229. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKUNTZA

Ordenantza, Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lakuntzako Udalak, 2020ko ekainaren 29an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2020ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 17an, bai eta Lakuntzako Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Lakuntzan, 2020ko irailaren 7an.–Alkate udalburua, Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza.

ORDENANTZA, UDALAREN BARATZE EKOLOGIKOEN KONTZESIOA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Lakuntzako Udalak baratze sozialen programa jarriko du abian, olgetarako jarduera bat izanen dena udalerriko herritarrentzat, eta aukera emanen diena aisialdiaz gozatu, giza harremanak izan, lan egin, ikasi eta naturarekin harremana izateko.

Lakuntzako Udalarendako, udalerrian bertan gauzatzeko zeharkako proiektua da. Erakunde publiko garen aldetik, badakigu gure erantzukizun eta betebehar nagusietako bat dela herriko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea; hala, bertako gazteek eskatzen duten aisialdi osasungarriari erantzun nahi diogu, betiere ingurumena errespetatuz eta gure ingurunea zainduz.

Bitarteko bat sortu nahi da, batetik, ingurumen-hezkuntza eta aisialdi osasungarria zabaltzen laguntzeko, jokabide parte-hartzaile eta arduratsuak sortuz, eta bestetik, nerabe eta gazteen eskura ingurune egokia jartzeko, beren barazkiak, ortuariak, usain-belarrak, landare apaingarriak eta abar hazteko aukera izan dezaten eta beren proiektuaren eragile aktiboak izan daitezen, bai eta aurreko belaunaldi zaharragoetako pertsonekin informazioa eta bizipenak partekatzeko aukera izan dezaten ere.

Baratzeak ingurunearekin bat etorriko dira, eta Lakuntzako labore tradizionalen ekoizpena sustatu, nekazaritza ekologikoaren laborantza teknikak ezagutarazi eta haien balioa nabarmenduko dute.

Asmoa da herritarrek proiektuaren planteamenduan, gauzatzean eta kudeaketan parte-hartze aktiboa izatea, gure adinekoen bitartez praktikan jar daitezkeen nekazaritza-teknikak, laboreak eta ekoizpen-modu tradizionalak berreskuratuz, eta datozen belaunaldiendako oinarriak ezartzea, nekazaritza ekologikoari buruzko informazioa emanez eta elkarren arteko talde formakuntza eskainiz, alternatiba gisa; sinergiak sortu nahi dira, belaunaldien arteko lantalde pluralak, eta elkartrukerako eta elkarbizitzarako espazioak; gazteenekin lan eginen da, gazteria motibatua izan dadin, gainerakoak nahiz ingurunea errespetatuko dituena.

Programa hau gauzatzeko, Udalaren jabetzako lurzati bat erabiliko da, 2. poligonoko 347. lurzatian dagoena, 1.820 metro karratukoa; bertan ezarriko dira “Lakuntzako baratze sozialak”.

Baratze sozialen programaren hartzaileak Lakuntzan bizi diren adin nagusikoak dira, udalerriko erroldan gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik. Baldintza hau betetzen dutenekin baratze guztiak adjudikatzen ez badira, urtebetetik beherako antzinatasuna duten erroldatuak ere izan daitezke hartzaile. Azken hauekin ere baratze guztiak betetzen ez badira, erroldatugabeak izan daitezke hartzaile.

Dena den, Udalak baratze batzuk erreserbatuko ditu Lakuntzako elkarte eta talde batzuendako.

Hasiera batez, 50 m² inguruko 20 bat baratze jarriko dira programa honetarako.

–20 baratze horietatik Udalak 3 erreserbatuko ditu aipatutako elkarte eta taldeendako.

–Gainerako lurzatiak ordenantza honetan adierazitako moduan adjudikatuko dira.

Lakuntzako Udalak, ordenantza honen bidez, araubidea ezarri nahi du baratze horiek erabili eta kudeatzeko, honako hauek finkatzearren: baratzeak adjudikatzeko prozedura, hautatzeko irizpide orokorrak, onuradunen eskubide eta betebeharrak, arau-hausteak eta zehapenak, etab.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluak erregelamenduak egiteko aitortzen dion ahalarekin bat, Udalak ahalmena du ordenantza hau onesteko, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak arautzeko tresna baita Lakuntzako baratze sozialak hartzen dituzten lursailen erabilerari dagokionez.

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal titulartasuneko baratzeak hartzen dituzten lurzatiak erabili, gozatu eta aprobetxatzeko baldintzak arautzea. Baratzeak 2. poligonoko 347. lurzatian daude, eta bertan kontsumo pribaturako laborantza baino ez da eginen.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Behin-behinean baratze modura erabiliko diren Lakuntzako Udalaren jabetzako lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.

3. artikulua. Helburuak.

Baratze sozialen programaren bidez, Udalak helburu hauek bete nahi ditu, besteak beste:

–Eskatzaileei aukerako espazio libreak eskaintzea, naturan jarduera fisikoak egin eta bizi kalitatea hobe dezaten, eta elikadura osasuntsua sustatzea.

–Aisiarako eta jarduerak egiteko espazio bat eskaintzea Lakuntzako bizilagunei.

–Herritarren partaidetza eta garapen jasangarria sustatzea, biodibertsitateko espazioak sortuz.

–Ingurumeneko jardunbide egokiak sustatzea arlo hauetan: laborantza, hondakinen kudeaketa, uraren aurreztea, nekazaritza ekologikoa, nekazaritza tradizionaleko erabilera eta ohiturak berreskuratzea, etab.

–Elikadura osasuntsua eta ohitura osasungarriagoak sustatzea.

–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.

–Belaunaldien eta kulturen arteko harremanak eta trukeak sustatzea, baratzezain helduen eta gazteen artean, eta ikastetxeekin egiten diren jardueren bidez.

–Lakuntzako baratze sozialen hezkuntza eta jolas alderdiak bultzatzea.

–Tokiko gobernua eta herritarrak inplikatzea biodibertsitatearen kontserbazioan, baratzeko espezie autoktono eta tradizionalak berreskuratuz eta balioetsiz.

–Familia askoren errenta hobetzea, aurrezteari eta tokiko produktuak kontsumitzeari bide emanez.

–Berdeguneen sorrera erraztea, eta nekazaritza ekologikoa hedatzea.

–Baratze tradizionalari buruzko ezagutzaren transmisioa sustatzea, helduengandik gazteengana, eta ezagutza hori laborantza ekologikoaren teknikekin aberastea.

–Lakuntzako biztanleak elkartu eta sozializatzeko leku bat izatea, jarduera berriak eta kohesio soziala sortuko dituena.

–Lakuntzako bizilagun guztiendako aisialdi osasuntsua sustatzea, gorputzerako nahiz bururako, eta gizartearen elikadura-ohiturak hobetzea, bertako produktu osasuntsuetara bideratuz.

4. artikulua. Definizioak.

a) Erabiltzailea: baimen edo lizentziaren adjudikazioduna da, hots, pertsona fisikoa edo juridikoa, zeinarentzat eratzen baita lagatako ondasuna erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea. Ordenantza honen ondorioetarako, baratze sozialaren lagapenaren onuraduna.

b) Fruituak: baratzea erabiltzetik lortzen diren etekinak, hau da, lurra erein eta tratatzetik lortzen diren elementuak, hala nola landareak, frutak, barazkiak, etab.

c) Elementu komunak: baratzeak hartzen dituen udal lurzatiko elementu naturalak edo bertan jarriak, baliagarri direnak erabiltzaile batzuendako edo denendako batera, hala nola korridoreak, tresnak eta lanabesak gordetzeko tokia, hesiak, mugatzeko piboteak, berotegia, etab.

d) Erantzukizuna: baratzearen erabiltzaile guztiek dute erantzukizuna, banaka eta erabiltzen duten lursail zatiari dagokionez.

e) Baratzea: banakako lursail zatia, zeinaren gainean eratzen baita erabiltzaileak erabili, gozatu eta aprobetxatzeko duen eskubidea.

f) Lurzatia: ordenantza honen xedeko baratze sozialak hartzen dituen lursaila.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legearen 85. eta 86. artikuluetan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 93.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, aginduzko baimen administratiboa izan behar da Udalaren baratze sozialak erabiltzeko.

II. KAPITULUA

Erabiltzeko baldintzak eta onuradunen betekizunak

6. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

1. Baratzea erabiltzeko (lantzeko) baimena ez da inolaz ere lursailaren jabetza eskualdatzea, titularra Udala izanen baita beti.

2. Erabiltzeko baimena pertsonala eta besterenezina da, eta hurrengo artikuluetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira une oro ondorioak izateko.

3. Udalak erabiltzaileen prestakuntza sustatuko du laborantza ekologikoaren tekniken arloan.

4. Desadostasunak edo gorabeherak badira, Udalak bitartekari lana eginen du ukitutako pertsonekin.

7. artikulua. Onuradunak.

Taldeendako baratzeak alde batera utzita, gainerako baratze sozialak erabiltzeko baimena eskuratzeko, gutxienez baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Adin nagusikoa izatea baimenaren eskaera sinatzen den egunean.

c) Lakuntzan erroldatua egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin (eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita).

Urtebeteko gutxieneko antzinatasunarekin Lakuntzan erroldatuta dauden pertsonekin baratze libre guztiak adjudikatzen ez badira, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunean urtebetetik beherako antzinatasuna duten erroldatuak ere izan daitezke hartzaile. Azken hauekin ere baratze guztiak betetzen ez badira, erroldatugabeak izan daitezke hartzaile, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta hurrengo artikuluan aipatzen diren debekuak hausten ez badituzte.

d) Zerga-betebeharren ordainketak egunean izatea Udalarekin.

e) Bizikidetza-unitate bakoitzak eskaera bakarra aurkez dezake; etxebizitza berean bizi direnek osatzen dute bizikidetzako unitatea, haien arteko ahaidetasuna edozein delarik ere.

8. artikulua. Onuradun izateko debekuak.

Honako hauek ezin dira baratze sozial bat erabiltzeko baimenaren onuradun izan:

a) Eskaera egiten den unean indarrean dagoen baimen baten titular batekin bizi direnak.

b) Lursaila kentzeko zigorra jaso dutenak, ordenantza hau ez betetzeagatik jarritako zehapen-espediente baten ondorioz.

c) Bi aldiz jarraian onuradun izan direnak programa honen baratzeen adjudikazioan, salbu lursail libreak badaude.

d) Nekazaritzarako lurren jabeak, salbu lursail libreak badaude.

III. KAPITULUA

Baratzeak adjudikatzeko prozedura

Baimenak ematea.

9. artikulua. Baimena emateko prozedura.

1. Baratze sozialak okupatzeko eta haiek erabili eta gozatzeko baimenak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, gutxi daudelako. Horretarako, zozketa publiko bat eginen da onartutako eskaera guztien artean.

2. Udalak ofizioz hasiko du prozedura, tokiko organo eskudunak horretako ebazpena eman ondoren. Ebazpen horren bidez deia eginen da baratze sozialen baimenak emateko. Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian argitaratuko da deialdia. Eskabidearen eredu normalizatuak interesdunen eskura jarriko dira, Herritarrendako Arreta Zerbitzuan nahiz web-orrian (www.lakuntza.eus).

3. Eskabideak aurkezteko epea Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da, baimenak emateko deialdia onetsi ondotik.

4. Itxarote-zerrenda eratuko da eskaeren kopurua baratze libreena baino handiagoa bada. Epez kanpo aurkezten diren eskaerak, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betez gero, itxarote-zerrendan sartuko dira erregistroan sartu ziren hurrenkera berean.

5. Onartutako eskaeren kopurua baratze libreena baino txikiagoa bada, zozketa eginen da bakarrik lursail zehatza eskatzaile bakoitzari esleitzeko.

10. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Interesdunek Udalaren bulegoetan eta web-orrian izanen dituzte eskura eskabidearen eredu normalizatuak.

2. Eskabideak Lakuntzako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi bakoitzean ezarriko den epean. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ordenantza honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

3. Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea Lakuntzan erroldaturik dagoela, egiazki bertan bizi dela, zerga-betebeharrak eta bestelakoak egunean dituela Udalarekin eta ordenantza hau ez betetzeagatik arau-hausterik ez duela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

11. artikulua. Onartuen zerrenda.

1. Udalak eskaerak aurkezteko ezartzen duen epea bukatuta, jendaurrean jarriko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta hamar egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, aipatu zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita. Erreklamazioak jartzeko epea amaituta, haiek ebatziko dira eta onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

2. Eskaera bat ere baztertzen ez bada, edo onartutako eskaeren kopurua baratze libreena baino txikiagoa bada, artikulu honetan aipatzen den zerrenda behin betikoa izanen da.

3. Behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baimenak emanen dira 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua. Baratzeetarako baimenen adjudikazioa.

1. Baratzeak adjudikatzeko, zozketa publikoa eginen da ezarritako epean onartutako eskaera guztien artean.

2. Eskatzaile bakoitzak hurrenkera-zenbaki bat izanen du zozketan.

3. Baimenak 5 urteko indarraldia izanen du, lursailaren adjudikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Lehenagotik ere baratze baten onuradun direnen kasuan, zozketan baratze bat adjudikatzen bazaie, lehenagotik zuten baratze zenbaki bera mantenduko dute.

5. Aurreikusitako lursailak adjudikatu ondoren, onuradun atera ez direnak itxarote-zerrendan sartuko dira, zozketan zuten zenbakiaren araberako hurrenkeran. Zerrendek gehienez ere 5 urteko indarraldia izanen dute.

6. Alkatetzaren ebazpen baten bidez emanen dira baimenak, eta onuradunen zerrenda argitaratuko da, jakinarazpen gisa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7. Adjudikazio epean erabiltzaile batek uko egiten badu edo libre uzten badu bere lursaila, arrazoia edozein delarik ere, bere lursaila itxarote-zerrendako hurrengoari adjudikatuko zaio. Adjudikazio berriari artikulu honen 3. apartatua aplikatuko zaio.

8. Borondatez uko egin dutenak ez dira sartuko itxarote-zerrendan.

9. Udalak ez ditu bere gain hartuko adjudikaziodunek baratzeen esparruan nekazaritza lanak egitean jasan ditzaketen kalteak.

13. artikulua. Iraupena.

1. Baratzea erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da, luzaezina; lehendabiziko 6 hilabeteek probaldia osatuko dute. Zozketaren urteko azaroaren 1ean hasiko da epea, eta, lagapenaren 10 urteak igarota, urriaren 15ean bukatuko da. Hala ere, adjudikaziodunak urrian garbi utzi beharko du baratzea, baita prest ere, hurrengo adjudikaziodunak lantzeko.

2. Lurzati bat baratze gisa lehendabiziko aldiz abian jartzen denean, adjudikazio epea 5 urtekoa izanen da, eta bosgarren urteko urriaren 15ean bukatuko da, adjudikazioaren hilabetea edozein delarik ere.

3. Udalak erabilera errebokatu ahalko du bere kabuz, portaera desegokiak egiaztatzen dituenean.

IV. KAPITULUA

Adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak

14. artikulua. A) Udalaren konpromisoak.

Lakuntzako Udalak konpromisoa hartzen du baratzeak lagapen-hartzaileen eskura jartzeko; horiek behar bezala prestatuak egonen dira eta ura izanen dute, ureztaketa sistema instalatzeko, lanabesak eta bestelako tresnak gordetzeko leku komunitarioa, eta etorkizunean perimetroa hesitu ahalko zaie, beharrezkoa dela ikusiz gero.

Baratzeen ureztatze sistema tantakakoa, edo exudatze edo eskuko ureztagailu bidezkoa izan ahalko da. Halaber, egokitzat joz gero, murrizketak ezarriko dira ur kontsumoan.

Asmoa dago lanabesak gordetzeko etxola komunitario bat eta berotegi bat eraikitzeko, bai eta euri-urak jasoko dituen sistema bat ezartzeko ere.

Udaleko arduradunek uneoro ikuskatu ahalko dituzte instalazioak, egiaztatze aldera agiri honetan ezartzen diren arauak betetzen direla.

Udala arduratuko da lagapen-hartzaileei baratzeak behar bezala erabiltzeko aholkularitza eskaintzeaz. Horretarako, nekazaritza ekologikoari buruzko ezagutzak eskuratzeko formakuntza ikastaroa jasoko dute; besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: haziak aukeratzea, baratzea prestatzea, laborantza, tratamendu prebentiboak, izurri eta gaixotasunen aurkako tratamendu naturalak, lurzatia ureztatzeko sistema instalatzeko aholkularitza, etab.

Beste erakundeekin elkarlanean eta teknika espezializatuak erabiliz, etengabeko formakuntza tailerrak emanen dira urtean zehar. Entitate laguntzaileetako profesionalek aldizka baratzeen jarraipena eginen dute.

14. artikulua. B) Adjudikaziodunen eskubideak.

Baratze sozialen adjudikaziodunek eskubidea izanen dute adjudikatutako lursaila lantzeko, hau da, lurra laboratu, erein, landatu, zaindu, mantendu, ureztatu eta ongarritzeko, horretarako behar diren tresnak erabiltzeko eta fruituak eskuratzeko.

Etxola komunitarioaren giltza emanen zaie, lanabesak gordetzeko. Giltzaren arduraduna izanen da, eta galtzen badu, kopia berria ordaindu beharko du.

Ustiategiaren adjudikaziodunek aldi baterako lagapenaren araubidearen arabera erabiliko dute lursaila, inolako eskubiderik kontsolidatu gabe, eta erabiltzeari utzi beharko zaio adjudikazio epea bukatu bezain pronto.

Baratzearen titularra izan behar da baratzea maiz erabiltzen duena.

15. artikulua. Debekuak.

Ordenantza honen arabera adjudikatzen diren baratzeak baratze familiar gisa baino ez dira erabiliko; beraz, ezin dute bestelako erabilerarik izan, eta honako hauek debekatzen dira espresuki:

a) Barazkiak, loreak eta usain-belarrak ez diren laboreak landatzea baratzean.

b) Lurzorua degradatzen duten landareak landatzea.

c) Landare psikotropikoak eta/edo legez debekatuak landatzea.

d) Zuhaitzak landatzea.

e) Lurzatiaren egitura edo haren mugak aldatzea horma, zur, plastiko eta abarrekin. Ezin da, halaber, esleitutako lursailaz beste lurrak eta lurzatiak landu edo okupatzea.

f) Bestelako obrak egitea eta, zehazki, honako hauek jartzea: itxitura edo bereizgailu berriak, barbakoak, taula finkoak edo bankuak, etxolak, paletak, estalpeak, txabolak, ataripeak edo bestelako eraikinak, material artifizialez nahiz naturalez eginak; eta, oro har, materialak metatu edo abandonatzea, baratzeko lanetarako ez badira eta lekuaren estetika eraldatzen badute. Debekatzen da elementu berriak eraiki edo jartzea eta daudenak aldatzea Udalaren baimenik gabe.

g) Berotegiak ipintzea.

h) Materialen eta altzarien (mahaiak, aulkiak, etab.) biltegi gisa erabiltzea baratzea.

i) Baratzetik lortutako produktuak nolanahi merkaturatzea, kontsumo pertsonalerako baitira.

j) Adjudikatutako baratzearen bideak aldatzea.

k) Baratze bakoitzaren mugak gainditzea. Erabiltzaileak adjudikatu zaion baratzearen mugen barruan egin behar du lana, muga horiek gainditu gabe.

l) Oilategiak eta/edo kaiolak ezartzea edozein animalia hazi edo edukitzeko, bai eta animaliak egotea ere, etxekoak izan edo ez.

m) Putzuak egitea.

n) Baratzean sortutako hondakinak erretzea, eta sua piztea.

o) Baratzean sortutako hondakinak eta belar-sastraken garbiketetan eta bestelakoetan sortutakoak botatzea beste baratze edo orubeetan, eta hondakinak behar bezala ez bereiztea gero birziklatu ahal izateko.

p) Ura bidegabe kontsumitzea.

q) Baratzea beste bati laga, utzi edo alokatzea.

r) Baratzea ez lantzea. Barrutiaren barruan ibilgailu motordunez ibiltzea, nekazaritza tresna motordunak erabiltzeko aukera ukatu gabe.

s) Tranpak, animaliak harrapatzeko bestelako tresnak edo jaki pozoitsuak erabiltzea.

t) Garbiketa-produktuak edo ingurumena kutsatzen duten bestelakoak erabiltzea.

u) Baratzea ingurumena errespetatu gabe erabiltzea; espresuki debekatzen da herbizidak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea.

v) Aurretik aurreikusi ez diren erabilerak, eragozpenak edo usain txarrak sortzen badituzte, beste erabiltzaileei erabilera eta atsegina murrizten badiete edo tokiaren ingurunean eragina badute.

w) Ongarri kimikoak eta pestizidak erabiltzea laboreetan. Produktu horiek erabiltzea proiektuaren espirituaren aurkakoa da, baita baratzeen gainerako erabiltzaileen osasunaren aurkakoa ere.

16. artikulua. Betebeharrak.

a) Erabiltzaileak lurzatia landuta mantendu beharko du.

Lursaila abandonatutzat hartuko da, sartutako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Baratze bat abandonatua dagoenean, erabiltzaileak abisua jaso eta zazpi egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, sastrakak garbituko dira, eta ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko edo kalte-ordainik jasotzeko.

Urtean bitan abandonatutzat jotzen bada baratzea, lagapena deuseztatuko da. Orobat, arrazoirik gabe abandonatzen bada 2 hilabetetik gorako epean, baratzearen lagapena galduko da.

b) Adjudikaziodunak nekazari arduratsuen modura landu beharko du baratze gisa lagatako lursaila, behar bezala zainduko du eta konponketa arruntak eginen ditu, kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik gabe, proiektuan parte hartzen duen bitartean.

c) Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute Udaleko arduradunek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, instalazioen mantentze-lanetan agindu bezala parte hartzeko, ordena gordetzeko eta baratzeen funtzionamendu egokia bermatzeko.

d) Adjudikaziodunek behar bezala mantendu beharko dute lursailen ingurunea, hau da, garbi eta belar eta landare espontaneorik gabe. Objektu, hondakin eta zaborrik gabe mantendu behar da baratzeak hartzen duen eremua. Garbitasuna guztion ardura da, eta portaera arduratsu eta ekologikoak eskatzen du zaborra kentzea eta edukiontzietan uztea egunero.

e) Adjudikaziodun bakoitzak bere esku-erreminta eraman beharko du esleitutako baratzea lantzeko. Udala ez da inola ere erantzule izanen erabiltzaile bakoitzaren tresna hautsi, galdu edo desagertzen denean.

f) Onuradunak baratzearen ustiapena adjudikatu ondoren gerora sortutako arrazoiengatik erabiltzen ez badu, eta ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu 30 hamar egunetik gorako epean (maiatzetik irailera bitarte), baratzea zerrendako hurrengoari adjudikatuko zaio, eta aurreko erabiltzaileak galduko ditu ustiategiaren gainean zituen eskubide guztiak.

g) Baratzea lagatzeko epea bukaturik, parte-hartzaile bakoitzak hutsik eta garbi utziko du bere baratzea. Bestela, Udalak garbituko du adjudikaziodunaren kargura.

h) Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, hondatu edo galdutako ondasun edo tresnak konpontzeko edo berriz jartzeko konpromisoa hartzen dute adjudikaziodunek.

i) Baratze sozialen instalazioetan kalterik sortzen bada, erabiltzaile errudunak gauzak lehengoratu beharko ditu, sortutako kaltea konponduz.

j) Adjudikaziodunek ura, ongarria, tresnak eta oro har ematen zaien edozein elementu erabiltzeari buruz Udaleko arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.

k) Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu lurzatietan. Aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada, araua bete behar dela adieraziko zaio erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Udalak bukatutzat joko du baratzearen lagapena.

17. artikulua. Ingurumeneko arauak.

Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute nekazaritza ekologikoaren arauak betetzeko, bereziki ura aurrezteko, eta ongarri organikoak eta ingurumena errespetatzen duten osasun produktuak erabiltzeko.

18. artikulua. Hondakinen kudeaketa.

Adjudikaziodunen kargura izanen da sortzen diren hondakinak behar bezala kudeatzea.

Hondakin organikoak nahiz ez-organikoak ez dira utzi behar haietarako ezarritako lekuetatik kanpo.

19. artikulua. Baratzearen erabiltzaile izateari uztea.

Adjudikaziodun izaera honako kasu hauetan galduko da automatikoki:

a) Uko idatzia; Udalaren erregistroan aurkeztu behar da.

b) Titularraren heriotza, gaixotasun kronikoa edo baratzea lantzeko ezintasuna. Kasu horretan, jaraunsleek edo izendatutako senideek jarraitu ahalko dute baratzea lantzen, hala nahi badute, oinarrizko irizpideak betetzen badituzte.

c) Auzotasuna galtzea Lakuntzan, salbu baratze libreren bat bada.

d) Lursaila ez lantzea, justifikatutako arrazoirik gabe, hilabetetik gorako epean, laboratzeko sasoian (maiatzetik irailera bitarte).

e) Ordenantza honetan zehaztutako bateraezintasun bat gertatzea edo debeku bat haustea.

f) Baratzea erabiltzea ordenantza honetan zehazten ez den helburu baterako.

g) Udalak lurra errekeritzea obrak, zerbitzuak edo instalazioak ipintzeko edo interes sozialeko edo interes orokorreko azpiegiturak edo ekipamendua eraikitzeko. Udalak kalteak ez sortzeko behar den denboraz abisatuko du.

h) Bizikidetzaren oinarrizko arauak ez betetzea, solidarioak ez diren portaerak, ur gehiegi kontsumitzea, edo produktu toxikoak edo toxikoak izan daitezkeenak erabiltzea arauak baimentzen ez dituen dosietan.

i) Baratzetik lortutako produktuak salgai jartzea.

j) Ezarritako tasa ez pagatzea.

k) Falta oso astun batengatik zehapen bat jartzea, ebazpenean espresuki zehazten denean zehapenarekin batera baratzea lagatzeko baimena errebokatzen dela.

20. artikulua. Errebokatzeko prozedura.

Udalak kenduko du erabiltzaile izaera, espedientea tramitatu ondoren. Tramitazioan egintzak azalduko zaizkio erabiltzaileari, eta hamar eguneko epea emanen zaio alegazioak aurkezteko. Espedientearen ebazpena jakinaraziko zaio interesdunari, eta adieraziko zaizkio haren kontra bidezko diren errekurtsoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta ondorengoekin bat.

Baimena deuseztatzeak, arrazoia edozein delarik ere, ez du inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko eskubidea sortuko.

V. KAPITULUA

Hornidura eta mantentze-lanak

21. artikulua. Instalazioen hornidura.

Baratzea erabiltzeko lagapena adjudikatzen denean, baratzeek sarbidea izanen dute, baina ureztatzeko sistemarik ez. Asmoa dago ureztatzeko sistema ezartzeko baratzeak erabiltzen diren lehenengo urtean zehar.

22. artikulua. Ordutegiak.

Baratzeak honako ordu hauetan egonen dira irekita:

–Uda: astelehenetik igandera, 7:00etatik 22:00etara.

–Negua: astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara.

Udako ordutegia udako ordutegirako aldaketa ofizialaren egunean hasiko da, eta neguko ordutegia, aldiz, neguko ordutegirako aldaketa ofizialaren egunean.

23. artikulua. Mantentzea.

Udalak mantenduko ditu elementu komunak, eta erabiltzaile bakoitzak kontserbatu eta konponduko ditu adjudikatutako baratzearen elementuak.

Erabiltzaileak berehala abisatu behar die baratzeen programaren arduradunei, edo Udalari zuzenean, kalte edo akatsen bat antzematen duenean baratzean edo instalazioetan.

Erabiltzaileek instalazioen mantentze-lan arruntetan parte hartuko dute, agindutako moduan.

Lakuntzako Udalak ez ditu bere gain hartuko baratzeek edo material eta lanabes partikularrek jasaten dituzten lapurretak eta ekintza bandalikoak.

VI. KAPITULUA

Hezkuntza eskaintza

24. artikulua. Bisitak instalazioetara.

Ikasleek eta beste interes-talde batzuek bisitak egin ditzakete baratze sozialetara, irekita dauden bitartean. Hartara, erabiltzaileek sartzeko aukera emanen diete talde horiei, Udalak, hezkuntza administrazioarekin edo beste administrazio batekin batera, antolatutako bisitetan.

VII. KAPITULUA

Baratzeen kudeaketaren jarraipenerako organoa

25. artikulua. Jarraipena.

Udalak jarraipena eginen du baratze sozialen kudeaketan, zuzenean edo zeharka, egiaztatzeko erabiltzaileek egindako lanak bat datozela ordenantza honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoarekin.

VIII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

26. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa hausten duten egintzak, baratzeen erabiltzaile batek nahiz beste pertsona batek eginak.

2. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

A.–Arau-hauste arinak:

a) Baratzean berez barazkiak diren landareak ez landatzea, ordenantza honetan espresuki xedatutakoarekin bat.

b) Baratzeen erabiltzaileak ez direnak instalazioetan sartzen uztea, salbu senideak, erabiltzailea une puntual batean laguntzen dutenak, ikasleak edo baimendutako langileak badira.

c) Animaliak izatea baratzean.

d) Trakzio mekanikoko ibilgailu edo makinak izatea baratzean, nekazaritza tresna motordunak izan ezik.

e) Udalak bere langileen bidez ematen dituen jarraibideak ez betetzea, baratzeen erabilerari dagokionez.

f) Udalak ordenantza honetan ezarritako betebeharren kontra baratzeen erabiltzaileek egindako beste edozein jarduera, arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

B.–Arau-hauste astunak:

a) Erabiltzeko lagatzen diren baratzeak ez mantentzea, kalteak edo narriadurak sortzen badira.

b) Lursailak aldatzea edo obrak egitea Udalaren baimenik gabe.

c) Beste nekazariek jasan behar ez dituzten eragozpenak sortzea.

d) Baratzearen erabilera beste bati lagatzea Udalaren baimenik gabe.

e) Lurra, lurzorua edo lurpea hondatzen duten landareak landatzea.

f) Ura bidegabe kontsumitzea.

g) Barbakoak, estalpeak edo baratzeetan baimenduta ez dauden gainerako elementuak ipintzea.

h) Larreak edo baratzeen hondakinak erretzea, edo sua piztea baratzeen barrutian.

i) Urtebetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

C.–Arau-hauste oso astunak:

a) Beste nekazariei zauriak sortzea erabiltzailearen edo hura laguntzen duen norbaiten egintzengatik.

b) Lurzorua kutsatzea.

c) Beste nekazariei galaraztea baratzeen aprobetxamendu eta erabilera normala.

d) Galaraztea edo eragoztea baratzeen funtzionamendu normala.

e) Narriadura larria eta garrantzizkoa sortzea lagatako instalazioetan eta/edo lurzati osoan.

f) Landare exotiko edo psikotropikoak produzitzea, edo beste batzuk, haiek erein, landu, bildu edo edukitzea debekatuta badago.

g) Baratze sozialetatik lortutako produktuak merkaturatzea.

h) Identitateari edo adinari lotutako datuak edo baratzeen erabilera adjudikatzeko garrantzitsua den besteren bat faltsutzea, edo identitatea faltsutzea.

i) Urtebetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

3. Baimenaren titularrak arau-hauste astun edo oso astun bat egiten badu, baimena errebokatuko da, eta baratzea behin betiko erabiltzeko eskubidea galduko da, ezertan galarazi gabe hurrengo artikuluaren arabera ezarriko den zehapena. Errebokazioak ez dio ekarriko erabiltzaileari kalte-ordaina eskatzeko eskubidea. Lizentziaren errebokazioak ez du zehapen izaera izanen.

27. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hausteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinei, 60 eurotik 100 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunei, 101 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunei, 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

2. Zehapenak eta haien zenbatekoa ezartzeko, mailakatze irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-hausteak behin baino gehiagotan egitea edo haietan berrerortzea.

b) Arau-hausleak asmo txarra izatea.

c) Gertaeren oihartzun soziala.

d) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

28. artikulua. Zehatzeko agintaritza eskuduna.

1. Alkate-udalburua izanen da zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

2. Aurrekoa gorabehera, alkateak Osoko Bilkuraren esku utzi ahalko du zehatzeko ahalmena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari jarraituz.

29. artikulua. Zehapen prozedura.

Arau-hausleei zehapenak ezartzeko, zehapen prozedura ireki eta tramitatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako araubidearekin bat.

Lehen xedapen gehigarria.–Fidantza eta prezioa. Lagapen-hartzaileak, hasierako fidantza (50 euro) ordaindu beharko du. Fidantza itzuliko zaio baratzearen lagatze-aldia amaitzen den unean.

Urteko prezioa 50 euro izanen da. Kuota hori proiektuko instalazioak mantentzeko ekarpen solidarioa izanen da, eta zenbatekoa urtero ezarriko da ordenantza fiskaletan.

Talde eta elkarteei lagatako baratzeak doakoak izanen dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honek ezartzen ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek, Udaleko Osoko Bilkurak behin betiko onetsi ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2010623