195. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

298/2020 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak 2019-2020 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aurkezturiko txostenean, adierazi du komenigarria dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia argitaratzea, izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019-2020 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. 750 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 3an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia, 2019-2020 ikasturtekoa

Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2019-2020 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Ebazpenaren xedea.

Ebazpen honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean, norgehiagokako araubidean, 2019-2020 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia egitea da.

Hiru sari esleituko dira gehienez.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako izangai izan daitezke, aldez aurretik inskribaturik, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa Espainiako ikastetxeetan egin izana, dela araubide presentzialean, dela urrutiko araubidean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren esparruan ezarritako aukeretako edozeinetan.

–Ikasketa horiek deialdian zehazten den ikasturtean bukatu izana Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, etapako irakasgai guztiak gaindituta dituela amaierako ebaluazio arruntean.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetan, orokorki, 8,75eko batez besteko nota edo handiagoa izatea. Batezbestekoa ateratzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetako irakasgai guztietako kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu horretan ez dira kontuan hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.

–Azken kalifikazioa “bikain” lortu izana Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailan, probaren xede diren irakasgai hauetan: Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza eta Literatura D ereduan, Lehen Atzerriko Hizkuntza eta Matematika.

Hirugarrena.–Izena emateko prozedura eta epea.

1. Aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. ikasmaila zein ikastetxetan egin duten, hartantxe, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik 2020ko irailaren 11ko 14:00ak arte. Eskabidea II. eranskinari jarraikiz beteko da, eta, horrekin batera, NANaren edo egoiliarren identifikazio-txartelaren kopia aurkeztu beharko da.

2. Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2020ko irailaren 18ko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari Bigarren Hezkuntzako ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasoko dena eta behar bezala sinaturik eta zigilaturik egonen dena. III. eranskineko inskripzio-orriaren araberako ziurtagiriak ere baliozkoak izanen dira, behar bezala beterik, sinaturik eta zigilaturik badaude. Bai eskabideak, bai ziurtagiriak, telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

3. 2020ko irailaren 24an, onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baita baztertutakoena eta haiek baztertzeko arrazoia ere, webgune honetan horretarako prestatutako fitxan:

http://centcms06/home_es/Servicios/ficha/7049/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria

4. Behin-behineko zerrendan izan litezkeen okerrak zuzentzeko eskaerak eta erreklamazioak irailaren 25eko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

5. Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda irailaren 30ean argitaratuko da.

6. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu horretarako prestatutako web-orrian:

http://centcm06/home_es/Servicios/ficha/7049/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria

7. Ikasleek probaren emaitzen aurkako erreklamazioa aurkezten ahal dute, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

8. Izan litezkeen akatsen zuzenketak eta interesdunen erreklamazioak, bai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari egindakoak, baita probaren kalifikazioei egindakoak ere, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira, ahal dela. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkezten bada, interesdunak, erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu sie/hiz@navarra.es helbidera erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

9. Izangaiak azken kalifikazioaren arabera ordenaturik, handienetik txikienera banatuko dira sariak. Proposatzen den sari kopuruak ez du gaindituko deialdiko sari kopurua.

10. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, ezarritako ordenan, berdinketa hautsi arte:

a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio hoberena, arau honen bosgarren oinarrian ezarritako ordenan.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota hoberena.

c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren araberakoa. Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketa bat egiten du urtero, Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak zer ordenatan arituko diren zehazteko, eta zerbitzu horrek egindako azken zozketan ezarritako letratik hasiko da aipatutako ordena alfabetikoa.

11. Epaimahaiak 2020ko urriaren 25erako izan beharko ditu bukatuak bere lan guztiak.

Bosgarrena.–Probaren egitura eta kalifikazioa.

1. Indarreko araudian ezarritako curriculum elementuak hartuko dira erreferentziatzat probetan, eta hiru ariketa izanen dira:

a) Lehenbiziko ariketan, hizkuntza komunikazioan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira, Gaztelania eta Literatura irakasgaiarekin lotuak (edo Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiarekin, D ereduko ikasleentzat). Ariketak honako hauek izanen ditu: gaztelaniazko testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa egitea (edo euskarazkoa, D ereduko ikasleentzat), eta hizkuntzari edo literaturari buruz planteatzen diren galderei erantzutea.

b) Bigarren ariketan, Matematikan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira. Galderei erantzun beharko zaie eta/edo ariketa praktikoak ebatzi eta/edo problemak ebatzi, irakasgai hauek berezkoak dituen edukiekin loturik: Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika edo Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika, segun zer irakasgai ikasi duen ikasleak, inskripzioan hala jasota.

c) Hirugarren ariketan, hizkuntza gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak jorratuko dira, Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaiarekin lotuak. Kulturako, literaturako edo dibulgazioko testu bat eman, eta horren gainean ulermeneko eta idatzizko adierazpeneko lanak egin beharko dira.

2. Probak 2020ko urriaren 2an eginen dira Iruñeko Basoko BHIan.

3. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.

4. Ariketa bakoitzak kalifikazio bakarra izanen du, 1etik 10era artekoa, gehienez bi dezimalekin. Probaren azken kalifikazioa ikasleak hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia. Batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dituzte ariketa bakoitzean.

6. Ariketetan aplikatuko den prozedurari esker, ariketak zuzentzen diren bitartean ezin izanen da jakin nor den egilea.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan adituak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzeko ardura izanen du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.

Zazpigarrena.–Sarien esleipena.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak 250 euro gordineko zuzkidura izanen du, 200 euro garbi PFEZaren %20ko atxikipena egin ondoren, eta ordainduko da 2020ko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.

3. Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.

Zortzigarrena.

Deialdi honen eta beronen ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Inskripzio-orria, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sare Berezietarako deialdikoa, 2019-2020 ikasturtekoa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikasketen ziurtagiria, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdikoa, 2019-2020 ikasturtekoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2009362