205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

693E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita S10 plan partzialari buruz, Cortesko udalerrian. Ultracongelados de Cortes SL da planaren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2b artikuluan aurreikusitakoarekin bat, hedadura txikiko eremuen erabilera ezartzen duten planek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

2019ko urriaren 25ean, Cortesko Udalak Cortesko S10 Plan Partzialari buruzko ingurumen ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera aurkeztu zuen, agiri hauekin batera: hirigintza memoria, erabilera eta kudeaketa planoak, Huecha ibaiaren txosten hidraulikoa eta ingurumen agiri estrategikoa.

S10 sektorearen plan partzialaren helburua da 61.531,80 m²-ko azalera duen esparruaren antolamendu xehatua ezartzea, Cortesko Udalaren plan orokorrak ezartzen dizkion determinazio lotesleak aintzat hartuz eta garatuz. S10 sektorea herrigunetik iparraldera dago, instalazio industrialak, batez ere nekazaritzako elikagaien sektorekoak, nagusi diren eremu batean.

Udal plan orokorrari buruzko ingurumen ebaluazio estrategiko arruntean eta haren ingurumen adierazpen estrategikoan ezarri bezala (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 175E/2019 Ebazpena), S10 sektorea lurzoru urbanizagarriko esparru bat da, erabilera industrialekoa, eta hura garatu aurretik nahitaezkoa da aztertzea Huecha ibaiaren baldintzak uholde-arriskuari eta bestelakoei dagokienez. Alde horretatik, plan partzialaren “txosten hidraulikoa” izenekoaren ondorioa da proposamenean ez dagoela arazorik uholde-arriskuari dagokionez eta ezarpen berriak ez duela ukipenik sortuko beste lur eremu batzuetan, horietan uholdea eragiteagatik.

Arroaren erakundeak berrikusi eta eguneratu ditu Huecha ibaiaren 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborei buruzko mapak, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, horietan oinarrituta, adierazi du 2020ko uztailaren 21eko txosten batean ezen, balizko arriskuaren eta arriskuaren mapen azken bertsio ikusita, Cortesko herrigunean uholde-arriskua nabarmen jaitsi dela. Plan partzialean lurrak goratzea aurreikusi da, gaur egun eraikita dagoen eremuko kotetara egokitzeko, bai eta La Máquina kaletik duen sarbidera ere; horri esker, ez dira handituko balizko arriskua eta uholde-arriskua, ez industriarentzat ez ingurunearentzat, eta, beraz, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duen abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuaren eskakizunak betetzen dira, eta jarduketa baimengarria litzateke, halaber, lurralde antolamenduko planetako irizpideak aplikatuz, honez gero ez legokeelako arrisku handiko eremuan. Nolanahi ere, sustatzaileak jakin behar du ukitutako lurzatietan uholde-arriskua egon daitekeela azterketa hidraulikoak ez direlako erabat zehatzak edo gerora berrikusi direlako, eta bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Gainera, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.

Antolamendurako proposamenean aurreikusirik dago industriarako lurzati handi bat sortzea sektorearen erdialdean, Ultracongelados de Cortes SL handitzeko beharrei erantzuteko; esparruaren sarrera-irteerak Aguadores kaleari jarraipena emanez egitea; zuzkidurako eremuak sektorearen mendebaldean biltzea; eta berdegune bat sortzea, Cortesko hiri-bilbearekin lotura eginen duena NA-52000 errepidearen bidez (7.718,76 m²).

Mugikortasunari dagokionez, aurreikusirik daude udalerriko alde honetarako sarrera-irteerak eta esparruan kokatuko diren jarduerek herrigunean eraginen luketen mugikortasuna:

–Oinezkoentzako sarea, berdegunera sartzeko bideak eta bide berriaren espaloiak osatua, antolatuta dago UPOn oinezkoentzat ezarritako ibilbideen jarraipen gisa. Berdeguneko sarbidearen zabalera handitzen da, aurrerantzean 7 metrokoa izateko, eta lotzen da NA-5200 errepidearen ondoko nabeen aurrealdeko zelaigunearekin. Bide berriaren espaloia loturik dago La Máquina kaleko oinezkoentzako zerrendekin eta Aguadores kaleko espaloiekin.

–Eremu publikoan ez da aparkalekurik aurreikusten, eta lurzatiaren barrenean antolatuko da.

Exekuzio proiekturako araudiari gehitutako neurrien artean, nabarmenenak hauek dira, besteak beste: ezponden gehieneko malda mugatzea (2,5H/1V) eta erabilera publikoko berdegunerako jarraibideak ematea, landare espezieak bertako klima ezaugarrietarako egokiak izatea eta ahal denik eta azalera iragazkor gehien izatea.

Plan partzialaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea S10 plan partzialari buruz, Cortesko udalerrian. Ultracongelados de Cortes SL da planaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Cortesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2009616