205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

105E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zubiri-Eugi” linean 13,2 kV-eko lur azpiko tarte berria, 4523. euskarritik Urtasun transformazio zentroraino”, Esteribarko udal mugartean. Sustatzailea I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko maiatzaren 27an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Zubiri-Eugi zirkuituan goi tentsioko linea-tarte bat instalatzea lur azpitik, 13,2 KV-ekoa, 370 metro luze, inguru horretako hornidura elektrikoa hobetzeko, 4523. lurzatitik Urtasun transformazio zentroraino. 4.523 euskarria ez dago egina gaur egun, baina proiektatua dago proiektu honen barruan:‘“Ultzama-Ostitz” eta “Zubiri-Eugi” 13,2 kV-eko lineak elkartzea, Esteribarko udal mugartean (Iragi-Urtasun)’. Proiektu hori Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatu du, eta otsailaren 27ko 63E/2019 Ebazpenaren bidez baimendu zen. Jarduketaren abiapuntua den 4.523 euskarri hori zelai batean dago, Urtasungo herrigunetik 35 metrora, hegoalderantz, zehazki, ur araztegiaren hegoaldean, NA-138 errepidetik 45 metrora mendebalderantz, Arga ibaitik 100 metrora mendebalderantz, eta Troskako errekatik 40 metrora iparralderantz.

Trazadura bi zatitan banatzen da: Lehenengo tarteak 275 metro ditu (lehenengo 85 metroak lurzoru urbanizaezinetan barna doaz, eta gainerakoak herrigunearen barruan), eta zoladuraren azpiko kanalizazioa behar du (20 cm zabal eta, gutxienez, 116 cm sakon), baita 7 kutxatila berri instalatzea ere. Tarte hori proiektaturiko 4.523 euskarrian hasten da, Esteribarko 30. poligonoko 15. lurzatiaren hegoaldeko mugan dagoena. Lurzati horretan kokatzen da Urtasungo edateko uren araztegia. 50 metro eginda, Usetxiko bidearekin bat egiten du, eta harekin bat segitzen du herriguneraino, Urtasungo edateko uren araztegiaren mendebaldean, eta Olague-Zubiri NA-2520 errepidearen bidegurutzean dagoen kutxatileraino. Bigarren tarteak 9 metro ditu, eta herrigunetik doa oso-osorik. Egina dagoen kanalizazio baten azpitik joanen da, hain zuzen kutxatila horretatik Iruña-Frantzia (Aldude) NA-138 errepidera ateratzen den kanalizaziotik, eta Urtasun transformazio zentroraino iristen da, NA-138 errepidearen mendebaldeko bazterrean, araztegiaren sarreraren ondoan.

Azaldu bezala, trazaduraren zatirik handiena herrigunetik joanen da. Hasierako 85 metroak baizik ez dira eramanen lurzoru urbanizaezinetatik, eta tarte hori ingurumen arloko esku-hartzearen menpe egonen da, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera.

Lurzoru urbanizaezinetik doan trazadurak aparteko landare naturalik gabeko eremu bat ukitzen du, gizakiak hartua neurri handi batean, zabortegi gisa erabili izan baita.

Espedientean Esteribarko Udalaren txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zubiri-Eugi” linean 13,2 kV-eko lur azpiko tarte berria, 4.523. euskarritik Urtasun transformazio zentroraino”, Esteribarko udal mugartean. Sustatzailea I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lur naturalean zanga irekitzeko lanen hasieran, 40 cm-ko gutxieneko lodiera duen landare lurra kenduko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lur azalean zabalduko da zanga betetzen denean, topografian ahalik eta hobekien integra dadila ahaleginduz eta lur azalean maila ez-jarraituak sor daitezela saihestuz. Gainera, topografia berriak ez du azaleko drainatze sarea aldatuko, mugakide diren lurzatietan ura pilatzeak ekar ditzakeen arazoak saihesteko.

–Leheneratze lanen barruan, honako hauek ere eginen dira: makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotzea, ukitutako eremua espezie belarkarekin ereitea, eta, zuhaitz edo zuhaixkarik kenduz gero, horiek ordeztea, inguru horretako espezie autoktonoak sartuz.

–Sortzen diren material soberakinak (erauzketa lanetako harriak eta lurrak barne) eta sortzen diren hondakinak modu egokian kudeatu behar dira, bakoitzaren izaeraren arabera, indarrean dagoen hondakinei buruzko araudiarekin bat etorriz.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio ingurumena zaintzeko taldeari (obren hasiera eta abar), Ingurumena Zaintzeko Atalarekin jarri beharko da harremanetan, Aezkoa-Kintoako Koordinazio Unitatearekin, hain zuzen, posta elektronikoaren bidez (gmaezkoa@navarra.es) edo 686502927 telefonora deituz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, lurzoru urbanizaezinean proiektatu den linea elektrikoaren tartea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk elektrizitate sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Kontuan hartuz jarduketak Troskako errekaren polizia-eremua gurutzatzen duela, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko da.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (eposta: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Esteribarko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Aezkoa-Kintoako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 17an.–Ingurumen Eraginaren Ataleko burua, Jesús Fernández Alonso, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria ez baitago, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2009614