207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2020ko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxeko animaliak, bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2020ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an, eta jendaurreko epean Lizarri hautesle-elkarteak aurkeztu dituen alegazioak ebatzi dira; hortaz, baietsitako alegazioak sartuta, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Lizoainen, 2020ko abuztuaren 27an.–Alkatea, Koldo Albira Sola.

ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Lizoain-Arriasgoitiko udalaren lurralde-eremuan, pertsonen eta etxeko animalien arteko harremanetan izan behar diren baldintza eta osasun arauak ezartzea, bai eta, Udalaren eskumenen barrenean, haien inguruko jarduera guztiak arautzea ere.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

Etxeko animaliei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatzetik sortzen diren ondorioetarako, “etxeko animalia eta/edo lagun egiteko animalia” da gizakiarekin bizi dena, harengandik irabaziak ateratzeko asmorik gabe.

4. artikulua. Etxeko animalien edo lagun egiteko animalien jabeek dute haien zaintza etengabearen ardura. Etxeko edo lagun egiteko animaliak, etxebizitzetatik at libre ibiltzen badira, abandonatutzat edo galdutzat hartuko dira.

Udal zerbitzuek biltzen ahal dituzte animalia abandonatuak edo galduak, eta udal agintaritzaren eskumena izanen da biltzeko zentroetan sartzea. Hamar eguneko epean, jakinarazpena egiten denetik hasita, jabeak ez badu animalia hartzen, abandonatutzat hartuko da animalia, eta udal eskumena izanen da harekin zer egin zehaztea.

Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak etxeko animalien edo lagun egiteko animalien jabeak edo, behar denean, erosleak ordaindu beharko ditu.

5. artikulua. Debeku da animaliak honako toki hauetan sartzea: jakiak fabrikatu, prestatu, bildu edo saltzen diren lokaletan eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuetan; kirol nahiz kultur ikuskizun publikoak egiten diren tokietan; erabilera publikoko igerilekuetan; eta gizakiendako osasun etxeetan eta ikastetxeetan. Eraikinetako igogailuetan, berriz, sartzen ahal dira, baina animaliak daramatzaten erabiltzaileak eta ez daramatenak elkartzen badira, azken hauek igogailuan aurrenak eta bakarrik joateko eskubidea izanen dute. Animaliak daramatzatenek igogailua garbitu beharko dute, erabili ondotik beharrezkoa baldin bada.

Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, baina halakoetan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Debeku hauetatik salbuetsiak daude ikusmen urria duten pertsonekin joaten diren gida zakurrak.

6. artikulua. Eritasun kutsagarri baten aztarnak baldin badira eta lagun egiteko animalia batek pertsona edo animalia bati ausiki egiten badio, osasun ikuskaritzako zerbitzuei eta udal zerbitzuei jakinaraziko zaie.

7. artikulua. Udal zerbitzuek pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak egin edo behin eta berriz haiek gogaitzen dituzten animaliak bahituko dituzte, baita honako arau hauek lehenagotik hautsi dituztenak ere, fakultatibo eskudunaren ikuskapenarekin.

Lagun egiteko animalia batek, arriskugarri gerta daitezkeenen artean hasieran sailkatua ez izan arren, bertze animalia bati edota pertsona bati eraso egiten badio, titularra behartua dago arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzera 15 eguneko epean eta, halaber, horrelakoak edukitzeko arautegi berariazkoa betetzera. Bertzenaz, animalia bahituko da eta Udalaren esku geldituko.

Bertzalde, animalia erasotzailearen jabea edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, beharturik dago animalia berarekin edukitzera, albaitaritza zerbitzu eskudunek zehazten dituzten denbora eta baldintzetan.

8. artikulua. Debeku da eta, hortaz, udal agintaritza eskudunak zehatuko du, animaliak abandonatzea, bai aire zabalean bai finka edo eremu itxietan, eta debeku, orobat, abandonaturik dauden animaliei jatera ematea.

Agintariek eta herritarrek jakiten badute udal mugapean animalia abandonaturik badela, udal zerbitzuei jakinarazi beharko diete.

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

9. artikulua. Zakurrei ere aplikatuko zaizkie animaliei aplikatzen zaizkien arau orokorrak eta, zehazkiago, lagun egiteko animalien gainekoak.

10. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugartean bizi diren zakur guztiak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren edo helbidearen gaineko edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak erakunde eskudunei jakinarazi behar die dena delakoa, gertatu eta gehienez ere 15 egunean, edo goragoko legerian ezartzen den epean.

Zakurren alta egiteko, legezko arauetan ezarritako epean eta horren araberako baliabideekin identifikatuko dira.

11. artikulua. Udal mugartean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasi eta berritua. Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guztiak paratzea ere.

12. artikulua. Debeku da Lizoainibar-Arriasgoitiko udalerriko hirigune guztietan zakurrak aske ibiltzea, baita kaleetan edo ibilgailuen trafikoa duten errepideetan eta herritarrek paseoan ibiltzeko erabili ohi dituzten bideetan ere. Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu zakurrak, horretarako uhal sendo bat edo kate bat erabiliz.

Arriskutsu gerta daitezkeen zakurrak beren titularrari loturik ibiliko dira nahitaez, aplikatu beharreko araudian xedatutakoari jarraikiz (arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, martxoaren 22ko 287/2002 Dekretua eta gai honi aplikatu beharreko beste arau batzuk).

13. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta behar den zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu, eta 7. artikuluan ezarri bezala jokatuko da haiekin.

Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan debeku da horiek edukitzea. Animalia bat duenak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez eragozpenik ez sortzeko.

14. artikulua. Zakurrekin edo etxeko beste animalia batzuekin edo lagun egiteko animaliekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute haiek kaka egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurrak kaka eginez gero, zakurraren gidari edo arduradunak jaso, kendu eta bildurik bota beharko du, bere ardura izanen baita inguru horren garbitasuna.

15. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatua biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen da.

16. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

Zamariei aplikatu beharreko berariazko araudia

17. artikulua. Zamariekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zamariek kaka egitea espaloi, galtzada, berdegune edo lorategietan, eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zamariaren gidariak edo arduradunak jaso, kendu eta bota beharko ditu egindako gorotzak.

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta ondoko artikulu hauen arabera zehatuko da:

Zehapen prozedurari ofizioz emanen dio hasiera erakunde eskudunak, bai beraren ekimenez bai salaketa baten ondorioz.

19. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

20. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

21. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta hura garatzen duen araudia, eta Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea eta araudi osagarriak.

22. artikulua. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, arau-hausteak modu honetakoak izanen dira:

1.–Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak eginen dira jardueretarako ordenantza honen xedapenak ez betetzean, arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badute. Zehatz-mehatz, hauek dira hutsegite arinak:

Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen 9. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea, arriskutsu izan daitezkeen zakurrak izan ezik, orduan arau-hauste larria izanen baita.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean. Udalak sonometriak erabil ditzake, agintzaritza eskudunak eginak, edo zuzenbidean onartutako bestelako frogabideak, zehazteko arau-hausterik izan den.

d) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea edo pertsonei trabarik ez egiteko behar diren baliabideak ez erabiltzea.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo saltzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

g) Zikintzea eta zakurren edo zamarien gorozkiak ez garbitzea edo bildu gabe uztea eremu publikoan.

h) Udalerriko herrietako guneetan zakurrak aske ibiltzea.

3.–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan hiru aldiz berrerortzea.

Arau-hausteen kalifikazioan, kontuan hartuko dira, gainera, asmoa, egindako kaltearen larritasuna, parte-hartze maila eta lortutako onura, egindako kaltearen atzeraezintasuna eta, oro har, udal agintaritza eskudunak aintzat hartzen dituen faktore aringarriak eta astungarriak.

Zehatz-mehatz, aringarritzat hartuko da zakur batek ihes egiten duenean bere arduradunak edo jabeak nahi gabe.

23. artikulua. Ordenantza honetako aitzineko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

–Arinengatik, 60tik 100 euro bitarteko isunarekin.

–Astunak, 101etik 200 euro bitarteko isunarekin.

–Oso astunak, 201 eta 1.000 euro bitarteko isunarekin.

Arau-hausleak isuna ordaintzen badu jakinarazpenaren ondoko 15 eguneko epean, %50eko hobaria izanen du, betiere zehapen horren kontrako errekurtsorik aurkezten ez badu.

24. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

25. artikulua. Alkateari dagokio etxeko animaliei buruzko ordenantza honen kontrako arau-hausteak zehatzeko espedienteak bideratzea eta ebaztea.

26. artikulua. Animaliak babesteari dagokionez, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

Azken xedapen bakarra

Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/99 Foru Legea, eta alor honetan aplikatzen ahal diren arau guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2009885