200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

330/2020 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldi baterako bertan behera uzten baitira Zareko “San Nicolás” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren jarduerak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aldeko txostena egin du aldi baterako bertan behera uzteko Zareko “San Nicolás” ikastetxe publikoaren jarduerak. Arrazoia da aurreikusten dela 2020-2021 ikasturtean ikasleen murrizketa bat izanen dela; eta ez du ematen epe labur edo ertainean gauzak aldatuko direnik, eta berriz ikastetxea zabalik edukitzeko adina ikasle egonen denik.

Familien eskaerari erantzuteko, Zareko haurren eskolatzea bermatuta egonen da hurrengo ikasturteetan. Horretarako, Zareko hiru haurrak, zeinak Lehen Hezkuntzako etapan baitaude, Oibarko “D. Gabriel Valentín Casamayor” HLHIP ikastetxe publikora joanen dira, hurbil dagoelako, eta aukera ematen duelako hizkuntza-ereduari eta landa eremuko hezkuntza proiektuari eusteko Kasedako eta Oibarko eskolekin.

Hori horrela, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Aldi baterako bertan behera uztea Zareko “San Nicolás” Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren jarduerak (ikastetxearen kodea: 31005267), 2020ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Eskolatzea Oibarko “D. Gabriel Valentín Casamayor” ikastetxean jarraitzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen dokumentazio akademikoa ikastetxe horretara bidaltzea, baita “San Nicolás” ikastetxeko ikasle ohiena ere, bertan artxibatu eta zaindu dezaten.

3. Adieraztea ezen, Zareko Udalak, ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxeko zuzkiduren inbentarioa itxi eta gero, eta dokumentazio akademikoa bidali eta gero, instalazioak erabil ditzakeela gizarte, kultura eta hezkuntza arloko jarduerak egiteko, ikastetxeko izaerarekin bateragarriak eta egokiak badira. Jarduera horiek amaituko dira instalazioak berriz ikastetxe moduan erabiltzeko behar direnean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Zareko Udalari jakinaraztea, eta adieraztea administrazioaren ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Lanpostuak Betetzeko Atalera, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Zerbitzu Osagarrien Atalera, 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Eskolatze Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, eta Oibarko ikastetxe publikoko zuzendaritzara.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2009788