188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABARTZUZA

Ordenantza fiskal orokorra. Behin betiko onespena

Abartzuzako Udalak, 2020ko martxoaren 10ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Abartzuzako Udalaren ordenantza fiskal orokorra. Jendaurrean jarrita, iragarkia 2020ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, apirilaren 14an, eta inork alegaziorik egin ez duenez jendaurreko epean, behin betiko onetsi da ordenantza hori. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, xedatu da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Abartzuzan, 2020ko uztailaren 2an.–Alkatea, Alberto Pagola Goñi.

ABARTZUZAKO UDALAREN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. artikulua. Ordenantza fiskal guztiek, eta honako honek ere, agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko betebeharra guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan; betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren printzipioak aintzat hartuz.

Ez da beste zerga salbuespen, beherapen edo hobaririk izanen, ez bada indarra duten xedapenetan zehazki aurreikusi eta baimendu. Halaber, ez da onartuko analogiarik, ez zerga-egitatearen, ez eta aipatu salbuespenen, hobarien edo murriztapenen eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio eremua eta epea

3. artikulua. Abartzuzako Udalak onetsitako ordenantza fiskalek udal mugape osoan izanen dute indarra.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da.

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zerga-egitatea.

4. artikulua. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zerga-egitatearen izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

Ez da analogiarik onartuko zerga-egitatearen eremua bere horretatik haratago eramateko, ezta salbuespenena edo hobariena ere.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. a) Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularraren arabera, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz zergadunaren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona fisiko edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrak zerga-egitateari darion zerga ezartzen baitio, bakarka edo beste batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharraren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek osatzen baitute, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo bereizitako ondare bat, ezarpena jaso dezakeena.

Zerga erlazioaren aldaezintasuna.

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Egoitza fiskala.

7. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea beren ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, beren egoitza soziala, bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza non kokatzen den, huraxe.

Udalak subjektu pasiboei eskatzen ahalko die beren egoitza fiskala aitor dezaten. Subjektu pasibo batek helbidea aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako aitorpen berezia eginez. Administrazioari dagokionean, helbide aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Udalak egiaztapen egokiaren bitartez zuzen dezake subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Zerga-oinarria.

8. artikulua. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergapeko egintza ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu-zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergapeko egintzaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu-zorra zehaztera iristeko.

c) Zergapeko egintzaren balorazioa diru unitatetan, Udaleko administrazioak kontuan hartutakoa. Kopuru horri (indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, hala behar bada) tasa egokia aplikatuko zaio, tributu-zorra zehaztera iristeko.

9. artikulua. Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zerga-egitateak jarraitutasunez gertatzen badira.

Likidazio oinarria.

10. artikulua. Likidazio oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daude.

Karga-tasa.

11. artikulua. Karga-tasatzat hartuko dira likidazio-oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

Kuotaren zehaztapena.

12. artikulua. Kuota honela zehaztuko da:

a) Dagokion ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifen, ordenantza partikularretan ezarrita dauden horien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuz, dagokion ordenantzan finkatutako moduluen arabera.

Salbuespenak eta hobariak.

13. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 162.4 artikulua oinarri hartuta, hobari bat ezartzen da zirkulazioaren gaineko zergaren kuotan, %30ekoa ECO ibilgailuetarako, eta %60koa, berriz, 0 isurpeneko ibilgailuetarako (1).

III. KAPITULUA

Tributu-zorra

Tributu-zorra.

14. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzako korritua, legez ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamendu-errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean.

15. artikulua. 1. Legeak tributu-zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresurik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta. Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari, diru-sarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

16. artikulua. Betiere, tributu-zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei bideratu ahal izateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

17. artikulua. Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei bideratu ahal izateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, ezertan galarazi gabe aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea.

18. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaio horietako edonori.

Tributu-zorraren iraungipena.

19. artikulua. Tributu-zorra arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

20. artikulua. Tributu-zorren pagamendua eginen da ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz eta diru-bilketari buruz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen IV. kapituluko 5. atalean finkatzen diren preskripzioekin bat.

21. artikulua. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta ekintzak preskribituko dira:

a) Subjektu pasiboen alde:

–Tributu-zorra zehazteko Udal Administrazioak duen eskubidea, likidazio egokiaren bitartez, eta sortzapena egin zen egunetik hasita.

–Likidatutako tributu-zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketako epea akitzen den egunetik hasita.

–Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren sarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik hasita.

22. artikulua. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

–Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zerga-egitate bakoitzagatik sortutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskaritza, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta diru-bilketa erdiesteko egindako edozein ekintza administratiboren eraginez.

–Edozein motatako erreklamazio edo errekurtsoen aurkezpenaren bidez, baldin eta, udal administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, administrazio horrek ebazpenik ematen ez badu hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

–Subjektu pasiboak edozein jarduketa eginda tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko Aurreko artikuluaren b) atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fede-emailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

23. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

24. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua delako ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

IV. KAPITULUA

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak.

25. artikulua. 1. Tributu-hausteak dira 2/1995 Foru Legean eta toki entitateen ogasuna arautzeko beste lege-xedapen guztietan tipifikatutako eta zehatutako egiteak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

3. Legez arau-haustetzat hartzen diren egiteek edo ez-egiteek honako kasu hauetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbestekoetan.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

4. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

5. Toki administrazioak arau-hausteei deritzenean Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen agintari judizialek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Agintaritza judizialak zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6. Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emanen dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

26. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

27. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu obligazio edo betekizunak ez betetzea, arau-hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

28. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea zerga-zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak.

29. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.

30. artikulua. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Arau-hauste larriei diru bidezko isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik %150era bitartekoa, 32. artikuluan aipatutako murrizketa deusetan ukatu gabe.

4. Orobat, zilegi izanen da berandutze interesak eskatzea borondatezko epea bukatzetik zerga-egoera bere onera ekartzen duen likidazioa egin arte iragandako denboraren arabera.

Zehapenen mailakatzea (berria sartu da).

31. artikulua. 1. Tributu zehapenak mailakatzeko honakoak hartuko dira kontuan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren.

b) Toki-entitatearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili diren edo bertze norbait tarteko egin den.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutxitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen.

f) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez betetzeak eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2. Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke.

e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez dira erabiliko. d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste larriei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko.

Zehapen prozedura.

32. artikulua. Administrazio egintzak egin behar dituzten organoek zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte, interesdunari entzutea eman ondoren; administrazio egintza horietan tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak eginen dira eta, betiere, behar den espedientea ireki aurretik.

Zehapena murriztea.

33. artikulua. Tributu arloko arau-hauste larrien zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bestela, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela.

Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

34. artikulua. 1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

Tributu kudeaketa hasteko moduak

35. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu-aitorpena.

36. artikulua. a) Tributu-aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zergapeko egintza biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

Nahitaez aurkeztu beharra.

37. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zerga-egitatea gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak.

38. artikulua. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du kargaren jatorria onartu edo aitortzen denik esan nahi.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta haiek handitzeko ere bai, eta orobat atzeman diren okerrak zuzentzeko, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko paragrafoak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Tramitatzeko epeak.

39. artikulua. 1. Ordenantza partikularretan adieraziko dira tributu kudeaketako izapideak egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago igaroko administrazio prozedura hasi eta hura bukatzen duen ebazpena eman arte; betiere, ez badaude galarazten duten aparteko arrazoiak, behar bezala justifikatuak. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesdunek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

3. Uneoro egiten ahal dira tramitazio akatsen kontrako erreklamazioak; bereziki, haien ondorioz prozedura gerarazi, jarritako epeak hautsi edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak egin ez direnean. Erreklamazioa baiesten bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Egiaztatu eta ikertzea.

40. artikulua. Toki entitate honek ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

41. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

42. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zerga-egitatearekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

43. artikulua. a) Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan honako hauek zehaztuko dira:

–Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

–Zerga-egitatearen funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.

–Bidezko jotzen diren zerga-egoerak.

–Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabost eguneko epea emanen zaio.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa.

44. artikulua. 1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Ez dira bat salaketa jartzea eta administrazioari laguntza emateko obligazioa.

2. Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributuen likidazioak.

45. artikulua. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikotzat hartuko dira:

–Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

46. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan, toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu-aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko zerga-oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

47. artikulua. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

c) Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza aipatu ez badute, salbu eta epe horretan behar bezalako protesta egin bada, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

48. artikulua. a) Halako ordainarazpen batzuek zerga-oinarri bera badute, edo tributu beraren kuoten gainean jasotzen badira, edota aplikatze kontuak direla-eta galdatzen badira, tasa bakar batean bat egiten ahalko dira, haien likidazioari dagokionez, eta agiri bakarrean egiten ahalko da haien dirubilketa.

b) Orobat, subjektu pasibo beraren gaineko ordainarazpenen likidazioa eta dirubilketa egintza bakar batean bat egiten ahal dira, baina horretarako beharko da:

–Likidazioan, kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak jaso beharko dira; gisa hartara, zehazturik eta banakaturik geldituko dira bat egiten diren likidazio guztiak.

–Diru-bilketan, kontzeptu bakoitzari dagozkion kuotak bereizirik jaso beharko dira; haien baturak zehaztuko du agiri bakarraren bidez ordainarazi beharreko kuota bat egina.

Zergadunen zentsuak.

49. artikulua. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, udal administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

50. artikulua. 1. Zergadunen zentsua eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen mudantzaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

51. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Diru-bilketa

Printzipio orokorrak.

52. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa da toki entitatearen ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

Ordainketa aldiak.

53. artikulua. 1. Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko epean.

–Epe exekutiboan.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Epe exekutiboan, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere eginbeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

54. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

Tributu-zorren sailkapena, diru-bilketari begira.

55. artikulua. 1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun zentsuetatik etortzeagatik, tributu-zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa igoeren aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

Ordainketa tokia.

56. artikulua. Toki entitate honen aldeko zorrak Udalbatzaren kutxan ordainduko dira edo, bera titular dela, banku nahiz aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.

Ordainketa epeak.

57. artikulua. Zerga-zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu-zorrak, aurreko letran ezarritako epean, zein hiruhileko naturaletan ordaindu behar diren, haren lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zerga-egitatea gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barrenean.

Ordaintzeko modua.

58. artikulua. 1. Zerga-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordainketa gutunaren bidez.

2. Ordainketa banku-txekearen bidez egiten bada, merkataritzako legeriak eskatzen dituen baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko ditu:

a) Izenduna izatea, Abartzuzako Udalaren alde.

b) Entrega egiten den egun bereko data izatea edo aurreko bi egunetakoa.

c) Entitate libratuak adostua edo ziurtatua egotea.

d) Libratzailearen izena edo sozietate izena, sinaduraren azpian argi-argiro adierazia.

Txekea entregatzeak txekea pagatzen denean libratuko du zorduna bertan ageri den zenbatekoan. Hala bada, entregatzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak. Txeke bat partez nahiz osorik kobratzen ez bada, borondatezko aldia iraganda, administrazioaren premiamendu prozeduraren bidea erabiliz galdatuko da haren zenbatekoa; txekea egoki adostua edo ziurtatua bazegoen, bera adostu edo ziurtatu zuen entitateari galdatuko zaio; bestela, zordunari.

3. Aurreko atalean esanagatik ere, zilegi da tributu-zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dute, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

Geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.

59. artikulua. 1. Tributu-zorra likidatzean, toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu-zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.etik 92.era bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

Kautelazko neurriak.

60. artikulua. 1. Tributu zorra kobratuko dela bermatzeko, udal administrazioak behin-betikoz badaezpadako neurriak hartu ahalko ditu susmorik badu, bestela egitera, kobrantza ez dela eginen edo oso zaila izanen dela.

2. Neurriak saihestu nahi den kaltearen heinekoak izanen dira. Konpontzea zaila edo ezinezkoa den kaltea eraginen luketenak ez dira inoiz hartuko. Kautelazko neurria honelakoa izan daiteke:

a) Tributu itzulketen ordainketa atxikitzea, zorren kobrantza segurtatzeko bezainbat, ez gutiago ez gehiago.

b) Ondasunen edo eskubideen prebentziozko bahitura.

c) Legez aurreikusitako bertze edozein.

Prebentziozko enbargoa bermatze aldera, dagozkion erregistro publikoetan jasoko da horren oharra. Bestela, enbargatutako ondasunak gordailuan utziko dira.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

61. artikulua. Behin ordenantza fiskalak eta horien aldaketak behin betiko onetsirik, onespen horren kontra egin ahalko da, bai eta kudeaketa, ikuskapen eta tributu bilketarako egintzen kontra ere, Nafarroako toki entitateen egintzen eta erabakien kontra jotzeko indarrean dagoen errekurtsoen araubide orokorrari jarraikiz.

62. artikulua. 1. Bidezko errekurtsoak paratzeko ez da beharrezkoa izanen galdatutako diru kopurua aurretik ordaintzea.

2. Errekurtsoa paratzeak ez du geldiaraziko inpugnatu den egintzaren betearazpena, horrek dakartzan legezko ondorioekin, likidatutako kuota edo eskubideen, interesen, errekarguen eta kostuen bilketa barne.

Nolanahi ere, interesdunak hala eskatzen badu, aurkaratutako egintzaren betearazpena eten eginen da, kasu hauetan:

a) Ondoko bermeetako bat udal diruzaintzaren eskutan jartzen bada:

–Eskudirutan gordailatzea.

–Abal edo fidantza solidarioa, kreditu entitate edo elkarren bermerako sozietate batek emana.

b) Salbuespenez, bermerik gabe etetea bidezkoa bada, indarra duten arauekin bat.

3. Emaniko bermea balioduna izanen da bide administratiboan etendura mantentzen den bitartean. Bermeak bere indarra galdu badu edota bermatu beharreko kopurua handiagoa bada, errekarguak, interesak edo gehitutako beste erantzukizun batzuk direla eta, berme berri bat aurkeztu beharko da edota aurrekoa osatu.

Zorra premiamendu-prozeduraren barnean dagoenean, bermeak, zor nagusiaz gain, %25 berdindu beharko du, premiamendu-errekargu, korritu eta sor daitezkeen kostuak direla medio.

4. Zergapekoak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen badu, bide administratiboan erabakitako etenaldiak segituko du, aski bermerik badago, harik eta organo judizial eskudunak aipatu etenaldiari buruz dagokion erabakia hartzen duen arte.

5. Paratutako errekurtsoa ezetsi eta tributu zorraren diru-sarrera egitean, tributuaren berandutze-interesa ere ordaindu beharko da, etenaldiak zenbat iraun, eta hori bitartekoa.

6. Bermea askatu edo itzuli eginen da, zorra eta errekarguak, interesak eta kostuak eta etenaldian sortu interesak ere pagatu direnean. Egintzaren baliogabetzea erabakitzen bada, orduan ere itzuliko da bermea.

Likidazio batean errekarguak, interesak edo kuotaz besteko osagaiak baliogabetzen direnean, bermea oraindik ere geratzen den zorra pagatzeko atxikita geldituko da, baina zilegi izanen da haren ordez azken hori soilik estaltzeko moduko beste bat jartzea.

7. Tributu arloko zehapenen betearazpena berehala eten eginen da, inolako bermerik aurkeztu behar gabe, baldin eta haien kontra bidezko den errekurtsoa aurkezten bada, behar den era eta epeetan; hala bada, ezin betearaziko dira bide administratiboan irmoak izan arte.

VIII. KAPITULUA

Kontsultak eta kopiak

63. artikulua. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari. Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, organo eskudunaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko eginbeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira. Interesdunek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legearen 63.4 artikulua).

64. artikulua. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

(1) Hobaria 2020ko martxoaren 10eko bilkuran onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: L2008236