205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Hiri-jarduketako plan berezia UC-86 unitatean.
Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2020ko uztailaren 28an egin osoko bilkura arruntean, honako erabaki hau hartu zuen:

Tafallako Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia, zeinaren bitartez behin betiko onesten baita Hiri-jarduketarako plan berezia Tafallako HAPOko UC-86 unitatean, Sociedad Cooperativa Agropecuaria La Sardak sustatua.

2020ko martxoaren 17an, Tafallako Udaleko jarduneko alkateak hasiera batez onetsi zuen Hiri-jarduketarako plan berezia Tafallako HAPOko UC-86 unitatean, Sociedad Cooperativa Agropecuaria La Sardak sustatua, 2020ko martxoaren 10ean aurkeztua eta erregistroko 1.228 sarrera zenbakia duena. Haren xedea da sozietateak Miranda de Arga kaleko 25 zenbakian dituen instalazioak handitu ahal izatea, hain zuzen ere Tafallako hiri-lurreko ondasunen katastroko 32. poligonoko 196. lurzatian.

Aipatutako plan berezia jendaurrean egon da 2020ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta, apirilaren 15ean, baita Nafarroako Foru Komunitatean editatutako eguneroko prentsan ere (Diario de Navarra eta Diario de Noticias) 2020ko ekainaren 3an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72.1 artikuluarekin.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, sektore publikoko entitateen prozedurak tramitatzeko epeak eten eta mugaegunak bertan behera uzten dira eta, ezartzen duenez, epeen zenbaketa berriz hasiko da errege-dekretu horrek indarra galtzen duenean edo, kasua bada, haren luzapenek. Halaber, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrak ezartzen du 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, indarrik gabe gelditzen dela martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria. Beraz, kontuan hartuz administrazio-epeen zenbaketa berriz hasi zela 2020ko ekainaren 1ean, jendaurreko epea (hilabetekoa) 2020ko ekainaren 30ean bukatu zen, alegaziorik aurkeztu gabe bukatu ere.

Ikusirik behin betiko onespen txostenak, bata Aholkularitza Juridikoak uztailaren 6an egindakoa eta bestea Hirigintzako Zerbitzuen Alorreko zuzendaritzak 2020ko uztailaren 2an egindakoa, bai eta Hirigintzako Informazio Batzordearen 2020ko uztailaren 21eko irizpena; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.c) artikulua aplikatuz, Udalbatzako alkateak proposaturik,

ERABAKITZEN DA:

Lehenbizikoa.–Behin betiko onestea Hiri-jarduketarako plan berezia Tafallako HAPOko UC-86 unitaterako, Sociedad Cooperativa Agropecuaria La Sardak sustatua. Haren xedea da Sociedad Cooperativa Agropecuaria La Sardak Miranda Arga kaleko 25 zenbakian dituen instalazioak handitu ahal izatea, hain zuzen ere Tafallako hiri-lurreko ondasunen katastroko 32. poligonoko 196. lurzatian.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea aipatutako plan bereziaren behin betiko onespenaren erabakia, baita hartan jasotako hirigintza arauak ere, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79.1 artikuluarekin.

Hirugarrena.–Behin betiko onetsitako dokumentuaren ale bat igortzea, erabaki honekin eta txostenekin batera, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentura –Lurralde eta Paisaia Zerbitzua–, erabaki hau hartu eta ondoko 10 eguneko epean.

Laugarrena.–Erabakia argitaratzea iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan, baita eramatea ere Udaltzaingora eta Aholkularitza Juridikora, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Bosgarrena.–Erabaki hau jakinaraztea sustatzaileari eta interesdunei, ohartaraziz erabaki honek administrazio bideari amaiera ematen diola eta bere kontra honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Ohartaraztea onetsitako araudiaren aurka, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, testu arauemailea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Xedatutakoak ez ditu ukatzen Nafarroako Foru Komunitateari eta Estatuko Administrazio Orokorrari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan esleitutako eskudantziak (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da), ezta uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoa ere (lege horren bidez arautu zen Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Tafallan, 2020ko uztailaren 28an.–Alkate udalburua, Jesús Arrizubieta Astiz.

ERANSKINA

Hiri-jarduketarako plan berezia UC-86 unitatean (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2008605