207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZAGRA

Deialdia, udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsi ziren Azagrako udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia eta oinarriak, hain zuzen, jarraian ematen direnak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2020ko abuztuaren 26an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da txanda irekiko oposizio bidez betetzea Azagrako Udalaren udaltzain izateko lanpostu bat, Udaleko plantilla organikokoa.

1.2. Deialdi honen bidez udaltzain izendatzen den izangaiak poliziaren berezko eginkizunak beteko ditu, eta Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako eskubide eta betebeharrak izanen ditu; gainera, C mailan sailkatuko da, foru lege horretan ezarritako mailetatik.

1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea, indarreko araudiarekin bat.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide den titulu bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Deialdiaren xede den lanpostua betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdi honen III. eranskinean ageri diren bazterbide medikorik ez izatea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez ibilgailuak gidatzeko B eta A2 edo A motako baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.5 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Deialdian parte hartzeko eskabideak Azagrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, dela herritarren arretarako bulegoan (Plus Ultra kalea 6, 31560, Azagra), dela egoitza elektronikoan (azagra.sedelectronica.es), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdi honetan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

c) Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Azagrako Udaleko Erregistro Orokorrera igorri baino lehen.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da, eta eskuratuko da Azagrako Udaleko Erregistro Orokorrean, www.azagra.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia argitaratzen denean.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharreko beste agiri batzuk:

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena “izangaiak II. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela”.

2. Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

3. Deialdian eskatutako titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratzeko.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Alkatetzak ebazpena emanen du deialdiko lanpostuak bete gabe uzten direla deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, baldin aurkezten badira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko. Ebazpenak zehaztu eginen ditu hautaprobak osatzen dituzten ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautaprobak eginen dira, 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan direnean.

Era berean, onartuen eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Azagrako Udalaren ediktu-taulan eta webgunean.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera:

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiko burua: Rubén Medrano Romeo, herriko alkatea.

–Ordezkoa: Mari Cruz Medrano Medrano, Azagrako Udaleko zinegotzia.

–Kidea: Gorka Busto Hidalga, Azagrako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.

–Kidea: Carlos Echeverría Redrado, funtzionarioen ordezkaria.

–Ordezkoa: Luis Miguel Beisti Arenzana, San Adriango Udaltzaingoko burua.

–Kidea: Sergio Sáenz Santiago, Jarduera fisikoko eta kiroleko lizentziaduna. Azkoiengo kiroldegiko kudeatzailea.

–Ordezkoa: Víctor Gutiérrez Mora, Jarduera fisikoko eta kiroleko lizentziaduna.

–Idazkaria: María Jesús Hernández Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Raquel García Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna:

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, baldin suertatzen badira administrazio-prozedurari buruzko arauetan abstenitzeko aurreikusitako arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikulua).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, aipatutako egoeraren bat gertatzen denean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak bi fase izanen ditu.

–Lehen fasea: hautapenaldi baztertzailea. Ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.

–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Lehenengo fasea: hautapenaldia.

Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute (edo epaimahaiak izangai bakoitzaren nortasuna frogatzeko askiesten duen agiria). Iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak oposiziotik baztertuak izanen dira.

Hautaketa prozesuaren lehen fasean proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, I. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu, gehienez). Gai multzo bat zati bereziari buruzkoa izanen da (60 puntu, gehienez), eta beste gai multzo bat, berriz, zati orokorrari buruzkoa (40 puntu gehienez).

Kanporaturik geldituko dira gai multzo bakoitzari esleitutako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

b) Gaitasun fisikoaren proba: deialdi honen II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren neurrien arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoia izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, baita, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo ez-egitez, bildu beharreko laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2016ko abenduaren 30eko Ebazpenaren eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2017ko 6. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 7an).

Deialdiko II. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta, orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei edo kontrola egiten ez dutenei.

Lehenengo proba hogei izangaik baino gehiagok gainditzen badute, bigarren probara lehenengo hogeiak baino ez dira pasako. Hogeigarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

c) Proba psikoteknikoak: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoko probak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Lehenengo bi probak hamar izangaik baino gehiagok gainditzen badituzte, hirugarren probara puntuazio handieneko lehen hamarrak baino ez dira pasako. Hamargarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, izangaiak eta haien behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu epaimahaiak Udalaren iragarki taulan eta web orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere iragarki taulan eta Udalaren web orrian argitaratuko; proba gainditu duten izangaien eta baztertuen zerrenda azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

d) Proba medikoak: oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 3.1 ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala egiaztatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba medikoetan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

7.4. Lanpostuen adjudikazioa.

a) Adjudikazioaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak zerrenda bat eginen du horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Izangaiei dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lanpostu hutsak adjudikatzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duen izangaia behin-behinekoz proposatuko dute oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deitutako lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.5. Bigarren fasea: Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

7.5.1. Izangaien kalifikazioa burututa, aitzineko fase guztietan lortutako emaitzen arabera, epaimahaiak jendaurrean jarriko du oinarrizko prestakuntza ikastaroa egitera behin-behinekoz onartu direnen zerrenda. Deitutako lanpostu kopurua adina izangai sartuko dira zerrendan eta betiere lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Azagrako Udaleko ediktuen taulan jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3.1. oinarriko f), g) eta h) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Azagrako Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Justizia Ministerioaren menpeko Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiria. Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 10.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Agiri horiek aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

7.5.2. Oinarrizko ikastaroa gutxienez 650 ordukoa izanen da, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak ezarritakoari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei jarraikiz eginen da.

Azaroaren 20ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiak, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren oinarrizko ordainsari pertsonalak jasoko ditu, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Azagrako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatu ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen-prozesu osoko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

8.–Oposizioaren balorazioa.

8.1. Lehendabiziko fasea: hautapenaldia; proba baztertzaileak eginen dira: test motako ariketa teorikoa, gaitasun fisikokoa, psikoteknikoak eta medikoak. Epaimahaiak ezarriko du proben hurrenkera.

a) Proba teorikoan, test bat egin beharko da idatziz, gehienez 2 orduz, gehienez 100 galderari erantzuteko deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendari buruz; lau aukera egonen dira galdera bakoitzean, eta bakarra izanen da baliozkoa.

Lehenengo proba honetan, gehienez, 100 puntu lortzen ahalko dira, honela banatuak: zati bereziari buruzko multzoan, gehienez 60 puntu; eta zati orokorreko zatian, gehienez 40 puntu.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak heren bateko balorazio negatiboa izanen du. Kanporaturik geldituko dira gai multzo bakoitzari esleitutako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak egin behar dira, II. eranskinean jasota daudenak. “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da, baita dopinaren kontrako kontrolean positiboa ematen dutenak edo kontrola egiten ez dutenak ere, halakorik badago.

–Pisua jasotzeko proba (bankako press-a).

–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba.

–Erresistentzia-proba (Cooperren testa)

–Behe-atalaren potentzia-proba (luzera-jauzia).

Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

c) Proba psikoteknikoak. Hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak lanpostuko lanbide-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoko probak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

d) Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

8.2. Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaroa; oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “Gai” edo “Ez gai” kalifikatuko dira.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira deialditik.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

8.3. Oposizioko bi faseetan ateratako puntuazioen batura izanen da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udaleko organo eskudunak probak gaindituta puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz beronen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11.–Datuak babesteari buruzko informazioa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Azagrako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), bai eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

I. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

Zati berezia.

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: Toki entitateen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak, I. atala: xedapen orokorrak, II. atala: udalaren antolamendua, III. atala: biztanleria, IV. atala: udal-mugartea. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapitulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua, II. atala: udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

6.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua: datuak babesteko printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua: funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua: administrazio karrera. VI. kapitulua: egoera administratiboak.

9.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua. Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa. I. liburua. I. titulua. Zigor arloko arau-hausteak. II. titulua. Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. V. titulua. Delituetatik eta prozesuko kostuetatik eratorritako erantzukizun zibila (I. eta II. kapituluak).

10.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

11.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

12.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. II. eta III. tituluak.

13.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

14.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

15.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

16.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

17.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

18.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia– aplikatzeko eta garatzeko Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena.

19.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

20.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

Zati orokorra.

21.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

22.–Azagrako Udalaren ordenantzak.

–Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko ordenantza.

–Kuadrilletarako lokalak arautzen dituen ordenantza.

–Azagrako zirkulazioaren Udal Ordenantza.

–Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza.

–Zakur arriskutsuak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

–Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza

–Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duen udal ordenantza.

23.–Azagrako ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritza herri-lurrak, geografia, toponimia, kartografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Azagrako tradizioak eta usadio-ohiturak.

24.–Azagrako Udala; funtzionamendua, osaera.

25.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

II. ERANSKINA

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 40 kilokoa izanen da gizonezkoendako, eta 22 kilokoa emakumeendako. Bi eskuekin goratuko du pisua eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Galtzaren barrenetik sartu beharko da, eta kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK/ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GIZONAK

30 BAINO GUTXIAGO

EMAKUMEAK

30 BAINO GUTXIAGO

2.–Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Deskribapena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteteko blokera igo gabe.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 48 segundo gizonentzat eta 50 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Debekatuta dago proba igerilekuaren barrutik hastea.

Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metroko beste tarte bat itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik atera beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ezin da inolako bloke edo euskarritara igo.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa ondoko eskalaren arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK / DENBORAK

EZ GAI

GIZONAK

48” EDO GEHIAGO

EMAKUMEAK

50” EDO GEHIAGO

3.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

Deskribapena: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera-marraren atzean.

–Gizonezkoak: 2.210 metro baino gutxiago (zortzi aldiz eta erdi zirkuitua), ez gai; 2.210 metro edo gehiago (zortzi aldiz eta erdi zirkuitua), gai.

–Emakumezkoak: 2.080 metro baino gutxiago (zortzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.080 metro edo gehiago (zortzi aldiz zirkuitua), gai.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da zehaztutako denboran egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK / DISTANTZIA

EZ GAI

GIZONAK

2.210 metro BAINO GUTXIAGO

EMAKUMEAK

2.080 metro BAINO GUTXIAGO

4.–Behe-atalaren indar- eta potentzia-proba (luzera-jauzia).

Azalpena: ariketa honen helburua da gorputzaren behe-atalaren indarra eta potentzia baloratzea.

Xedapena: izangaia lurzoruan markatutako marra baten atzean jarriko da, zeina metro bat luze eta 0,05 metro zabal izanen baita.

Gauzatzeko modua: prest dagoenean, izangaiak behe-atala tolestu eta zabalduko du agudo, eta, bi oinak lurzoruan bermatuta, gorputza aurrerantz eramanen du, ahalik eta distantziarik luzeena lortzeko. Zilegi da zabu egitea oinaren orpo-puntarekin edo orpoa apur bat goratzea salto egin baino lehen, eta erortzean tokiaren gainean gelditu beharko da, orekari eutsiz eta oinak mugitu gabe, haiek bermatutakoan.

Neurketa: irteera marratik atzeen dagoen oinaren orpora arte neurtuko da (irteera marratik hurbilen dagoen oina). Metro eta zentimetrotan neurtuko da.

Gehienez ere hiru saio egiten ahalko dira, hurren azaltzen den moduan. Aurreneko bi saioak libreak izanen dira, eta egiten ahalko dira lehenbizikoa ez baliogabetu arren; horietatik, distantzia luzeena zeinetan lortu den, horixe hartuko da kontuan. Hirugarrena ez da horien jarraian eginen, eta lehenbiziko biak baliogabetu baldin badira soilik eginen da.

Baliogabetzeari dagokionez, hauek hartuko dira aintzat:

–Abiada hartzeko urratsik egitea jauzi aurretik.

–Bi oinak batera ez bermatzea lurzoru gainean.

–Behin oinak lurretik bereizirik, ezin izanen dira berriz bermatu azken bulkada hartzeko.

–Debeku da marra zanpatzea bulkada hartzeko unean.

–Jauzia baliogabetu eginen da, izangaiak oinak mugitzen baditu erori ondoren.

–Jauzia baliogabea izanen da, izangaiak eskuak lurrean bermatzen baditu erori ondoren.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK / DISTANTZIA

EZ GAI

GIZONAK

1,80 metro BAINO GUTXIAGO

EMAKUMEAK

1,60 metro BAINO GUTXIAGO

III. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, udaltzain lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa >140 eta TADa >90).

–Arterietako hipotentsioa (TASa >90 eta TADa >45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte eta lan bizitzan eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, udaltzain lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 30).

15.–Azalpen orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta udaltzain lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, udaltzain lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2009836