195. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

751/2019 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2020-2022ko Programa Nazionalaren barnean. DDBN identifikazioa: 520371.

Nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluak eta erlezaintzaren sektoreari ematen zaizkion laguntzei dagokienez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duen Batzordearen maiatzaren 11ko 2015/1366 Erregelamendu Delegatuak (EB) adierazten dute ezen, erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetu beharrez, estatu kideek 3 urteko programa nazionalak ezar ditzaketela erlezaintzaren sektorerako (erlezaintzako programak). Batzordearen erabaki bidez onesten dira programa horiek.

Batzordearen 2019ko ekainaren 12ko 2019/974 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko Espainiak (2020-2022 hirurtekorako eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduari (EB) jarraikiz) aurkeztutako programa, eta hauek ditu helburu nagusi: erlezaintzako ustiategien errentagarritasuna hobetzea, ekoizpen kostuak optimizatuz; erlauntzak egoera onean egotea; erlezain transhumanteei laguntzea dena delako tokian kokatzen eta garraioa egiten; sektorearen lehiakortasuna hobetzea; eta berrikuntza teknologikorako dinamika bat ezartzea ekoizpenari aplikatua.

Erlezaintzako programa aplikatzeko maila administratibo egokiena autonomia erkidegoena da; izan ere, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumenak autonomia erkidegoei transferituta daude eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko programa aplikatzea. Hala ere, Espainiako agintaritza eskudunak koordinaziorako esparru bateratu eta adostua ezarriko du.

Urriaren 27ko 930/2017 Errege Dekretuak erlezaintzarako laguntzen araubidea erregulatzen du urteko programa nazionalen barrenean, eta otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua aldatzen (azken horren bidez erlezaintzako ustiategien antolamendurako arauak ezarri ziren).

Araudi horrekin bat, bidezkoa da erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak emateko arauak eta 2020ko deialdia onestea.

Erlezaintzako programak aplikatzearen kostua Europar Batasunak (NBEUF funtsen bidez) eta Nafarroako Foru Komunitateak erdi bana kofinantzatuko dute.

Merkatuen Erregulaziorako Atalaren txostena ikusita, non proposatzen baita erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia onestea Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2020-2022ko Programa Nazionalaren barnean.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzen deialdiaren 2020ko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den bezala.

2. Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatean 2020rako.

3. Ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere onestea, laguntzak eskatzeko eredua eta gastuen moduluak ezartzen dituztenak.

4. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

5. 60.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako. Horietatik, 30.000,00 euro 2020ko Nafarroako Gastu Aurrekontuko “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea. NBEUF” izeneko 710001-71230-4700-414212 partidaren kontura izanen dira, eta beste 30.000,00 euro “Erlezaintzarako Berariazko Laguntza. 1308/13 E. 55. artikulua - 2020ko Programa” izeneko NBEUF 05 02 15 06 2320 023 lerroaren kontura.

6. Dirulaguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen hau Ekonomia Aferetarako Bulegora igortzea.

9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 12an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2020-2022ko Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen 2020ko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Nafarroako Foru Komunitatean oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia ezartzea da ebazpen honen xedea, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak emateko Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2020-2022ko Programa Nazionalaren barnean.

Bigarrena.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:

A) lerroa: “Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”.

1. Teknikariak eta espezialistak kontratatzea erlezainei eta erlezainen elkarteei informazioa eta aholkularitza teknikoa emateko, arlo hauetan: erleen osasuna, erlauntzaren erasotzaileen aurkako borroka, laborategiko analisiak, hazkuntza eta hautaketa, ustiategien ingurumen-optimizazioa, aholkularitza orokorra erlezaintzako produkzioan eta kudeaketan, baita erlezaintza klima-aldaketara egokitzeko praktiketan ere.

2. Prestakuntza ikastaroak eta etengabeko prestakuntzako ikastaroak antolatzea, egitea eta horietara joatea, aurreko apartatuen esandako gaiei buruz, erlezainen batasun eta elkarteetako erlezain, teknikari eta espezialistentzat, baita kooperatibetako erlezaintza laborategietako langileentzat ere, joan-etorriak ere aintzat hartuz.

3. Zabalkunde teknikorako bitartekoak.

4. Administrazioko langileak kontratatzea erlezaintzako osasun defentsarako taldeetan (ODT) aritzeko. Gehienez laguntzaile bat ODTko.

B) lerroa: “Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka”.

1. Barroosiaren kontrako tratamendu kimioterapikoak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak, albaitarien preskripzioen arabera aplikatuak. Albaitarien preskripziorik gabeko produktuen kasuan, tratamendua aplikatuko da produktuaren fitxa teknikoan biltzen diren jarraibideen arabera. 3 euro erlauntzako, gehienez.

2. Barroosiaren kontrako tratamenduak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak, erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak, albaitarien preskripzioen arabera aplikatuak. Albaitarien preskripziorik gabeko produktuen kasuan, tratamendua aplikatuko da produktuaren fitxa teknikoan biltzen diren jarraibideen arabera.

3. Erlezaintzako osasun defentsarako taldeak (ODT) sustatu eta sortzea, edo barroosiaren kontra borrokatzeko horien parekoa den figura, gaixotasun horren eta erlauntzaren erasotzaileen aurkako borroka koordinatzeko.

4. Erleak elikatzeko baimendutako produktuak erabiltzea, erlauntzaren bizitasuna hobetzeko (gainelikadura). Argizaria berritzea edo/eta araztea. Laguntza hau B) lerroko 1. eta/edo 2. neurrien onuradun diren erlezainei soilik ematen ahalko zaie, eta betiere 1. eta 2. neurrietako eskaerei erantzuteko premia finantzarioak estaltzen badira.

5. Vespa velutina eta beste espezie exotiko inbaditzaileak harrapatu, desagerrarazi, disuaditu eta kontrolatzeko tranpak, gai erakarleak, norbera babesteko ekipamenduak eta agintaritza eskudunak onartutako beste edozein neurri erostea.

6. Eskumena duen agintaritzak baimendutako protokolo ofizialik balego, prebentzio neurriak aplikatzea erle-txoriak erlauntzetan egindako kalteak murrizteko.

C) lerroa: “Transhumantzia arrazionalizatzea”.

1. Erlauntzak garraiatzeko baliabideak erostea, zaintzea eta hobetzea. Erlauntzak maneiatzeko materiala: garabiak, estaldura sareak, erlauntzak aldatzea errendimendua hobetzeko, eztia edo/eta polena erauzteko sistema higikorrak, baita transhumantzia errazteko beharrezkoak diren beste tresna eta ekipo batzuk, hauek salbuetsita: garraio ibilgailuak, erregaia, erleak elikatzeko produktuak eta argizaria.

2. Lapurreten aurkako zaintza edo babes sistemak edo geolokalizazio sistemak.

3. Kokaguneak, bideak eta zidorrak hobetzea eta prestatzea, bazter loredunak eta lugorri eztidunak sartuz, hau da, eztia egiten duten erleen eta beste polinizatzaile batzuen jarduerarako onuragarriak diren lore-espezieak dituztenak.

4. Erlauntzen erantzukizun zibileko aseguruaren kuota.

D) lerroa: “Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”.

1. Erlezainek eta erlezainen elkarteek eztia eta erlezaintzako produktuak analizatzeko zerbitzuak kontratatzea, ISO 17025 arauak akreditatzen dituen laborategietan eginak.

2. Erlezainen elkarteek laborategiak sustatu eta sortzea.

3. Eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk analizatzeko gailuak, kitak eta beste material batzuk erostea.

E) lerroa: “Erle azienda birpopulatzen laguntzeko neurriak”.

1. Erreginak hazteko inbertsioak (ernalketa nukleoak, inkubagailuak, erreginei intseminazio artifiziala egiteko materiala).

2. Aloktonoak ez diren arrazako edo/eta azpiespezieetako erreginak erostea, galtzen direnak ordezteko, baldin eta aurreko neurriko eskaerei erantzuteko finantza premiak estaltzen badira.

G) lerroa: “Merkatuari egindako jarraipena”.

1. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteek erlezaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoaren azterketak egitea. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

2. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteek erlezaintzako produktu berriei edo/eta horiek aurkezteko modu berriei buruzko merkatu azterketak edo proiektu pilotuak egitea. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

3. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteek erlezaintzako produktuen merkatuei jarraipena egiteko zabalkunde teknikorako sistemak. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

H) lerroa: “Produktuen kalitatea hobetzea horien merkatuko potentziala areagotzeko”.

1. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteek teknikariak eta espezialistak kontratatzea erlezainei aholkularitza teknikoa eta informazioa emateko erlezaintzako produktuen merkaturatzeari dagokionez. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

2. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteek erlezaintzako produktuen kalitate figurak sustatzeko neurriak. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

3. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteentzako zabalkunde teknikorako sistemak, merkaturatze fasearekin lotuta daudenak. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

4. Tamaina esanguratsua duten erlezainen elkarteentzako inbertsioak, merkaturatze fasearekin lotuta daudenak. Tamaina esanguratsua dutela frogatuko da merkaturatutako ezti bolumenaren arabera, eta agintaritza eskudunak zehaztutako du, hala badagokio.

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagundutako jarduketa lerro bakoitzean jasotako zenbatekoak batu behar dira. Hona hemen lerro bakoitzerako ezarritako laguntza intentsitateak:

–“Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat” lerroko jardueretarako eskatutako gastuaren %95.

–“Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka” lerrorako eskatutako gastuaren %90.

–“Transhumantzia arrazionalizatzea” lerrorako eskatutako gastuaren %55.

–“Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen” lerrorako eskatutako gastuaren %55.

–“Erle azienda birpopulatzen laguntzeko neurriak” lerrorako eskatutako gastuaren %55.

–”Merkatuari jarraipena egiteko” eskatutako gastuaren %55.

–“Produktuen kalitatea hobetzea horien merkatuko potentziala areagotzeko” lerrorako eskatutako gastuaren %55.

2. Ehuneko horiek kalkulatzeko, diruz lagungarriak diren jardueretan egindako gastuaren zenbatekoa hartuko da oinarritzat, BEZa kontuan hartu gabe.

3. Deialdi honetan ezarritako laguntzak kofinantzatutzat hartuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nafarroako Gobernuak sistemaren finantzaketan parte hartuko du, gehienez ere neurriaren kostu osoaren %50 arte, eta gainerako %50 Europar Batasunaren NBEUF funtsekin kofinantzatuko da.

Laugarrena.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden eta erantzukizun zibileko aseguru bat duten banakako erlezaintzako ustiategien titularrak, pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

2. Onuradun izan daitezke, halaber, erlezaintzako kooperatibak eta berezko nortasun juridikoa duten eta beste batzuk ordezkatzen dituzten elkarteak, betiere gehienbat aurreko puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Nolanahi ere, laguntza jaso ahal izateko, bazkideek bi betebehar bete beharko dituzte: 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea.

3. Erlezain batek, jarduketa lerro batengatik, behin baino ez du jasoko laguntza bere ustiategi bakoitzarentzat, dela norberaren izenean dela kooperatiba edo elkarte bateko bazkide gisa.

4. Abandonatutako erlauntzek eta hilda daudenek ezin izanen dute laguntzarik jaso. Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da erlauntza dela erleen kolonia bat duen unitatea, eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk ekoizteko, edo erleak ugaltzeko materiala ekoizteko, baita haiek bizirauteko beharrezkoak diren elementu guztiak ere.

5. Laguntza hauek lortu ahal izateko, halaber, eskakizun hauek beteko dituzte erlezainek:

a) Erlezaintzako jarduera egiten aritzea 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, salbu titularrak titulartasuna lortu badu aurreko titularraren heriotzagatik, erretiroagatik edo laneko ezintasunarengatik, betiere titular berriak titulartasuna lortzen badu aurrekoaren oinordetzagatik, erretiroagatik edo laneko ezintasunagatik eta gehienez ere haren laugarren gradua arteko ahaidea bada. Halaber, ezinbesteko kasuak baldintza horretatik salbuesten dira. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon behar dute 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Urtean, gutxienez, barroosiaren kontrako tratamendu bat egitea, ezti erleen gaixotasunen kontrako programa nazionala ezarri eta arautzen duen maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. Ondorio horietarako, tratamendurako entrega-albarana lortu dela justifikatzean ulertuko da tratamendua egin dela.

c) Erantzukizun zibileko asegurua izatea.

d) Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea. Ondorio horietarako, ulertuko da betetzen dela baldin erlezaina bada Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen erlezaintzako ustiategiaren titularra, 2020-2022ko Erlezaintzako Plan Nazionalaren 2.1 atalarekin bat.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Bosgarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren baldintzak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titularra den pertsona fisiko edo juridiko bat denean:

–Eginen den jardueraren memoria laburra, aurreikusitako zenbatekoak jasotzen dituena.

–Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.

–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

–Baldin eta III. eranskinean, “Gastuen moduluak” izenekoan, jasota ez dauden gastuak badira, eta, zazpigarren oinarrian zehazten den modura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunez hornitzeko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuan, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu behar du, zeinak izan behar baitute zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik eginak, salbu eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki baldin proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.

–Erlezaintzako ustiategiaren erregistro liburuan erlauntz kopuruari eta motari eta ustiategi motari buruzko dokumentazioa jasotzen duten orrien kopia.

b) Eskatzailea erlezaintzako kooperatiba bat bada edo erlezainak ordezkatzen dituen elkarte bat:

–Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ez badira.

–Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.

–Entitatea osatzen duten eta erantzukizun zibileko asegurua duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta bakoitzaren erlauntzen zentsu eguneratua.

–Eginen den jardueraren memoria laburra, aurreikusitako zenbatekoak jasotzen dituena.

–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

–Baldin eta III. eranskinean, “Gastuen moduluak” izenekoan, jasota ez dauden gastuak badira, eta, zazpigarren oinarrian zehazten den modura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunez hornitzeko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuan, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu behar du, zeinak izan behar baitute zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik eginak, salbu eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki baldin proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

–Erantzukizun zibileko asegurua egiaztatzen duen polizaren kopia.

–Erlezaintzako ustiategiaren erregistro liburuan erlauntz kopuruari eta motari eta ustiategi motari buruzko dokumentazioa jasotzen duten orrien kopia. Elkartea osatzen duten erlezainen jabetzakoak izanik, laguntza eskaera egin duen ustiategi bakoitzaren dokumentazioa aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori ofizioz egiaztatuko du dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, salbu eta dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz aurkakoa adierazten badu; hala balitz, dokumentazioa aurkeztu egin beharko da.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluarekin bat, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ofizioz egiaztatuko dira.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. 2020rako eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaizkio eskaerak; baliabide telematikoak erabiliz egin beharko da Erregistro Orokor Elektronikoan Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera fisikoki ere aurkezten ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da eta Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz jaso behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Zazpigarrena.–Kostuak moderatuak izatea.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak dio proposatutako kostuen moderazioa egiaztatu behar dela, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du. Ondorio horietarako, eta bermatzeko egiatan aplikatzen dela kostuen moderazioaren printzipioa erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzetan, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2020-2022ko Programa Nazionalaren barnean, baita 2020ko deialdian ere, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) III. eranskinean, “Gastuen moduluak” izenekoan, jasotako moduluen aplikazioa.

b) Baldin eta III. eranskinean, “Gastuen moduluak” izenekoan, jasota ez dauden gastuak badira, eta, oinarri honetan zehazten den modura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. atalarekin bat, diruz lagungarria den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunez hornitzeko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuan, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu behar du, zeinak izan behar baitute zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik eginak, salbu eta, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki baldin proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

2. Eskatzaileak aurkezturiko aurrekontua eta egiaztapenaren ondoriozkoa, zein den txikiena, hura izanen da laguntza jasoko duen aurrekontua.

3. Kostuen moderazioa aplikatu dela egiaztatzeko kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta, hala bada, azken ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, pertsona onuradunak, laguntza eskaerarekin eta/edo azken ordainketaren eskaerarekin batera, behar diren agiriak ere aurkeztuko ditu (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.), legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasuna zehatz-mehatz azalduta.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean eginen da, eta, finantzaketa-lerroen lehentasunei dagokienez, Europako Batzordeak komunikatutako eta onetsitako Erlezaintzako Plan Nazionalean ezarritako aurrekontuko zuzkiduran ezarritako lehentasunak aplikatuko dira, hots:

B) lerroa: “Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka”.

C) lerroa: “Transhumantzia arrazionalizatzea”.

A) lerroa: “Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”

H) lerroa: “Produktuen kalitatea hobetzea horien merkatuko potentziala areagotzeko”.

D) lerroa: “Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”.

G) lerroa: “Merkatuari egindako jarraipena”.

E) lerroa: “Espainiako erle azienda birpopulatzen laguntzeko neurriak”.

2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, oinarri arautzaile honen 1. atalean ezarritako hurrenkera hartuko da kontuan, bai eta puntuazio honen arabera ezarritako irizpide objektiboak ere:

a) Laguntza jasoko duten ustiategien tamaina: hots, dena delako neurriagatik laguntza jaso dezaketen erlauntzen kopurua, nola ustiategien titularrek jasotako eskaeretarako hala legez aitortutako erlezain elkarteek eta osasun defentsarako taldeek aurkeztutako eskaeretarako (gehienez 5 puntu). Gehieneko puntuazioa emanen zaio dena delako neurriagatik laguntza jaso dezaketen erlauntzen kopuru handiena duen eskaerari. Gainerako proposamenak erlauntz kopuruarekiko modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira laguntza eskaeraren egunean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako erlauntzen kopurua.

b) Honako arau hauen bidez aitortutako kalitate berezituko figuren araubideetan parte hartzea (puntu 1): Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 Erregelamendua (EB), nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoa, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamendua, produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoa eta zeinaren bidez indargabetu baitzen Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua; edo autonomia erkidegoko araudi bidez aitortutako kalitate markak. Ustiategien titularrek edo legez aitortutako erlezain elkarteek aurkeztutako eskaerei aplikatuko zaie.

Ondorio horietarako, dagokion erakunde ziurtagiri-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Eskatzailea legez aitortutako abeltzaintzako osasun defentsarako talde bateko kide izatea (puntu 1).

Ondorio horietarako, abeltzaintzako osasun defentsarako talde gisa aitortuta dagoela dioen frogagiria aurkeztu beharko du eskatzaileak.

d) Eskatzailea erlezaintzako kooperatiba batekoa izatea (puntu 1).

Ondorio horietarako, eskatzailearen izen soziala egiaztatuko da, kooperatibakoa den ikusteko.

e) Ustiategi eskatzaileek titulartasun partekatuak izatea, urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritakoaren ondorioetarako (urriaren 4ko 35/2011 Legea, nekazaritzako ustiategien titulartasun partekatuei buruzkoa), edo titularra nekazari gazte bat izatea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako definizio eta baldintzen arabera (haren bidez ezarri ziren Europako Batasunaren Nekazaritza Politikaren esparruko laguntza araubideen ondorioz nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketan aplikatzeko arauak, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetu ziren): irizpide hauek aplikatuko zaizkie bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskaerei bai legez onartutako erlezainen erakunde edo elkarteek aurkeztutako eskaerei, atal honetan ezarritako irizpidea betetzen duten neurrian (puntu 1).

Ondorio horietarako, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu titulartasun partekatua edo nekazari gaztea izatearen frogagiriak.

f) Eskatzaileak barroosiaren kontrako tratamenduak erabiltzea, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak, erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak (gehienez 4 puntu): Gehieneko puntuazioa nekazaritza ekologikoarekin bateragarriak diren tratamenduen kopuru handiena duen eskaerari emanen zaio. Gainerako proposamenak nekazaritza ekologikoarekin bateragarriak diren tratamenduen kopuruarekiko modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

Eskatzaileak adierazi beharko du ea barroosiaren kontrako tratamenduak erabiltzen dituen, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak eta erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak, eta, baiezkoa bada, zein diren zehaztu.

3. Gutxienez bost puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan.

4. Gertatuko balitz behar adina kreditu ez izatea osorik estaltzeko arestian ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera finantzatutako jarduera, salbuespen gisa eta betiere laguntza honen helburu kolektiboa kontuan hartuz eta laguntzaren xede betetze aldera, agintaritza eskudunak lerro horretara bideratutako laguntza jasotzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten onuradun guztien artean banatuko du jarduera honetarako erabilgarri dagoen kantitatea; hala gertatuko balitz, beraz, hainbanaketa eginen da.

Bederatzigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak harturik, egiaztatuko da ea laugarren oinarriko lehenengo puntutik bosgarrenera arteko puntuetan ezarritako betebeharrak betetzen al dituzten. Ezezkoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezartzen duenarekin bat, eskatzaileari jakinaraziko zaizkio eskabidean atzeman diren akatsak, edo zer frogagiri falta den tramitatu ahal izateko. Era berean, 10 eguneko epe bat ezarriko da akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko. Epe horretan akats horiek zuzentzen ez badira, eskaera atzera egintzat hartuko da, eskudun den organo administratiboak ebazpena eman eta gero.

2. Merkatuen Erregulaziorako Atalak eskaerak baloraturik, laguntzak emateko ebazpen proposamena eginen du Nekazaritza Zerbitzuak, eta, hartan, zehaztuko da zer zenbateko finantzatu diren Nafarroako Foru Komunitatearen funtsekin eta Europar Batasunaren funtsekin.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera balioduna behar bezala beterik aurkezten denetik hasita. Epea ebazpenik espresuki eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamargarrena.–Laguntzaren onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

Hamaikagarrena.–Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

2. Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

5. Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

6. Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

7. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

8. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren xedea bete dela justifikatzeko modua.

Onuradunek erlezaintzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko baldintzak hobetu dituztela frogatu beharko dute, laguntza ematen den urtean, laguntzen lerroetako bakoitzean, eta hobekuntzari buruzko agiri guztiak aurkeztuko dituzte. Hautatzen diren erlezainei in situ eginen zaizkien ikuskapenen bidez ere egiaztatuko dira hobekuntzak.

Orobat, ordainketa eskaerarekin bat, erlezainen eta erlauntzen zerrenda eguneratua aurkeztu behar dute.

1. Aipatutako A) lerrorako (“Laguntza teknikoa”): ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrenden, teknikarien kontratuen, aldizkari edo informazio liburuxken bidezko zabalkundearen eta egindako gastu eta ordainketen fakturen bidez frogatuko da.

2. Aipatutako B) lerrorako (“Barroosiaren kontrako borroka”): barroosiaren kontra borrokatzeko erlezainek egiten dituzten tratamenduetarako erabiltzen diren produktuen banaketako albaranen eta haien fakturen eta ordainagirien bidez frogatuko da.

3. Aipatutako C) lerrorako (“Transhumantzia arrazionalizatzea”): erlauntzen erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopiaren bidez frogatuko da.

4. Aipatutako D) lerrorako (“Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”): eztiaren analisiaren inguruko zerbitzuen kontratazioari dagozkion gastuen fakturen eta ordainagirien bidez frogatuko da.

5. Aipatutako E), G) eta H) lerroetarako (“Espainiako erle azienda birpopulatzen laguntzeko neurriak”, “Merkatuari egindako jarraipena” eta “Produktuen kalitatea hobetzea horien merkatuko potentziala areagotzeko”, hurrenez hurren): egindako gastuak eta ordainketak fakturen bidez frogatuko dira.

6. NBEUFek kofinantzatutako Erlezaintzako Planari dagokion eta elkarte bat osatzen duten erlezain guztiek edo batzuek egin duen edo duten jarduera baten kasuan, jarduera egiten duten bazkideek kanon bat ordaindu behar badute, laguntzaren onuradunak frogatu beharko du ekarpen hori ez dagokiola gastu hautagarrien finantzaketari, edo jarduera horren gastu hautagarriei egozten zaien kanonaren zatiak ez duela gainditzen dirulaguntzak finantzatzen ez duen zenbatekoa.

Hamahirugarrena.–Laguntzaren ordainketa kalkulatzea.

1. Oinarri arautzaile hauetako laugarren oinarriarekin bat, honako hiru baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dira baliozkotutako erlezain gisa:

–Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

–Urtean barroosiaren aurkako tratamendu bat gutxienez egitea; tratamendurako entregako albarana aurkeztuz frogatuko da.

–Erantzukizun zibileko asegurua izatea.

–Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea. Ondorio horietarako, ulertuko da betetzen dela baldin erlezaina bada Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen erlezaintzako ustiategiaren titularra, 2020-2022ko Erlezaintzako Plan Nazionalaren 2.1 atalarekin bat.

2. Baliozkotutako erlauntzak baliozkotutako erlezainenak dira, eta honako balio hauetako txikiena onartuko da:

–Laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den egunean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan erregistratutako erlauntzen zentsua.

–Laguntza ordaintzeko eskaeran deklaratutako erlauntzak.

–Laguntza eskaeran aurkezten den aseguru polizan agertzen den erlauntz kopurua.

–In situ kontrola egiten den kasuetan, dagokion kontroleko aktan adierazitako erlauntzak.

Baldin laguntza eskaera aurkeztu ondoren eskatzaileak aldaketarik atzematen badu erlauntz kopuruan, aldaketa horien berri ematen ahal dio Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroari, eta kontuan hartuko da, betiere ez bada ikuskapenen aldia hasi, aldez aurreko abisuarekin. Behin aurreabisua eginda, ez da onartuko zentsuko inolako aldaketarik, salbu ezinbesteko kasuetan.

3. Laguntzaren ordainketa honela kalkulatuko da:

a) A) lerrorako (“Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”), laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako eta onartutako fakturak hartuko dira oinarritzat, deialdi honen III. eranskineko moduluetan zehaztutako mugak kontuan hartuz, hala balegokio.

–Zehazki, “Teknikariak eta espezialistak kontratatzea erlezainei eta erlezainen elkarteei ekoizpenaren gainerako aholkularitza orokorra emateko, bai eta laguntza teknikoa eta informazioa emateko ere arlo hauetan: erleen osasunean, erlauntzaren erasotzaileen aurkako borrokan eta laborategien arloan” atalaren kasuan, erlezainen kooperatibei edo elkarteei baliozkotutako gastuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa koefiziente batez biderkatuko da; koefiziente hori honako eragiketa honen emaitza izanen da: baliozkotutako erlauntz kopurua zati elkartekideen guztirako erlauntz kopurua.

–“Erlezainentzako prestakuntza ikastaroak antolatzea, egitea eta horietara joatea, bai eta erlezainen elkarte eta taldeetako teknikari eta espezialisten eta kooperatibetako erlezaintza laborategietako langileen etengabeko prestakuntza ere, joan-etorriak barne” atalaren kasuan, kooperatibei edo erlezainen elkarteei baliozkotutako gastuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa koefiziente batez biderkatuko da; koefiziente hori honako eragiketa honen emaitza izanen da: erlezain baliozkotuen kopurua zati elkartekideen guztirako kopurua.

–“Zabalkunde teknikorako sistemak” atalaren kasuan, zenbatekoa kalkulatzeko honako hau eginen da: zabalkunde material bakoitzaren kostua bider zabalkunde hori jaso duten erlezain baliozkotuen kopurua.

–”Administrazioko langileak kontratatzea erlezaintzako osasun defentsarako taldeetan (ODT) aritzeko” atalari dagokionez, ODTen gastu baliozkotuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa koefiziente batez biderkatuko da; koefiziente hori honako eragiketa honen emaitza izanen da: baliozkotutako erlauntz kopurua zati elkartekideen guztirako erlauntz kopurua.

b) B) lerrorako (“Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka”), tratamendu bakoitzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako eta onartutako justifikazio fakturak hartuko dira oinarritzat, deialdi honen III. eranskineko moduluetan zehaztutako mugak kontuan hartuz, hala balegokio. Baliozkotutako gastua, beraz, honela kalkulatutakoa izanen da: baliozkotutako erlezainek egin eta onartuak izan diren tratamenduak bider tratamendu bakoitzaren zenbatekoa.

c) C) lerrorako (“Transhumantzia arrazionalizatzea”), baliozkotutako erlezainak kontuan izanda, laguntza ustiategi profesionalek baino ez dute jasoko. Ondorio horietarako, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean 150 erlauntz edo gehiago dituztenak hartuko dira ustiategi profesionaltzat, otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 2.g artikuluarekin bat. Baliozkotutako gastuak zehazteko, erlezain profesionalen erlauntz baliozkotuen kopurua bider kontratatutako erantzukizun zibileko aseguruan erlauntz bakoitzak duen kostua eginen da.

d) D, E, G eta H laguntza lerroetarako, erlezainen kooperatibei edo elkarteei dagokienez, baliozkotutako gastuak zehazteko, onartutako fakturen zenbatekoa koefiziente batez biderkatuko da; koefiziente hori honako eragiketa honen emaitza izanen da: baliozkotutako erlauntz kopurua zati elkartekideen guztirako erlauntz kopurua.

4. Behin baliozkotutako gastuak ezarritakoan, lerro bakoitzean gehienez ere finantzatuko diren gastuak kalkulatzeko, deialdi honen hirugarren oinarrian adierazitako ehunekoak aplikatuko zaizkie baliozkotutako gastuei.

5. Gehienez aplikatuko den dirulaguntza honako zenbateko hauetan txikiena izanen da:

–Laguntza lerro bakoitzerako baliozkotutako gastuen batura.

–Deialdi honetan baimendutako gastuaren zenbatekoa, ebazpen honen ebazpen zatiko 4. puntuarekin bat.

Hamalaugarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzaren erdia honako partida honen kargura ordainduko da: 2020ko Nafarroako Gastu Aurrekontuko “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea. Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa (NBEUF)” izeneko 710001-71230-4700-414212 partida. Gainerako %50a, berriz, honako honen kargura: “Erlezaintzarako Berariazko Laguntza. 1308/13 E. 55. artikulua - 2020ko Programa” izeneko NBEUF 05 02 15 06 2320 023 lerroa. Betiere, egindako gastu eta ordainketak justifikatu eta baliozkotu ondoren.

2. Laguntzak kobratzeko, onuradunek, laguntza aldatzeko jakinarazpenetik 10 egunera beranduenez, aurkeztu beharko dute, ordaintzeko eskaerarekin batera, 2019ko abuztuaren 1etik 2020ko uztailaren 31ra bitarteko gastuen frogagiriak (hamabigarren oinarrian aipatuak).

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. 2015/1366 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, laguntza hori bateraezina izanen da jarduera beragatik jaso daitekeen beste edozeinekin, eta batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduari dagokionez eman daitezkeenekin, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programarekin bat.

2. Estatuko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Hamaseigarrena.–Kontrolak eta zehapenak.

1. Kontrol administratiboak eta tokian bertakoak eginen dira, Batzordearen abuztuaren 6ko 2015/1368 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eginen dituzte kontrolak.

Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 59.1 artikuluarekin bat, laguntza eskaera eta ordainketa eskaera guztien kontrol administratiboa eginen da sistematikoki. Horrenbestez, laguntza eskaera guztiei kontrol administratiboak eginen zaizkie, eta, bereziki, diruz lagundutako kostuen frogagiriak egiaztatuko dira. Kontrol administratiboak tokian berean egindako ikuskapen fisikoekin osatuko dira.

2. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzaren zatiaren araubide juridiko orokorraren erregulazioari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da. Lege hori Europar Batasuneko funtsen kontura finantzatutako dirulaguntzei zuzenean aplikatzen zaizkien arauen osagarri izanen da.

3. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

4. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Batzordearen abuztuaren 6ko 2015/1368 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2009 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari ere.

5. Oker jasotako ordainketen kasuan, 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluaren 1. apartatuan, 58. artikuluaren 1. apartatuaren e) letran edo 63. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat errekuperatutako zenbatekoari dagokion interesa kalkulatzeko, Batzordearen abuztuaren 6ko 908/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 27. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan. Exekuzio erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio xedapenak ezarri ziren erakunde ordaintzaileei eta bestelako erakunde batzuei, finantza kudeaketari, kontuen likidazioari, kontrolei buruzko arauei, bermeei eta gardentasunari dagokienez.

6. Arduradunek iruzur edo axolagabekeria larria eginez gero, onuradunek, bidegabeki jasotako ordainketak eta dagozkion interesak itzultzeaz gain 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 63. artikuluarekin bat etorriz, beste zenbateko hau ere ordaindu beharko dute: hasieran ordaindutako zenbatekoa ken dagokien zenbatekoa.

Hamazazpigarrena.–Onuradunen publizitatea eta informazioa.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluarekin bat argitaratuko dira.

2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduarekin bat (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena –Datuak babesteko erregelamendu orokorra–), datu pertsonalak direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.

II. ERANSKINA

Erlezaintzarako laguntza eskaera (2020-2022 hirurtekoa). 2020. urtea. (PDFa).

III. eranskina

Gastuen moduluak

GASTU KONTZEPTUA

ERREFERENTZIAZKO GEHIENEKO KOSTUAK (BEZik gabe)

A) lerroa: “Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”

TEKNIKARIAK ETA ESPEZIALISTAK

Kostua/Erlezaintza kanpaina

25.150,60 euro

B) lerroa: “Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka”

BARROOSIAREN KONTRAKO TRATAMENDUA

Izen komertziala

Aurkezpen komertziala

Kostea / unitateko

BAYVAROL 3,6 MG (Fluimetrina)

Erlauntzetarako 4 zerrenda

2,33 euro

APIGUARD gela (%25 timola)

10 erretilu

19,02 euro

APIVAR (Amitraz)

Erlauntzetarako 10 zerrendako zorroa

12,50 euro

CHECKMITE (Cumafós)

Erlauntzetarako 10 zerrendaren poltsa

17,00 euro

ECOXAL (azido oxalikoa)

250 gramoko poltsa

40,00 euro

THYMOVAR (Timol)

Erlauntzetarako 10 zerrendaren poltsa

19,00 euro

MASQ ACIDO FORMICO 68,2 GR (Azido formikoa)

Erlauntzetarako 2 zerrendako zorroa

4,80 euro

APITRAZ (Amitraz)

Erlauntzetarako 10 zerrenda labur

12,15 euro

ERLAUNTZEN GEHIEGIZKO ELIKADURA

Izen komertziala

Aurkezpen komertziala

Kostea / unitateko

APIFONDA

2,5 kg-ko poltsak

2,20 euro

ARGIZARIA BERRITZEA

Izen komertziala

Aurkezpen komertziala

Kostea / unitateko

ARGIZARIA

kg

9,02 euro

ARGIZARI ESTANPATUZKO LAMINA

Lamina (alea)

0,88 euro

C) lerroa: “Transhumantzia arrazionalizatzea”

ERANTZUKIZUN ZIBILEKO ASEGURUA

Kostua erlauntz bakoitzeko

1,05 euro

Iragarkiaren kodea: F2009334