207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARRALDA

Udal ordenantza, Eraikinak lehen aldiz erabili
edo okupatzeko lizentziak emateari buruzkoa

Garraldako Udalak, 2020ko ekainaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Garraldan, 2020ko abuztuaren 26an.–Alkate udalburua, Gurutz Gorraiz Armendariz.

UDAL ORDENANTZA, ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatuarekin.

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, hirigintzako lizentzia baten babesean egindako obra hauek hartuko dira eraikuntzatzat:

A. Oin berriko eraikuntza-obrak.

B. Egungo eraikinen egiturak handitu, aldatu, zaharberritu edo berritzetik sortzen direnak.

C. Eraikinaren erabilera berariazkoak aldatzea.

D. Etxebizitza berriak egitea edo, egungo eraikinetan, banaketan funtsezko aldaketa egitea.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak honako helburu hau baino ez du:

A. Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentzian ezarritako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

B. Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

C. Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

D. Segurtatzea eraikitzaileak lehengoratu dituela, baldin eta kaltetu baditu, hirigintzako elementu eta ekipamendu ukituak, eta EEHak (eraikuntza eta eraispenetako hondakinak) eduki eta sortzen dituenaren betebeharrak bete dituela.

Lizentzia eskatzea

4. artikulua.

1.–Obrak burututa, eraikina lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek Udalari aurkeztuko diote eskaera; betiere, datu hauek emanen dituzte:

A. Interesdunaren izen-deiturak, edo haren ordezkariarenak.

B. Lizentzia zer eraikinetarako eskatzen den, harexen gaineko xehetasunak.

C. Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2.–Interesdunek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

A. Lehen aldiz erabili edo okupatzea dakarren obraren nahitaezko lizentziaren fotokopia.

B. Obra burutu dela dioen ziurtagiria, eta, halakorik bada, urbanizazio osagarriarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan adieraziko da higiezinak betetzen dituela okupatzeko beharrezko baldintzak.

Oin berriko etxebizitzen kasuan, aurkeztu beharko da bukatutako eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria Efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria.

C. Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

D. Hiri-lurreko ondasun higiezinen gaineko kontribuzioan alta eskatu izanaren ziurtagiria.

E. Udal tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Eraikina dagoen eremuko urbanizazioa Udalak egin eta jaso beharko du beti.

Urbanizazio obra osagarriak egiten badira eraikuntzarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

–Enpresa hornitzaileen idazkiak, adierazten dutenak bukatutako obra onetsi dela eta hura araudi berariazkoei jarraikiz egin dela, eta behar diren hornidurak egiteko eragozpenik ez dagoela.

–Kaleko argien sareari dagokionez, instalazio-agiria aurkeztu beharko da.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

Tramitazioa

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak honela jokatuko du:

1.–Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri-ekipamendua lehengoratu diren; segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izan dezakeen. Orobat, eskatuko du hondakinen kudeaketa egokia frogatzen duen egiaztagiria / entregako faktura.

2.–Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta hura legeztatzeko aukera, baldin badago, adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da, ura, gasa, argindarra eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, ezertan ukatu gabe aurkitutako akatsak zuzentzea. Kasu horretan, higiezina okupatzea baimentzearren baino ez da emanen lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen dituela aintzat harturik.

Ebatzi beharra

7. artikulua.

1.–Alkateak bi hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2.–Txosten eta irizpenen onarpenak ebazpenerako arrazoitzat balioko du, haren testuari gehitzen edo eransten zaizkionean.

3.–Ebazteko epea agortzen bada alkateak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

8. artikulua.

1.–Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikitako eraikinaren titularrek debeku dute hura okupatzea.

2.–Eraikitako higiezina hein batean edo osorik besterentzean, eskuratzaileei modu frogagarrian adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura ez bada eskuratu eraikina besterentzerako.

Hauek dira lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

A. Udalbatzak osoko bilkuran onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea; I. eranskinean ageri dira.

Argindarra, ura eta gasa banatzen duten enpresen betebeharrak

9. artikulua.

1.–Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzekoak zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuei eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokienez.

2.–Obretarako ur hornidura, aginduzko hirigintzako lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3.–Lizentzian obrak amaitzeko eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak amaiturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesdunei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4.–Obretarako eman ur-hornidura ezin izanen da erabili bestelako jardueretan, bereziki, etxerako ur gisa.

5.–Ura banatzen duen enpresak ezin izanen ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

6.–Gas naturalaren enpresa hornitzaileak ezin ditu gas naturalez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 202. artikuluak eta hurrengoek xedatutakoaren arabera, Hirigintzari buruzko diziplina erregelamendua ezartzen duen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 90. artikuluarekin lotuta.

11. artikulua.

1.–Aurreko artikuluan aipatzen den arau-haustea, legeztagarria izan zein ez, zehatu eginen da, kasu bakoitzerako ezartzen denari jarraituz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta Hirigintzari buruzko diziplina erregelamendua onesten duen 2187/1978 Errege Dekretuan.

2.–Udalak inoiz ere ez dio uko egin ahalko urratutako hirigintzako ordena lehengoratzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, kautelazko neurri gisa.

Erantzuleak

12. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

13. artikulua. Zehapen-prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat.

Zehapen prozedura

14. artikulua. Zehatzeko ahala gauzatuko da arlo horretan aplikatzekoa den foru- eta estatu-araudian ezarritako prozeduraren bidez.

Araubide juridikoa

15. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, honako arau hauetako manuei jarraituko zaie: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzari buruzko diziplina erregelamendua ezartzen duen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak

Udalak kontratatutako Hirigintza Zerbitzuak fakturatzen duen zenbatekoa kobratuko da.

Iragarkiaren kodea: L2009852