189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

622E/2020 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Ezkabarteko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua dokumentutik hasten da. Ezkabarteko Udalak 2009an aurkeztu zuen Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredu bat, eta ondoren bigarren estrategia bat 2014an. Bi kasuetan, 2010eko otsailaren 26an eta 2014ko azaroaren 24an, hurrenez hurren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten bana eman zituen, Udal Plan Orokorra eta ingurumen azterketa estrategikoa (edo ingurumen ondorioen azterketa) egitean kontuan hartu beharreko ingurumen alderdirik garrantzitsuenak adieraziz, eta bereziki azpimarratzen zituen Ultzama ibaiaren uholdeei lotutako arriskuak eta N-121-A errepidetik datozen hots ukipenak.

Denbora honetan, estrategiak bilakaera izan du; hala, hasieran ideia Arre eta Sorauren artean hiri eremu misto (ekonomikoa eta bizitegikoa) jarraitua eratzea zen, N-121-A errepidean bermatuta, eta Lurraldea Okupatzeko bigarren Estrategia eta Ereduan, aldiz, proposamena neurritsuagoa da eta dauden eremu funtzionalak finkatu eta osatzea bilatzen du.

2016ko abenduaren 22an Hirigintzako Udal Plana hasiera batean onetsi ondoren, jendaurreko bi hileko epea hasi zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (13. zenbakia, 2017ko urtarrilaren 19koa) iragarkia argitaratuta. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, 2017ko azaroaren 6an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena eman zuen, Hirigintza Planean egindako proposamen jakin batzuk ingurumenean integratzeko eskatuz.

2016ko abenduaren 22an (52. aldizkaria, 2017ko martxoaren 15ekoa) eta 2019ko apirilaren 29an behin-behinean onetsitako dokumentazioa oinarri hartuta, ingurumen adierazpen estrategiko hau ematen da.

Ezkabarteko Plan Orokorrak 2005etik indarrean dagoen plangintza ordezten du, eta lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen araudira egokitzen du. Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, analisiak, diagnostikoak eta egindako proposamenek udalerri osoan dute eragina, 34 km²-ko eremuan.

Ezkabarteko lurraldea okupatzeko eredua landagune tradizionalen multzo baten bidez eratzen da. Landagune horiek kokatuta dauden haranak, landa izaerari eusten badio ere, Iruñeko Metropolialdearen eragina ere badauka, Arreko herrian batez ere, baita eskualdea lotzeko bide azpiegiturena ere, hala nola N121A errepidearena eta PA-30 ingurubidearena. Hiri sistema hori finkatuta dagoen lurralde eredua Ultzama ibaiak, Ezkaba eta Amiñagain mendiek eta Anozko inguruak egituratzen dute.

Bizitegiak antolatzeko proposamenaren hierarkia, indarreko plangintza aztertu eta baloratu ondoren, Udalaren helburuari erantzuten saiatzen da, hots, hirigune bakoitzaren izaeraren araberako hazkunde jasangarria indartzen eta errazten. Ildo horretatik, hainbat proposamen daude: lurzorua desklasifikatzea, garapen eredua babesteko lurzoru bihurtuz (Orikain, Orrio, Garrues, Ezkaba), hiriguneak oraingo baldintzetan uztea (Anotz, Makirriain, Zildotz, Eusa), bizitegi lurzoruak zabaltzea (Azotz eta Sorauren) edo bizitegien tipologiak aldatzea (Arre). Proposamen berriak hiriguneari atxikitako lursailetan planteatu dira; haietan, zerealetarako nekazaritza erabilera da nagusi eta, beraz, ez du ukipenik sortzen ingurumen balio aipagarrietan.

Planak ingurumenean eta paisaian integratzeko neurriak jasotzen ditu, antolamendu proposamenen, neurri arautzaileen eta/edo plana garatzeko ondorengo tresnentzat lotesle diren zehaztapenen bidez. Besteak beste, aipatu behar da zerrenda bat lurzoru urbanizaezin uzten dela, ibaiaren eta SP-01 bizitegi-eremuaren artean, Arren. Zerrenda horrek uholde arrisku handia hartzen du eta bateragarri da berarekin, eta eskualdeko ibai parkearen eremua sendotzen du. Neurri arautzaileen artean, hauek nabarmentzen dira: garapen berrietan drainatze jasangarriak jarri beharra, energia eraginkortasun eta efizientziako neurriak jasotzea edo berdeguneen tratamendua, ingurumen irizpideak jasoz.

Jarduera ekonomikoetarako eremuei dagokienez, planak ez du jasotzen eremu berririk sortzea, daudenak zabaltzea baizik (Arre eta Orikain), hirugarren sektoreko erabilera sartuz. Aurreikusitako lurzoru urbanizagarriko bi sektoreetan (SP-15 eta SP-16), guztira 48.906 metro koadroko azalerarekin, dagozkien hirigintza fitxetan plan partzialei zehaztapen lotesleak gehitu zaizkie, sektoreen antolamenduan uholde arriskuak txertatzeko. Horrela, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2017ko azaroaren 6ko txosteneko oharrak onartu dira. Bi eremuetan, lurraldearen baldintzatzaile nagusia uholde arrisku handiko eremuak egotea da. SP-16 sektorearen kasuan (Ultzama ibaiaren ezker ertzean dago), arrisku handia duen 15. poligonoko 123. lurzatia eremutik at uztea erabaki da, eta plan partziala Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduko erabilera mugek baldintzatuta geratzen da. Eta SP-15ean —Arreko industria lurzorua errematatzen du PA30 ingurabidearekiko lotuneraino—, garapeneko plan partzialak arriskuaren xehetasun azterketa bat jaso beharko du, hirigintza antolamendu bateragarri bat ezarriz eta neurri egokiak hartuz.

Zaratari buruzko azterlanetik ondorioztatzen denez, eremu horrek, ingurabidetik hurbil egoteagatik, errepideko zirkulazioaren ukipenak jasotzen ditu. Konfort akustikoa ziurtatzeko, plan partzialak kalitate akustikoko helburuak betetzen dituen antolamendu xehakatu bat ezarriko du, hauek kontuan hartuz: trantsizio akustikoko eremuak, berdeguneen antolamendua ingurabidetik gertuko ingurunean (era berean, uholde arriskuak bere gain hartuko dituena) edo neurri zuzentzaileak hartzea.

Hirigintza plana izapidetu ondoren, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko 137E/2020 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko zarataren mapa estrategikoaren lurralde eremurako Zarataren aurkako 2020-2024 Ekintza Planak (3. fasea) onartu dira, eta eremu horretan dago Arreko herria. Beraz, Hirigintza Planaren garapenean aintzat hartuko dira onartutako informaziorik berriena eta soinu-zortasuneko zonei, babes bereziko soinu-zonei eta zona lasaiei buruzkoa.

Ingurumen azterketa estrategikoak udalerriko soinu-zonen banaketa jasotzen du, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.

Landa-lurzorua antolatzeko proposamenari heltzeko, ingurumen unitateak identifikatzen dira eta lurzoru horri babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoria ematen zaio. Udalerria egituratzen duten elementuak jasotzen ditu, hala nola, duten ingurumen balioagatik eta lurraldea lotzeko duten eginkizunagatik, Ultzama ibaiaren ibai sare osoa, Ezkaba eta Amiñagain mendiak eta Anozko ibaiarteak, pagadiak eta hariztiak, udal intereseko paisaiak (Ezkaba eta Amiñagain mendia), eta udal intereseko bideak. Ibilbide sare horretan biztanleguneen arteko barne lotura, eskualdeko ibai parkea, Done Jakue bidea Arreko Trinitatean eta udalerritik iparretik hegora doan frantses bidea sartzen dira. Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak ezartzeko proposamena bateragarria da udalerriko ingurumen, baso, nekazaritza, kultura eta paisaia balioekin.

Plana izapidetzean sartu diren aldaketa nagusietako bat, lurzoruaren azpikategoria gisa aisiako barazkigintza kentzea izan da, mugatutako eta nekazaritza zoruari gainjarritako eta oraingo baratze eremuei inskribatutako area bihurtuz.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman dio Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruz. Ezkabarteko Udala da planaren sustatzailea.

2. Plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ezkabarteko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 27an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2008294