205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERAKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Erriberako Mankomunitateak, 2020ko ekainaren 2an egin batzar orokorrean, hasiera batean onetsi zuen Mankomunitatearen administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Erabaki hori 2020ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 12an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua); aipatu legearen 326. artikuluan xedatuaren arabera, ordenantzak ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta iragaten den arte Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko duten epea, halakoen egintzak edo erabakiak deuseztatze aldera.

Tuteran, 2020ko abuztuaren 18an.–Mankomunitateko burua, Fernando Ferrer Molina.

ERRIBERAKO MANKOMUNITATEKO ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Erriberako Mankomunitatearen administrazioaren alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten mankomunitatearen zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko eskubidea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Mankomunitateari eta horren mendeko edo horri lotutako zuzenbide publikoko entitateei, Servicios Públicos de la Ribera haren sozietate publikoari eta herritarrei, udal administrazioarekin dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikazio sistemak

3. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Interesdunek, Mankomunitatearen aurrean elektronikoki identifikatzeko, beren identitatea ziurtatzeko aukera ematen duen edozein sistema erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik erregistratzea eskatzen duena. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabiltzen ahalko dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta agiriaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek Mankomunitatearekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, sinadura baliozkoa izan dadin, honako bitarteko hauek onetsiko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda»ko emaileek emanak badira.

c) Mankomunitateak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izanen da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitarteko erabiliz.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortzen da, eskura dagoena sarbide-puntu elektroniko orokorrean eta helbide honetan: htpps:// mancoribera. sedelectronica.es/

Egoitza elektronikoaren titulartasuna Mankomunitatearena izanen da.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko dira, edo horien baliokidea.

Egoitza elektronikoa urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan egonen da sartzeko moduan herritarrentzat. Mantentze-lan tekniko edo operatiboekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzan sartzeko aukera, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Ildo berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Mankomunitateak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, betiere, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

b) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehazturik.

c) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituzten emaileen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

f) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarri dauden erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

h) Informazio administratiboaren inbentarioa, ematen diren prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

i) Herritarrak erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda, mankomunitatearen administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean.

j) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

k) Espedientearen izapidetze-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, aldez aurretik interesdunak bere burua identifikaturik.

l) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

m) Data eta ordu ofiziala.

n) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

o) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan egoten diren zabalik agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

p) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari identifikatzen laguntzeko zein den haren etxetik hurbilen dagoen bulegoa erregistro gaietan laguntzeko.

q) Organo, zentro edo administrazio unitateen indarreko identifikazio kodeak.

7. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktu-taula elektronikoa izanen du. Han, legez edo erregelamenduz xedaturiko egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Mankomunitateak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

8. artikulua. Publizitate aktiboa.

Mankomunitateak, aldian behin, informazio eguneratua emanen du argitara, haren berri izatea beharrezkoa denean jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko, betiere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatutakoaren arabera.

Ildo horretan, honako hauek emanen dira argitara:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioa, hala ordenantzak edo erregelamenduak nola ordenantza fiskalak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoa, aurrekontuen arloko informazioa, eta informazio estatistikoa.

9. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua

Ordenantza honen bidez erregistro elektronikoa sortzen da, Mankomunitatearena, haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeena, eta Servicios Públicos de la Ribera haren sozietate publikoarena; funtzionamendu-araubidea zehazten da eta ezartzen dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera eginen da eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian jasotakoaren arabera.

11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Udal honek erregistro elektroniko orokor bat du, eta aurkeztutako edo jasotako agiri guztien idazpena eginen da bertan.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak erabat elkarreragingarriak izanen dira, horrela bermaturik haien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa, bai eta erregistroko idazpenen eta erregistro guztietan aurkezten diren agirien transmisio telematikoa ere.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, eta haien sarrera idazpena egitea.

b) Idazki, eskabide eta komunikazioak aurkeztu izanaren hartu-agiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, eta haien irteera idazpena egitea.

d) Legez edo erregelamenduz ematen zaion beste eginkizun oro.

13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Mankomunitateko administrazio zerbitzuek izanen dute erregistroa kudeatzeko erantzukizuna.

14. artikulua. Erregistro elektronikorako sarbidea.

Erregistro elektronikorako sarbidea egoitza elektronikoaren bidez eginen da, sarbide-puntu elektroniko orokorrean (www.mancoribera.com) eta helbide honetan: htpps://mancoribera.sedelectronica.es/

15. artikulua. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Administrazio honi aurrez aurre aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu agiri horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatuari jarraikiz, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, hori eragozpena izan gabe aurkeztutako agiriak, arauz, administrazioak gorde behar dituen kasuetarako, edo objektuak edo digitaliza ezin daitekeen formatu jakin batean dauden agiriak aurkeztea nahitaezkoa den kasuetarako.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren ziurtagiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bitartez. Bertan azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-formularioari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren hartu-agiria ez emateak esan nahiko du ez dela jaso dena delako agiria, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Mankomunitateko administrazioak errefusatzen ahalko ditu baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezakeen gailu bat dutenak.

b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo agiriaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo omisioak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izanen dira. Normalean onartzen diren formatuak erabili ahal izanen dira (Mankomunitatearen egoitza elektronikoan publiko eginen dira horiek).

Kasu horietan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiria errefusatzeko arrazoiak jakinarazita eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adierazita. Interesdunak eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakeraren frogagiria emanen da, bertan errefusatzeko arrazoiak azalduta.

17. artikulua. Epeen zenbaketa.

Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen zenbaketari dagokionez, erregistro elektronikoa jarraikiko zaie egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialei; azken horrek behar diren segurtasun-neurriak izanen ditu osotasuna bermatzeko eta agerian egoteko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoengatik etenaldirik egin behar bada.

Epeen zenbaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, betiere ordu baliodunak hartuko dira kontuan. Ordu baliodunak izanen dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira, dagokion egintza gauzatzen den ordu eta minututik aurrera, eta ezin izanen dira hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan zehazturik badaude, betiere egun baliodunak hartuko dira kontuan; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Eskabideak, idazkiak eta/edo komunikazioak egun baliogabe batean sartuz gero, hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan sartutzat joko dira. Horretarako, sarrera idazpenean, agiria benetan jaso zen eguna eta ordua inskribatuko dira aurkezpenaren egun eta ordutzat, baina hurrengo lehen egun balioduneko lehen ordua jasoko da sarrera egun eta ordutzat.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean jasotzat joko da, transmisioa egun horretan bertan hasten bada eta ongi burutzen bada. Epeen zenbaketari dagokionez, baliozkoa izanen da eta ondorio juridikoak izanen ditu erregistro-unitateak emaniko hartu-agirian ageri den sarrera datak.

–Egun baliogabeetan ez da aterako inolako idazki edo komunikaziorik erregistro elektronikotik.

–Udal administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia egonen da kontsultagai.

V. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta betiere interesdunak betebeharra duenean halakoak bide horretatik jasotzeko.

Aurrekoa gorabehera, administrazioek jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko dituzte, honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek jakinarazpena zuzenean ematea.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo hartara iritsi izana; datak eta orduak; jakinarazpenaren eduki osoa; eta igorlearen eta hartzailearen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazten ahalko diote administrazio publikoari nahi dutela, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hortik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin diezazkien, edo, bestela, jakinarazpenak bitarteko horien bidez egiteari utz diezaion.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete mankomunitateko administrazioarekiko izapide guztietarako, edo izapide jakin baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, orobat, prozedura izapidetu bitartean, komunikatzeko modua aldatzen ahalko du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, dela une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, dela jakinarazpen elektronikorako baimena atzera bota eta jakinarazpenak postaz jasotzeko; kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko posta-helbide bat adierazi.

Organo eskudunaren erregistroan jaso eta biharamunetik aurrerako jakinarazpenetarako izanen ditu ondorioak aldaketa horrek.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez eginen da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean, interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira iritsi aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, adieraziko duena bertara iristea jakinarazpen-izaerako administrazio jarduketa izanen dela.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartu izana jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emanen du ziurtatzeko zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza eta zer egunetan eta ordutan sartu den haren edukira.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da baldin haren edukian sartzerik gertatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitza elektronikoa abian jartzea

Burutzaren dekretu bidez arautuko da egoitza elektronikoa abian jartzea, abian jartzeko lanak guztiz bukatu ondoren.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna nahiz herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearen segurtasuna izanen dira Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren araberakoak.

Mankomunitatearen Batzarrak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman funtsezko aldaketak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesa

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra

Mankomunitateak bermatu eginen du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, koordinazioa sustatuko da jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Garatzeko gaitzea

Mankomunitateko burutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen xedapenak aplikatzea

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatuko dira Mankomunitatearen tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Mankomunitatea saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2009508