207. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

161E/2020 EBAZPENA, irailaren 2koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, honako deialdi hau onesten duena: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2020”. DDBN identifikazioa: 522427.

Manunet III (2017-2021) ERA-NET COFUND bat da, Europako Batzordeak bultzatzen duena Ikerketaren eta Garapen Teknologikoaren Horizonte 2020 programan. Manunet IIIren helburu orokorra da fabrikazioaren teknologia aurreratuen arloko (manufacturing) I+G proiektuak egitea nazioarteko lankidetzan.

Nazioarteko lankidetzan egiten diren I+G proiektuetan Nafarroako entitateen eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainen (ETE) parte-hartzea bultzatzea dute helburu deialdi honetako laguntzek. Horrela, laguntza eman gogo zaie Nafarroako entitateei beren ikerketa eta garapen jarduerak nazioartera eramateko, eskuraerraza den tresna bat baliatuz: eskualdeko laguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2020”.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta krediturik bada, “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak” izeneko G20001 G2100 7701 467300 partidaren kargura, honako muga hauekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001 G2100 7701 467300 “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak”

2022

250.000

G20001 G2100 7701 467300 “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak”

2023

250.000

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko irailaren 2an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea, nazioarteko lankidetzan, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan eta Manunet III-2020ko deialdia izeneko Europako lankidetza proiektuaren arloan (www.manunet.net webgunean kontsulta daiteke deialdia).

Horrela, Nafarroako enpresen –eta, batez ere, ETEen– lehiakortasuna eta nazioartekotzea handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatu gogo da.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira enpresak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

c) Enpresen kasuan: Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat. Foru agindu haren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen.

d) Unibertsitateen, ikerketa zentroen eta zentro teknologikoen kasuan: erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten badituzte, bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea izan beharko dute.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan zehazten da zer jotzen den unibertsitate, ikerketa zentro edo zentro teknologikotzat.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

2. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren amaierako eguna arte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak izanen dira laguntzaren xede, oinarri honetan aipatzen diren baldintzak betez gero.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetan ezarrita dago “industria ikerketa” eta “garapen esperimentala” zer diren.

2. Proiektu diruz lagungarriek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Manuneteko lurralde eremuko bi herrialde desberdinetako gutxienez ere bi entitate independenteren arteko lankidetza eraginkorra izatea proiektuak, eta entitate horiek laguntza eskatu izana egoki den eskualdeko erakundean edo nazionalean.

b) Partzuergoak gutxienez ere bi ETE independente izatea. Manuneteko lurralde eremuko herrialde edo eskualde berekoak izan daitezke.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. apartatuan jasotzen da zer den “lankidetza eraginkorra”.

Enpresen tamaina kalkulatzeko, aplikatuko da ETEa definitzeko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa.

Deialdian sartzen diren eskualde eta herrialdeak www.manunet.net-en kontsultatzen ahal dira.

c) Parte hartzen duten entitateetako bakar batek ere ez izatea bere gain proiektuaren gastu diruz lagungarri guztien %70 baino gehiago.

d) Proiektua “Fabrikazioaren teknologia aurreratuen” gaietan sartzea; horietan, besteak beste, honako arlo hauek dira:

–Ezagutzan oinarritzen diren ingeniaritzak eta fabrikazioari aplikatzen zaizkion informazioaren teknologiak (robotika industriala, ordenagailuz lagundutako diseinua eta ingeniaritza, prozesuen automatizazioa, produktuaren bizitza baliagarriaren kudeaketa eta abar).

–Energia eta ingurumen arloko aplikazioetarako fabrikazio teknologiak, barne direla baliabideen efizientzia eta birziklapena.

–Fabrikazio teknologia malguak.

–Fabrikaziorako material berriak.

–Produkzio sistema, osagai eta metodo berriak.

e) Proiektuari dagokion aurre-proposamenari aldeko ebaluazioa ematea Transnational Coordination Team-ek (parte hartzen duten herrialde eta eskualdeetako erakunde kudeatzaileen ordezkari guztiek osatzen dute), Manunet 2020ko deialdiaren lehen fasean.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Zein diren laguntzen entitate onuradunak, honako gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denboran. Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

1. Eskuratzen diren ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute dirulaguntza hau jasoko.

2. Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3. Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4. Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

e) Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Bereziak eta instalazio zientifiko handiak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, erabiltzeak dakartzan gastuak, bai eta SIESSen (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra) aurreikusita dauden azpiegituren erabilerak eragindakoak ere.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio. Apartatu honetan sartzen dira bidaia gastuak.

1.2. Ikerketako erakunde publikoen, unibertsitate publikoen, zuzenbide publikoko entitateen eta I+Gko bestelako erakunde publiko batzuen kasuan:

1.1 atalean adierazitako gastuak diruz lagunduko dira, salbu a) letrako langileria gastuak, baina gastu horiek proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez zenbatu daitezen.

Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren langileak diruz laguntzen ahalko dira.

1.3. Unibertsitateek, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien %15 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. I+G proiektuaren ondorioz fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da sartuko diruz lagungarriak diren gastuetan.

Azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

3. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 11.2 oinarrian adierazitako moduan justifikatuko baita.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek eragin pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte I+G proiektuak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko.

2. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira.

Laguntza eskaeraren inprimakian adierazten dena izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

3. Proiektuak bi urtekotan gauzatuko dira; hona hemen horien iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2021eko abenduaren 31ra arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak bilduko ditu.

–Bigarren urtekoa: 2022ko urtarrilaren 1etik proiektua bukatu arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

6. oinarria.–Laguntzen zenbaterainokoa eta haien gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz lagungarritzat jotzen diren gastuei aplikatuko zaien laguntza intentsitatea honako hau izanen da entitate onuraduna nolakoa den:

a) Enpresen kasuan, laguntzen intentsitatea hau izanen da, tamainaren arabera:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

%80

%75

%65

Garapen esperimentala

%60

%50

%40

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

b) Unibertsitateen, ikerketa zentroen eta zentro teknologikoen kasuan, dirulaguntza %100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere “Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparrua” izeneko agiriaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

Erakundearen kontabilitateak ez badu uzten jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereiztea, laguntzaren gehieneko intentsitatea izanen da a) ataleko koadroan enpresetarako zehaztutakoa.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko irailaren 18an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 17. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 2.2 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa. Entitate koordinatzaileak Manuneten web plataforman aurkeztutako “full proposal” (ingelesez) memoria bera aurkeztu beharko da.

d) Lankidetza-hitzarmena, alderdiek sinatua.

e) Oinarri honen 5. atalean ETEei eskatzen zaien informazioa.

Dokumentazio guztia eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

5. ETEek eskabideari erantsi beharko dizkiote azken hiru ekitaldietako balantzea, fakturazioa eta langileen kopuruari buruzko datuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, I+G+b Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta, irizpide hauen arabera:

a) Partzuergoa.

a.1. Bazkideen osagarritasuna ikuspegi teknikotik, eta partaidetzaren oreka aurrekontu aldetik.

a.2. Bazkideen bikaintasuna, proiektuaren jarduketa eremuan.

a.3. Estatuz haraindiko lankidetzaren balio erantsia.

b) Bikaintasun zientifikoa eta/edo teknologikoa.

b.1. Helburuen argitasuna.

b.2. Proposamenaren koherentzia eta sinesgarritasuna.

b.3. Proposamenaren berrikuntza maila, arte egoerari dagokionez. Lortu diren produktu edo zerbitzu berriak, proposatu den ikuspegiaren originaltasuna.

c) Lan metodologia eta aurrekontua.

c.1. Lan plangintza eta zereginen banaketa bazkideen artean.

c.2. Giza baliabideak zein materialak planteatzen diren helburu eta jarduerei egokitzea.

c.3. Proiektua kudeatzeko egitura.

d) Eragin potentziala.

d.1. Produktu edo zerbitzu berrirako merkatu potentziala eta lehendik dauden produktuekiko lehiakortasuna.

d.2. Parte hartzen duten entitateen lehiakortasun, fakturazio edo enpleguaren gaineko eragina.

d.3. Emaitzak ustiatzeko plana.

2. Irizpide bakoitza (a, b, c eta d) 0 eta 5 puntu arte (gehieneko puntuazioa) puntuatuko da, eta gainditu gabe geldituko dira lau irizpideetako bakoitzean 3 puntura iristen ez diren proiektuak. Puntu erdiak ematen ahalko dira.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, b) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, a), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena eman eta telematika bidez jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitura, nazioz gaindiko ebaluaziorako bileratik hilabeteko epean.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

11. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela baldin onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen badu I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta horretarako baliabide propioak izan.

Proiektuaren %50 arte azpikontrata daiteke. Lankidetza proiektu bateko parte-hartzaileek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntzen eskaeran jasotzea eta laguntza ematen duen organoak baimentzea gastu hori dirulaguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, materialen faktura, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

12. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, hurrengo atalean aipatutako aldaketak baimendu daitezke, eta, horretarako, organo kudeatzaileari baimena eskatuko zaio aurretik, laguntzen fitxaren bidez.

2. Hauexek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektua gauzatzeko aldia; luzapena eska daiteke, baina asko jota 2022ko abenduaren 31ra arte.

b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntza eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Hala ere, ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Partzuergoaren osaera, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Ez da aldaketarik baimenduko baldin 3.2 oinarrian aipatutako baldintzak aldatzen baditu edo nazioarteko gainerako bazkideen jardueretan eraginik badu. Hori hala den egiaztatuko du aurretik laguntzak kudeatzeko organoak, eta, horretarako, harremanetan jarriko da parte hartzen duten eskualdeetako erakunde kudeatzaileekin.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, urtea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa. Hala, telematika bidez aurkeztu behar dituzte beti, laguntzen fitxaren bidez, eta fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz, honako agiri hauek:

a) 2022ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2021eko abenduaren 31ra arte egin eta 2022ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

b) 2023ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, bigarren urtekoan egin eta 2023ko martxoaren 31ra arte ordaindutako gastua jasoko duena (hori barne).

Azken justifikazioarekin batera, 16. oinarriko lehenbiziko ataleko a) eta b) letretako dokumentazioa aurkeztuko da.

2. %100eko laguntza eskuratzen duten unibertsitateek, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, frogagiri guztiak eta justifikazio kontu bat ere aurkeztu beharko dituzte, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak xehatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak ere bai.

Auditoreak egiaztatuko du gastuak dagozkiela erakundearen jarduera ez-ekonomikoei eta proiektuari atxikiriko kostu zeharkakoei.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko dirulaguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

14. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza bi unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

URTEAK

JUSTIFIKAZIO PARTZIALA

AZKEN JUSTIFIKAZIOA

2022

a) Lehen urteari dagokion laguntzaren ordainketa

2023

b) Bigarren urteari dagokion laguntzaren ordainketa

a) Lehen urtekoari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.a) oinarrian ezarritako justifikazio partziala berrikusi ondoren, lehen urtekoari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

b) Bigarren urtekoari dagokion laguntzaren ordainketa: 13.1.b) oinarrian ezarritako azken justifikazioa berrikusi ondoren, bigarren urtekoari lotuta aurkeztu den gastu justifikazioari dagokion laguntza ordainduko da.

60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, I+G+b Zerbitzuak egiaztapen materiala eginen du azken ordainketa horren aurretik.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek eskatu eta justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

3. Ordaintzeko ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean emanen dira, 13. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, adierazpena aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruz. Horretarako, fitxa horretan eskuragarri dagoen ereduari jarraituko zaio.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra ez bada betetzen, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 13. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 16. oinarrian adierazitako moduan.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta zerbait aurreratu bada, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Baldin proiektutik gauzatzen den aurrekontua bada laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Baldin aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

a) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (13. oinarria).

16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzi bat aurkeztea, gaztelaniaz eta ingelesez.

b) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

c) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a) eta b) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 100.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta, nahi izanez gero, gainerakoentzat. Bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko a) eta b) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira , bai eta herritarren karpetan ere (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa eskura daiteke Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

18. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako esleitutako beste laguntza batzuekin.

19. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu hori luzatu egin da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa).

20. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

Ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2010137