205. ALDIZKARIA - 2020koirailaren11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARILLAS

Deialdia, laguntzak emateko COVID-19ak sorturiko krisiaren ondoren enpresak sortzeko, autoenplegua sustatzeko, ekonomia-jarduerak hobetzeko eta suspertze ekonomikorako beste neurri batzuk hartzeko

Oinarri hauek 2020ko abuztuaren 13ko osoko bilkuran onetsi ziren.

Barillasen, 2020ko abuztuaren 14an.–Alkatea, José Ramón Martínez Zardoya.

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea Barillasko jarduera ekonomikoa suspertzeko helburua duten laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren bidez, Udalak asmoa baitu ekonomia eta enpresak suspertzen laguntzeko, COVID-19ak sorturiko egoeraren aurrean, Barillasko Udalak 2020ko abuztuaren 13an egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren arabera eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuarekin.

2. oinarria. Finantzaketa.

Laguntza horien kontzesioa finantzatuko da 2020ko ekitaldiko aurrekontuko dagokion partidaren kontura. 2/2020 aurrekontu-aldaketaren arabera, 12.000 euroko zuzkidura du partida horrek.

3. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoak.

Diruz lagunduko dira oinarri hauetan jasoriko jardueraren izaerari dagozkion gastuak, hau da, negozio berriak irekitzeari eta/edo oraingoak hobetzeari zuzenean loturik daudenak, barne direla COVID-19aren ondoriozko eskakizunen arabera egokitzeak sorturiko gastuak.

Laguntza mota hauek ezartzen dira:

a) Negozioen lokal eta/edo azpiegiturak egokitzeko eta hobetzeko gastuak eta inbertsioak, arian ari diren negozioak izan zein irekitzeko negozio berriak izan.

Apartatu honetan sartzen dira COVID-19ak sorturiko egoeraren eskakizunengatik egin diren inbertsioak (babes itxiturak, desinfektatzeko makinak, etab.).

Jarduera hauek izanen dira diruz lagungarriak, besteak beste: instalazioak birgaitu eta egokitzeko obrak; altzariak erosi eta/edo berritzea; kanpoko zein barneko errotulazioak; erakusleihoak zaharberritzea eta abar.

Halaber, diruz lagunduko da, deialdi honi jarraituz, web-orri korporatiboak egitea.

Instalazioetan eta/edo establezimenduetan kontsumoak murriztera bideratutako gastuak eta inbertsioak (argindarra, ura, gasa, etab.).

Azkenik, apartatu honetan, diruz lagunduko dira egiten diren inbertsioak etiketak jartzeko sistemetan, kodeen irakurleetan, balantza elektronikoetan eta salmenta puntuko terminaletan.

Diruz lagungarriak diren ondasun edo materialak eskuratzeko kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. BEZa ez da diruz lagungarria.

Dirulaguntza gastuaren %50 izanen da gehienez, eta ez da inoiz 2.000 eurotik gorakoa izanen.

b) Lanpostu berriak sortzearen ondoriozko laguntza.

Sortzen den lanaldi osoko lanpostu mugagabe bakoitzeko, jabearena eta/edo autonomo-ekintzailearena berarena ez dena, 750 euroko dirulaguntza emanen da.

Kontratuak lanaldi osokoak ez direnean, zati proportzionalaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

c) 2020. urtean COVID-19aren ondoriozko ekonomia-krisiak zuzenean jotako enpresa eta/edo autonomoentzako laguntzak, dela nahitaez itxi behar izan dutelako, dela bi hilabetez (apirilaren 1etik maiatzaren 31ra) diru-sarreretan %20ko galera izan dutelako, aurreko ekitaldiko epe beraren aldean.

Dirulaguntza hau izanen da:

1.–1.000 euro establezimendu edo autonomo bakoitzeko.

2.–Kontraprestaziorik gabeko laguntza bat, krisiak jotako jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren %100en baliokoa, eta gehienez ere 100 eurokoa.

4. oinarria. Laguntzen onuradunak.

Laguntzak emateko deialdi honen onuradun izan ahalko dira laguntzen oinarri hauetan babesturik dauden pertsona fisiko edo juridikoak, baldin jarraian ematen diren baldintzak betetzen badituzte, eta ez badaude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debeku kasuetako batean.

Halaber, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Pertsona fisiko edo juridikoek jardueraren egoitza fiskala eta negozioa Barillasen izatea; horretarako, herriko ekonomia-jardueren gaineko zergan egonen dira alta emanda. Pertsona juridiko horietan sartzen dira merkataritza-sozietateak, kapitalekoak, lan-sozietateak, kooperatiba-sozietateak, sozietate zibilak, irregularrak, kolektiboak edo komanditario sinpleak.

Ekonomia-jarduera berriak eratzen diren kasuan edo udalerrian autonomo ezartzen direnen kasuan, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematen duten eguna hartuko da jardueraren hasiera-eguntzat horren ondorioetarako.

Ez dira hartuko deialdi honen babespeko ekonomia-jarduera berritzat, oinarri hauek onetsi aurretik jada ekonomia-jarduera batean aritu, eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren beste epigrafe batean alta ematen dutenak edo sustatzaileak aldatzen dituztenak, hasierako ekonomia-jarduera mantendu zein ez. Jarduera-handitzeak edo lehendik arian ari diren negozioen ordezkaritzak irekitzea ere ez dira halakotzat hartuko.

5. oinarria. Onuradunaren betebehar eta baldintza orokorrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoaz gain, betebehar hauek egonen dira:

–Onuradunek gutxienez ere bi urtez egin beharko dute dirulaguntza edo laguntza emateko oinarritzat hartu den jarduera; halaber, Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean alta emanda segitu beharko dute, eta mantendu beharko dituzte dirulaguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak. Ez bada hori betetzen, salbu eta onuradunari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak egiaztatzen badira, harturiko dirulaguntzak proportzionalki itzuli beharko dira, bi urteak betetzeko falta den denboraren arabera.

–Eskatzaileek egunean izan beharko dituzte Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Barillasko Udalarekiko betebeharrak.

–Eskatzaileak jarduerak hobetzeko edo ezartzeko laguntzak eskatu baditu, beharrezkoa balitz, eskatuak izan beharko ditu behar diren obra-lizentziak, jarduera sailkatuen lizentzia eta abar, eta ordainduak horien ondoriozko zergak eta tasak.

–Dirulaguntzen onuradunak behartuta daude behar bezalako publizitatea ematera dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Barillasko Udalak finantzatu izanari.

Onuradunak zabalkunderako hartu beharreko neurriak bat etorriko dira dirulaguntzaren xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; hartara, horiek izan ahalko dira Barillasko Udalaren irudi instituzionala txertatzea, finantzaketa publikoari buruzko testuak paratzea kartel, material inprimatu, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo komunikabideetan aipamena egitea.

–Apartatu hau betetzen dela justifikatzeko, eskabide guztiekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, adierazteko betetzen direla deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak. Dena den, Udalak ofizioz egiaztatuko ditu baldintzak, baldin eta horiei buruzko informazioa udal bulegoetan badago; hala, bada, laguntzen eskabidea aurkezte hutsak horretarako berehalako baimena ematea dakar berekin.

6. oinarria. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, Barillasko Udalari zuzendua eta I. eranskinaren araberakoa.

b) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak, bai eta haren izenean diharduen pertsonaren ordezkaritzarenak ere, ordezkaririk badago.

Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia, edo arauz hori ordezkatzen duen agiriarena.

Eskatzailea pertsona juridikoa bada, haren eratzea egiaztatzen duen agiria, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua, eta identifikazio fiskaleko txartela (IFZ).

c) Gizarte Segurantzarekiko eta ogasun publikoarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria, agintaritza eskudunek emana.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazirik onuradun izateko baldintza orokor guztiak biltzen dituela, eta eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela hemen gaitzen diren laguntzen onuradun izateko (I. eranskina).

e) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako dirulaguntzak eskatu bazaizkie, horien zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (I. eranskina).

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea (II. eranskina).

g) 3. oinarriaren a) epigrafeko kasuetan, eskabidearekin batera, egin nahi diren jardueren aurrekontuak aurkeztuko dira, edo inbertsioa egin bada, fakturak eta ordainagiria, betiere xehakatuta diruz lagungarriak izan daitezkeen gastuak.

Gastu horiek ez dira 2020ko martxoaren 15a baino lehenagokoak izanen.

h) Enplegua sortzearen ondoriozko dirulaguntza eskatuz gero, aurkeztu beharko dira TC2 eredua (enpresako langile kopurua) eta dirulaguntzaren xede den lan-kontratua.

Laguntza hori eskuratzeko baldintza izanen da kontratazio berriek handitzea negozioak azken bi urteetan izaniko batez besteko plantilla.

Gainera, kontratatutako pertsonek Barillasen erroldaturik egon beharko dute.

i) 3. oinarriaren c) epigrafeko laguntzak eskatuz gero, Udalak ofizioz egiaztatuko du ea eskatzailea alta emanda dagoen ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean; interesdunak, berriz, negozioak izaniko galerak frogatu beharko ditu, zuzenbidean onarturiko edozein frogabide baliaturik (aurkezturiko aitorpenak, kontabilitateko edo bankuko laburpenak, etab.).

7. oinarria. Eskaerak aurkeztea. Aurkezteko epea.

Eskaerak egiteko, interesdunek eskabidea aurkeztuko dute, eskatzaileak sinatua eta deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberakoa (I. eranskina).

Proposamenak Barillasko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hasiko da udalbatzaren osoko bilkurak oinarriak onetsi eta biharamunean, eta 2020ko azaroaren 30ean bukatuko da.

Eskaera guztiak ebatziko dira aurkezpen-hurrenkerari zorrotz jarraikiz, eta deialdia bukatuko da partida agortzen denean.

8. oinarria. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa.

Eskabideen aurkezpen-hurrenkerari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren bidez, iritsi arte 2. oinarrian ezarritako aurrekontu erabilgarriaren mugara.

Barillasko Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu aurkezturiko eskabideak eta agiriak; horretarako, beharrezkoa iruditzen zaion informazio osagarri edo argigarri guztia eskatu ahalko du.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian eskatu baldintzak, edo Udalak agiriei buruzko argibiderik behar badu, horretarako errekerimendua eginen zaio interesdunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen dezan aurkeztu duen proposamena. Errekerimendua egin ondotik, interesdunak ez badu eskatu zaiona aurkezten, galdutzat deklaratuko da eskabidea izapidetzeko eskubidea eskatzailearentzat, eta eskaera artxibatzea beste jarduketarik ez da eginen, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikuluan xedatuarekin.

Organo kudeatzaileak eskabideak aztertzen bukatzen duenean, ebazpen-proposamena igorriko diote Alkatetzari, bera izaki organo eskuduna. Proposamenean aditzera emanen da onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko, eta laguntzaren zenbatekoa ere zehaztuko da.

Laguntzak emateko ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

9. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna eta diruz lagundutako jardueraren gutxieneko laguntzen izaera.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek, edo partikularrek emanik ere. Alabaina, jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen inbertsioaren gastu osoa baino handiagoa. Kasu horretan, gastu hori ez gainditzeko adina murriztuko da Udalaren laguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria. Ebazpena emateko epea, jakinarazpena eta ordainketa.

Onuradunek, laguntzak emateko ebazpena eman eta hurrengo hiru hilabeteen barruan, dirulaguntzaren xede den inbertsioari dagozkion faktura eta ordainagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte, baldin eta, eskabidearekin batera, egin nahi diren inbertsioen aurrekontuak aurkeztu badituzte, kasuan kasuko fakturak eta horiek ordaindu izanaren frogagiria aurkeztuz.

Gastu diruz lagungarritzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan fakturatu eta ordaindu dena.

Aurkeztutako eskaerak ebaztea alkateari dagokio, aldez aurretik jasota Kontu-hartzailetzaren edo, bestela, Idazkaritzaren txostena, nahitaezkoa eta loteslea.

Emaniko dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaio onuradunari, onetsitako zenbatekoaren %100 ordainduta. Ordainketak ezin izanen du inoiz gainditu laguntzen onuradunak justifikatutako zenbatekoa.

11. oinarria. Laguntzak ezereztea, arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntzen eta dirulaguntzen onuradunei aplikatuko zaie Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean arau-hauste administratiboetarako ezarririko erantzukizunen eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak ezeztatuko dira, eta gainera:

a) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legaren II. kapituluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, bai eta legezko interesa ere, %25 handituta. Interes horretarako, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den egunera bitarteko aldia hartuko da kontuan.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatu ahalko dira.

c) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea izapidetuko da kontraesanaren eta frogaren printzipioen arabera, onuradunari entzunaldia emanez, egin eta proposa ditzan egoki iritzitako alegazio eta frogak. Alkatetza izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo errebokatzeko organo eskudun bakarra.

12. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Barillasko Udala da eskatzaileek emaniko datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Dirulaguntzak kudeatu eta izapidetzeko tratatuko ditu datuak, oinarri hauen arabera.

Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua da (interes publikoaren aldeko misio bat betetzea), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

Oinarri hauetan adierazitako datu-lagapenak eginen dira, eta betiere ezarrita daudenak Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

Datuak mantenduko dira tratamenduaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren bitartean, eta gordeko dira bat etorriz Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin eta ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute, legez ezarririk dauden kasuetan, datuetara irispidea izateko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamenduari aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko, eta datuen eramangarritasun-eskubidea ere izanen dute.

Argibide gehiago izateko eskubideak erabiltzeko moduari buruz eta datu-babesaren beste alderdi batzuei buruz, datu-babeserako ordezkariaren helbidea erabil daiteke: dpd@barillas.es.

13. oinarria. Errekurtsoen araubidea.

Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

Laguntzak emateko deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka nahiz horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: L2009669