2. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

89/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, eskumen batzuen erabilera Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskuordetzen diena.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren irailaren 30eko 37/2015 Foru Aginduaren bidez, eskumenak eskuordetzeko araubide orokor bat ezarri zen Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren alde, bere estatutuek berariaz esleitutako xede eta helburuen esparruan.

Berriki aldatu dira departamentuaren eta erakunde autonomoaren egiturak, baita unitate batzuen izena ere. Horregatik gomendagarria da foru agindu bat ematea eskumen batzuk Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskuordetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 12. artikulua da eskuordetze egintzaren lege oinarria, bide ematen baitu goi-organoen berezko eskumenen erabilera beren erakunde publikoei eta lotutako edo menpeko entitateei eskuordetzeko (kontseilariak goi-organoak dira), hori komeni baldin bada esleiturik dituzten helburuak lortzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, eta eskumen horiek bere gain hartu behar dituen erakundeak aldez aurretik onartzen baditu (badago onarpena kasu honetan).

Arrazoi horiek direla eta, komeni da foru agindu bat ematea; horren edukiari dagokionez, Nafarroako Zerga Ogasunak berretsi du eskumenen eskuordetza onartzen duela eta eskudantzien erabilera bateragarria dela esleituak dituen helburu eta xedeekin.

Bestalde, erakunde autonomoan egindako aldaketak direla-eta, gomendagarria da ordezkapenen araubidea indarrik gabe uztea (irailaren 30eko 37/2015 Foru Aginduaren 5. puntuan ezarritakoa), erakunde autonomoaren erabakimen esparruan beste bat ezar dadin.

Horrenbestez, aipatu arauek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskuordetzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari aipatu erakunde autonomoaren berezko gaietan dagozkion administrazio espedienteak ebazteko eskumenak, eskuordeezinak izan ezik.

Zuzendari kudeatzailearen kargua hutsik dagoenean, zuzendari kudeatzailea kanpoan edo eri denean edo ezintasunen bat duenean, bere ordezkoak erabili ahal izanen du eskumena.

2. Errekurtso administratiboak ebazteko eskudantziak aurreko apartatuan aipatzen den eskuordetzatik kanpo uztea.

3. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak noiznahi ere bereganatzen ahalko du edozein espediente edo auzigai.

4. Foru agindu honetako eskuordetza erabiliz ematen diren ebazpenetan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

Ebazpen horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, edo, bestela, berraztertze-errekurtsoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, tributu arloan ematen direnen kontra izan ezik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta hori garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera aurkaratzen ahalko baitira.

5. Indarrik gabe uztea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren irailaren 30eko 37/2015 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, zenbait eskumenen erabilera Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen esku utzi eta hura aldi baterako ordezteko araubidea ezarri zen.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2019ko abenduaren 17an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1916192