207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

185E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita animalien azpiproduktuak eraldatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Andosillako udal-mugartean dago eta haren titularrak Industrias Suescun SAU eta Navatrip SAU dira.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 13ko 2550/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 83E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2019ko azaroaren 13an, titularrak eskatu du instalazioaren ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea, zehazki ubide ireki normalizatua jartzeko betebeharra kentzea; ubide horrek, dela fluxu librekoa (ISO 4359), Venturi motakoa (Parshall) edo isurbide motakoa (ISO 1438), aukera ematen du lagin sinple eta konposatuak hartzeko, ikusizko ikuskapenak egiteko eta emariak neurtzeko.

Titularrak dio instalazioaren araztegiaren isurketa ponpaketa baliatuz ateratzen dela, hodi baten bidez, kolektore orokorrarekiko konexio puntua tratatutako urak biltzen dituen ur biltegia baino gorago dagoelako.

Adierazten du, halaber, emarien neurgailu elektromagnetikoa duela urak isurketaren puntuan husteko hodian, eta instalaziotik kanpo dagoen puntu horretan isurbide motako ubide bat dagoela, isurketa kolektorearekin konektatu aurrekoa. Era berean, emarien neurgailuaren ondoan laginak hartzeko txorrota bat dago, eta bertatik lagin puntualak nahiz konposatuak har daitezke, eta, hortaz, ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak betetzen dira.

Nolanahi ere, titularra ahalegindu da ubide normalizatua jartzen, eta bat erosi du, baina ezin izan ditu lortu instalazioaren kanpoaldean jartzeko nahitaezkoak diren lizentziak eta baimenak. Kasu honetan, konponbide bakarra da beste ponpaketa-putzu bat egitea ubidearen amaieran, presio lerroa hausteko, baina, horretarako, ponpaketa sistema berri bat behar da, eta titularraren iritziz hori egitea zentzugabea da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta erabaki du ezin dela onartu, arrazoi hauengatik:

–Jarduerak nahitaez izan behar du kontrolerako gailu normalizatu bat, ubide ireki motakoa, instalazioak betetzen dituelako otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuaren 31. artikuluko a) eta b) baldintzak; izan ere, dekretu horretan ura saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal duten jarduerak ezarri eta funtzionatzeko baldintza teknikoak finkatzen baitira.

–Kolektorearekin lotzeko puntuan dagoen ubidea, isurbide motakoa, ez da normalizatua, instalaziora egindako ikuskapenetan frogatu denez, eta ez du bermatzen jardueraren araztegiko isurketaren laginketa adierazgarria egitea.

–Horrez gain, laginak hartzeko txorrotaren ezaugarriek ere ez dute ahalbidetzen isurketaren laginketa egokia egitea.

–Kontrolerako gailuak ez dira nahitaez jarri behar araztutako hondakin uren tokian, eskaeran azaltzen denez, otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluko baldintzak betez baizik.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea animalien azpiproduktuak eraldatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Andosillako udal-mugartean dago eta haren titularrak Industrias Suescun SAU eta Navatrip SAU dira.

Bigarrena.–Industrias Suescun SAU eta Navatrip SAU, instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Industrias Suescun SAri eta Andosillako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2008905