230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

112E/2020 EBAZPENA, irailaren 22koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 6E/2020 Ebazpena. Ebazpen horren bidez deialdi hau onetsi zen: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako. 2014-2020 Landa Garapenerako Programa. 04.01. neurria”. DDBN identifikazioa: 496946.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiak otsailaren 19an emandako 6E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen dirulaguntza honetarako deialdia: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako. Landa Garapenerako 2014-2020 Programa. 04.01. neurria”.

Deialdi horrek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimendu zen 2021eko ekitaldian, 2020ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidearen kargura: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2021” izeneko 720004 72230 7700 412102 partida. Baimendutako kreditu hori 2.000.000 euroan handitu liteke, gehienez ere, 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 72230 7700 412102 partidaren baliokidearen kargura, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin bat etorriz, baldin aurrekontuan krediturik badago.

Aipatutako 6E Ebazpenean ezartzen da 2021eko ekitaldian ordainduko dela laguntza, ordainketa egiteko eskaera aurkeztu ondoan, eta behin egiaztaturik kasuan kasuko jarduketak egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla eta behar diren kontrolak eginda. Hori guztia, Ebazpenaren I. eranskineko 20. oinarriarekin bat etorriz, non jasotzen baita inbertsioak 2021eko irailaren 15erako bukatu beharko direla.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera dekretatu zen Espainia osoan, osasun krisiari aurre egiteko. Ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzei dagokienez, errege dekretu horrek 2019ko deialdiari eragin dio, eskaerak aurkezteko epeak luzatu baitira, eta, ondorioz, atzeratu egin da, baita ere, laguntzak ematea. Egoera honek onuradunek inbertsioak egin eta justifikatzeko duten denbora murriztea ekarri du.

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 54. artikuluak (errege lege-dekretu horren bidez, premiazko neurri osagarriak onetsi ziren, arlo sozialean eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko) aukera ematen du dirulaguntzen eta laguntza publikoen deialdien ebazpenak aldatzeko dirulaguntzak emateko prozeduretan, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko epeak luzatzeko eta, hala badagokio, gauzatzea justifikatzeko eta egiaztatzeko. Gainera, aldaketa hori egiten ahal da oinarri arautzaileetan horrelakorik aurreikusten ez denean ere.

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak, zeinaren bidez presako neurri batzuk ezarri baitziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, laugarren xedapen gehigarrian –Dirulaguntzen arloko neurriak– ezartzen du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehenagoko dirulaguntzen deialdiak eta haiek emateko baldintzak aldatzen ahalko direla, diruz lagundutako jarduera egiteko epeak luzatzeko eta, hala behar denean, baita jarduera justifikatzeko eta egin dela ziurtatzeko epeak luzatzeko ere, kasuan kasuko oinarri arautzaileetan luzapen hori aurreikusi ez bada ere. Organo eskudunak justifikatu beharko duen gauza bakarra hauxe izanen da: diruz lagundutako jarduera ezin dela egin alarma-egoera indarrean izan den bitartean, eta hori bukatu eta gero ere ez dela denbora nahikoa izanen diruz lagundutako jarduera egiteko, justifikatzeko edo egin dela ziurtatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion 10.000.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2022ko ekitaldian finantzatzeko.

Beste alde batetik, ebazpen honek Nafarroako Foru Komunitatearen Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren oniritzia jaso du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 6E/2020 Ebazpenaren 3. puntua, aurrekontu-kredituei buruzkoa, zeina honela idatzita geldituko baita:

“3. Aurrekontu-kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimentzen da 2022ko ekitaldian, 2020ko Aurrekontu Orokorretako“Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 72230 7700 412102 partidaren baliokidearen kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Baimendutako kreditua 2.000.000 euroan handitu liteke, gehienez ere, 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 72230 7700 412102 partidaren baliokidearen kargura, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin bat etorriz, baldin aurrekontuan krediturik badago.

2. Aldatzea Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 6E/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 20. oinarri arautzailearen 2. puntua, zeina honela idatzita geldituko baita:

“2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2022ko uztailaren 1ean amaituko da.

2022ko abuztuaren 1ean amaituko da ordainketa eskaera aurkezteko epea, eta, horrekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna.

Epeak horiek izanen dira, ezertan galarazi gabe arrazoi justifikatuengatik eskatzen eta ematen ahal diren luzapenak, baldin eta luzapen horien iraupena, gehienez ere, 2022ko irailaren 1era artekoa bada eta inbertsio plana amaitzeko epea baino bi hilabete lehenago eskatu badira.

Oro har, dirulaguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.”

3. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 22an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2010951