21. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

299E/2019 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Orkoiengo udal-mugartean aluminioaren aleazioko hagunak fabrikatzen dituen instalazio baterako. Instalazioaren titularra Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automoción SA da.

Egun funtzionamenduan dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 0422/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 282E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 25eko 336E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hagunak pintatzeko lerro berri bat ezarri nahi baitzuen. Aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da ingurumen baimen integratu berri bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 7. epigrafean dago jasota instalazio hori (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen): “Materialen, objektuen edo produktuen gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzen dituzten instalazioak, bereziki aprestua emateko, estanpatzeko, estali eta deskoipetzeko, iragazgaitz egiteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko, urteko 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmena dutenak”. Halaber, 2B eranskineko epigrafe hauetan dago jasota: 2.5.b), “Burdinazkoak ez diren metalak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, baita berreskuratze produktuak ere (fintzea, galdaketan moldatzea), egunean 4 tona baino gehiago galdatzeko ahalmena dutenak, berunaren eta kadmioaren kasuan, edo 20 tona baino gehiago, gainerako metalen kasuan”, eta 2.6, “Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean”. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dago.

Bestalde, instalazio hau epigrafe hauetan dago sartuta: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 2.5.b), 2.6 eta 10.1 epigrafeak eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 2.5.b), 2.6 eta 6.7 epigrafeak (testu bategina).

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 4. taldeko e) eta f) ataletan dago sartuta.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen 12.1.f) artikuluan xedatuarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, produkzioa eta isurketa berrikusi dira. Erabaki da horien bidez kutsatzeko aukera nabarmena dela, eta, horregatik, beharrezkoa dela egungo kokapenaren gaineko oinarrizko txosten bat prestatzea. Horrek beharrezko informazioa bilduko du lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko, horrela konparazio kuantitatiboa egiteko jarduerak behin betiko amaitu ondoko egoerarekin, eta zehazteko ea kutsadura modu nabarmenean igo den.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Titularrak eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon zen eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen dela, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak burdinazkoak ez diren metalen industriei buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Orkoiengo udal-mugartean aluminioaren aleazioko hagunak fabrikatzen dituen instalazio baterako. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automoción da.

Bigarrena.–Instalazio hori handitzeko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Indarrean mantentzea hondakin arriskutsuen kudeatzaile gisa duen G01 baimena, 15G01806025772007 zenbakikoa, eta hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa duen G04 baimena, 15G04806025772014 zenbakikoa, Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).

Laugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan zentroa hondakin arriskutsuen sortzaile gisa kentzea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Eguneratzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Seigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Hamargarrena.–Hiru hilabeteko epean gehienez, titularrak abiaburuko egoerari buruzko oinarrizko txosten bat aurkeztu beharko du, arrisku nabarmeneko substantziek lurzoruan eta lur azpiko uretan sortutako kutsaduraren egoera deskribatzen duena, ebazpen honen VII. eranskinean ezarritako baldintzen arabera.

Hamaikagarrena.–Instalazioan handitu den zatia funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamabigarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta instalazioan handitu den zatia martxan jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, ingurumen baimen integratua iraungitzat emanen da eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren instalazioaren zatiak exekutatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Hamahirugarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean, edo, betiere, aldaketa martxan jartzen den egunean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaseigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamazazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automocióni, Orkoiengo Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1916220