205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

140/2020 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Zarrakaztelun goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 31ko 15/2020 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa eman zen proiektu honetarako: “4634-03 Zarrakaztelu-Figarol 13,2 kV-eko aireko linea berritzea, 1. euskarritik Figarol I (180406420) izeneko TZra”, Zarrakaztelun; horrekin batera, proiektuak onura publikoa duela zehazki deklaratu zen.

2020ko martxoaren 11n, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan aurkeztu du honakoa: “Eranskina, 4634-03 Zarrakaztelu-Figarol 13,2 kV-eko erdi tentsioko aireko linearen proiektuarena”.

Proiektuaren eranskin horretan justifikatzen da 49. eta 50. euskarriak zergatik aldatu diren tokiz, hasierako proiektuarekin alderatuta. Aldaketa hori beharrezkoa zen, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskatu zuelako euskarri horiek kentzea lurzati horretatik, “Erronkariarren Errege Altxonbidea” izeneko abelbidean dagoelako.

Azaldutakoaren ondorioz, proiektuko 45. eta 46. finketan ez dago euskarrien ukipenik. Euskarriak proiektuko 44. eta 47. finketan kokatuko dira, eta, beraz, hasieran baimendutako proiektuan zeuzkaten ukipenak ere aldatu egin dira.

Gainerako finketako ukipenak hasieran baimendutako proiektuko berberak dira.

2020ko ekainaren 1ean, ofizio bat igorri zen, Zarrakazteluko 11. poligonoko 1113. eta 100. lurzatien titularrei (proiektuko 44. eta 47. finkei dagozkienak, hurrenez hurren) proiektuaren ukipen berriak jakinarazteko, eta hogei eguneko epea eman zitzaien, egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Ez zen alegaziorik bat ere aurkeztu.

Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Iberdrola I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk eskatutakoa onartzea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri proiektuaren eranskinean jaso den instalazioa aldatzeko.

2. Instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzea, proiektuko eranskinean aipatzen diren aldaketei dagokienez, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta lege hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1190 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

3. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektuaren eranskina, Pedro Cotero Alonso industria ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean, proiektuaren eranskinean jasotako aldaketei dagokienez.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari eta proiektuaren eranskinari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzura.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta proiektuko eranskinean sartu diren aldaketek ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoaren idazkian espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau Zarrakazteluko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 12an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2009235