205. ALDIZKARIA - 2020koirailaren11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARAKIL

Deialdia, hautaproben bidez izangaien zerrenda bat eratzeko, administrari laguntzailearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko

Arakilgo Udaleko alkateak, 2020ko abuztuaren 19an emandako 128. Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zuen izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, administrari laguntzailearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Arakilgo Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez. Deialdia arautuko duten oinarriak ere onetsi zituen, eta jarraian argitara ematen dira:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, Arakilgo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabil daiteke lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenetarako laneko bajengatik, oporretarako eta udal zerbitzuak indartzeko behar puntualetarako.

1.2. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea barne. Halaber, beharrezkoa bada, Udalaren bulegoetatik kanpora jarduketak eta kudeaketak eginen ditu.

1.3. Kontratua iraungi eginen da hura egitea ekarri zuten arrazoiak desagertuz gero, eta betiere iraungiko da honako arrazoi hauetakoren bat denean:

–Arauzko probaldian betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.

–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.

–Lanpostua amortizatzeagatik.

–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.

1.4. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak eskuratuko dituzte, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua Udaleko funtzionarioendako ezarritakoa izanen da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola-graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.

f) Euskaraz jakitea, C1 mailaren titulua, EGA edo baliokidea den Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria aurkeztuz egiaztatua, edo eskatutako hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen berariazko probaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatu ahalko zaie.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Arakilgo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Foruen plaza, 4, Irurtzun.) 10:00etatik 14:00etara bitarte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko dio administrazio kontratatzaileari posta elektronikoz (Info@arakil.net), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

Bi baldintza horiek bete ezean, ez da dokumentazioa onartuko baldin eta kontratazio-organoak oinarri hauetan adierazitako epea amaitu ondoren jasotzen badu.

Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) egunera dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

3.2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

c) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen ziurtagirien kopiak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Arakilgo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Arakilgo Udalaren iragarki-taulan, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.arakil.net).

Taulan agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Arakilgo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Arakilgo Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Oihana Olaberria Jaka, Arakilgo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Iker Alegre Santander, Arakilgo Udaleko alkateordea.

–Kidea: Itsaso Larrea, Arakilgo Udaleko administrari laguntzailea.

Ordezkoa: Rosa Unanua Yaben, Arakilgo Udaleko administrari-ofiziala.

–Kidea: Irantzu Escudero Jaca, Arakilgo Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Juan José Madariaga Orbea, Arakilgo Udaleko zinegotzia.

–Kidea: Beatriz Alsua Noain, Erriberriko Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Irurtzungo Udaleko administrazioko langile bat.

–Kide-idazkaria: Imanol Goñi Razkin, Arakilgo Udaleko idazkaria.

Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Irurtzungo Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Arakilgo Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaproba hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa

8.1. Oposizioaldia hasi baino lehen euskara proba egingo dute deialdi honen 2.1.E oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan bi ariketa egingo dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den edo ez, C1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna.

8.2. Oposizioa bi zatiko proba bat izanen da:

8.2.1. Proba teorikoa: galdera teorikoen sorta bati erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute. Ariketa hau egiteko denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen. Ariketan 60 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

8.2.2. Oposiziogileei eskaintzen zaizkien datuak erabiliz bi agiri ofizial prestatzeko proba. Ariketa horrek, gehienez ere, 20 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak (5 puntu agiri bakoitzean).

8.3. Probak egiteko dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.

8.4. Hautaproban, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.5. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

8.6. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin, Udalaren iragarki oholean. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatu ahalko da, www.arakil.net helbidean.

8.7. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldiko balorazioa. Oposizioaldia gainditu dutenei baino ez zaie baloratuko.

1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean.

2. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat eta, osotara, ez da inoiz 20 puntu baino gehiago emango.

Merezimenduen balorazioa:

Esperientzia: gehienez ere 10 puntu.

Azken bost urtean administrari laguntzaile lanetan aritu izana:

–Zenbait entitatek eratutako udal batean: 4 puntu urteko.

–Toki administrazioko beste entitate batzuetan: 2 puntu urteko.

–Bertze administrazio publiko batzuetan puntu 1, urte bakoitzeko.

–Enpresa edo entitate pribatuetan: 0,5 puntu urteko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Aurreko bi ataletan aurreikusi merezimenduak zenbatzeko, betiere lehiatzaileak lan egin duen enpresaren edo administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko direnak, kontuan hartuko dira bai lan araubide finkoan edo aldi baterakoan, bai administrazio araubidean, dela bitarteko gisa dela jabetzapeko lanpostuan, egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretarako.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, behar den proportzionalitatea aterako da, eta hura hileko osoetan kalkulatuko da eta kontuan hartuko dira gutxienez ere hileko osoa frogatzen duten kasuak.

b) Prestakuntza ikastaroak: Gehienez ere, 10 puntu jasoko dituzte.

Kontuan hartuko dira lanpostuarekin zerikusia duten gaien gaineko prestakuntza ikastaroak, hala nola informatikakoak (2000. urtearen ondoren egindakoak): Office paketea, sare sozialak, Internet, posta elektronikoa, Windows ingurunea, web-orriak sortzea, ordenagailu bidezko edizioa eta diseinua; administrazio prozedurari buruzkoak eta bestelakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, eta behar bezala frogatuak jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela emanen da:

–10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,10 puntu.

–20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,30 puntu.

–50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.

Ikastaro guztien batura ez da 10 puntu baino handiagoa izanen.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

Hautapen prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Arakilgo Udalaren iragarki-taulan eta proba egin den tokian, proba gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Arakilgo Udaleko alkateari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, behin betiko onets dezan.

Izangai bi edo gehiago puntuetan berdindurik badaude, berdinketa zozketa bidez ebatziko da.

10.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen administrazioaren proposamena onartzen denetik eta jakinarazpena egiten zaionetik aurrera. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, deialdia egiten duen administrazioaren organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei kontratua egiten ahalko die hurrenez hurren, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz, eta horrela, behar den guztietan.

10.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

a) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki eman ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera dei eginen zaie. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez ezartzen dena Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 4. apartatuko zazpigarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, zeina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

b) Uko egitea:

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1. Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2. Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

3. Zaindu behar badu 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua.

4. Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

5. Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean uko eginez gero lanpostuari.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

c) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Nafarroako toki ogasuna.

Diru-bilketa. Kontzeptua. Epeak. Tributu zorren motak. Ordaintzeko bideak. Epe luzatzeak.

Nafarroako toki entitateen baliabideak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arabera. Tributu arloko eta tributuz kanpoko baliabideak. Udal zergak.

2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa). Antolaketa eta administrazioa. Entitate motak. Eskumenak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Haien organoak eta eskumenak.

3. gaia.–Administrazio egintza. Administrazio prozedura. Kontzeptua eta erregulazioa. Ideia orokorra haren hasieraz, antolamenduaz, instrukzioaz eta bukaeraz. Administrazio errekurtsoen aipamena. Isiltasun administratiboa. Toki entitateen egintza eta erabakien aurkako errekurtso administratiboak. Aipamen berezia gora jotzeko errekurtsoari buruz, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean.

4. gaia.–Hirigintza.

Hirigintzako lizentziak. Kontzeptua, prozedura eta eskumena (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa).

5. gaia.–Udalaren errolda.

Udal erroldako kontzeptu orokorrak.

6. gaia.–Katastro erregistroa.

Katastro erregistroko kontzeptu orokorrak.

7. gaia.–Nafarroako toki entitateen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri ondasunak.

8. gaia.–Udalaren ordenantza eta erregelamenduak. Baldintzak eta motak. Onesteko prozedura. Arakilgo Udalean azken 10 urte hauetan onetsitako ordenantzei buruzko galdera orokorrak.

Arakilen, 2020ko abuztuaren 19an.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

Iragarkiaren kodea: L2009560