189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

437/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 13koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, hutsik dauden edo hutsik egon daitezkeen Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaile lanpostuen behin betiko zerrenda ezartzen duena, merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 10eko 8/2020 Foru Aginduaren bidez, hutsik dauden edo hutsik egon daitezkeen Nafarroako toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaile lanpostuen hasierako zerrenda ezarri zen, merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Halaber, ezarri zen ezen, bi hilabeteko epean foru agindu hau argitaratzen denetik, toki entitateek Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira joko dutela ondoko eginbehar hauek burutzeko:

–Berresteko, kasua denean, betetzen ahal diren B taldeko kontu-hartzaile lanpostuen artean, zeintzuk erreserbatzen diren desgaitasuna dutenen txandarako.

–Zehazteko eremu mistoko eta eremu euskalduneko toki entitateetako B taldeko kontu-hartzaile lanpostuen hizkuntza-eskakizuna, eskakizun horiek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluko 3. atalean ezarritakoari jarraikiz, kontuan hartu, frogatu eta baloratze aldera.

Aipatu foru agindua 2020ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ekoan.

Bi hilabeteko epe horretan, hainbat toki entitatek alegazioak aurkeztu dituzte lanpostu hutsen hasierako zerrendaren aurka.

Erriberrik, Zangozak eta Milagroko udalek adierazi dute lanpostu horien titularrak lanpostuotara itzuli direla. Beraz, dagoeneko ez dira lanpostu hutsak, eta ezin dira bete lekualdatze-lehiaketan. Hori horrela, bidezkoa da lanpostu horiek ez agertzea lanpostu hutsen behin betiko zerrendan.

Leitzako Udalak eskatu du kontu-hartzaile lanpostua sartzea, bete dadin, lanpostua hutsik dagoelako eta ez dagoelako hasierako zerrendan. Aipatu toki erakunde horren plantilla organikoa ikusirik, bidezkoa da lanpostua behin betiko zerrendan sartzea, hasierakoan ez delako sartu oker bat egon delako.

Jakin da Berriobeitiko Udaleko kontu-hartzaile lanpostuak dagoeneko ez duela C1 hizkuntza-eskakizuna 2020ko plantilla organikoan. Beraz, bidezkoa da aldaketa hori egitea ebazpen honetan biltzen den lanpostu hutsen behin betiko zerrendan.

Orkoiengo Udalak alegatu du lanpostuaren jabea borondatezko eszedentzian dagoela, beste toki entitate batera joan delako, eta gaur egun lanpostua beteta dagoela aldi baterako kontratazio batekin. Beraz, toki entitate horretako B taldeko kontu-hartzaile lanpostua ez dago hutsa, eta horrexegatik hala agertzen da plantillan. Horren ondorioz, Orkoien kontu-hartzaile lanpostu hutsen zerrendatik kentzea eskatzen dute. Halaber, jakinarazi dute B taldeko kontu-hartzaile lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna, plantilla organikoan egin zen behin betiko aldaketa egin eta gero, B2 dela. Horri dagokionez, esan behar da lanpostuaren titularrari borondatezko eszedentzia eman zitzaiola pasatu zelako zerbitzuak ematera beste administrazio publiko batean; orduan, lanpostua bete gabe eta erreserbarik gabe geratu zen, eta gorabehera horiek plantilla organikoan jaso behar ziren. Hala ere, plantilla organikoan hala jasota ez egon arren, horrek ez du esan nahi lanpostu hutsa ez denik. Eskakizunaren aldaketari dagokionez, lanpostu hutsen behin betiko zerrendan kontuan hartuko da.

Funesko Udalak eskatu du kontu-hartzaile lanpostua sartzea merezimenduen lehiaketaren bidez betetzen ahal diren lanpostuen zerrendan, eta erantsi da dokumentazio bat, frogatzen duena lanpostu hori 2005. urtean sortu zela, nahiz eta gaur egun ez egon plantilla organikoan ezaugarri horiekin. Dokumentazioa aztertu eta gero, bidezkoa da eskatzen dena ematea.

Cadreitako Udalak eskatu du Alesbesko kontu-hartzaile lanpostua, lanpostu huts bezala agertzen dena, behin betiko zerrendatik kentzea, uste duelako lanpostu hori Cadreitarekin partekatua dela; izan ere, hori erakusten du 2000. urtean izenpetu zen hitzarmen batek, zeinaren helburua baitzen kontu-hartzaile lanpostu bat sortzea bi toki erakundeentzat. Horrek erakusten du lanpostu partekatua dela, eta ez Alesbesko Udalarena.

Era berean, Alesbesko Udalak eskatu du hasierako zerrendan jasotako kontu-hartzaile lanpostua behin betiko zerrendatik kentzeko, uste baitu toki erakunde horrek 244.2 artikuluan sartzen ez den plaza bat duela, hiru mila biztanle baino gehiago ez dituelako, ezta 361.1.e) artikuluan ere, oraindik sortu ez diren eskualdeei buruzkoa delako. Hori dela eta, esan behar da plantilla organikoaren arabera, lanpostu hori 2.000 eta 3.000 biztanle artean dituen udal bati dagokiola, eta lanpostu hori betetzea ez dagoela inola ere eskualde bat sortzearen mende, artikulu hori kontu-hartzaile lanpostu bereki eta espezifikoari buruz ari delako, eskualdea alde batera utzita. Lanpostu hori lanpostuen zerrendatik kentzeko arrazoi bakarra Cadreitako Udalak alegatzen duena da: alegia, lanpostu hori partekatua dela eta ez dela Alesbesko Udalarena, eta horregatik bidezkoa dela lanpostu hutsen behin betiko zerrendatik kentzea.

Caparrosoko Udalak, Lesakako Udalak eta Valtierrako Udalak alegazio berdinak aurkeztu dituzte B mailako kontu-hartzaile lanpostuak zerrendan sartzearen aurka, horretarako zegoen epearen barruan. Beraz, guztiei batera erantzunen zaie.

Hiru toki entitate horiek eskatzen dute lanpostu huts horiek ez sartzea lehiaketan, eta horretarako auzitara ekartzen dute uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 244.2 artikulua, zeinak esaten baitu: “Kontu-hartzaile lanpostua nahitaez izan beharko dute honakoetan:

a) 3.000 bizilagun edo gehiago dituzten udalerrietan, foru lege honetako 361.1.e) artikuluan xedatutakoa ukatu gabe 2.000 bizilagun baino gehiago izanda plantilla organikoan lanpostu hori sortuta duten udalerrietarako, arau horretan ezarritakoarekin bat.”

Uste dute ezen, beren herriek 3.000 bizilagun baino gutxiago dituztenez, aipatu kontu-hartzaile lanpostuak hutsik daudela ezartzeko erabili den bidea Foru Legearen 361.1.e) artikuluarena dela. Horren ondorioz, beren iritzia hau da: aipatu artikulua X. Tituluan dagoenez, titulu hori eskualdeei buruzkoa denez, eta orain arte ez denez eskualderik sortu, ezinezkoa da lanpostu horiek betetzea, lanpostu horiek eskualdeak sortzearen mende daudelako.

Esandakoari buruz kontuan hartu behar da egia dela 361. artikuluak arautzen dituela eskualdeen eskumenak eta zerbitzuak; baina, aldi berean, egia da, baita ere, eskualdeak idazkaritza eta kontu-hartzailetza zerbitzu administratiboak emateko salbuespenak ezartzen dituela; bide horretatik, zer kasutan egoten ahal den idazkari edo kontu-hartzaile lanpostu berariazkoa zehazten du, eskualdea kontuan hartu gabe.

Horregatik, kontu-hartzaile lanpostuari buruz hau zehazten du: “Berariazko kontu-hartzaile lanpostu propioa izanen dute, halaber, 2.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek, baldin eta, Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoa dela medio, lanpostu hori sortuta eta plantilla organikoan badute Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legeak indarra hartzen duen egunean.”

Hitz batez, Caparrosoko Udaleko, Lesakako Udaleko eta Valtierrako Udaleko B mailako kontu-hartzaile lanpostu hutsak sartzeko baldintzak betetzen direnez, aurkeztutako alegazioak ezesten dira, eta lanpostu horiek lanpostu hutsen behin betiko zerrendan sartzen dira.

Beraz, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduak (foru agindu horrek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari eskuordetzen dizkio zenbait eskumen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoen artetik), eta urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak (foru dekretu horrek Lurralde Kohesiorako Departamentuko egitura organikoa ezartzen du) ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, ezartzea arau horren 247.2 eta 247.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat hutsik dauden edo hutsik egon daitezkeen B taldeko kontu-hartzaile lanpostuen hasierako zerrenda, lanpostu horiek merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko. Zerrendan adierazten da, halaber, lanpostuen hizkuntza-eskakizunari buruzko informazioa, toki entitate bakoitzak behin betiko onetsitako azken plantilla organikoarekin bat.

Behin betiko zerrenda hori ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Foru agindu hau igortzea gorago aipatutako udaletara eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Adierazten da espedientean interesa dutenek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela foru agindu honen aurka Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, eta horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 13an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

TOKI ENTITATEA

TALDEA

LANPOSTUA

HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA

Hizkuntza eremua

Betebeharra

Merezimendua

1

Andosilla

B

Hutsik

Ez-euskalduna

2

Arguedas

B

Hutsik

Ez-euskalduna

3

Berriobeiti

B

Hutsik

Mistoa

4

Buñuel

B

Hutsik

Ez-euskalduna

5

Caparroso

B

Hutsik

Ez-euskalduna

6

Cascante

B

Hutsik

Ez-euskalduna

7

Castejón

B

Hutsik

Ez-euskalduna

8

Zizur

B

Hutsik

Mistoa

9

Cortes

B

Hutsik

Ez-euskalduna

10

Etxarri Aranatz

B

Hutsik

Euskalduna

C1

11

Funes

B

Hutsik

Ez-euskalduna

12

Irurtzun

B

Hutsik

Euskalduna

C1

13

Leitza

B

Hutsik

Euskalduna

C1

14

Lesaka

B

Hutsik

Euskalduna

C1

15

Orkoien

B

Hutsik

Mistoa

B2

16

Azkoien

B

Hutsik

Ez-euskalduna

17

Gares

B

Hutsik

Mistoa

18

San Adrián

B

Hutsik

Ez-euskalduna

19

Valtierra

B

Hutsik

Ez-euskalduna

20

Viana

B

Hutsik

Ez-euskalduna

Iragarkiaren kodea: F2009288