207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita ingurumen baimen integratu batean ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Baimen hori da Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioarena, eta Servicios de Montejurra SA da jardueraren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko ekainaren 3an titularrak eskatu du alda daitezela ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak; zehazki, eskatu du zenbait hondakin sar daitezela instalazioan baimendutako prozesuetan kudeatzen diren hondakin baimenduen zerrendan, eta hondakinak kudeatzeko prozesu berri bat sar dadila. Proposatu diren aldaketak laburturik ematen dira honako taula honetan:

KUDEAKETA PROZESUA

HONDAKINAK, INSTALAZIOAN KUDEATZEN DIREN HONDAKIN BAIMENDUEN ZERRENDAN SARTZEKO ESKATUTAKOAK

ESKAERAREN BALORAZIOA

D8 bioegonkortzea

(EGUNGOA)

020204

(1)

D8 bioegonkortzea

(EGUNGOA)

020402, kaltzio karbonatoa

(2)

Hondakin ez-arriskutsu aktiboen zabortegia (D5)

(EGUNGOA)

020104, 020199, 020299, 020799, 030199, 070299, 120117, 120199, 150102, 150106, 161104, 170203

(1), (3)

Jatorri industrialeko hondakinak aukeratzea (R12)

(EGUNGOA)

170201

(1)

Ingurumen leheneratzea (R10)

(BERRIA)

190599, Bioegonkortua

(4)

(1) Uste da hondakinaren ezaugarriak parekatzen ahal direla prozesuan kudeatzeko baimenduta daudenekin, eta kudeaketa prozesuarekin bateragarria dela.

(2) Hondakinaren deskribapenaren arabera, hondakin minerala da, bioegonkortze prozesuarekin bateraezina; hortaz, ezin da eskaera onartu.

(3) Hondakinak bateragarriak dira prozesuarekin, baldin eta betetzen badira abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak (errege dekretu horren bidez arautzen da hondakinak zabortegietan bilduz deuseztatzea) eta, bereziki, balorizatu ezinekotzat jotzen badira.

(4) Bioegonkorturiko materiala erabiltzea zabortegia ixteko zigilatze-geruzetan. Prozesua bateragarria da 2013ko ekainaren 25eko dekalogoarekin (MITERDek prestaturikoa). Hala ere, uste da 190503 kodea dela hondakinari dagokiona (Konposta, zehaztu gabea: bioegonkortua).

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin (aipatutako foru legea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa da), uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onestea funtzionamendu baldintzak aldatzeko egindako eskaera, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokionez: Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioa. Montejurra SA da haren titularra. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakinen kopuruak edo lehengaien, bukatutako produktuen nahiz kasuan kasuko materialaren kopuruak ez du handitu behar arrisku intrintsekoaren maila, zeina kalkulatu baitzen ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa hau onartzen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamenduan eskatzen direnak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAra eta Carcarko Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2009328