218. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Ordenantza, apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzkoa. Behin betiko onespena

2020ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 28an, Berriozarko Udalak 2020ko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran hartutako erabakia, hasiera batez onesteko Berriozarren apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzko ordenantza.

Jendaurreko aldia iragan denez inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin.

Berriozarren, 2020ko uztailaren 7an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

UDAL ORDENANTZA, APUSTU-ETXE ETA JOKO-ARETOAK ARAUTZEARI ETA LUDOPATIAREN PREBENTZIORAKO NEURRIEI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako establezimenduak. Apustu-etxe horiek publizitatea sartu ohi dute kirol ekitaldietan, hedabideetako kirol emankizunetan bereziki, eta futboleko izarrak ere erabiltzen dituzte ikus-entzuleak apustuak egitera animatzeko. Joko sistema hori askoz ere adikzio-sortzaileagoa da, pausaldirik gabe eta sarrerako “doako” bonuak eskainita eta, oroz gainetik, berebiziko inbertsioa eginda publizitatean. Hori dela-eta, eta gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela-eta, egoeraren larriaz jabetu da gizartea, oro har, baina erakundeok ere bai, eta hasiak gara ludopatia osasun publikoko arazotzat hartzen.

Sailkapen mediko eta psikologikoetan, joko patologikoa ageri da portaerari lotutako adikzioen saileko nahasmendutzat. Portaeraren gaineko kontrola galtzen da jokoari dagokionez, eta horrek ondorio larriak dakartza pertsonentzat, hala nola arazo akademikoak, lan arlokoak, ekonomikoak, sozialak zein legearekikoak, guztiak jokoari lotuak. Berriozarren, zorigaitzez, ez gaude problematika horretatik libre.

Langile klasea tentatzen da, ez baitu aukerarik izaten lan egonkorrik eskuratzeko, berebiziko langabezia kronikoaren kausaz, arriska ditzan lan prekarioetan irabazitako errentak. Ez da harritzekoa politika neoliberalek errenta apalagoko auzo eta herrietan eragitea ondorio okerrenak etxe-apustuen bidez. Batez ere gazteei eragiten diete, espektatibarik ez dutenez, ez eta etorkizun egonkorrik ikusten ere, talde ezin hobea baitira adrenalina-dosi azkarrak sorrarazteko, esfortzurik gabe irabazitako diruaren bidez.

Ez da onargarria apustu-etxeek egunez egun gero eta etekin handiagoak eskuratzea eta familien nahiz gizartearen gain uztea berek adikzioan erorarazitako pertsonen tratamenduaren kostu osoa. Bidezkoa da, beraz, enpresa horien etekinek gizarteari egin beharreko ekarpena handiagotzea, eraginkortasunez tratatu ahal izateko joko-adikzioa duten pertsonak, eta mekanismo horiek ikertu ahal izateko, adikziook etorkizunean prebenitze aldera.

Modu fisikoan nahiz Internet bidez, apustu bakoitzaren atzean gauza bera ezkutatzen da: sinestarazten dizute ez dela beharrezkoa lan egitea aberastasuna sortzeko, zeure dirua inberti dezakezula eta, ongi aritzen bazara, ugaldu eginen duzula. Ipuin liberal horrek ez dio, baina, zure irabaziak berez dakarrela zu bezalako beste norbaitek bere dirua galtzea, eta ez dio, orobat, egun batean irabazi, baina beste batean askoz gehiago gal dezakezula. Ez da zorte kontua, azkenerako, apustu-etxearen jabea izatea irabazle bakarra, matematika kontua da.

Gainera, jokoan ibiltzeko erraztasunak guztiz kezka handia sortzen du populazio bereziki zaurgarriari eragiten diolako; ildo horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasun arloko prebentzio eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek.” Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteei kalte egiten dieten jarduerak mugatzeko, noiz eta nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, Foru Komunitatean apustuetara doan gastua nabarmen igo da 2012tik, 44,41 milioi inguru gehitu baita ordutik: 2017an, 74 milioi eurokoa izan zen; 2018an, 86,44 milioikoa. Hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, onlineko jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira. Berriozarko Udalean bertan erregistraturiko datuen arabera, gurean bada lokal bat (1), joko-areto gisa irekitzeko lizentzia duena.

Unea da erakundeok araudia egoki dezagun joko-jardueraren errealitate sozial, ekonomiko eta teknologikora, itzulbiderik gabeko gaitza bilakatu baino lehen.

Autonomia erkidegoko legediak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak jartzeko, aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore araupetua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzearen inguruan.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak hala ezarririk, jarduera sailkaturako udal lizentzia behar dutela joko-aretoekin lotutako jarduerek. Lizentzia hori ukatu egin dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik.

Horregatik uste dugu Berriozarko Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintze aldera. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak zein baldintzetan irekiko diren zenbait tokiren ingurumarian.

Artikuluak.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara, eta nagusiki gazte eta haurrek erabiltzen dituzten espazio libreetara; horrez gain, hainbat alderdi arautzen dira, udal eskumenen esparruan, arlo honetako publizitatearen, prebentzioaren edo prestakuntzaren inguruan.

2. artikulua. Eraginpeko establezimenduak.

1. Jokorako aretoak daude ordenantza honen eraginpean, zehazki, makinetan dirua jokatuz, trukean sari bat zuzenean edo zeharka lortzea ahalbidetzen dutenak.

2. Parametro hauek aplikatuko zaizkie jarduera-lizentzien eskabideei, baldin eta joko-areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko badira, eta, oro har, Nafarroako Gobernuko organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarra duen legediaren arabera.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

1. Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, 400 metroko erradioan diren kale guztiak, abiapuntua dela kirol, kultura, hezkuntza eta aisia instalazioetatik eta haurren jolastokietatik hurbilen dagoen fatxada.

2. Mota horretako establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Aurreko artikuluan xedaturiko banantze-distantziak neurtzeko, planimetria egokiaren gainean, 1/1000 eskalan, erradio bat edo gehiago trazatuko dira, lehen ezarritako gutxieneko azalerarekin, erreferentzia-puntutzat hartuz badauden eta/edo ezartzekoak diren establezimendu publikoen arteko muga hurbilenak.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Ordenantza honen eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da; bertan adieraziko dira, zehatz-mehatz, lizentziaren xede den lokalaren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia, ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak betetzen direla ere azalduta.

6. artikulua. Lokalen sarbidea.

Lokalak sarbideak bi kaletan dituenean, kale bateko sarbidea bakarrik baimenduko da, hain zuzen, sarrerako atea etxebizitzen atarietatik eta kirolerako, hezkuntzarako eta haurrentzako eremuetatik urrutien dagoen kalekoa. Gainerako sarbideak larrialdietarako ebakuazio bidetzat erabiliko dira. Bigarren atea salgaiz hornitzeko erabiltzen ahalko da, hirigintzako konfigurazioak hala ahalbidetzen badu.

7. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

1. Berriozarko Udalak arautuko du halako establezimenduen kartel oro hiri-altzarietatik edo eremu publikotik kentzea. Haien publizitatea lokaleko bertako karteletara mugatuko da bakar-bakarrik, eta izena baino ez da jarriko, inolako publizitaterik gabe.

2. Debeku da udalerrian ekitaldiak egitea edo haietan parte hartzea horrelako jardueren publizitatea duten kirol ekipamenduak jantzirik. Ez dira zilegi, halaber, “opariak” eta/edo laguntza emateko elkarlanak, baldin eta bide ematen badute udalerrian publizitatea egitea, zuzenean nahiz zeharka, joko-areto eta apustuen sektoreko enpresen alde.

8. artikulua. Diruz lagungarriak ez diren jarduerak.

Jarduera eta ekitaldiek ez dute jasotzen ahalko Udal honen laguntza edo dirulaguntzarik, baldin eta babesle guztiak edo horietako batzuk mota horretako apustu-etxeak badira, lokal fisikoak izan zein onlineko jokoak izan.

9. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

1. Sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartel bat eduki beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

2. Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu egin beharko dira.

10. artikulua. Prestakuntza.

1. Informazio jarduerak areagotuko dira hala ikastetxeetan (Mendialdea ikastetxeak, DBHI, etab.), nola Gaztegunean eta adineko pertsonen udal egoitzan, bai eta herritar guztientzat ere, oro har. Helburua izanen da sakontzea gazteen onlineko jokoen eta apustuen erabileran, eta erabilera horrek ekar ditzakeen arazoetan.

2. Aldi berean, udaltzainen prestakuntza areagotuko da, treba daitezen apustu eta jokoaren inguruko arau-hauste ohikoenetan, nagusiki adingabeak, legez ezgaitutakoak eta jokorako sarbidea legez mugatuta daukatenak sartzeari dagokionez.

11. artikulua. Ordenantza fiskala.

Ordenantza honek indarra hartuz geroztik, ordenantza fiskal bat sortuko da, luxuzko gastuen gaineko zerga arautuko duena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 179.a) artikulua eta hurrengoak aintzat hartuz. Aplikatuko den zerga-tasa %15ekoa izanen da.

12. artikulua. Joko-areto eta apustu-etxeetarako sarbidea.

Mota horretako lokalek sarbide sistema bat izan beharko dute barnera sartzen diren pertsona guzti-guztien NANa erregistratuko duena. Datuak urtebetez gorde beharko dira eta agintariei eskuratu beharko dizkiete hala eskatzen dutenean, egiaztatzeko ez dela onartzen sartzea adingaberik edo bere burua joko-lokaletatik baztertzeko eskatu duen pertsonarik.

13. artikulua. Apustu-makinak taberna, kafetegi eta jatetxeetan jartzea.

Taberna, kafetegi, jatetxeetan nahiz halako makinak jar daitezkeen aisiarako gainerako lokaletan, apustu-makinak barnealdean kokatuko dira, lokalaren sarrera-atetik urruti eta erabat ikusteko moduan lokaleko lan-eremutik, haien erabilera kontrolatzeko, eta saihesteko adingabeek erabil ditzaten.

Iragarkiaren kodea: L2010531