188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARATZURI

Ordenantza, hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko
tasak arautzeko. Behin betiko onespena.

Aratzuriko Udaleko Batzarrak, 2020ko ekainaren 15ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Aratzuriko Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24koan, eta kontzejuaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea iragan eta alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan, eta indarrik gabe uzten da Aratzuriko hilerria erabiltzeari buruzko ordenantza, hots, 2015eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3koan, argitaratutakoa.

Aratzurin, 2020ko uztailaren 27an.–Kontzejuko burua, M.ª Alicia García Esparza.

ORDENANTZA, ARATZURIKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

LEHEN KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluekin, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluekin, Aratzuriko Kontzejuari dagozkio kontzejuko hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuburuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du, eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio kontzejuari.

4. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

5. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

6. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Desobiratzea eskatzen duenak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

7. artikulua. Ezin izanen da lur berria okupatu beste hilerri batetik ekarritako hilotz edo gorpuzkiak ehorzteko; errauts-hobietan edo hezurtegi orokorrean jarri beharko dira.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi atera eta lekuz aldatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, dagokion erregistroan jasoko da horren oharra.

11. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egiteagatik kontzejuaren tasak ordaindu ondotik, hilerriko lursailak doan erabiltzen ahalko dira.

12. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilarriak eta gurutzeak lerroan paratuko dira, lurra egonkortutakoan. Ordena honi jarraikiz eginen dira ehorzketak:

Nitxoak: Ezkerretik eskuinera eta behetik gora.

Errauts-hobiak: Zerrendapen ordenari jarraikiz.

13. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki eta ixteko gastuak kontzejuaren kontura izanen dira. Kontzejuak behar diren tasak igorriko ditu, ordenantza honen eranskinean eta II. kapituluan ezarritako tarifen arabera.

14. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak, hobiak eta errauts-hobiak seguru, xahu eta apain edukitzea.

15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

16. artikulua. Erroldatu gabekoek, gorpuzkiak hilerrian utzi nahi badituzte, baimena eskatu beharko diote eskabide orokorraren bidez Kontzejuko Burutzari, galarazi gabe salbuespen gisa jasotakoa eranskinaren I. puntuko B) apartatuan.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

a) Ehorzketak.

b) Errauts-hobien alokairua.

c) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

18. artikulua. Subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak, eta izan daitezke pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen ERANSKINEAN agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izango dira.

21. artikulua. Hilerri honetako edo beste hilerri bateko hilobietatik heldu diren gorpuzkiak berriz hobiratzeko, ehorzteko tasak baizik ez dira ordainduko, hilobitik ateratzea partikularraren kontura izanen baita.

22. artikulua. Eranskinean aurreikusitako zerbitzuen tasak ordainduko dira haiek eman aitzin, arrazoitutako ezintasuna dagoenean salbu; orduan, Alkatetzak edo kontzejuak berak, dagokion tarifa ordainaraziko du geroago.

Bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko Foru Legearen 108.1 artikuluarekin, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

23. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapena, ehorzketa bakoitzaren kostuaren zenbatekoa ordaindu beharko baita, galarazi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Aratzuriko Kontzejuak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak.

A) Aratzurin jaiotakoak eta erroldatutakoak: salbuetsirik.

B) Aratzurin erroldatu gabeak: 1.000 euro.

B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude baldin erroldaturik ez badaude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik. Halakoetan A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.

2.–Errauts-hobien alokairua.

A) Erroldatuak: salbuetsirik.

B) Aratzurin erroldatu gabeak: 300 euro (epea: hamar urte).

B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude baldin erroldaturik ez badaude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik. Halakoetan A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.

3. Hilerriko beste lan batzuk: kostu guztiak lan horiek eskatu dituen partikularraren kargura izanen dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, honako hauei jarraituko zaie: Hilotzen gaineko osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuari eta indarrean diren gainerako arauei.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta indarrik gabe utziko du aurreko ordenantza, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu.

Iragarkiaren kodea: L2008275