola egitea eta ohitura osasungarriak.

1. Udalak lankidetza sustatuko du kirol arloko eragileekin, horiek konpromisoa har dezaten emakumeen kirola sustatzeko, edozein direla motak (edo modalitateak), tipologiak (amateur, federatua eta abar) eta/edo adin taldeak.

2. Halaber, emakumeen/gizonen oreka sustatuko du kirol-jardunean berean, baina horri lotutako kudeaketaren eta erabakien esparruetan ere bai (klubak, elkarteak eta abar).

3. Udalak gutxienez programa bat eginen du urtero kirol-jarduna eta ohitura osasungarriak sustatzeko, batez ere emakumeei zuzenduta.

4. Orekari jarraituko zaio Udalak kirolariei edo klubei ematen dizkien sari, golardo, esker on eta dirulaguntzetan ere, horiek jasotzen dituzten emakumeen eta gizonen kopuruei dagokienez.

49. artikulua. Osasuna.

1. Udalak konpromisoa hartzen du udalerriko emakumeek, genero sistemak esleitzen dizkien lanen eta obligazioen ondorioz (batez ere etxeari eta pertsonen zaintzari lotutakoak), jasaten dituzten osasun arazoak ikertu eta ikusarazteko.

2. Udalak ekintzak eta/edo programak bultzatuko ditu udalerriko emakumeak haien osasunaren alderdi aktibo/protagonista bihurtzen laguntzeko, ongizatea lortzeko proposamenen prestaketan parte hartuz.

3. Udalak herriko gazteen sexu hezkuntzarako ekintzak eta/edo programak bultzatuko ditu, sexualitatea gogobetez bizi behar dela azpimarratuko dutenak, estereotipo eta aurreiritzirik gabeko sexualitatea, hain zuzen, norberak hartutako erabaki libreek gidatua, norberaren gorputzaren eta sexualitatearen azken arduradun eta jabe den aldetik.

4. Udalbatza arduratuko da norberaren portaera osasungarrien jarraibide eta ohiturak sortzen dituzten ereduak eta erreferenteak hedatzeaz, inguruarekiko errespetuzkoak ere izan behar direnak, kontuan harturik gure gizartean agintzen duen maskulinitarean eredua kaltegarria dela, hein handi batean, gizonen beraien osasunerako eta ongizaterako.

5. Halaber, konpromisoa hartzen du komunikazioko eta batera lan egiteko bideak ezartzeko osasun etxearekin, udalerriko emakumeen osasun afektibo-sexuala eta ugalketari buruzkoa hobetzen laguntzearren.

50. artikulua. Kultura.

1. Udalak tokiko politika kulturala berrikusiko du, generoaren ikuspegitik, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu emakumeek kulturan duten partaidetzari lotuta hautematen diren gabeziak etengabe zuzentzeko (sorkuntzan, emanaldietan edo hedapenean zein kontsumoan).

2. Halaber, egungo joera orekatzeko, bitarteko egoki eta irisgarriak emanen dizkie emakumeei arte- eta sorkuntza-produkzioan duten inplikazioa sustatzeko. Gizonen kasuan, berriz, kultura-jardueren kontsumoan parte har dezaten sustatuko du.

3. Horrez gain, ardura hartuko du bere politika kulturalaren barnean programatzen diren edukiek mezu eta/edo irudi sexistak izan ez ditzaten.

51. artikulua. Jaiegunak.

1. Udalak aitortzen du festaren espazioak eta denborak tokiko esparruan duten balio sinbolikoa, eta horregatik konpromisoa hartzen du bertan egon daitezkeen emakumeekiko bereizkeriak diagnostikatu, ezagutu eta aitortzeko. Halaber, begiratuko du festaren espazioa eta denbora osatzen dituzten elementu guztiak bat etor daitezen, bete-betean etorri ere, berdintasun eta ekitate irizpideekin.

2. Udalak ardura hartuko du festa jarduerak eta horiek sortzen duten giroa udalerriko pertsona guztien gozamenerako izan daitezen, festa ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ezein kasutan mugatu gabe, sexua, adina, jatorria, hezkuntza maila, egoera ekonomikoa edo sexu aukera direla bide.

3. Udalak eraso sexistak prebenitzeko eta kontsumo arduratsurako kanpainak aktibatuko ditu.

52. artikulua. Tokiko memoria.

Udalak aitortzen du tokiko memoria funtsezko elementua dela identitatea artikulatzeko. Horregatik, Berdintasunerako Zerbitzuak ekimenak sustatuko ditu emakumeek historian zehar eta udalerriaren garapenean egindako lana ikusarazteko eta aitortzeko. Emakumeen presentzia sustatuko da, bereziki, tokiko memoria zaintzeko eta hedatzeko elementuetan: kaleak, parkeak, plazak, eraikinak, monumentuak eta bestelako elementu sinbolikoak, hirigintza garapen berriak eta abar.

XIX. KAPITULUA

Ingurune bizigarria, jasangarria eta segurua denontzat

53. artikulua. Hiri eta tokiko plangintza.

1. Udalak berdintasun politikek eskatzen dituzten erantzunkidetasuna eta eginkizunen bateragarritasuna bultzatuko ditu, lurralde antolamenduaren eta hiri-planeamenduaren bidez; horretarako, funtzio anitzeko hirigintza sustatuko du (hirigintza zonifikatuaren eta funtzio bakarreko hirigintzaren ordez), irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoen ezabapena sustatuz, bateragarritasuna errazten duten zerbitzuen eta ekipamenduen kokapen estrategikoa ziurtatuz, edo ekipamenduen eta zerbitzuen ordutegiak bateragarritasunaren beharretara egokituz.

2. Udalbatzak konpromisoa hartzen du herritarren parte-hartzea bultzatzeko planeamendua berrikusteko prozesu guztietan, behar diren neurri egoki guztien bidez, emakumeek eta emakumeen taldeek prozesu horietan parte hartzen dutela ziurtatuz eta helburua izanik parte-hartze paritarioa lortzea.

3. Halaber, bere gain hartzen du parte-hartze prozesu horiek garatu behar dituzten langileak gaitzea, sentsibilizatzea eta/edo haiei aholku ematea, Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez.

54. artikulua. Etxebizitza.

1. Udalak aitortzen du etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzea eskubide bat dela, pertsonen eta beren familien ongizatea bermatzeko funtsezko beharretan oinarritutako eskubidea.

2. Aitortzen du, halaber, gizonak eta emakumeak eskubide horretaz berdintasunean baliatzeko, kontuan hartu behar dela emakumeek zailtasun handiagoak eta behar bereziak dituztela.

3. Gainera, aitortzen du emakumeek eta gizonek eskubide bera dutela etxebizitza bat errentan erabiltzeko, eskuratzeko edo horren jabetza izateko, horretarako modua edozein dela ere.

4. Etxebizitza duina berdintasunean eskuratzeko eskubidea betetze aldera, Udalak hau eginen du:

a) Bidezko neurriak hartuko ditu emakumeek eta gizonek, etxebizitza eskuratzeko orduan, aukera berdinak izan ditzaten maileguak eta laguntza finantzarioko bestelako bideak lortzeko.

c) Arreta berezia emanen dio emakume adinekoek etxebizitzaren arloan izan dezaketen prekarietate egoerari, haien behar berariazkoak direla eta.

55. artikulua. Mugikortasuna eta garraioa.

1. Mugikortasuna eta garraiobideak eskuratzea funtsezko baldintzak dira emakumeek eta gizonek eskubide, lan eta jarduera asko bete ahal ditzaten, enplegua, hezkuntza, kultura eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzea barne.

2. Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du mugikortasuna eta/edo garraioa hobetzea helburu duten diagnostiko, ekintza, programa edo plan guztietan.

56. artikulua. Ingurumena.

1. Udalak aitortzen du bere lurraldeko ingurumenaren kalitatea hobetzeko duen erantzukizuna, hondakinak, zarata, airearen kalitatea, biodibertsitatea eta klima-aldaketaren inpaktuari buruzko tokiko politikak barne.

2. Aitortzen du, halaber, emakumeek zein gizonek eskubidea dutela Udalak ingurumenaren arloan abiatutako zerbitzuen eta politiken onuradun izateko. Horretarako, kontuan hartu beharko du emakumeen eta gizonen bizimoduak ezberdinak izan ohi direla, emakumeek eta gizonek joera dutela tokiko zerbitzuak eta aire zabaleko eremuak modu ezberdinean erabiltzeko, edota ingurumen arazo ezberdinei aurre egin behar dietela ere.

3. Aurrekoaren ondorioz, Udalak, ingurumen politikak eta zerbitzuak garatzeari dagokionez, neurri berean hartuko ditu aintzat emakumeen eta gizonen bizimoduei eta belaunaldien arteko elkartasunaren printzipioari lotutako berariazko beharrak.

4. Horrez gain, herritarrak sentsibilizatuko ditu kontsumo pauta jasangarriak erabiltzearen garrantziaz, kontuan hartuta emakumeen eta gizonen errealitatea ezberdina dela eta, hortaz, kasuan-kasuan egokiak diren mezuak, formatuak eta hedatzeko kanalak erabili behar direla.

5. Uraren zein energiaren kontsumoari eta etxeetan hondakinen sorrera eta kudeaketari buruzko sentsibilizazio ekintzen kasuan, Udalak erantzunkidetasuna sustatuko du kontsumo mota horiei lotutako etxeko lanei dagokienez.

6. Udalak edozein motako hizkera eta/edo irudi sexistak saihestuko ditu ingurumenari buruzko sentsibilizazio kanpaina guztietan.

IX. KAPITULUA

Emakumeen kontrako indarkeria

57. artikulua. Kontzeptua.

Emakumeen kontrako indarkeriatzat hartzen da emakumeen kontrako edozein indarkeria-ekintza, hori baita emakumeari sufrimendua edo kalte fisiko, sexual edo psikologikoa ekartzen dion edo sor diezaiokeen sexua dela-eta egindako indarkeriazko edozein ekintza, bai eta hori egiteko mehatxuak, derrigortzea eta askatasunaz bidegabe gabetzea, esparru publikoan zein pribatuan.

58. artikulua. Jarduteko esparru orokorra.

Emakumeen kontrako indarkeriaren arazoari ekiteko, Udalak konpromisoa hartzen du Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotakoa aplikatzeko.

59. artikulua. Neurriak egokitzea.

Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko, udal gobernuak toki esparrura egokituko ditu –beste erakunde batzuekin elkarlanean, bidezko bada– ikertze, prebentzio eta sentsibilizazio, prestakuntza eta biktimei arreta emateko eta horiek babesteko hainbat neurri, honako hauetan ezarritakoak, alegia: Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea eta Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa.

60. artikulua. Ikerketa.

Udalak aktiboki lagunduko du eta ikerlanak egitea bultzatuko du udalerrian emakumeen kontrako indarkeria nola gauzatzen den ezagutze aldera, zer ziok eragiten duten, zenbat emakumek jasaten duten eta zer bide har daitezkeen egoera hobetzeko. Jokabide matxistak nola indartzen diren ere aztertuko da, haiek zuzendu eta errotik ezabatzeko politikak abiatze aldera.

61. artikulua. Prebentzioa eta sentsibilizazioa.

Udalak, bere kabuz edo beste erakunde batzuekin elkarlanean, kanpainak bideratuko ditu herritarrak errealitate honen gainean sentsibilizatzeko, eta emakumeei zuzendutako ekintzak antolatuko; horien helburua izanen da emakumeen kontrako indarkeria halakotzat aitortu eta ezagutaraztea, hori baita lehen urratsa arazoari aurre egiteko.

62. artikulua. Prestakuntza.

1. Udalak konpromisoa hartzen du bere langileei emakumeen kontrako indarkeriaren arloko prestakuntza emateko. Batez ere indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta emateaz arduratzen diren langileei, baita hainbat sektoreri (gazteak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta abar) zuzendutako politikak garatzen dituzten langileei ere, emakumeen kontrako indarkeriari buruz informatzeko eta arazo hori prebenitzeko politikak zeharkakoak izan daitezen.

2. Udalerriko emakumeei zuzendutako jardueren artean, zeharkako prestakuntza jarduerak proposatuko dira, bereziki, emakumeek jakin dezaten nola gauzatzen den emakumeen kontrako indarkeria, nola errekonozitu daitekeen eta nola egiten ahal zaion aurre.

63. artikulua. Arreta eta babesa.

1. Udalak emakume eta gizon guztiei aitortzen die norberaren segurtasunerako eskubidea, bai eta mugimendu-askatasunerakoa ere. Aitortzen du, halaber, eskubide horiek ezin direla osotasunean eta berdintasunean erabili.

2. Udalak hau egiteko konpromisoa hartzen du:

a) Aztertzeko, sexua kontuan izanik, emakumeen eta gizonen segurtasunean eragiten duten gertakarien (pertsonen aurkako krimen larriak barne) kopuruari eta motei buruzko estatistikak. Horrez gain, egoki denean, kriminalitatearen eta segurtasun ezaren bestelako iturrien beldurraren maila eta izaera neurtzeko.

b) Estrategiak, politikak eta ekintzak garatzeko eta aplikatzeko, barnean sartzen direla ingurunearen egoeran edo antolamenduan egin beharreko hobekuntza berariazkoak (esaterako, hirigintza zonifikatua eta funtzio bakarrekoa saihestea –jende gutxi ibiltzen den guneak bultzatzen dituelako–, garraio publikoko segurtasuna handitzea segurtasuna areagotzeko neurriak ezarriz –eskatutako geldialdiak gaueko garraioan edo itxaroteko tokiak egokitzea–, argiteria publikoa hobetzea hala behar duten tokietan eta aparkalekuak behar den moduan egokitzea). Hori dena, herritarren segurtasuna errealitatean hobetzeari begira eta segurtasun ezaren pertzepzioa murrizten saiatzeko.

c) Aldizkako tresnak sortzeko, “beldurraren hiriaren edo hiri debekatuaren mapak” bezalako baliabideak erabiliz, udalerrian segurtasun eza eragiten duten puntuak konpontze aldera.

64. artikulua. Arreta osoa eta koordinatua izateko eskubidea.

1. Indarkeria jasan duten emakumeek arreta oso eta pertsonalizatua izateko eskubidea dute; hala, indarkeriaren egoerak eragindako behar guztiak aztertu eta, biktimaren egoera pertsonal eta sozialaren arabera, baliabide egokiak eskainiko zaizkio.

2. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko udal jardunak, bereziki biktimei arreta ematera zuzendutakoak, honako hauek bete beharko ditu:

a) Berdintasuna bermatzea, honako zio hauetako batek eragindako bereizkeriari aukerarik eman gabe: egoera zibila, sexu orientazioa, adina, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko, nazional edo hizkuntza bateko kidea izatea, maila ekonomikoa, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial oro edo beste zenbait inguruabar pertsonal edo sozial. Beharrezko neurriak hartuko dira beren eskubideak benetan gauzatzeko bermea izan dezaten inguruabar pertsonalak eta sozialak direla bide, laguntza modu integralean jasotzeko zailtasun handiena duten biktimek eta, bereziki, desgaitasuna duten emakumeek eta emakume etorkinek, haien egoera administratiboa edozein delarik ere.

b) Indarkeriaren biktima izan diren emakumeen autonomia pertsonala erraztea, bizimodu normalizatua bultzatuz.

c) Adingabekoen interesen defentsa bermatzea.

d) Modu eraginkor eta zaluaz antolatzea, egoeren larriak eskatzen duen bezain azkar erantzuteko.

e) Biktimizazio sekundarioa ahalik eta gehien ekiditea, profesionalek eta erakundeek esku hartzen dutenean biktimei eragiten ahal dizkieten eragozpenak ahal den gehien murriztuz.

3. Gainera, arreta modu koordinatuan emanen da, horretan engaiaturik dauden udal zerbitzu guztiekin batera, baita emakumeak modu egokian suspertzen laguntzen duten gainerako erakundeekin ere. Xede horretarako, Udalak lankidetza-hitzarmenak eta protokoloak sustatuko ditu tokiko esparruan, Foru Komunitatearen mailan sinatutako akordioak eta protokoloak udalaren errealitatera garatu, zehaztu eta egokitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Berdintasunerako Zerbitzua sortzea

Urtebetean, udal organo eskudunek behar diren administrazio-prozedurak abiatuko dituzte Berdintasunerako Zerbitzua sortzeko eta hori langile espezializatuez hornitzeko, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Generoinpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa aplikatzea

Ordenantza hau indarrean jartzen denean tramitazioa hasia bai baina amaitua ez duten ordenantza proiektuen eta egintza administratiboen kasuan, ez da generoinpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa egin beharko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzea

Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2010899