189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

323/2020 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntzak ematea arautzen duena nekazaritzako lanbide erakundeek informazioko, orientazio profesionaleko eta enpresen prospekzioko jarduketak egin ditzaten. DDBN: 518443.

COVID-19ari eusteko ezarritako isolamendu egoerak eta haren hedapena dela-eta ezarritako mugen itxierak eragozpen handiak ekarri dituzte langileak lortzeko nekazaritzako elikagaien sektorean. Horrek arriskuan jarri du produktuen bilketa, bai eta geroago merkatuetara eramatea ere.

Enplegatzaileek langileak dituztenean, aparteko neurriak hartu behar dituzte, langileak lanean ari daitezen beharrezko higiene neurriekin.

Bestalde, azken asteotan arau ugari eman dira nekazaritzaren jardunaren produkzioari, antolamenduari, logistikari, merkaturatzeari eta abarri buruz, eta laguntzak onetsi dira egoera konplexu honen ondorioak arintzeko.

Oinarrizkoa eta presazkoa da harremana izatea langileekin eta enplegatzaileekin, informazioa eta aholkuak eman dakizkien eta jasota geldi dadin zer eragozpen gainditu behar den krisiaren ondorioz; hala, administrazioak neurriak har ditzake segurtasuna emateko osasunaren eta ekonomiaren aldetik.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NL-NEZ) erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ebazpen honen eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileak eta dirulaguntzen deialdia, nekazaritzako lanbide erakundeek informazioko, orientazio profesionaleko eta enpresen prospekzioko jarduketak egin ditzaten.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko “Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak” izeneko 95001 96100 4819 241108 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 31n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Deialdi honen xedea da baldintzak eta betebeharrak arautzea nekazaritzako lanbide erakundeei dirulaguntzak emateko, informazioko, orientazioko eta prospekzioko jarduketak egin ditzaten nekazaritzako sektorean. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Jarduketa diruz lagungarriak.

Honako ekintza hauek jaso dezakete dirulaguntza:

–Informazioko, orientazioko eta prospekzioko jarduketak, lan merkatuan leku hobea izan dezaten nekazaritza sektorean enplegua bilatzen dutenek eta errazagoa izan dadin besteren konturako enplegua bilatzea.

–Informazioko, motibazioko edo aholkularitzako jarduketak edo beste prozedura batzuk, errazten dutenak enplegu eskatzaileen autoenpleguaren ekimenak atzeman eta dinamizatzea.

–NL-NEZarekin koordinatzea nekazaritza sektoreko enplegatzaileekin komunikatzea eta zehaztea zer eragozpen dagoen kontratazio arloan.

–Prospekzioa egitea eta identifikatzea zer premia dagoen lanpostuak betetzeko eta lan arloko trebakuntza eta bitartekotza egiteko.

–Informazioa eta aholkularitza, aktibazioa eta kontratazioa sustatzeko kontratuei eta neurriei buruz.

–Enplegu eskaintzak biltzea.

Jarduketa horiek denek helburu izan behar dute enplegua sustatzea nekazaritza sektorean.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak

A.–Dirulaguntzarekin entitatearen gastuak ordainduko dira; zehazki, hauen ingurukoak:

a) Langileen arloa:

1. Proiektuaren zuzendaritza, urteko 39.000 euro bitarte, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

2. Lanbide orientazioko teknikariak, urteko 33.250 euro bitarte teknikari bakoitzeko, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

3. Administrazio laguntzako langileak, urteko 26.600 euro bitarte langileko, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.

Hiru kasu horietan, dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

b) Gastu orokorrak:

1.–Gastu orokorrak, materialak eta teknikoak, jarduketak egitean sortzen direnak.

2.–Jarduketak egiteko behar diren dietengatik eta joan-etorriengatik sortzen diren gastuak.

3.–Teknikari orientatzaileen prestakuntza.

4.–Jarduketak egiteko behar diren baliabideen eta tresnen diseinua, garapena eta prestaketa.

Langileen guztirako kostuen %25 arteko dirulaguntza eman daiteke, gastu orokor hauek direla eta: funtzionamendua, material teknikoak, eta ekintzak egoki garatzeko egiten diren joan-etorrietako gastuen ondoriozko dietak.

Gastu guztiak dirulaguntzaren xede den aldian egin beharko dira.

B.–Dirulaguntza jasoko duen kostua kalkulatzeko irizpideak:

Proiektuan aurreikusitako jarduketetan arreta emateagatik 900 aldiz, dirulaguntza hau emanen da:

–Teknikari bat, lanaldi osokoa.

–Zuzendari bat, lanaldiaren %25ekoa.

–Administrazio laguntzako langile bat, lanaldiaren %25ekoa.

Aipatu laguntzak proportzioan handitu edo murriztuko dira teknikarientzat eta administrarientzat, kontuan harturik arreta bederatziehun aldiz baino gehiagotan edo gutxiagotan ematen den.

C.–Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 70.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.

4. Entitate onuradunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, nekazaritzaren lanbide erakundeek ez dute irabazi-asmorik izan behar, 2. oinarrian zehaztutako jarduketak egin behar dituzte, eta kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar adinako egitura eduki, baita gaitasun teknikoa eta kudeaketarako gaitasuna ere.

Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritzako lanbide erakunde gisa legez eratua izatea.

b) Irabazi-asmorik gabeko elkartea izatea.

c) Lantoki bat Nafarroan izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

5. Egin nahi diren jarduerek eta haiek egiten dituzten profesionalek bete beharrekoak.

Entitate eskatzaileek egin beharreko jarduerek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen 2. oinarrian jasotako jarduketekin zerikusia duen jarduera bat izatea.

b) Entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.

c) Jarduerak, gutxienez, 2020ko ekainaren 15etik abenduaren 15era egitea.

d) Orientazio, aholkularitza eta informazio zerbitzuak ematen dituzten teknikariek diplomaturaren, graduaren edo lizentziaturaren titulu bat eduki behar dute, halako zerbitzuak emateko prestakuntza egokia duena: Zuzenbideko lizentziatura, Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, Lan Harremanetako diplomatura edo Lan Harremanetako gradua, Psikologia, Psikopedagogia, Pedagogia edo pareko tituluak, Laneko Arriskuen Prebentzioko goi mailako masterra, Lanbide Orientazioko masterra. Teknikariek ez badute aipatutako titulaziorik, gutxienez ere, erdi edo goi mailako Lanbide Heziketaren titulua izan beharko dute, eta gutxienez urtebeteko esperientzia frogatu orientazioko, aholkularitzako eta informazioko jardueretan.

e) Proiektuari atxikitako langileak kontratatzeko, lan kontrataziorako legez aurreikusitako edozein modalitate erabili beharko da.

Baldintzetako bat ez betetzeak ekarriko du jarduerek dirulaguntzarik ez jasotzea.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

4. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntzarako eskaera, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Egin beharreko jardueren memoria zehatza.

c) Entitatea eratzeko eskritura edo akta, eta estatutuak, eta behar adinako ahalordetzea entitate eskatzailearen ordezkariarentzat, non ez den ordezkaritza hori estatutuen ondoriozko.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak badauka. Halakoetan, entitate eskatzaileak identifikatu beharko du zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

d) Adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeari buruz.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada.

f) Erantzukizunpeko adierazpena edo ziurtagiria, adierazteko aurreikusitako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa ez dela handiagoa langileria gastuak baino.

g) Proiektuari atxikitako pertsonen kontratuak eta titulazioa.

Eskaerak betetzen ez baditu adierazi diren betebeharrak, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinarazi eginen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.

5. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6. Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate eskatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea erakunde eskudunei informazioa eskatzeko, egiazta dezan aipatu entitateak betetzen dituela zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta ebazpena emateko behar diren beste edozein. Entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, kasuan kasuko agiriak erantsi beharko ditu.

7. Prozeduraren instrukzioa eta balorazio batzordea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko burua.

Idazkaria: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Ataleko teknikari bat.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak, balorazio batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko diona.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Behar izanez gero, proposatzen den diru-zenbatekoa hainbanatuko da lortutako puntuen arabera gutxieneko puntuazioa gainditzen duten onuradun guztien artean, Dirulaguntzei buruzko Foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan eta, beraz, puntuatuko.

Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da honako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen dituzten puntuazioaren arabera (35 puntu gehienez).

1. Arreta ematen duten pertsonen profil teknikoa.

Lanbide orientazioan edo prospekzioan egiaztatutako esperientzia urteak. Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, proiektuari atxikitako teknikari guztien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da puntuazioa. Puntu bat emanen da urte edo zatiki bakoitzeko, eta gehienez 5 puntu.

2. Entitatearen esperientzia (5 puntu gehienez).

Parte-hartze egiaztatua izatea administrazio publikoekiko enplegu programetan azken 10 urteetan, betiere nekazaritza sektorearen enplegagarritasuna hobetzeko jarduerak bazituzten. Gehienez puntu bat emanen da programako eta urteko.

Administrazio publikoek antolatzen ez dituzten programen kasuan, gehienez puntu erdia emanen da programako eta urteko.

Frogatzeko dirulaguntzak lortu direla edo hitzarmenak izenpetu direla, entitate eskatzaileak deialdiaren araua eta emakidaren ebazpena aurkeztu beharko ditu lehenbiziko kasuan, eta izenpetutako hitzarmena bigarrenean. Dagokion emakida edo izenpetzea agertzen ez bada, aurkeztutako agiriak ez dira kontuan hartuko.

Programaren emakida eta/edo hitzarmena izenpetzea NL-NEZri badagokio, entitate eskatzaileak idazki bat aurkezten ahalko du, finantzatutako programa eta deialdiaren edo hitzarmenaren urtea adierazita, ofizioz egiazta dadin.

Entitate eskatzailea administrazio publikoen eremutik kanpoko programak garatzeko hautatua izan bazen, agiri baten bidez frogatu beharko du, entitate emailearen izena, hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak adierazita. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek sinatu beharko du agiri hori.

3. Gastuaren efizientzia: Deialdian aurreikusitako jarduketetan arreta jaso duten pertsonen kopurua, proiektuaren kostuaren zenbatekoarekin alderatuta. Kostu ekonomikoaren eta emandako arretaren arteko ratioa: 15 puntu gehienez.

–40 euro arte: 15 puntu.

–45 euro arte: 10 puntu.

–50 euro arte: 8 puntu.

–55 euro arte: 6 puntu.

–60 euro arte: 4 puntu

–65 euro arte: 2 puntu.

–70 euro arte: 1 puntu.

–70 eurotik gora: 0 puntu.

4. Entitate eskatzailearen jarduketa-eremu geografikoa.

Gehienez 5 puntu emanen dira, eskala honen arabera:

–Entitateak enplegu agentzia baten lurralde eremuan jarduten badu (Altsasu, Agoitz, Lizarra, Lodosa, Iruña, Doneztebe, Tafalla, Tutera): 1 puntu.

–Entitateak bi enplegu agentziaren lurralde-eremuan jarduten badu: 3 puntu.

–Entitateak hiru enplegu agentziaren edo gehiagoren lurralde-eremuan jarduten badu: 5 puntu.

5. Egutegia eta ordutegia (5 puntu gehienez).

Entitateak erabiltzaileentzat, urtean, zenbat zerbitzu egun dituen baloratuko da:

–240 baino gehiago: 2,5 puntu.

–220 eta 240 artean: 2 puntu.

–200 eta 219 artean: 1 puntu.

–200dik behera: 0 puntu.

Egunean zenbat arreta ordu dauden baloratuko da:

–8 ordu eguneko: 2,5 puntu.

–6 ordu eguneko: 2 puntu.

–4 ordu eguneko: 1 puntu.

C.–Deialdian aurreikusitako diru zenbatekoa puntuaziorik onena lortzen duten erakundeen artean banatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

1.–Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Hala ere, berdinketa hausten ez bada, atal bereko 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrelaxe jarraituko da 5. irizpidera iritsi arte.

2.–Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

Balorazio hori egin ondoren erabilgarri gelditzen den aurrekontu-kreditua txikiagoa baldin bada zerrendako azken entitateak eskatu duen zenbatekoa baino, horren berri ematen ahalko zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

10. Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Administrazio ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Entitate onuradunen zerrenda.

–Dirulaguntza ukatu zaien entitateen zerrenda, eta ukatzeko arrazoia.

–Lortutako puntuazioa.

–Onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Guztira onartutako diru kopurua.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Laguntza emateko orduan aintzat hartu ziren inguruabar eta baldintzetan gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

d) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paperetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

f) Nafarroako Gobernuaren kontu-hartzailetza orokorrak egiten dituen finantza-kontrolerako jarduketa guztiak onartzea.

g) Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

12. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Dirulaguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

a) Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

b) Emandako dirulaguntzaren %50 kontura ordainduta, onuradunak eskatu ondoren eta, gutxienez diruz lagundutako jardueren %50 egin direla frogatzeko, memoria tekniko partzial bat aurkeztu ondoren, eranskinetan zehaztutako dokumentazioarekin batera behar bezala beteta dauden eranskinak erantsita dituena.

2. Gainerakoa edo dirulaguntza osoa jasotzeko, kasua zein den, onuradunak, abenduaren 20a baino lehenago, egindako jardueren exekuzio memoria bat aurkeztu beharko du, honako hau dakarrena: jardueren deskripzioa, kokalekua, langile kausatzaileen kopurua, aurreikusitako helburuak eta bete gabeko aurreikuspenak, eta, kasua bada, emaitzen balorazioa, zeini eranskinak gehituko baitzaizkio, bai eta deialdiaren 9. oinarriko irizpideen arabera dirulaguntzaren xedeko jarduerak egin direla frogatzen duten kasuan kasuko ziurtagiriak ere, behar bezala beteak, eta helburu berberarekin eskuratutako laguntza edo dirulaguntza publiko zein pribatuen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

Dokumentu-euskarrian (jatorrizkoak eta konpultsarako kopiak) eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira ziurtagiriak, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratutako ereduei jarraituz (www.nafarroa.eus).

3. Ordaintzeko modua edozein delarik ere, lehenengo ordainketa egin baino lehen, onuradunak frogatu beharko du 11.g) oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu duela oinarri horrexetan adierazitako dokumentazioa, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako dirulaguntzaren onuradun izateagatik. Ez da frogatu beharrik informazio hori eman dela, baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ez eta aurrerakinak eta konturako ordainketak ere.

Aipatu dokumentazioa berrikusi ondoren, espedientea itxiko da likidazio ebazpen egokiaren bidez.

Entitate onuradunak ziurtatu beharko du eman zaion dirulaguntzaren funtsak hartu dituela.

13. Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

14. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Nekazaritza sektoreko kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin.

Nolanahi ere, ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa behin ere ez da izanen, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuekin edo Espainiako edo atzerriko entitate publiko edo pribatuen dirulaguntza edo laguntzekin batera, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

Eskaeran aurreikusi ziren eta dirulaguntzaren xede izan diren jarduketa guztiak ez egiteagatik: zenbatekoa itzultzea edo murriztea, ez-betetze guztien kopuruaren arabera.

Emakidaren ebazpenean ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta lehenago aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

Emandako dirulaguntza osoa itzuli beharko da, halaber, baldin betetzen ez badira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak.

Entitateak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du, baina berandutze-interesak eskatu gabe. Emakidaren baldintzetako aldaketak ez dira onartuko, proposatutako kolektiboak ukitzen dituztenean.

16. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari beteko da.

17. Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat. Orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

18. Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19. Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu EB Erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Halaber, organo kudeatzaileak programetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

Iragarkiaren kodea: F2008607