205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

664E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Serralta Parke Eolikoaren aldaketaren ingurumen eraginaren adierazpena eman zuena, Eólica Cabanillas, SL enpresak sustatua, Cabanillas udalerrian.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du eranskin horretan sartutako proiektuei ingurumenaren eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela. Bidenabar, parke eolikoetarako baimena Nafarroan maiatzaren 8ko 56/2019 Errege Dekretuak arautu zuen.

Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak emandako,1996ko azaroaren 8ko 150 Foru Aginduaren bitartez, Cabanillasen Energia Elektriko Eolikoa Ekoizteko Azpiegituren (Parke Eolikoa) Plan Berezia onartu zen. Ondoren, Serralta Parke Eolikoa handitzea onartu zen, MTorreseko I+G TWT-1500 haize sorgailuarekin.

Zaharkitze teknologikoko arrazoiak direla medio, Eólica Cabanillas, SL enpresak aipatutako MTorres TWT-1500 haize sorgailua desmuntatzeko interesa dauka.

Hasieran, aipatutako haize sorgailua ordeztea aztertu zen, horren ordez 3.300 kW-ko Accionaren haize sorgailu bat jarriz, eta Serralta Parke Eolikoko 16.500 kW-ko potentzia osoa ez aldatzeko, Ecotecnia ECO-44 S10, S11 eta S12 haize sorgailuak desmuntatzea proposatu zen, unitateko 600 kW-ko potentziadunak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 199. alean argitaratutako iragarki baten bidez, 2019ko urriaren 8an, espedientea jendaurrean jarri zen, Nafarroan parke eolikoetarako baimenak arautu zituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz. Ez da alegaziorik jaso.

56/2019 Foru Dekretuan ezarritako kontsulta eta jendaurrean jartzeko izapideen ondoren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Mehatzeen Zerbitzuak sustatzaileari igorritako sektoreko txostenen gomendio eta oharrak kontuan hartuz, Eólica Cabanillas, SL enpresak hasierako proposamena aldatu eta, azkenean, MTorres TWT-1500 haize sorgailua aldatzea eskatu du, 1.500 kW-ko potentzia duena, horren ordez Acciona-Nordex N155 haize sorgailua jarriz, unitateko 4.500 kW-ko potentzia duena. Serralta Parke Eolikoaren potentzia osoa ez aldatzeko, Ecotecnia ECO-44 S10, S11, S12, S13 eta S14 haize sorgailuak modu gehigarrian desmuntatzea proposatu da, unitateko 600 kW-ko potentzia duena.

2020ko martxoan sustatzaileak eskaera egin zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Mehatzeen Zerbitzuari ingurumen eraginaren adierazpen arrunta has zezan, Nafarroan parke eolikoetarako baimenak arautu zituen aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren arabera. Kasuan kasuko organoak egiaztatu du dokumentazioa osorik dagoela, eta, ondoren, dokumentazio osoa Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira igorri du, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren analisia egiteko eta dagokion ingurumen eraginaren adierazpena emateko.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta proiektua ingurumenari dagokionez izapidetzen jarraitu ahal izateko, 2020ko ekainean Ingurumen Eraginaren Atalak, dagokion organoaren bitartez, zenbait gai taxuz jasoko zuen dokumentazio osagarria eskatu zion sustatzaileari. Sustatzaileak hilabete horretan bertan aurkeztu zuen eskatu zitzaion dokumentazio osagarria.

Azaldutakoaren haritik, izapidetzen ari zen proiektuaren xedea 1.500 kW-ko MTorres TWT-1500 haize sorgailua eta Ecotecnia ECO-44, S10, S11, S12, S13 eta S14 bost haize sorgailuak ordeztea da, unitateko 600 kW-ko potentziadunak, eta horien ordez Acciona-Nordex N155 haize sorgailua jartzea, unitateko 4.500 kW potentziaduna. Proiektuaren ekintza nagusiak honako hauek dira:

–MTorres TWT-1500 haize sorgailua desmuntatzea.

–Ecotecnia ECO-44, S10, S11, S12, S13 eta S14 bost haize sorgailuak desmuntatzea.

–Ingurumeneko neurri zuzentzaileak betearaztea eta desmuntatutako haize sorgailuen kokapenak berreskuratzea.

–Acciona-Nordex N155 haize sorgailuaren kokapen berrira arte dauden bideak moldatzea.

–Erdi tentsioko sarea (20kV) Serralta Parke Eolikoaren konfigurazio berrira moldatzea, eroale berrien lineak barne, existitzen den S09 haize sorgailutik Serralta Parke Eolikoa - SETera arte, Acciona N155 haize sorgailutik igaroz.

–Zuntz optikoaren bitartez konexioa ezartzea Acciona-Nordex N155 haize sorgailuan, Cabanillas II Parke Eolikoko komunikazio sarearekin.

–Acciona-Nordex N155 haize sorgailua instalatzea; abatzak 120 metroko altuera du eta errotoreak 155 metroko diametroa.

Aztertu beharreko eremua, oro har, lehorreko laborantza estentsiboak hartu du, aldikoa eta urtekoa; zona batzuetan bazkaleku mediterraneoak daude partzelen arteko mugetan eta malda handiagoko hegaletan. Morfologia laua da hegoalderantz, eta ez da beharrezkoa lur mugimendu handiak egitea obrak egiteko.

2020ko ekainaren 25eko ingurumen eraginaren azterketa osatua da: proiektua orokorrean deskribatu du, alternatiben analisia egin du, proiektuaren ingurumen ondorioak ebaluatu ditu paisaian eta faunan ingurumen ukipen nagusiak identifikatuz (eragin moderatua), eraginak saihestu, zuzendu eta berrezartzeko neurriak proposatu eta ebaluatu ditu, eta ingurumen arloko jarraipen plana ere badu.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Kalitatearen Atalak, analisi teknikoa egin eta gero, adierazi du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta ados agertu da aukeratu den alternatibarekin. Irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta bidezko dela ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta adieraztea ezen ebazpen honetan jasotako baldintzetan egiten ahalko dela proiektua, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Serralta Parke Eolikoko Aldaketa Proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau ematea, Eólica Cabanillas, SL enpresak sustatutakoa Cabanillas udalerrian.

2. Jarduera idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako azken dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela ezartzea, ekainaren 25ekoa, eta gainera baldintza hauek beteko dira:

1.–Hegalaren egonkortasun orokorra sustatzeko eta paisaian eta faunan sorraraziko den eragina murrizteko, instalatuko den Acciona-Nordex N155 haize sorgailu berria aski urrunduko da iparraldera kokatutako hegalaren ertzetik, instalatuko den haize sorgailuaren hegalek ez dezaten hegal horren gainetik biratu. Baldintza bera aplikatuko da instalatuko den haize sorgailuaren modeloaren balizko aldaketetan.

Haize sorgailua mugitzea beharrezkoa bada, obrak hasi aurretik kokapen zehatza Biodibertsitateko Zerbitzuari jakinaraziko zaio, baliozkotzeko.

2.–Argi kutsadura, argi arrotza eta fauna-espezieen (batez ere sagu-zaharrak eta gaueko intsektuak) kaltea ahalik eta gehien murrizteko, araudi aeronautikoarekin bateraezina ez den bitartean, honako hau gomendatzen da:

–Mugimendurik ez dagoenean argia itzaltzea ahalbidetuko den sistema instalatzea.

–Argi puntuek igorritako goi hemisferioko fluxua ahal bezainbeste murriztea (%5etik behera).

– 440 nm-tik beherako uhin luzeraren erradiazioa filtratuko duten lanparak erabiltzea, hau da, argi zuri urdinaren emisioak dituzten lanparak berariaz saihestu behar dira.

3.–Jarraipena: Instalatuko den haize sorgailu berriari dagokionez, bizitza erabilgarri osorako ingurumena zaintzeko plana eginen da, Serralta Parke Eolikoaren gainerako eremurako egiten denarekin bat etorriz.

4.– Ingurumen eta paisaia integrazioa:

–Obrak hasi aurretik, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

–Egin beharreko lur erauzketa eta lubetetarako gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezien landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek ukitutako gainazal guztiak, aldi baterako bada ere, lur geruza batez estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta modu egokian metatuko da. Bertako belar hazi nahastuak ereinen dira lur horietan, salbu eta aurretik laborantzako alorrak baziren.

5.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

6.–Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 93/2006 Foru Dekretuaren 55. artikuluan xedaturikoarekin bat, galzorian dagoen fauna mehatxatu katalogatuari eragiten dioten zenbait gorabehera larri hautemanez gero, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari eskatzen ahalko dio inplikaturiko haize sorgailuak kentzeko, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

7.–Abelbideei eta zortasun eremuei dagokienez, 2020ko maiatzaren 21eko datarekin Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak emandako txostenean jasotakoa aplikatuko da; II. Eranskinean jaso da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoaren eta Mehatzeen Zerbitzura, Cabanillasko Udalera, Basozaintza Ataleko Tuterako Koordinazio Unitatera eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 10ean.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Kontsulta egin eta jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira.

Cabanillasko Udala

X

Herri-lurren Atala

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atala

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

X

Cabanillasko Udalak azaldu duenez, proposatutako jarduketak ukitutako lurzoruen kategoriaren eta hirigintzako udal araudiaren arabera, proposatutako jarduketa baimentzen ahal diren erabileren artean dago, eta udal mailako hirigintza planeamenduarekin bat egiten du; udal lizentzia behar da egiteko, eta izapidetzearekin ados azaldu da. Horrez gain, hondakinen kudeaketa eta fidantza eratzeari dagokienez hainbat gai azaldu ditu.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren aburuz, proposatutako aldaketa egiteko Cabanillas II Parke Eolikoko sarbideak erabiliko direnez, ez da zehaztapen gehigarririk finkatuko parke eoliko horri dagokionez espedientean ezarritakoez gain.

Zuzendaritza Nagusi honetako Zainketa Zerbitzuaren aburuz, proposatutako aldaketak ez du eraginik izanen Nafarroako Errepide Sarean eta, hortaz, ez da zerbitzu horren baimenik behar.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak hirigintza arloko beharrezko izapidetzearen berri eman du, eta indarrean diren antolamenduko tresnak eta legedia gogorarazi du.

Ingurumen Eraginaren Atalaren aburuz, gaur egun Serralta Parke Eolikoak ukipen nabarmena eragiten du abifaunan, bai lurzoruaren okupazioagatik, bai multzoaren iragazkortasunagatik, mugitzeko; haize sorgailu berriarentzat proposatutako kokapen berriaren ondorioz egoerak okerrera egin dezakeela uste du. Horregatik, desmuntatu beharreko elementuetan aldaketa bat proposatu du; sustatzaileak dagoeneko irtenbide hori kontuan hartu du behin betiko proposamenean.

Horrez gain, landaredi naturalari erasatea saihesteko, komenigarritzat jo du S10N haize sorgailu berriaren eta Serralta Parke Eoliko SETaren arteko komunikazioa existitzen den bidearen ertzetik joatea, landaredi naturaleko 7 zona zeharkatu beharrean; hori ere kontuan hartu da behin betiko proposamenean.

Azkenik, aurkeztuko den ingurumen eraginaren azterketan jaso beharreko bi alderdi aipatu ditu; hain zuzen ere, bi alderdi horiek jaso egin dira.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak adierazi du proiektuak ez duela ukipenik sortzen bere eskumeneko arloetan.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak (lehen Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala zenak) jakinarazi du bere eskumeneko arloetan jarduketa baimentzen ahal dela, eta aplikatu beharreko baldintzak aipatu ditu (okupazio kanona, etab.).

II. ERANSKINA

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko txostena

Txostena

Gaia: Serralta Parke Eolikoaren RePoweringa, Cabanillasen.

Espedientea: VP040/20.

2020ko maiatzean Azpiegitura Energetikoen Atalak txosten bat emateko eskatu zion Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, abelbideei dagokionez, Sacaculos Adarra, Cabanillasko 7/117 eta 6/176 katastro luzatietan, 7/111 katastro lurzatian haize sorgailu baten prototipoa instalatzeari zegokionez, sarbide eta ebakuazioko linea elektrikoa Serralta Parke Eolikoko SETera izanik, gaur egun udalerri horretako 7/50 lurzatian dagoena, Eólica Cabanillas, SL enpresak sustatutakoa, VP024-20 eta VP081-19 agirietan jakinarazitakoa kontuan hartuz.

Eraginen laburpena:

VP024-20 txosteneko proiektu bera da, 4500 kW-ko Acciona N155 haize sorgailuaren prototipo berdina instalatzeko, 120 metroko altueraduna abatzera, hormigoizko dorrearekin, eta leku berean, S10N bezala 600 kW-ko ECO-44 bost gailuen ordez, S10, S11, S12, S13 eta S14, eta bat TWT-1500 kW, MTorres izenekoa; horrek guztiak ez du eraginik dagoeneko aztertutako baldintzetan, ezta dagoeneko kalkulatutako okupazio kanonean.

Sacaculos Adarrarekiko eragin horiek, aurkeztutako memoriaren arabera, honela banatuko lirateke:

POLIGONOA

LURZATIA

OKUPAZIOA

IRAUNKORRA
(m²)

MOTA

GUTXI GORABEHERA:
KOORDENATUAK

6

176

93,60

Existitzen den bidearekiko bidegurutzea moldatzea

Pto x:621250 y:4659510

7

117

321,17

Bide berriaren eta erdi tentsioko sarearen bidegurutzea

Pto x:621525 y:4659703

7

117

145,39

Zanga berrien bidegurutzeak erdi tentsioko sarerako S09 haize sorgailutik eta zuntz optikoa

7

117

2.002,57

Hegalen mugimendua abelbideen gainetik turbinaren biraketaren arabera

Erradioa 78 m zentroaren ptu x:621581,8 y:4659668,37

Udal mugarteko altxonbideak Nafarroako Gobernuaren 2010eko abenduaren 27ko Erabakiaren bitartez definitu ziren; honen bidez, sailkapen espedientean azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisikoko abelbideen izatea adierazten da eta hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea onesten, udal mugapen hauetan: Buñuel, Cabanillas, Fustiñana, Cortes eta Fontellasen.

Eskaera aztertu eta Nafarroako Gobernuaren fondo dokumentaletan dagoen informazioa berrikusi eta gero, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak, eta soilik abelbideei dagokienez, legedian ezarritakoarekin bat etorriz:

–19/1997 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Abelbideei buruzkoa.

–Zortasun eremua (3 m alde bakoitzean abelbideko lurzatien kanpoko ertzetik aurrera) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren bidez ezarritakoa, Jarduera debekatuak eta bateraezinak.

–88.b artikulua. Ingurura egokitzeko betebeharra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearena. “Lurzoruaren erabilera guztiak, eta bereziki eraikinak, non dauden kokaturik hango natura- eta kultura-inguruneari egokitu beharko zaizkio. Hartara, aplikazio zuzeneko arau hauek ezarri dira, lursailen sailkapena edozein dela ere: b) Paisaia ireki eta naturala duten tokietan, edo ezaugarri historiko-artistikoak, tipikoak nahiz tradizionalak dituzten eraikin multzoak eskaintzen dituzten ikuspegietan, eta bide, errepide eta abelbide ikusgarrien inguruetan, ez da onartuko eraikinen, hormen edo itxituren kokapenak, masak, altuerak, osaerak, koloreak edo materialek, edo instalatzen diren bestelako elementuek, mugatzea naturak eskaintzen duen edertasuna miresteko ikusmira, ez eta paisaiaren harmonia haustea edo paisaiaren beraren ikuspegi orokorra desitxuratzea ere.”

Jakinarazi denez, kasu honetan haize sorgailuaren prototipoa instalatzea eta, horren ondorioz, bidegurutze eta eroapen elektriko saihestezinak baimentzeko modukotzat jo dira, nahiz eta jakinarazi den hurrengo baldintzak kontuan hartu beharko direla kaltea murrizteko, VP024-20 txostenean aipatutakoekin bat etorriz, okupazio kanona barne:

–Abelbidearen gaineko gainezarpenak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak dagokion okupazio kanona kobratzea.

  • Tasazio balioak:

1.–Jabari osoko balioa: antzeko finken alderaketa metodoaren bitartez lortutako balioa, apirilaren 13ko ECO/805/2003 Aginduaren 22. artikuluarekin bat: 1,3 euro/m² (lehorreko zereala).

2.–Ukipenak:

Bide zortasuna: 560,16 m² x 1,30 euro/m² = 728,21 euro.

Aldi baterako okupazioa: 560,16 m² x 0,07 euro/m² = 39,21 euro.

3.–Kalte-ordaina, guztira: Hau da kalte-ordainaren guztizkoa:

Zortasunagatik eta okupazioagatik: 728,21 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 24,27 euro / urtekoa izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 121,37 eurokoa.

Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 39,21 euro.

  • Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 121,37 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 39,21 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 160,58 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.
  • Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

–Baimenetik salbuetsita daude eskatu ez diren jarduketak eta lursailak, txosten honetan tasatu ez badira. Haize sorgailua eta dagozkion azpiegitura erantsiak instalatzean une oro errespetatuko dira abelbidearen katastro lurzatia eta 3 metroko zortasun banda altxonbidearen ertzetik. Horrek bereziki obren fasea hartzen du barne, baldin eta zelaitze eta zimendatze lanek, egindakoetan babestuz, planoetan proposatutakoa gainditzen badute.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta oinezkoentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude, txosten honetan baimendutakoak salbu.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta ereitea etab) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

Iragarkiaren kodea: F2009613