189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

625/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zezenketetarako aziendarendako laguntzak emateko oinarri arautzaileak xedatzen dituena, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan, eta 2020ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 517369.

COVID-19k Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) atalak), Gobernuak alarma egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, osasun krisiari aurre egiteko. Alarma egoera sei aldiz luzatu da; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez (COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatzen du, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan).

Zezenketetarako aziendaren esparruan, osasun alorreko krisialdi hau dela-eta, eten egin dira zezenketak; horrek nahasmendu orokorra ekarri du jarduerara oro har, eta diru-sarrerak izugarri murriztu dira, kontraturik ez baita egiten. Hori horrela, abeltzainek sakrifikatu egin behar izan dituzte hainbat abere, eta beren azienda murriztu behar izan dute, animaliak mantentzeko gastuei aurre egin ezinik. Abereak masiboki sakrifikatzeak hainbat kalte dakartza. Besteak beste, azpimarratzekoa da jarduera horietan erabiltzen diren arrazen berezitasunak direla-eta, ondare genetikoa galtzen dela, bereziki Nafarroako Kasta, galzorian dagoen arraza, hain zuzen ere. Gainera, mota horretako abereak gure udalerrietako eta kontzejuetako herri lurretan eta belazeetan larratzeak dakartzan mesedeak murriztu egin dira.

Horrenbestez, COVID-19 gaitzak herritarrei eta gizarteari eragindako osasun larrialdiko egoeran kokatu behar dugu laguntza hau, kontuan harturik, orobat, COVID-19ak Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu dituela, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragin dio, hainbat bidetatik eta zenbait modutan. Hori horrela, enpresa guztiek likidezia eta finantzaketa izateko aukera bermatzeaz gainera, kontuan hartu behar da, osasun arloko krisialdi honetan agerian geratu dela lehen sektorea behar-beharrezkoa dela elikagai hornidura bermatzeko; horrelaxe adierazten du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 15. artikuluak, eta hura bermatzeko neurriak hartzeko betebeharra ezartzen die agintari eskumendunei.

Bestalde, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak, xedapen indargabetzaile bakarraren 2. puntuaren bidez, prozedura hau izapidetzen jarraitzeko bidea ematen du. Hortaz, indargabetu egiten du, 2020ko ekainaren 1etik aurrera ondorioak dituela, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria, sektore publikoko erakundeek prozedurak izapidetzeko administrazio epeak etenarazten zituena.

Egoera berezi honetan, laguntzak baliabide garrantzitsuak dira, administrazio publikoek osasun arloko krisialdi honen eragin soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa leuntzen lagundu dezaten. Laguntza honen xedea da abereak mantentzeko abeltzainek ordaindu beharreko gastuen zati bat estaltzea, batez ere honako hauekin lotutakoak: abereen elikadura; haien haragiaren errentagarritasun urria, arraza horiek ez direlako haragi salmentarakoak; mantentze kostu altuak, zainketa bereziak behar dituztelako; eta osasun arrazoiak direla medio, haiei egin beharreko jarraipen ofiziala.

Buru onargarri bakoitzeko 90 euroko laguntza ematea proposatzen da, Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 Jakinarazpenean xedatutakoarekin bat, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruari dagokionez. Esparru berri horrekin, eta haren C(2020) 2215 eta C(2020) 3156 aldaketekin (2020ko apirilaren 3an eta 2020ko maiatzaren 8an onetsiak, hurrenez hurren), Europako Batzordeak estatu mailako laguntzako aldi baterako neurri gehigarriak finkatu ditu, bateragarriak jo direnak EBFIren 107. artikuluaren 3. ataleko b) letrarekin. Neurri horiek oso azkar onesten ahal dira, dagokion estatu kideak jakinarazpena egin eta berehala, betiere, proposatutako neurriak ekonomiaren asaldura larri bati aurre egiteko beharrezkoak, egokiak eta neurrikoak direla egiaztatzen bada. Estatuko denbora esparru horretan, laguntzak ez dira izanen 100.000 eurotik gorakoak enpresa bakoitzeko, dirulaguntza zuzen gisa.

Espainiar Estatuko lurralde administrazioek aipatutako C(2020) 1863 Jakinarazpen horren babesean antolatutako laguntza erregimen guztiak estaltze aldera, estatuko agintariek haien laguntza erregimenaren berri eman diete Europako Batzordearen zerbitzuei, “Egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparrua” izenburupean, 02-04-2020 [C(2020) 2154 amaiera] baimen zenbakiz, SA.56851 kodearekin (2020/N), eta, hain zuzen ere, horren babesean garatu dira Ebazpen honetan aurreikusten diren laguntzak.

2019ko abenduaren 31n krisialdian ez zeuden enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntza hauek, iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n ematen ahalko dira.

Ebazpen honi aplikagarri zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Zezenketetarako aziendarendako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan, Ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan.

2. Onestea 2020an zezenketetarako aziendarendako emanen diren laguntzen deialdia.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratzen ahal dena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 750.000 euroko gastua baimentzea, ‘’Nekazaritza Sektorerako Laguntzak’’ izeneko 710001 71230 4700. 414200 COVID-19 kontu sailaren kargura.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta haren I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, ondotik gertatzen bada.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Zezenketetarako aziendarendako laguntzen oinarri arautzaileak eta laguntzen 2020ko deialdiaren onespena. Laguntza horiek egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan emanen dira

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da onestea zezenketetarako aziendarendako laguntzen oinarri arautzaileak, eta laguntzen 2020ko deialdia onestea. Laguntza horiek egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan emanen dira. Neurri honen xedea da zezenketetarako behi azienda mantentzeko abeltzainek ordaindu beharreko gastuen zati bat estaltzea, ekonomian asaldura larria eragin duen egoera honetan likidezia emanez; bestela, animalia horiek sakrifikatu egin beharko lituzkete, eta horrek ondare genetikoa galtzea dakar, arraza horien berezitasunagatik, eta, gainera, abere horien larratze estentsiboak mesede handia egiten dio ingurumenari.

2. Neurria bat dator Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 Jakinarazpenean xedatutakoarekin, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruari dagokionez.

3. Egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako enpresendako eta autonomoendako laguntza neurriei buruzko estatuko denbora esparruarekin bat datoz laguntza hauek (2020ko apirilaren 2ko C(2020) 2154 Erabakia, SA.56881 (2020/N) laguntza kodea), eta haren babesean garatu da Ebazpen honetan aurreikusten den laguntza.

4. Edonola ere, Europako Batzordeak Erabaki horretan finkatutako baldintzen mende geratzen da laguntza araubide honen aplikazioa eta interpretazioa.

Bigarren oinarria.–Laguntzaren onuradunak.

1. Laguntza hau jasotzen ahalko dute zezenketetarako ganaduaren ustiategien jabe hazleek, betiere, ustiategi horiek Nafarroako Foru Komunitatean badaude, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (AUEO) izena emanda badaude. Gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2019ko abenduaren 31n krisialdi egoeran ez egotea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 14. atalarekin bat (erregelamendu horrek zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (2014-07-01eko EBAO, L 193) 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta krisialdian egotea edo hastea data horren ostean, COVID-19ren agerraldiaren ondorioz.

b) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

2. Onuradunek Nafarroan izan behar dute egoitza fiskala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte.

Hirugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza honela emanen da: zenbateko jakin bat baldintza orokorrak eta oinarri hauetan finkatutakoak betetzen dituen abere bakoitzeko. Zehazki, laguntzaren gehienezko zenbatekoa 90 eurokoa izanen da abere onargarri bakoitzeko.

2. Gutxienez 10 abere onargarri izan beharko dira.

3. Laguntza hau jasotzeko eskubidea duten animalien kopurua zehazteko, ustiategian lau datatan zeuden animalia onargarriak hartuko dira kontuan: urtarrilaren 1ean, otsailaren 1ean, martxoaren 1ean eta apirilaren 30ean. Lau data horietan egindako azterketetan ikusitako abereen batezbestekoa hartuko da kontuan, abere kopurua zehazteko.

4. Laguntza osoa dirulaguntza zuzen gisa emanen da, eta, gehienez ere, 100.000 eurokoa izaten ahal da enpresa bakoitzeko. Gehienezko zenbateko hori zenbateko gordin gisa hartuko da; hau da, zergarik eta atxikipenik gabe.

5. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n ematen ahalko dira.

6. Laguntza hauek ez dira finkatuko merkaturatutako produktuen prezioaren edo kopuruaren arabera.

Laugarren oinarria.–Abere onargarriek bete beharreko baldintzak.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (AUEO) izena emanda dauden zezenketetarako arrazako behin aziendako abereek, 8 hilabetetik gorakoek, bai eta ustiategi beretako otzanek edo joaldunek ere. Horiek guztiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

–Identifikatuta eta erregistratuta egotea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1760/2000 (EE) Erregelamenduarekin bat (behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema eta behi haragiari eta horretatik eratorritako produktuei etiketak jartzeko sistema ezartzen du, eta Kontseiluaren 820/1997 (EE) Erregelamendua indargabetzen du), eta irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuarekin bat (behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen du).

–Laguntza eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan zehapen irmorik jaso ez izatea, osasunaren eta animalien ongizatearen alorretako legeren bat bete ez izanagatik.

–Ustiategiek, aurreko denboraldian, herri jaietan baimendutako zezenketaren batean parte hartu izatea, edo zezenketak bertan behera utzi izanak haien jardueran eragin zuzena izatea, 2019ko jaialdi denboraldiaren ondoren sortu diren ustiategiei dagokienez izan ezik. Egoera hori ofizioz aztertuko da, Abeltzaintza Zerbitzuan dagoen Abereen Mugimenduen Erregistroaren bidez, edo, hala badagokio, agiri bidez justifikatuta.

Bosgarren oinarria.–Eskatzailearen betebeharrak.

Eskatzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritako xedapenak betetzea, horren bidez abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezartzen baita.

–Abere onargarriak dauden ustiategia Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (AUEO) izena emanda egotea.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak laguntza eskaeraren eredu aurregrabatu bat igorriko die zezenketetarako abereen ustiategiei, eta hor jaso beharko dituzte ustiategiaren eta onargarritzat jotzen dituzten abereen datuak, hirugarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

Behin eskabidea jasotakoan, 10 eguneko epean, harekiko adostasuna adieraziz, sinatua itzuli beharko zaio inprimakia Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Gobernuaren webguneko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Interesduna ez badago ados, eskabidea jaso eta 10 eguneko epean, egoki irizten dituen alegazioak aurkeztu beharko ditu.

2. Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntzaren eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Ebazpen honen bigarren oinarriko 1. puntuko a) eta b) idatz-zatietan xedatutako baldintzak betetzen dituela dioena.

b) Eskatzaileak estatuko denbora esparruaren edo erkidegoko denbora esparruaren baitan jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena; hau da, indarrean dagoen zerga ekitaldian diruz laguntzen ahal diren gastu beretarako jaso dituen aldi baterako laguntza guztiak, araubide honi jarraikiz, edo egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruari buruzko Batzordearen Jakinarazpenari jarraikiz.

Zazpigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Laguntzaren guztirako zenbatekoak deialdi honetan finkatutako gehienezkoa gainditzen badu, buru bakoitzeko zenbatekoa murriztuko da proportzionalki, onetsitako zenbatekoa deialdi honetan finkatutako zenbatekora egokitu arte.

Zortzigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Behin eskaerak jasotakoan, Ebazpen honen lehenengo oinarritik bosgarren oinarrira bitartekoetan (biak barne) xedatutako baldintzak betetzen dituzten ala ez aztertuko da. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean gabezia hori zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren aztertuko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu-base ofizialetan azterketa administratiboak eginez.

2. Eskaera ebaluatu eta gero, laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen da. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Laguntza onartu baino lehen, organo eskumendunak ziurtatu beharko du ez direla gainditzen erkidegoko denbora esparruan eta estatuko denbora esparruan finkatutako gehienezko zenbatekoak, eta betetzen direla Ebazpen honen hamahirugarren oinarrian laguntza bat baino gehiago batera jasotzeari buruz aurreikusitako baldintzak. Laguntza onartu ostean ikusten bada ez dela bete laguntza bat baino gehiago batera jasotzearekin edo gehienezko zenbatekoekin lotutako baldintzaren bat, onuraduna dirulaguntzen itzularazte prozeduraren mende geratuko da, hamaseigarren oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

Hamaikagarren oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza eman den ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, hasieran eman zituen datuak aldatzen ez badira behintzat.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenez gain, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntza bat baino gehiago batera jasotzea.

1. Laguntza hauekin batera, xede bererako beste batzuk ere jasotzen ahal dira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat emandakoak (erregelamendu horrek zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat emandakoak (Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Betiere, erregelamendu horietan laguntza bat baino gehiago batera jaso ahal izateko xedatutako arauak bete beharko dira, eta, laguntza horiek guztiak batuta, ezin izanen dira gainditu erkidegoko denbora esparruan edo estatuko denbora esparruan finkatutako laguntza intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak.

2. Estatuko denbora esparru honetan finkatutako laguntzarekin batera, Batzordearen erabaki baten bidez bateragarritzat jotako beste laguntzaren bat jasotzen ahalko da, edo beste edozein laguntza, Erkidegoko jarraibideekin bat, betiere, dagozkion jarraibideen finkatutako intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak gainditu gabe.

Hamalaugarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira itzulketak, arau hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamabosgarren oinarria.–Emandako laguntzak argitaratzea eta jakinaraztea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Laguntzaren kudeatzaileak laguntza-araubidearen eta estatuko denbora esparruaren baitan 10 urtetan zehar emandako laguntzen erregistro xehatua gorde beharko du. Erregistro horietan, ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko behar den informazioa gordeko da, eta aurkeztu egin beharko dira, Europako Batzordeak eskatuz gero.

3. Laguntzaren kudeatzaileak konpromisoa hartzen du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari helarazteko, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren Erakunde Europarrekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoko Atalaren bidez, laguntza onartu zaien enpresen zerrenda, enpresa bakoitzari onartutako laguntzaren zenbatekoa eta estatuko denbora esparruan dagokion kategoria adierazita.

4. Azkenik, Europako Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 794/2004 (EE) Erregelamenduari jarraikiz (erregelamendu horren bidez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 108. artikulua aplikatzeko arau zehatzak ezartzen dituen Kontseiluaren 2015eko uztailaren 13ko 2015/1589 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dira) Batzordeari aurkeztu beharreko urteroko txostenetan jasoko dira laguntza hauek.

II. ERANSKINA

Laguntza eskaera zezenketetarako ganaduarendako, estatuko laguntza neurrien denbora esparruan, eta 2020rako laguntzen deialdia onestea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2008295