188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

171E/2020 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murietako udal-mugartean hodi zentrifugatuak fabrikatzeko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Schmidt-Clemens Spain SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren uztailaren 31ko 403/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 192E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 14ko 7E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egiaztatu zuenez, titularrak aurkeztutako isurketa aitorpenetan adierazitako hondakin ur isurien bolumena baimendutakoa baino handiagoa zen. Horregatik, 2015eko ekainaren 16an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak, arroko erakundeak eskatuta, titularrari eskatu zion dokumentazio osagarria aurkez zezala, argitzeko bolumena zergatik zen handiagoa, eta, hala bazegokion, baimena berrikusteko behar zen dokumentazioa igor zezala.

Hala egiaztatu ahal izan zen isurketaren zati handiena euri urak zirela eta kutsatuta egon zitezkeela; horrenbestez, titularrari isurketaren benetako ezaugarriak emateko eskatu zitzaion. 2018ko apirilaren 17an, lurrean iragazita zeharka isurtzen diren euri uretan eta hozte uretan egindako kontrolen emaitzekin, txostena eskatu zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Lur azpiko Uren Kalitate Zerbitzuari, bere eskumenekoak diren gaien inguruan informa zezan, bereziki lehendik baden huste sistemaren (lurrean iragaztea) egokitasunari buruz eta isurketa lur azpiko ur masaren ingurumen helburuekin bateragarria izateari buruz.

2018ko ekainaren 10ean titularrari errekerimendua egin zitzaion behar ziren jarduketak has zitzan, hain zuzen ere hozte urak eta euri urak lursailetan, iparraldean, infiltratzea eragozteko jarduketak eta kolektorearen bitartez zuzenean emariaren korronte etengabearekin azaleko ibilgu batera husteko jarduketak. Horrez gain, honako hauek ere eskatu zitzaizkion: isurketaren aitorpen orokorra, existitzen diren isurketa fluxuen datuak bertan jasotzeko; instalatu beharreko arazketa sistemaren proiektu teknikoa eta instalazioetako euri uretara kutsatzaileak isurtzea saihesteko eta/edo mugatzeko hartu beharreko neurriak; ipar zonako euri uretan egin beharreko lagin hartzeen entsegu txostena eta hozteko urenak; eta isuria ateratzeko estaziotik iritsitako uren entsegu txostenak.

2019ko ekainaren 20an Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskaera egin zion Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, titularrari dokumentazio osagarria eska ziezaion, instalazioko ingurumen baimen integratua berrikusteari ekiteko. Hain zuzen ere, honako hau eskatu zen: isurketaren aitorpen orokorra aurkeztea, jarduerako hozte ur eta euri ur guztietarako azaleko ibilgura iristeko kolektore zuzenaren eraikuntza proiektua prestatzea, eta instalazioko euri urak arazteko proiektua, burdinaren eta altzairuaren sektoreko BREF dokumentuan ezarritako mugak lortzea ahalbidetuko lukeena, Batzordearen Betearazpen Erabakiz argitaratutakoa 2012ko otsailaren 28an.

2019ko azaroaren 21ean Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak isurketaren baimena berrikusteari ekiteko dokumentazioa igorri zuen Ebroko Konfederazio Hidrografikora. Isurketaren aitorpen orokorra, identifikatutako kutsatzaileen tratamendurako arazketa proiektua eta euri uren kolektorea eraikitzeko proiektua aurkeztu ziren.

2020ko maiatzaren 10ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren eskariz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Lur Azpiko Uren Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txosten teknikoa eman du, azken hustuketa Ega ibaira eginen duen euri uren kolektorea eraikitzearen aldekoa, hain zuzen ere.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Murietako udal-mugartean hodi zentrifugatuak fabrikatzeko dagoen instalazioa nabarmen aldatzea, kutsatuta egon daitezkeen euri ur eta hozte urak zuzenean ibilgura isurtzeko kolektorea eraikitzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horrez gain, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Schmidt-Clemens Spain SA da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Urei buruzko Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jaso da zer isuri egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da baldin eta isuriek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte.

Indarraldi horretan zehar legeriak isurien baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legez aurreikusita badago eta legeriak ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26. artikulua eta Uren Legearen testu bategina onetsi zuen 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua).

Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isuriaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen kalitateko arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Uretara isurketak egiteko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea ingurumen baimen integratua errebokatzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Schmidt-Clemens Spain SAri, Murietako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren bidez.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2008207