21. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala, Ur horniduraren eta hustuketaren
2020ko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzagako Mankomunitatearen Batzarrak, 2019ko azaroaren 14an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantzaren eranskinean. Ordenantza 2019ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Urrotz-Hirian, 2020ko urtarrilaren 14an.–Mankomunitateko burua, Elsa Plano Urdaci.

UR HORNIDURAREN ETA HUSTUKETAREN TASAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala ezarri da honako hauen babesean: Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen IV. kapituluko 7. atala (100. artikulua eta haren ondokoak) eta lege horren 12. artikulua.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua nahiz hondakin edo saneamendu uren hustuketakoa eskura izan edo benetan erabiltzea eta neurgailuak ezartzea, horra zerga-egitatea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaintzera beharturik daude ur hornidura eta saneamendu sareetarako loturen titularrak. Kontrakorik frogatzen ez den bitartean, loturen titulartzat hartuko dira higiezinen jabeak.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarriak honako hauek dira:

a) Hornidura eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta mantentze-lanak egitea, zerbitzuaren atalen arabera.

b) Hornidura eta saneamenduko harguneak egitea, hargunearen diametroaren arabera.

c) Ur kontsumoa.

d) Neurgailuak erabiltzea.

Tarifak

5. artikulua. Tarifak izanen dira Itzagako Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatearen Batzarrak (hemendik aurrera Mankomunitatea) urtero onesten dituenak. 2020ko ekitaldirako tarifak zehazten dira ordenantza honen eranskinean.

Tributu-kuota

6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari aplikatuko zaio dagokion tarifa.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Zerbitzua eskura izateko eta hartan mantentze lanak egiteko tasak eta hornidurakoak sei hilean behin kobratuko dira.

Hargune eskubideak kobratu eta sortuko dira hargunerako lizentzia ematen den unean.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Eraikin edo industria batean eta halakoetan hargunea egin nahi duen sustatzaile, eraikitzaile, pertsona fisiko edo juridiko orok jarraitu beharko dio prozedura honi, dela hiri-lurzoruan, urbanizaezinean nahiz landa-lurrean:

1. Eskuratzea dagokion udalaren aginduzko obra-lizentzia.

2. Mankomunitateari eskaera egitea, egin nahi den hargunea eskatzeko, honako datu hauek zehaztuta:

a) Eskatzailearen izen-deiturak eta posta helbidea, zehaztuta hargunearen xede den eraikinaren titularra edo sustatzailea den.

b) Hargunearen poligonoa, lurzatia eta posta helbidea.

c) Eskatutako hargunearen diametroa edo sekzioa. Etxebizitza kopurua, hala izanez gero.

d) Obra-lizentziaren kopia.

Oro har, Mankomunitateak ez du ur hornidurako harguneetarako lizentziarik emanen ureztaketarako eta aisia jardueretarako, ezta lurzoru urbanizaezinean eraikuntzak egiteko ere, baldin eta udalerrietako hirigintza planeamenduekin bat ez badatoz.

Mankomunitateak, obra lizentzia izan arren, zilegi izanen du hornidurarako eskatutako hargunea ukatzea, uste badu eskatutako harguneak kalte egin diezaiokeela hiriguneetako hornidurari.

Hargunea egiteko lizentzia ematen bada, Mankomunitateak zehaztuko du sareari lotzeko puntua, baita neurgailuen kokalekua eta lotunearen ezaugarriak ere.

9. artikulua. Eraikitzen diren igerilekuen edo ur kontsumoa duten aisialdirako beste instalazio batzuen kasuan, kontsumo horretarako berariazko neurgailu bat jarriko da. Tarifa izanen da erabilera orokorrerako ezartzen den bera, baina kontagailu hori Mankomunitateak aldi baterako itxi ahalko du, ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako erabileren hierarkia aplikatzea beharrezkoa izanez gero.

10. artikulua. Mankomunitateak, egokia iruditzen bazaio, eska ditzake bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak, hornidurarako eskaera ebatzi aurretik.

11. artikulua. Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, ordaindu beharko dira hargune eskubideak, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izanen aurkezten ez bada behar den tasa ordaindu dela frogatzen duen agiria.

Hornidurako baldintza orokorrak eta gisako zerbitzuak ematea

12. artikulua. 1. Eskatzaileak ordainduko ditu harguneen gastu guztiak, kaxarenak eta kontagailuarenak izan ezik, horiek Mankomunitateak emanen baititu.

Kontagailuak eremu publikoan jarriko dira eta giltza izanen dute aurrealdean eta atzealdean. Mankomunitateak giltza horien ezaugarriak zehazten ahalko ditu. Erabiltzaileak arrazoitu egin beharko ditu instalazio horren salbuespenak, Mankomunitateak onar ditzan, egoki bada.

2. Kontagailu horiek “eteteko puntua” izanen dira. Horietatik aurrera erabakiko da erantzukizuna hornitzailearena edo abonatuarena den, sortutako matxurak konpontzeko eta horien ondorioz gertatzen diren ur-ihesak ordaintzeko.

Zentzu horretan, hornitzailearen kontura izanen dira lur publikoan eteteko punturaino edo kontagailuraino gertatutako matxurak. Abonatuen kargura, berriz, eteteko puntutik etxebizitza partikularreraino gertatzen direnak.

13. artikulua. Mankomunitatea une oroz saiatuko da ur horniduraren zerbitzua ardura handiz eta bermez ematen; hala ere, ez da izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeren erantzule, presio gutxiegi izatearen, ur hornidura etetearen edo zerbitzuan beste gorabehera aurreikusiezinen bat izatearen ondorioz.

Mankomunitateak moztu behar badu hornidura zerbitzua edo haren zenbait erabilera debekatu behar baditu hornidura arazo larriak direla medio, ezarriko da erabileren honako hierarkia hau:

1. Etxeko erabilera;

2. Merkataritza eta zerbitzuak;

3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera;

4. Ureztaketa eta aisia;

5. Gainerako jarduerak.

14. artikulua. Hargune baten edozein titularri kentzen ahalko zaio ur hornidura, baldin eta kontagailuaren ondoren galerak baditu eta konpontzeko eskatu arren konpontzen ez baditu. Horrenbestez, Mankomunitatea ez da izanen eraikineko banaketa sarearen anomaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalteen erantzule.

15. artikulua. Hargune baten titularrak ezin izanen dio hirugarren bati hornidurako hargunerik eman Mankomunitateak berariaz baimentzen ez badu; une oroz saihestu beharko da bere axolagabekeriagatik edo zainketa ezagatik gertatzen ahal den iruzurra.

16. artikulua. Erabiltzaile zergadunek berehala jakinaraziko diote Mankomunitateko behar den zerbitzuari ura banatzeko sare orokorrean atzematen den edozein matxura.

17. artikulua. Kontsumoa neurtzeko gailuak lurzati pribatu baten barnean daudenean, erabiltzaile zergadunari dagokio kontagailuaren eta ixteko giltzaren tokia behar bezala zaintzea eta Mankomunitateak horren gainean adierazten dituen jarraibideak betetzea.

18. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren tasetakoren bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude Mankomunitateko langile kreditatuei kontagailua dagoen tokira sartzen uztera, kontagailuen irakurketa egiteko edo ongi funtzionatzen duten ikusteko.

19. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 86.3 artikuluan jasotakoari jarraikiz, ordenantza honetan ezarritako tasen aplikaziotik ateratzen diren tributu-zorrak, “jakinarazpen gabekoak” izanen dira.

20. artikulua. Aipatutako tasak sei hilabetetik behin ordainaraziko dira, eta haien jakinarazpena egintzat hartuko da behar den bandoa edo ediktua argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta egun horretatik hasiko da kontatzen 30 egun balioduneko epea, ordainketa borondatezko aldian egiteko. Hargune eskubideak, bai orokorrak bai partikularrak, hargunea gauzatu aurretik ordainduko dira.

21. artikulua. Tasak borondatezko aldietan ordaintzen ez dituztenei errekarguak ezarriko zaizkie; azken bidea premiamendu bidea izanen da.

22. artikulua. Mankomunitateak zerbitzua kentzen ahalko die bi ordainagiri edo gehiago ordaintzeko dituzten zergadunei.

Zerbitzua kenduta, zergadun horiek, ordaintzeko zituzten tasak ordaindu ondoren, berriz ere zerbitzuan alta izatea eskatzen badute, ezarritako hargune tasak ordaindu beharko dituzte, alta berri bat balitz bezala.

Orobat, Mankomunitateak ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak eteten ahalko dizkie abonatuei, honako kasu hauetan:

a) Ordaindu ez direnean iruzurragatiko likidazio irmotik sortzen diren zenbatekoak.

b) Abonatuak oker erabiltzen duen orotan kontratuan ezarritako tarifa kontratatua.

c) Abonatuak bere instalazioetatik adarrak paratzen dituenean edo paratzea uzten duenean, kontratupekoak ez diren eraikinak hornitzeko eta hustuketa egiteko.

d) Abonatuak uzten ez dienean Mankomunitateko langileei lokalean sartzen instalazioak aztertzeko edo kontsumoa zein erabilera egiaztatzeko. Halakoetan, bi lekukoren bidez edo agintaritzako agenteren bat bertan dagoela jasoko da ezetza.

e) Abonatuak larriki hausten dituenean ordenantza honetan aipatzen diren aginduak edo ordainketako polizan finkatzen diren baldintzak.

Etenak eta lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

23. artikulua. Nekazaritzan erabiltzeko berariazko harguneak gaituko dira eskatzen duten herrietan, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Harguneak herritik kanpora paratuko dira; kontagailua eta itzulerarik gabeko balbula izanen dituzte.

b) Titular baten izenean alta emana egon beharko du kontagailuak eta Mankomunitateak baimendutako langileek balioztatuko dute instalazioa.

c) Hargunea gaitzearen kostua eskatzaileak ordainduko du.

Arau-hausteak

24. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustetzat hartuko dira honako hauek:

a) Ura hartzea hornidura sareko edozein elementutatik, modu irregularrean eta baimenik gabe.

Modu irregularrean hartu dela ulertuko da hornidura sare publikotik egindakoa, norberak erabiltzeko edo nezaritzan edo abeltzaintzan, aurreko artikuluan ezarritako beharkizunak bete gabe.

b) Ura hartzea Mankomunitatearen berariazko baimenik gabe (iruzurra) eta ura hartzea hornidura sarean kutsadura eragin dezaketen prozedurak erabiliz.

c) Oztopatzea Mankomunitateko langile behar bezala baimenduek egiten dituzten ikustaldiak.

d) Mankomunitateak emandako aginduak ez betetzea edo kontagailuak irakurtzen ez uztea.

e) Bestelakotzea Mankomunitateak jarritako zigiluak, sarrailak eta neurgailuak.

Zehapenak

25. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak 50 eta 3.000 euro bitarteko isunekin zehatuko dira, eginiko arau-haustearen eta arau-hausleen ardura handiagotu dezaketen inguruabarren arabera, esaterako:

–Arau-haustea egitea ur-eskasia edo behar publiko larria dagoenean.

–Pertsonak behartzea edo haien edo gauzen kontra indarkeria erabiltzea, ura ekartzeko eta hornitzeko instalazioetan kalteak sortuz.

–Arau-haustea berriz egitea, aurreko lau urteetan zehatua izan bada ordenantza honetan ezarritako edozein arau-hausterengatik.

Aurreko artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako iruzur kasuetan eta ura modu irregularrean hartutakoetan, uraren kopurua zehazteko, neurgailutik pasa daitekeen ur bolumen handiena izango da kontuan, Mankomunitateko langileek egindako azken irakurketatik zenbatuta.

Azken xedapena

26. artikulua. Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, aplikatuko da Udalei buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoa.

27. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako tramiteak bete ondoren, eta abian jartzen denean Mendinueta Soluzioko goi horniduraren sare berria.

ERANSKINA

Ur horniduraren eta hustuketaren ordenantza. Tarifak

Hornidura:

–Kuota finkoa, kontagailu bakoitzeko: 15,00 euro urtean.

–Kontsumitutako metro kubikoaren prezioa: 0,50 euro.

–Kontagailuaren alokairua: 8,00 euro urtean.

–Hornidura sareko hargunea: 250,00 euro.

Saneamendua:

–Kuota finkoa, saneamenduagatik: 15,00 euro urtean.

–Saneamendu sareko hargunea: 250,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2000573