207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAÑERU

Udal ordenantza, Mañeruko herrigunean plaka fotovoltaikoak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Mañeruko Udalak, 2020ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mañeruko herrigunean plaka fotovoltaikoak paratzea arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2020ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta ordenantzan aldatutako artikuluen testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mañerun, 2020ko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Nuria García Aróstegui.

UDAL ORDENANTZA, MAÑERUKO HERRIGUNEAN PLAKA FOTOVOLTAIKOAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Eguzki plaka fotovoltaikoak beti hegoaldera begira instalatuko dira Mañeruko herriguneko estalkietan. Hau da, orientazio hori duen estalkiaren isurki bakar batean ezarriko dira.

2. artikulua. Plakak instalatuko dira estalkien gainean eta haien angelu berarekin, urak husteko ezinbestekoa den tartea utzita.

3. artikulua. Sustatzaileak bermatuko du plakek ez dutela islarik egiten, ez dadin arriskutsua izan bide-segurtasunerako eta ez dezan eraginik izan inguruko etxebizitzetan.

4. artikulua. Gehienez ere, 5 kW-eko potentzia ezarriko da etxebizitza bakoitzean.

5. artikulua. Estalkiaren gehieneko okupazio-bolumena estalkiaren azaleraren %60 izanen da.

6. artikulua. Ez da inoiz zilegi plakak estalkiaren gailurreraino iristea, ezta haren ertzetaraino ere; izan ere, estalkiaren tamainak agerian egon beharko du. Horregatik, instalazioak 80 zentimetroko tartea utziko du, gutxienez ere, teilatu-hegalaren kanpoaldera, eta metro batekoa gailurrera.

7. artikulua. Udalaren zerbitzu teknikoek eskaera bakoitza baloratuko dute, eta haren gaineko txostena eginen dute.

8. artikulua. Babes motaren bat duten eraikinetan (katalogatuak edo inbentariatuak), ordenantza hau aplikatzeaz landa, ondare arkitektonikoa babestea dagokion erakundeak espresuki xedatzen duenari jarraituko zaio.

9. artikulua. Lurzoru urbanizagarrian eguzki energia biltzeko sistema fotovoltaikoak paratzea baimenduko da, baldin eta lurzorua hiri-lurzoru bihurtzen bada dagozkion garapen-planen bidez; kasu horretan, hiri-lurzoruan ezartzeari buruzko artikuluak aplikatuko zaizkio.

10. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean eraikin baten gainean ezartzeko baldintzak:

1. Bizitegitarako eraikinetan: Hiri lurzoruan eguzki energia biltzeko instalazioa ezartzeko baldintza berak izanen dituzte.

2. Nekazaritza eta abeltzaintzarako nabeetan eta eraikin osagarri bakartuetan. Plakak estalkiaren gainean bakarrik jarriko dira, eta inklinazio bera izan beharko dute; gainerakoan, aurreko artikuluetan hiri-lurzorurako adierazitako baldintzen mende egonen da instalatzea.

Bi kasuetan, transformadoreak, metagailuak eta, halakorik bada, bestelako instalazio osagarriak eraikinaren barnean paratu beharko dira nahitaez.

11. artikulua. Eraiki gabeko lurzati pribatuan onartzen da lur gainean paratzea energia biltzeko sistema fotovoltaikoak, betiere hirigintza araudian ezarritako lerrokaduren barnean badaude. Instalazioak ingurunearekin harmonia gorde beharko du.

Transformadoreak, metagailuak eta bestelako instalazio osagarriak plaken beren azpian paratu behar dira, edo bestela eraikinaren barnean; inoiz ez, ordea, lurzatian kokaturiko bestelako elementu independenteetan.

Instalazioa, gehienez ere, 1,50 m garai izanen da, eguzki plaken planoaren erdigunean neurturik.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2008864