189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

250/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Adingabearen Kontseiluan adingabearen arloan lan egiten duten elkarteen eta adingabeen elkarteen ordezkariak hautatzeko prozedura ezartzen duena.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak, azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legeak ematen duen idazketan, Nafarroako Adingabearen Kontseilua egituratzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide anitzeko organoa den aldetik, eta haren funtzioak, antolamendua eta osaera arautzen ditu.

Aipatu Foru Legearen 112. artikuluak ezartzen du Kontseilua osatuko duten kideen artean egonen direla, besteak beste, adingabeei babesa eta arreta ematen dizkieten erakunde edo elkarte nagusien sei ordezkari, gehienez, baita beren eskubideak defenditzeko eratutako adingabeen elkarteen sei ordezkari ere, gehienez. Halaber, aipatzen du adingabea babesteko eskumena duen departamentuko kontseilariak izendatuko dituela lau urteko aldi baterako, kontuan hartuz, halakorik bada, ordezkatutako organismoek egiten dituzten proposamenak.

Artikulu horretan adingabeei babesa eta arreta ematen dizkieten erakunde edo elkarte nagusien sei ordezkarientzat aurreikusten den gehieneko agintaldia amaitu da, baita beren eskubideak defenditzeko eratutako adingabeen elkarteen sei ordezkarientzat ere, lau urtekoa delako. Beraz, bidezkoa da adingabearen arloan lan egiten duten elkarteek eta adingabeen elkarteek Nafarroako Adingabearen Kontseiluan edukiko dituzten ordezkariak hautatzeko prozedura ezartzea.

Horrenbestez, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez jaso ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Adingabearen Kontseiluan adingabearen arloan lan egiten duten elkarteen eta adingabeen elkarteen ordezkariak hautatzeko prozesuaren deialdia onestea.

2. Prozesua arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA-ANADP) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria. Mª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen helburua da Nafarroako Adingabearen Kontseiluan adingabearen arloan lan egiten duten elkarteek eta adingabeen elkarteek edukiko dituzten ordezkariak hautatzeko prozedura ezartzea.

Xedea da, ondoren, ordezkari horiek izendatzea Nafarroako Adingabearen Kontseilua eratzeko.

2.–Hautapen prozedurara deitutako entitateak.

Honako hauek deituta daude prozedura honetan parte hartzera, bai hautagaitzak aurkeztera, baita hautaketan parte hartzera ere:

a) Adingabeei babesa eta arreta ematen dieten erakundeak eta elkarteak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

I.–Beren helburuen edo jarduteko gaien artean adingabeen eskubideak defenditzea edukitzea.

II.–Adingabeen eskubideak defenditzera bideratutako jarduerak egitea, eta arlo horretan esku hartzea.

III.–Nafarroako Foru Komunitatea egotea beren jarduketa eremuaren barnean.

IV.–Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Adingabeen eskubideak defenditzeko eratutako adingabeen elkarteak, dagozkien administrazio erregistroetan izena emanda daudenak. Baldintza hauek bete beharko dituzte.

I.–Elkartea osatzen dutenen gehiengoa adingabeak izatea.

II.–Adingabeen eskubideak defenditzera bideratutako jarduerak egitea, eta arlo horretan esku hartzea.

III.–Nafarroako Foru Komunitatea egotea beren jarduketa eremuaren barnean.

IV.–Dagokion erregistroan izena emanda egotea.

3.–Hautagaitzak proposatzea eta aurkezteko epea.

a) Aurreko apartatuan esandakoaren arabera hautaketa prozesura deitutako entitateek hautagaitzak aurkezten ahalko dituzte, Nafarroako Adingabearen Kontseiluko kide izateko, nork bere eremuaren arabera.

Hala, adingabeei babesa eta arreta emateko erakunde edo elkarte nagusiek hautagaitzak aurkezten ahal dituzte. Gero, hautagaitza horietatik sei ordezkari hautatuko dira, gehienez. Oinarri hauetako 2.a) apartatuko erakundeek aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta eginen dute bozketa.

Beste alde batetik, adingabeen eskubideak defenditzeko eratutako adingabeen elkarteek hautagaitzak aurkezten ahal dituzte. Gero, hautagaitza horietatik sei ordezkari hautatuko dira, gehienez. Oinarri hauetako 2.b) apartatuko erakundeek aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta eginen dute bozketa.

Bi lege hauek hartu behar dira kontuan: alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 20.3 artikulua (kide anitzeko organoen osaera arautzen du, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko oreka zaintzen); eta beste alde batetik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4. eta 16. artikuluak (artikulu hauek ere emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruen arteko oreka arautzen dute).

b) Hautagaitzak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2020ko irailaren 11ra bitarte aurkeztu beharko dira.

c) Hautagaitzak Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari zuzenduak.

Hautagaitzak eredu normalizatuan aurkeztuko dira. Bertan, Nafarroako Adingabearen Kontseiluko kide izateko aurkezten denaren izen-deiturak jaso beharko dira berariaz, baita ordezkoaren izen-deiturak ere, eta adieraziko da zer elkarte edo erakunde ordezkatuko duen. Aurkeztutako hautagaitzak Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/), orok jakin dezan, eta geroago bozketa egin ahal izateko.

Eredu normalizatuaz gain, prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzen dituzten agiriak ere erantsi behar dituzte.

d) Epea amaitzen denean kategoria bakoitzean sei hautagaitza aurkezten badira (adingabearen arloan lan egiten duten erakunde edo elkarteen 6 hautagai, eta adingabeen elkarteen beste 6), Eskubide Sozialetako kontseilariak zuzenean izendatuko ditu Nafarroako Adingabearen Kontseiluko kide.

e) Epea amaitzen denean kategoria bakoitzean sei hautagaitza baino gutxiago aurkezten badira (adingabearen arloan lan egiten duten erakunde edo elkarteen 6 hautagai, eta adingabeen elkarteen beste 6), Eskubide Sozialetako kontseilariak zuzenean izendatuko ditu aurkeztutako hautagai guztiak, eta gainera era askean izendatuko ditu sei ordezkari arteko kopurua osatzeko falta direnak Nafarroako Adingabearen Kontseiluko kide, pertsona horiek izendapena onartu eta gero.

f) Epea amaitu eta sei hautagaitza baino gehiago aurkezten badira, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, eranskin honen 4. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

g) Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo soilik behar diren 6ak aurkeztu direlako, aipatu webgunean argitaratutako hauteskundeen fitxan emanen da horren berri.

4.–Hautagaitzak bozkatzea.

Bozkatzeko prozedura honelakoa izanen da:

a) Bozketa telematikoki eginen da.

Elkarte edo erakunde bakoitzak boto bakar bat eman dezake dagokion hautagaitzetarako. Boto-paperean, titular gisa hautatzen den hautagaiaren izen osoa jasoko da, baita haren ordezkoarena ere.

Elkarteko edozein kidek eman dezake botoa, baldin elkartearen edo erakundearen ordezkaritza frogatzen badu. Bere identifikazioa jasota geratuko da eta zer ordezkaritza daukan adierazi beharko du.

Botoa emateko epea hautagaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik hasten da, eta 2020ko irailaren 28an amaituko da.

b) Botoen kontaketa publikoa Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egoitzan eginen da; ekitaldi hori zein egunetan eta zein ordutan eginen den gutxienez 24 ordu lehenagotik iragarri beharko da webgunean argitaratutako deialdiaren fitxan.

c) Boto gehien eskuratzen duen hautagaitza aukeratuko da. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da berdinduta dauden hautagaitzen artean.

5.–Kontseilukideak izendatzea, titularrak nahiz ordezkoak.

Kontseilukideak Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu bidez izendatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2008799