207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

551/2020 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana; honen bidez aldatu egiten da ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak onesten dituena, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartu zela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Une honetan, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, egoera epidemiologikoari dagokionez, 2020ko uztailaren 8tik aurrera eguneko intzidentzia handitzen joan da progresiboki.

Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuak ohiz kanpoko neurriak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko; agiriaren 9. artikuluak ekitaldi jendetsuak baimentzeko ezohiko neurriei egin zien erreferentzia.

Horren haritik, ezinbestekoa da aipatutako Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 4 59/2020 Ebazpenean aldaketak egitea eta zenbait gai argitzea. Aldaketa horiek ebazpen honen lehen eranskinean jaso dira, eta eragina izanen dute, lehenik eta behin, entrenamendu osoak eta kontaktu ertain-altuko kirolen lehiaketak hasteko datetan.

Bigarrenik, kirol lehiaketak eta ekitaldiak egiteko baldintzak aldatuko dira, eta murriztu eginen da bai parte hartzaileen kopurua, bai ikusleen kopurua.

Azkenik, zenbait ohar egiten dira federatu gabeko taldeetan egiten diren jarduera zuzenduei dagokienez, eta ezartzen da zein hartuko diren mugikortasun handiko eta txikiko jardueratzat, antolaketari eta metodologiari lotutako zenbait aldaera eskainiz.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren aldaketa onestea; ebazpen horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere; aldaketak ebazpen honen lehen eranskinean jasotako moduan eginen dira.

Ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenak, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanak, indarrean iraunen du ebazpen honetan onartutako baldintzen aurkakoa ez den gainerakoan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

Ebazpen honetan ezarritako neurriak sinatzen den egunetik jarriko dira indarrean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira soilik publizitate ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Erabaki hau Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 27an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

1. ERANSKINA

1. Kirol jarduera federatua: entrenamenduak eta lehiaketak hastea kontaktuzko modalitateetan, eta edukierak borroka eta arte martzialetan.

Une oro autonomia-erkidegoko kategoriako liga erregularretako kirolari eta taldeen jarduera arautzen da. Araudi atal honen barruan ez daude kategoria nazionaletako taldeak edo autonomia-erkidegoen arteko mailan liga erregularretan lehiatzen direnak; kasu horretan, kasuan kasuko federazio nazionalen jarraibideen edo erregulatzen duenaren jarraibideen arabera arautuko da.

Entrenamendu osoen eta lehiaketen hasiera datak era honetan aldatuko dira, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren 11. eranskinean ezarritako kontaktu ertain-handiko kirolen kasuan:

Entrenamendu osoak: Irailaren 14tik aurrera baimenduta. Lehiaketak: Urriaren 17tik aurrera baimenduta.

Entrenamendu oso gisa ulertzen da inolako mugarik gabe garatzen dena, modalitatearen ezaugarrien arabera oposizio erreala eta/edo kontaktua eragiten duena. Oposiziorik edo kontaktu zuzenik eragiten ez duten entrenamendu ez osoak normaltasunez egin daitezke.

Kontaktu ertain-handiko taldekako kirol kolektiboak kategoria honetan daude jasota (saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto futbola, patin hockeya, belar hockeya, waterpoloa, errugbia, etab.), baita arte martzialak eta borroka kirolak (judoa, taekwondoa, karatea, kick-boxinga, borroka, boxeoa, sanboa, antzeko diziplinak, etab.), eta soka tirako espezialitateak eta herri kiroletan uztartutakoak ere.

Aurrekoaren salbuespen modura, goi errendimenduko edo goi mailako kirolariak edo Nafarroako Kirolaren Institutuak baimendutako beste batzuk, justifikazioa jaso ondoren, Espainiako hurrengo lehiaketara edo nazioarteko beste txapelketa ofizial batera joanez gero arte martzialen eta borroka kirolen kasuan, lehiaketa baino hilabete lehenagotik entrenatzen ahalko dira. Horrez gain, talde kirolen kasuan, mugarik gabeko entrenamenduak baimenduko dira autonomia-erkidegoen artean edo estatu mailako selekzio edo klub ofizialen lehiaketa ospatu baino hilabete lehenagotik. Bi kasuetan, kasuan kasuko txosten justifikagarria aurkezteaz gain, aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Nafarroako Kirolaren Institutuari kirolari horien zerrenda; institutuak entrenamenduak egitea baimenduko du.

Kirolari horien kasuan, kirolarien erabateko segurtasuna bermatu beharko da, eta, horretarako, estrategia metodologikoak garatuko dira, esaterako bikote finko eta egonkorretan entrenatzean, espazio zehatz zedarrituak, etab.

Azkenik, arte martzial eta borroka modalitateei dagozkien saioetan edukiera aldatu eginen da; parte hartzaile bakoitzeko 16 metro koadrotik (Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren 1. eranskineko 2. puntuak ezartzen zuen moduan) erabiltzaile bakoitzeko gehienez 10 metro koadroko edukierara igaroz.

2. Ekitaldiak eta lehiaketak: edukierak.

Honela aldatuko dira kirol ekitaldiak eta gertakariak egiteko baldintzak, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren 11. eranskineko b) atalean (Lehiaketen eta ekitaldien egutegia) jasotakoak:

EKITALDIA EDO LEHIAKETA

AIRE ZABALEAN EDO INSTALAZIO ESTALI GABEAN

INSTALAZIO ESTALIAN

Parte-hartzaileak

100 baino gutxiago edo aurreko urtean baino %50 gutxiago, eta 500 gehienez

100 baino gutxiago

Ikusleak

700 eta edukieraren %50 gehienez

350 eta gehieneko edukieraren %50

Kasu guztietan, ikusleek maskara erabili beharko dute, baita kirolariek ere, kirol jarduera fisikoa egiten ez duten uneetan. Horrez gain, kirol instalazio estalien kasuan, ikusle guztiak eserita egon beharko dira, haien artean gutxieneko segurtasun distantzia errespetatuz. Harmailarik ez daukaten instalazioetan eta/edo ikusleak zutik daudenean segurtasun distantzia errespetatu beharko dute.

Baldintza hauek orokorrak dira. Beste era bateko ekitaldiak baimentzen ahalko dira, baldintza hauek betetzen ez dituztenak, eta kiroleko eta/edo gizarteko interes berezia dutela ulertuko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren onespenez. Kasu horretan, ekitaldia egin baino gutxienez 7 egun baliodun lehenago nahitaezko txosten loteslea eskatuko zaio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, helbide honetan: ispdirec@navarra.es.

Dagoeneko garatzen ari diren lehiaketa eta ekitaldiak edo ebazpen hau indarrean jartzean izen emateko aldiak bukatuta dituztenen kasuan, aurreko ebazpenaren arabera arautuko dira (459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana) parte hartzaileen kopuruari dagokionez. Ekitaldi horietarako sarrerak saltzeari dagokionez, ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenean jasotako ikusleen edukierak errespetatuko dira.

Estatu mailako liga erregularren lehiaketetan, edukiera kasuan kasuko federazio nazionalek edo erakunde antolatzaileek ezarritakoak ebatziko du (futbol liga, ACB, ASOBAL, etab.).

3. Federatu gabeko talde jarduera zuzenduak.

Jardueraren ezaugarrien eta aretoen tamainaren arabera edukierak argitze aldera, Nafarroako Kirolaren Institutuak argibideak emanen ditu eta jarduerak sailkatuko ditu, beharrezkoa izanez gero, covid.deporte@navarra.es helbidean kontsulta egin ondoren, jarduerak mugikortasun txikikoak diren (horretarako erabiltzaile bakoitzeko 5 metro koadro beharko dira) edo mugikortasun handikoak diren (kasu horretan 16 metro koadro beharko dira pertsona bakoitzeko).

Taula honetan horietako batzuk jaso dira, adibide modura:

JARDUERA

MUGIKORTASUN HANDIA

MUGIKORTASUN TXIKIA

Cross Training/Crossfit

X

Entrenamendu osoa

X

Prestakuntza fisikoa

X

Entrenamendu funtzionala

X

Spinning-a

X

Zunba*

X

Aerobic, Body Pump...*

X

Aquagym*

X

Pilates, Hipopresiboak

X

Yoga, Body Balance

X

Core, GAP, Tonifikazioa

X

TRX

X

Easy Line

X

HllT

X

Cardio Box, Body Combat

X

Hip-hop-a

X

(*) Mugikortasun txikikotzat jotzen dira ulertzen delako taldea beti blokean mugitzen dela, parte hartzaileen artean segurtasuneko distantzia bera errespetatuz.

Horrelako jarduerak espazio irekietan eta/edo aireztatuetan egitea gomendatzen da, eta aldaera metodologikoak egiten ahalko dira, mugikortasuna murrizteko eta mugikortasun handiko jarduerak mugikortasun txikiko jardueretan egokitzeko. Horren haritik, zirkuitu formako antolaketak saihestea gomendatzen da, kirolariak hainbat puntutik igaro eta materiala partekatzen dutelako. Kasu horretan, erabilera bakoitzaren ondoren materiala desinfektatu egin beharko da. Horrez gain, jarduteko espazioak zedarritzea komeni da.

Iragarkiaren kodea: F2009844