230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

50E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Agindua; haren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako. Partez aldatzen dira aipatu foru aginduaren I. eranskineko 18.3 oinarriaren edukia eta II. eranskineko 1.1.a) oinarriarena.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 29ko 18E/2020 Foru Aginduaren bidez, aldatu egin zen Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako.

18E/2020 Foru Aginduan, besteak beste, dirulaguntzaren likidazioa kalkulatzeko prozedura aldatzen da 1., 2., 4., 5. eta 6. blokeetako bakoitzari dagokionez (II. eranskinean daude ezarrita bloke horiek, “Sarrera. 1” izeneko oinarrian), halako moduz non baliozkotzat hartuko diren diruz lagundutako blokeetako bakoitzean benetan eta zuzen justifikatutako zenbateko guztiak, kontuan hartu gabe dirulaguntzak emateko ebazpenean aplikatutako dirulaguntzaren portzentajea eta/edo hainbanaketa; horrez gain, likidazioaren zenbatekoa mugatzeko kontzeptu gisa kontuan hartuko dira, soilik, jarduera horietako bakoitzean dagoen defizita (sarreren eta gastuen arteko korrelazioa), eta federazio bakoitzari 2020ko Nafarroako Gastu Orokorretako “Federazioentzako dirulaguntzak” izeneko partidaren kargura emandako zenbateko orokorra.

Aldaketa horretan ez ziren aintzat hartu “Txapelketa ofizial nazionaletan parte hartzea” izeneko apartatuko jarduerak (II. eranskineko “Sarrera.1” oinarriko 3. blokea), jarduera horiek moduluen prozeduraren bidez kuantifikatzen baitira. Dena dela, moduluen prozeduraren bidezko kuantifikazioaz gain, bloke honetan ondorengo kalkulu bat ere egiten da modulu horiekiko ehunekoen gainean. Hala, emandako dirulaguntza izanen da modulu horrekiko ehuneko bat (%50, oro har; %25, errendimenduko programetan sartzeagatik; %20, modalitate olinpikoagatik, paralinpikoagatik edo autoktonoagatik, eta %5, emakumezkoen txapelketengatik). Aipatu aldaketa bloke honi aplikatzen zaizkion ehunekoei ez aplikatzeak tratu desberdina sortzen ahal du antzeko inguruabarren balorazioan; horregatik proposatzen da aldaketa berri bat egitea ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduan, xede honekin: “Txapelketa ofizial nazionaletan parte hartzea” izeneko apartatuari dagokion dirulaguntzaren likidazioa egitean, ez daitezen aintzat hartu jardueretako bakoitzari aplikatutako ehuneko murriztaileak, baizik eta aplika daitezen kasuan kasuko moduluak beren osotasunean. Horrela, gainerako jarduerekin egin den bezala jokatuko litzateke. Jarduera horietan baliozkotzat jotzen da benetan egindako gastu osoaren justifikazioa, ehuneko desberdinak aplikatu gabe; kasu horretan, baliozkotzat jotzen da benetan egindako jarduerari dagokion moduluaren gainean egindako justifikazioa, aipatutako ehunekoak aplikatu gabe (%50, %25, %20 eta %5). Aldaketa berri hori aplikatzen zaio ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 18.3 oinarriari.

Bestalde, COVID-19aren pandemiaren eraginez, federazioek gastu asko izan dituzte pandemiaren prebentziorako materiala erosteko (gel hidroalkoholikoak, maskarak, etab.); material hori ez zegoen sartuta hasierako deialdian diruz lagungarriak izaten ahal ziren gastuen artean, baina behar-beharrezkoa jotzen da horiek eskuratzea kirol-jarduerak ahalik eta segurtasun baldintzarik hoberenetan gauzatu ahal izateko. Hortaz, orobat proposatzen da aldatzea “Ohiko funtzionamendurako gastuak / Gastu orokorrak” apartatua, diruz lagungarria den material suntsikorraren barnean sartzeko COVID-19aren kontrako prebentziorako materiala erosteko gastuak. Aldaketa hori aplikatzen zaio foru aginduaren II. eranskineko 1.1.a) oinarriari. Horretarako, apartatu berri bat gehitu da, VII. zenbakia duena.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, baita proposatutako aldaketa ere.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako. Hona aldaketak: partez aldatzen dira foru agindu horren I. eranskineko 18.3. oinarriaren edukia eta II. eranskineko 1.1.a) oinarriarena.

2. Aldatzea ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 18.3 oinarria, testu hau izan dezan:

“3. Zenbatekoa moduluen prozeduraren bidez finkatzen den apartatuan (“Txapelketa ofizial nazionaletan parte hartzea”), dagokion balorazioa kalkulatzeko, parte-hartzearen datu errealak hartuko dira kontuan (zenbat parte-hartzaile izan diren, txapelketa non egin den eta zenbat egun iraun duen). Apartatu honi dagokion likidazioa kalkulatzeko, aintzat hartuko da txapelketa bakoitzari dagokion modulu osoa, alde batera utzita dirulaguntzak emateko ebazpenean aplikatutako dirulaguntzaren portzentajea eta/edo hainbanaketa”.

3. Aldatzea ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren II. eranskineko 1.1.a) oinarria, apartatu hau gehituz:

“VII. Osasun arloko materiala, inbentariaezina, COVID-19aren pandemiaren prebentzioarekin lotutakoa”.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari. Aditzera ematen da ezen foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2020ko irailaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2011093