207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Trafikoa bideoz zaintzeko kamerak instalatzea baimentzea

Funesko Udaleko alkateak, 2020ko abuztuaren 28an, 550/2020 Ebazpena eman zuen. Hona hemen:

“Funesko kaleetan barna dabilen ibilgailu kopuru garrantzitsu horren aurrean ez dira nahikoak hura arautzeko eta kontrolatzeko ohiko modu presentzialak, eta inguruabar horiek gomendagarri egiten dute laguntza teknologikoa gehitzea, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko, behar denean Udaltzaingoak duen eginkizun horretarako.

Horregatik, Funesko Udalak erabaki du bere eskumenekoa den zerbitzuari gehitzea bideokameren instalazioa eta erabilera, bide-segurtasuna zaintzeko trafikoko araudiaren arau-hauste asko dituzten guneetan.

Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, “trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta birsortzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, horren bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun LOPD) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, betiere lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz”.

Ikusi da apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatu eta betearazteko araudia arautzen duena, Segurtasuneko Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikagarria zaien araubideari dagokionez ezarri zuenez, “trafikoa kontrolatzeko, arautzeko, zaintzeko eta arautzeko bideokamerak eta irudiak hartu eta erreproduzitzeko beste edozein baliabide instalatzea eta erabiltzea 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta xedapen honetan ezarritakoaren arabera eginen da. Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie aurreko apartatuan aipatutako gailuen ezarpena eta erabilera baimentzea. Irudiak jaso eta birsortzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera aginduko dituen ebazpenak generikoki identifikatuko ditu eremu publikoak edo bide tarteak, iruditan jaso daitezkeenak, grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak, bai eta haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean”.

Ikusi da ezarri nahi den sistemak identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzakeela; hortaz, tratamendu horiek Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko dira; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).

Kontuan hartuz Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluak udal eskumen propio gisa hartu zuela “trafikoa, ibilgailuen aparkalekua eta mugikortasuna”, Toki administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako bertsioaren ondoren.

Ikusi da Udal Idazkaritzak emandako txosten juridikoa, espedientean jaso dena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 s) artikuluan ezarritako eskumenen arabera eta indarrean dagoen legediak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzeko gaitasuna duen bideokamera ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak: Sardilla poligonoa, Santiago Ramón y Cajal kalea, Maiatzaren 11ko plaza, Azkoien etorbidea, Trujal kalea, Nafarroa etorbidea, Diputazio plaza, Espainia plaza, Antso IV.a kalea, Navarro Villoslada kalea, Erriberri kalea, kirol pista, Foru plaza.

Bigarrena.–Funesko Udalak irudi ikusgarriak jarriko ditu, trafikoa kontrolatzeko helburuarekin bideozaintza sistema dagoela jakinaraziz.

Informaziorako eskubidea: Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita www.villadefunes.com webgunean ere.

Tratamendu jardueren erregistroa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Funesko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu jarduera. Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahalko da.

Datuen babeseko ordezkaria: Funesko Udalak datuen babeserako ordezkaria izendatu du. Edonor pertsona horrekin harremanetan jar daiteke datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako arduradunak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean. Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@villadefunes.com helbide elektronikoan edo posta bidez, Udaletxearen helbidean (Foru plaza 1, 31360 Funes).

Segurtasun neurriak: Udalak arriskuen analisia eginen du, behar diren neurri teknikoak eta antolaketa neurriak ezartzeko, irudien segurtasuna bermatzeko, suntsitzea, galtzea edo ezustean edo bidegabeki aldatzea saihesteko edo baimenik gabe sartu edo jakinaraztea ekiditeko. Funesko Udala arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Ebazpen honen berri Osoko Bilkurari ematea, horretarako egiten duen hurrengo bilkuran.”

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Funesen, 2020ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2009897