195. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 5ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita toki-erakundeek kirol anitzeko programak egin ditzaten 2020-2021 ikasturtean. DDBN identifikazioa: 519022.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol-jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Era berean, Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea toki-erakundeen bitartez.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.e artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea denek kirol-jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Bultzatzea eta begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko kirol-jarduerak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola adinean sustatuko da, josteta edo lehia xede duen ariketa fisikoa eta kirol-jarduera sustatuz.

Helburu horiek izanik, eta adin goiztiarretan ariketa fisikoa modu egituratu eta antolatuan egin dezaten sustatzeko eta garatzeko zereginean bide berri bat sortzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) toki-erakundeek eskainitako eta antolatutako kirol anitzeko programak sustatu nahi ditu.

Nafarroako Foru Komunitatean, toki-erakundeak dira gehien eta ongien lantzen eta bultzatzen dutenak kirolaren eta ariketa fisikoaren garapena eta sustapena herritarren sektore guztietan, bi arrazoirengatik funtsean: herritarrengandik hurbil egoteagatik eta kasuan kasuko kirolaren, gizartearen eta kulturaren errealitatea ezagutzeagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuak foru agindu honen bidez aurten ere toki-erakundeen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu duten ariketa fisiko-ludikoa zein jostetakoa sustatzea eta handitzea, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzako kirol anitzeko programak antolatuz eta garatuz.

Deialdi hau urte anitzeko gastu baten espedienteari dagokio, 2021eko ekitaldiari partez baizik ez baitio eragiten. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 13ko 29/2019 Foru Aginduak epe ertaineko programazio ekonomikoa (Urte Anitzeko Esparru Ekonomikoa) onesten du eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak jarraitu behar dituen irizpideak ezartzen ditu Nafarroako Gobernuaren urte anitzeko espedienteak tramitatzeko, 2019-2022 eperako. Foru agindu horrek ezartzen duenarekin bat, aipatu urte anitzeko gastua baloratzeko txostena egin da.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea toki-erakundeek kirol anitzeko programak egin ditzaten 2020-2021 ikasturtean.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4609-336100: Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak

2020

12.000,00

A50002-A5110-4609-336100: Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak

2021

30.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 5ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako toki-erakundeek kirol anitzeko programak susta ditzaten, 2020-2021ean, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira zati batean ordaintzeko 2020ko irailetik 2021eko abuztura bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak.

2.–Helburua.

2.1. Programa hauen helburua da 6 eta 8 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, betiere ume-umetatik kirolean espezializatu gabe eta adin horietan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bultzatuz.

Horrenbestez, jarduerek modu integralean landuko dute garapen pertsonala, soziala eta motorra, osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarri diren aldetik, eta kontuan hartuta, betiere, lehia ez dela inoiz helburu izanen.

Horrez gain, balioetan oinarritutako hezkuntza ere sustatuko da antolatutako jarduera fisiko guztietan, eta, besteak beste, garrantzi berezia izanen dute joko garbiak, adiskidetasunak, hobera egin nahiak, inklusioak, integrazioak eta abarrek. Izan ere, balio horiek txiki-txikitatik transmititu eta erakutsiz gero, eguneroko bizitzara estrapolatu daitezke. Alderdi hau “Kirolaren balioak” izeneko ekintza planaren berariazko helburu batean dago jasota.

2.2. Aurkezten den programak bermatu beharko du baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatzen dela jardueren eskaintza; hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzak, ohiko kirol edo jarduera fisiko “femeninoen” eta “maskulinoen” arteko estereotipoak hauts daitezen. Alderdi hau “Kirola eta emakumea” izeneko planarekin dago lotuta, kirolean hastea helburu duen jarduketa lerroaren barnean.

Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke dagokien erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako toki-erakundeak.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira NKIren beste deialdi zehatzago batzuen xede diren edo haietan jasota dauden kirol anitzeko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak egiten dituzten toki-erakundeek.

4.2. Deialdi honen barnean sartzen dira kapital osoa udalarena duen merkataritzako sozietate baten bidez kirol-jarduerak antolatzen dituzten toki-erakundeak.

4.3. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik (III. eranskina).

–Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osorik edo partzialki. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean (III. eranskina).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea (III. eranskina).

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak– ezartzen denez, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion toki-erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena ziurtagiri hori badutela eskola-umeei zuzendutako kirol anitzeko programez arduratzen diren eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek. (III. eranskina).

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5.–Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 42.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida hauen kargura:

–12.000 euro 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, 2020ko irailaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

–30.000 euro, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra arte egiten diren kirol anitzeko programetarako.

5.2. Edonola ere, dirulaguntza emateko baldintza izanen da dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski egotea.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

a) Programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

d) Programako jarduerak egiteari dagozkion gastuak.

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.

g) Osasun arreta: anbulantziari eta osasun zerbitzu teknikoari dagozkien gastuak.

h) Programa garatzeko behar diren beste gastu batzuk.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko irailaren 21ean.

7.2. Dirulaguntza eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

7.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

7.4. Eranskin guztiak eskuragarri egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan eta http://www.deporte.navarra.es webgunean.

8.–Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, Nafarroako Kirolaren Institutuak prestatutako ereduekin (eranskinak) bat:

1. Eskaera (III. eranskina).

2. Kirol anitzeko programa:

2.1) Jarduera fisikoen plana (IV. eranskina).

–Lortu gogo diren helburuak. Orokorrak eta berariazkoak.

–Eskainiko diren kirol-jarduera fisikoen zerrenda.

–COVID-19ari dagokionez indarrean dauden osasun eta kirol baldintza eta neurrien deskribapena.

–Planteatutako kirol-jarduera fisiko bakoitzean jorratuko diren lan-ildoak.

1.–Jarduera bakoitzaren edukien deskribapena.

2.–Aurreikusitako parte-hartzaile guztien kopurua (sexuka banatuta) eta haien adina.

3.–Jarduera bakoitzaz arduratzen diren teknikariak: izen-deiturak, adina, titulazioa eta ematen duten jarduerarekin lotutako esperientzia.

4.–Jardueretan sustatu beharreko balioak (adiskidetasuna, berdintasuna, joko garbia, integrazioa, ahalegina, inklusioa...) baloratzeko eta erregistratzeko adierazleak.

5.–Inplikatutako pertsonek (parte-hartzaileek, monitoreek, koordinatzaileek eta inplikatutako bestelako langileek) programan izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleak.

6.–Jardueren egutegia, ordutegia eta non eginen diren (tenporalizazioa).

2.2) Zabalkunderako plana (IV. eranskina).

–Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: liburuxkak, iragarki-taulak, webguneak, sare sozialak (Twitter, Facebook, Tuenti).

Zabalkunderako plan horrek bermatuko du euskara komunikazio guztietan agertzen dela (paperak, inskripzio-orriak, kartelak, hedatzeko baliabideak, megafonia eta publizitate leloak), bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan Nafarroako bertako hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudiarekin eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuarekin, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko; halaber, hizkuntza inklusiboaren erabilera bermatuko du, Nafarroako emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko 33/2002 Foru Legearen 1.1 c) artikulua oinarri hartuta: “Generoaren ikuspegia txertatzea administrazioaren jarduketa guztietan”.

2.3) Plan ekonomikoa (V. eranskina).

–Diru-sarreren eta gastuen guztirako aurrekontua, epe bakoitzaren arabera xehakatuta.

3. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak eta Nafarroako Foru Ogasunak egindako ziurtagiriak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen dutena, egiaztatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Foru Ogasunarekiko betebehar guztiak.

Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKIk egiaztapen hori zuzenean egiteko, eskaeran zer adierazten den (III. eranskina).

4. Gardentasun betebeharraren inprimakia (VI. eranskina), 18. oinarriaren arabera.

9.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

11.–Balorazio irizpideak.

Jarraian, balorazio irizpideak zehaztu dira, zein bere haztapenarekin, eta, hartara, lehentasun-hurrenkera bat ezartzen ahalko da: (gehienez ere 45 puntu).

A) Jarduera fisikoen planaren kalitatea: 38 puntu gehienez

A.1. Jarduerak zenbateraino egokitzen diren deialdian proposatutako edukietara. 22 puntu gehienez.

(Jarduera guztiak egokiak badira, 22 puntu gehienez. Jardueretako batzuk baino ez badira egokiak: 5 puntu gehienez)

A.2. Edukiak eta jarduerak askotarikoak izatea. 5 puntu gehienez

A.3. Programarekin izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena. 5 puntu gehienez.

(Behar adina deskribatuz gero, 5 puntu; hein batean deskribatuz gero, 2 puntu; ez badira deskribatzen, punturik ez).

A.4. Berdintasunaren ikuspegia edo lehentasuna duten beste alderdi batzuk txertatzea (dibertsitate funtzionala duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak): 6 puntu gehienez.

–Gizarte-bazterketako arriskuan dauden familietako parte-hartzaileak: 2 puntu

–Behar bereziak dituzten parte-hartzaileak: 2 puntu.

–Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak: 2 puntu.

B) Zabalkunderako planaren kalitatea: 5 puntu gehienez

Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: liburuxkak, taulak, sare sozialak... (gehienez ere 5 puntu).

C) Genero ikuspegia: 2 puntu:

Proiektua idaztean, hizkeraren erabilerari dagokionez, genero ikuspegia kontuan hartzea balioetsiko da.

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei. Azken postuan berdinketa izanez gero, jarduera fisikoen planaren kalitatean puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

12.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, hartara haien artean lehentasuna ezarriko baita 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

12.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 6.000 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitzarentzat, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

12.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 11. oinarrian agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.–Ebazpenak.

13.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

13.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespena ebatziko da.

13.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Kirolaren Institutuaren iragarki-taularen bidez argitaratuko dira.

13.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, administrazio berak emanak izan, nahiz beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

14.–Frogagiriak.

Bi epealditan aurkeztuko dira frogagiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:

14.1.a) 2020ko abenduaren 2ra arte, 2020ko irailaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako programengatik:

1. Dokumentazio teknikoa:

1.1. Talde bakoitzaren fitxa (VII. eranskina. 1. fitxa).

1.2. Dena delako datara arte egindako programaren balorazioa.

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–Lehen epealdian egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren zehaztea.

–COVID-19ari dagokionez, hartu diren neurrien eta baldintzen deskribapena. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: higieniko-sanitarioak, edukiera, mugikortasuna, joan-etorririk bada, eta beste batzuk, programatutako jarduerei aplikatuak.

2. Dokumentazio ekonomikoa.

2.1. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu ziren eguna jasoko dira (VII. eranskina. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Faktura eta ordainagiri horien ordez, toki-erakundeko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Ikastaroen eta programaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda. (VII. eranskina. 3. fitxa).

2.3. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki-erakundeak frogatu beharko du 1. epealdiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean 2020ko abenduaren 31 baino lehen. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da 2021eko otsailaren 15a baino lehen.

2.4. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (VIII. eranskina).

14.1.b) 2021eko irailaren 13ra arte, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egindako eta diruz lagundutako programarengatik.

1. Dokumentazio teknikoa:

1.1. Talde bakoitzaren fitxa. (VII. eranskina. 1. fitxa)

1.2. Egindako programaren balorazioa.

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–COVID-19ari dagokionez indarrean dauden osasun eta kirol baldintza eta neurrien deskribapena.

–Egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren, eta horiek baloratzeko aukeratutako sistemaren azalpena.

–Ebaluazioen emaitza.

–Programaren publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, esaterako, fotokopiak, 17.7 oinarriaren arabera.

–Hobetu beharreko alderdiak.

2. Dokumentazio ekonomikoa.

2.1. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu ziren eguna jasoko dira. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Faktura eta ordainagiri horien ordez, toki-erakundeko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Programaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda. (VII. eranskina. 3. fitxa).

2.3. Entitatearen langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki-erakundeak frogatu beharko du PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

2.4. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (VIII. eranskina).

Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

15.–Dirulaguntza nola eta noiz ordaindu.

15.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz

15.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

15.3. Bi zatitan ordainduko zaie entitate onuradunei banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 14. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17.–Bete beharrekoak.

17.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

17.3. Onuradunek adierazten dute ez direla ari betetzen zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (III. eranskina)

17.4. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

17.5. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan errespetatzera osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, eta, halaber, beharturik egonen dira datozen hilabeteetan ezar daitezkeenak betetzera ere.

17.6. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.8. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

17.9. Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz lagundutako programetan parte hartzen duten toki-erakundeek egiaztatu behar dute ziurtagiri hori.

17.10. 18. oinarrian gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak betetzea.

18.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitateek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak (VI. eranskina).

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Toki-erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

19.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen baldin horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

19.3. Kontratistek toki-erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki-erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki-erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

20.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

20.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

20.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

21.–Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

22.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen IX. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

23.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki-erakundeek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

24.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Kirol anitzeko programaren ezaugarriak

1.–Programaren helburu orokorrak.

–Ahalmen fisikoak garatzea oinarrizko abilezia motorren bidez, betiere txiki-txikitatik espezializazioa lortzeko asmorik gabe eta umearen garapen integrala lortze aldera.

–Balio eta abilezia sozialak eskuratzea, zeinetan errespetua, joko garbia, inklusioa, adiskidetasuna, hobera egin nahia eta berdintasuna oso garrantzitsuak izanen baitira eta aintzat hartuko baitira modu batera edo bestera.

–Jarduera fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak barneratzea, eta ariketa fisikoa jolasarekin eta esperientzia atseginekin lotzea, hartara bizitza guztian zehar aktibo egoteko jarrerak hartuko baitituzte.

–6 eta 8 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).

–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko nukleo gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.

2.–Berariazko helburuak:

–Hautemate eta motrizitate abileziak eta oinarrizko abilezia motorrak aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko beharkizun errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere.

–Motrizitate abilezia eskuratzea. Horretarako, ezinbestekoa da abilezia motorrak, emozioak, sentimenduak eta jarrerak behar bezala baliatzea planteatutako egoeretan parte hartzen dutenengan.

–Motrizitate aldetik zer potentzial duten jakitea eta oinarrizko gaitasun motorrak garatzea.

–Abilezia sozialak eta komunikazio abileziak bereganatzea, bai eta errespetu, joko garbi, adiskidetasun, hobera egin nahi eta berdintasunaren aldeko jarrerak ere, talde rolak hartuz.

–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak, dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz.

–Laguntzeko, enpatizatzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak eta ohiturak hartzea, baita autonomia pertsonalari eta erantzukizunari lotutakoak ere.

–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.

–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.

3.–COVID-19arekin lotutako segurtasun-neurriak.

Programan sartutako jarduera guztiek izan beharko dituzte osasun eta kirol agintariek COVID-19ari buruz ezarritako baldintzak eta neurriak.

4.–Edukiak.

Esperimentazioa eta norberaren motrizitate aukerak areagotzen dituzten jarduerak izan behar dute, jarduera fisiko eta kirol-jarduera gehienetan lantzen diren abileziak baliatuz, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, etab.

–Motrizitate jolasak eta jolas tradizionalak.

–Kirol aurreko jolasak.

–Lankidetza-jolasak eta -erronkak.

–Ordezko jokoak.

–Gorputz adierazpenarekin lotutako jarduerak.

–Zenbait modalitateren arteko nahasketa berritzaileak.

–Izaera ludikoko erakustaldiak eta/edo topaketak. Ahal bada, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen Kirol Anitzeko Jardunaldiekin batera koordinatuta.

4.–Programaren iraupena eta datak.

4.1. Programa 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egin beharko da.

4.2. Programaren iraupena 8 hilabetekoa izanen da gutxienez.

4.3. Talde bakoitzak astean 2 saio izan beharko ditu gutxienez, bakoitza 50 minutukoa.

5.–Taldeen eta monitoreen ezaugarriak, eta parte-hartzaileen adinak.

5.1. 6 umek gutxienez osatuko dituzte taldeak; hala ere, ohiz kanpoko kasuak baloratu eginen dira.

5.2. Parte hartzeko adinak 6 eta 8 urte bitartekoak dira.

5.3. Monitoreek prestakuntza eta esperientzia izan behar dute zuzentzen duten jarduerari dagokionez. (Hasierako dokumentazioan frogatuko da).

Baldin eta toki-erakunde batek aurkezten badu 5.1 eta 5.2 apartatuetan ezarritako mugak betetzen ez dituen talderen bat, NKIri txostena bidali beharko dio arrazoiak azalduz; balorazio batzordeak taldea onartzearekin ados dagoen ala ez adieraziko du.

6.–Kirol anitzeko topaketak.

6.1. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaileen arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.

6.2. 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat kirol anitzeko programa bat duten toki-erakundeen arteko topaketak antolatzen ahalko dira.

Topaketa horiek antolatzen dituen toki-erakundeak bere kirol anitzeko programan sartzen ahalko ditu, eta deialdi honetako dirulaguntza jasoko dute.

6.3. Kirol anitzeko programa baduten toki-erakundeek Nafarroako Kirol Jokoetako kirol anitzeko jarduerak antolatzen laguntzen ahalko dute.

7.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

7.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

7.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.

8.–Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9.–Osasun laguntza.

Toki-erakunde onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte-hartzaile guztientzat.

Iragarkiaren kodea: F2008829