205. ALDIZKARIA - 2020koirailaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

328/2020 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Labor-ESO programaren deialdiko oinarri arautzaileak; programa horren hartzaileak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleak, zehazki 2020-2021 ikasturtean ari direnak Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean (IEHP), Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 1. artikuluan ezartzen duenez, arau horren oinarrizko printzipioetako bat malgutasuna da, hezkuntza egokitu dadin ikasleek dituzten gaitasun, interes, itxaropen eta behar desberdinetara eta bai beraiek bai gizarteak izaten dituzten aldaketetara. Era berean, 22.3 artikuluak xedatzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan arreta berezia emanen zaiola ikasleen hezkuntza eta lanbide arloko orientazioari.

Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak xedatzen duenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren printzipio orokor eta pedagogikoetan arreta berezia izanen du ikasleen hezkuntza eta lanbide arloko orientazioak.

Labor-ESO hezkuntza programa bat da, 2009-2010 ikasturteaz geroztik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei lan mundura gerturatzen laguntzen diena enpresa edo erakunde batean bi asteko hezkuntza egonaldiak egiteko aukera emanez. Jarduera osagarri bat da, institutu bakoitzean Orientazio Departamentuak garatzen duen Ikasketa eta Lanbide arloko Orientaziorako Planaren barruan.

Ez da lan-jarduera bat, hezkuntza-jarduera bat baizik, nahiz eta institututik kanpo, hau da, enpresa batean gauzatzen den. Ikasleen prestakuntza integralaren ikuspegitik sustatzen da.

Jarduera horri esker ikasleek lan errealitatea hobeki ezagut dezakete eta, horrez gain, jarduerak bide ematen du ekintzailetza sustatzeko, eta ikasleek hobeki ezagutzeko beren burua eta beren trebetasunak, gaitasunak eta interesak, horrek prestakuntza hobea emanen baitie beren etorkizun akademikoaz eta profesionalaz erabakiak hartzeko orduan.

Hasiera batean, programa hau zuzentzen zitzaien Curriculum Aniztasuneko Programa batean ari ziren laugarren mailako ikasleei, baina, esperientziaren emaitza onak ikusirik, komeni da ekimenari jarraipena ematea. Horregatik, kontuan hartuz LOMCEren ezarpenak ekarritako aldaketak, parte hartzeko aukera zabaldu zaie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleei ere, zehazki Nafarroako Foru Komunitatearen kudeaketa esparruan Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean ari direnei.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz

EBAZTEN DUT:

1. Labor-ESO programari dagozkion prestakuntza egonaldiek bete beharreko betebeharrak eta baldintzak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean izanen ditu ondorioak.

3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Orientazio Bulegora eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehena.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeentzat, 2020-2021 ikasturtean parte har dezaten Labor-ESO programan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean ari direnek, enpresetan prestakuntza egonaldiak egiteko.

Bigarrena.–Hartzaileak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Autonomia Erkidegoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten eta funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeek.

2. Deialdi honetan aipatzen den Labor-ESO programa 2020-2021 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailan ari diren ikasleei zuzendurik dago, zehazki Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa (IEHP) batean parte hartzen ari direnei.

Hirugarrena.–Prestaketa lanak eta prestakuntza egonaldiak.

1. Labor-ESO programa modu egokian garatzeko, ikastetxe bakoitzak beharrezkoak diren prestaketa lanak eginen ditu eta Labor-ESO programako prestakuntza egonaldietan hartuko du parte. Ikasleek, betiere, borondatez hartuko dute parte egonaldi horietan.

2. Labor-ESO programari dagozkion prestakuntza egonaldien helburua da ikasleen ikasketak osatzea eta ikasleak lan mundura gerturatzea, beraien trebetasunak eta gaitasunak hobeki ezagutzeko eta etorkizun akademikoaz eta profesionalaz erabakiak hartzen laguntzeko.

3. Kasuan kasuko enpresan eginen diren prestakuntza egonaldiak bi astekoak izanen dira eta ikasturtean zehar eginen dira. Egonaldi horietan ikasleek oinarrizko lan edo zereginak hartuko dituzte beren gain, haien adinerako eta esperientziarako egokiak direnak, eta horietan prozesuaren hezkuntza alderdiak nabarmenduko dira une oro.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko modua, epea eta tokia.

1. Eskaera Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduko zaio, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta.

2. Eskaerak enpresetako prestakuntza egonaldiak hasi aurretik aurkeztuko dira.

3. Eskaera (II. eranskina) dokumentazio hau erantsita aurkeztuko da, eta ikastetxearen zaintzapean geldituko da:

–Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkurako ziurtagiria, ikastetxeko idazkariak emana. Bertan agertu behar da Labor-ESO programako parte hartzea, III. eranskinaren arabera bete beharrekoa (ziurtagiria ikastetxean bertan zainduko da).

–Familien edo legezko tutoreen baimenak, ikasleek enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldietan parte hartzeari buruzkoak. Baimenak V. eranskinaren arabera bete beharko dira (baimenak ikastetxean bertan zainduko dira).

–Ikastetxearen eta enpresa laguntzaileen arteko hitzarmenak, VI. eranskinaren araberakoak (hitzarmen horiek enpresetako prestakuntza egonaldiak hasi aurretik beteko dira, eta ikastetxean bertan zainduko dira).

Horiekin batera, IV. eranskina aurkeztuko da, parte hartzen duten ikasleen, irakasleen eta enpresen zerrendarekin; zerrenda hori bete ondoren, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura bidaliko da enpresetako prestakuntza egonaldiak hasi aurretik.

4. Aurrekoa ukatu gabe, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak egoki iruditzen zaion dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du.

Bosgarrena.–Parte hartzen duten ikastetxeen betebeharrak.

Deialdi honetan hautatzen diren ikastetxeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Programa modu egokian betetzeko beharrezkoak diren prestaketa lanak egitea 2020-2021 ikasturtean.

b) Programa Urteko Programazio Orokorrari eranstea, eta haren ezarpena bermatzeko beharrezkoak diren antolaketa eta koordinazio alderdiak aurreikustea.

c) Ikasleek Labor-ESO programari dagozkion enpresetan prestakuntza egonaldiak egiten dituztela ziurtatzea.

Seigarrena.–Baimena.

Programan parte hartu aurretik, ikastetxeek informazioa helaraziko diete familiei Labor-ESO programari buruz, eta ikasleen baimena eskatuko dute edo, adingabeen kasuan, haien gurasoena edo legezko ordezkariena, enpresetako prestakuntza egonaldietan parte hartzeko. Baimen hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da. Baimenak ikastetxeak berak zainduko ditu.

Zazpigarrena.–Programaren koordinazioa.

1. Ikastetxeak koordinatzaile bat izendatu beharko du, programa behar bezala betetzeaz arduratu dadin irakasle kolaboratzaileekin batera.

2. Prestakuntza egonaldiak gainbegiratzeko, koordinatzaileak eta parte hartzen duten irakasleak harremanetan egonen dira ikasleekin eta enpresekin programa garatzen den bitartean. Horrez gain, lan hauek izanen dituzte: egonaldien jarraipena eta ebaluazioa, emaitzen balorazioa ezarritako helburuekin alderatuta, ondorioak eta hobekuntzarako proposamenak, baldin badaude, guztia VII., VIII. eta IX. eranskinetako ereduen arabera.

3. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak berrikuntzako jardueren arloko 15 orduko ziurtagiria emanen die koordinatzaileei eta 10 ordukoa, berriz, programan parte hartzen duten irakasleei.

Zortzigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Orientazio Bulegoaren bidez, programa ahalik eta hobekien garatzeko egokitzat jotzen duen aholkularitza emanen du.

Bederatzigarrena.–Baliogabetzeko kasuak.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, ikastetxe interesduneko zuzendariari entzunaldia eman ondoren, emandako baimena baliogabetzen ahalko du, eta prestakuntza egonaldietako parte-hartzea eten, kasu hauetan:

a) Ikastetxeak berak eskaera arrazoitua eginda, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak proposatuta irakasleen klaustroak onartu ondoren, eta Eskola Kontseiluak txostena eman ondoren.

b) Programa betetzean arazoak atzematen direnean, baimena bertan behera uztea komenigarri egiten dutenak.

c) Ebazpen honetan xedatutakoa betetzen ez denean, bereziki laugarren atalean ezarritako betebeharrak.

ERANSKINAK

II. eranskina.–Labor-ESO programan parte hartzeko eskaera.

III. eranskina.–Ikastetxeko idazkariaren ziurtagiria, klaustroak hartutako erabakiari buruzkoa.

IV. eranskina.–Ikasle, irakasle eta enpresa parte-hartzaileen zerrenda.

V. eranskina.–Familiaren baimena.

VI. eranskina.–Berariazko akordioa.

VII. eranskina.–Ikasleen ebaluaziorako fitxa.

VIII. eranskina.–Enpresarentzako ebaluazio fitxa.

IX. eranskina.–Irakasleentzako ebaluazio fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2009610