188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

94E/2020 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: 20 kV-eko Zudairi-Larragoa aireko linearen saihesbidea egitea Eulate-Aranaratxe tartean, Aranaratxe eta Eulateko udal-mugarteetan; sustatzailea Electra Saltea SL da.

2020ko apirilaren 14an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da erdi tentsioko Zudairi-Larragoa aireko linearen Eulate-Aranaratxe tartea, zeinaren titularra sustatzailea baita, hobetzea eta birgaitzea, tarte horretan dauden bi deribazioekin batera; horiek energia ematen diete Aranaratxeko abeltegi/gaztandegi bati eta Aranaratxeko herriari berari. Euskarriak gaur egungo araudi teknikora eta ingurumen araudira egokituko dira. Linea tarte hori hobetzea planteatu da 2018. urtean proiektatutako aurreko tartearen (Zudairi-Eulate) modernizazio lana egin ondoren.

Zaharberritu beharreko tartea mendebaldetik ekialdera doa, eta Aranaratxeko 1. poligonoko 310. lurzati barruko lehen euskarrian hasten da. Eulateko 2. poligonoko 161. lurzatian kokatutako euskarrian bukatzen da. Hariteria berria gaur egungoaren aldaera bat da, eta norabide berari jarraituko dio; 1.400 m luze izanen da gutxi gorabehera, eta behin-behineko bao bat, behin betiko 8 bao eta 8 euskarri berri izanen ditu. Gaztandegiaren deribazioak bao bat izanen du hango instalazioetaraino, eta Aranaratxeko transformazio zentrora doan deribazioak gaur egungoaren pareko luzera izanen du, 4 euskarri berrirekin.

Aranaratxerako deribazioa eta hariteria berria nekazaritzako lurretan zehar diseinatu da, ezpondaren bat ukitzen du eta pare bat erreka txikiren goialdeak gurutzatzen ditu, baita zuhaitz eta zuhaixkez osatutako hesi bat ere, El Monte bidearen parean. Kaltetutako laborantza lur horiek magal leun batean daude, kontserbazio bereziko bi eremuren artean: iparraldean, Ameskoetako Amankomunetako mendi hegal eta goiak, “Urbasa eta Andia” kontserbazio bereziko eremuaren barruan; hegoaldean, Lokiz mendilerroaren iparraldeko mendi adarrak eta arroilen burualdeak, “Lokiz mendilerroa” kontserbazio bereziko eremuan. Bestalde, proposamenak hartzen dituen eremuei aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

Dokumentazioan hegaztiak elektrokutatzetik babesteko neurrien proposamen egokia jaso da, tartean metro bateko isolagailuak lotura eta konexioko euskarrietako zubietarako eta 0,7 metrokoak euskarri esekien kasuan; zorroak, grapa-estalkiak eta abarrekoak erabiltzea grapak eta gainerako tentsio elementuak babesteko deribazioko, linea amaierako eta maniobrako euskarrietan, eta eroalearen metro bateko babesa ere bai, lokailuen alde banatan, euskarri esekietan. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.

Talka arriskua murrizteko, dokumentazioan ageri da txoriak babesteko balizak jarriko direla beharrezkoa den baoetan.

Espedientean, Eulate eta Aranaratxeko udalen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, proposatutako neurri zuzentzaileak jasoz, ebazpen honetan bildutakoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 20 kV-eko Zudairi-Larragoa aireko linearen saihesbidea egiteko proiektuari Eulate-Aranaratxe tartean, Aranaratxe eta Eulateko udal mugarteetan; sustatzailea Electra Saltea SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Izapidetutako dokumentazioan jasotako neurriak beteko dira, inguruko hegazti basatiak elektrokutatzea saihesteko isolamenduari eta babesari dagozkienak, bereziki:

–U120AB132 motako isolagailuak erabiliko dira, 1,0 metro baino gehiagoko isolamenduarekin loturako, deribazioko eta lur azpira pasatzeko zubietan. Eta U70YB20P motakoak izanen dira 0,7 metrotik gorako isolamendu distantziarekin eroaleei eusteko eta esekidura kateak isolatzeko.

–Eusteko, deribazioko, konexioko eta bestelako euskarriak forratu eginen dira, esekitako euskarrietako eroaleei metro bateko isolamendua jarriko zaie euskailuaren alde bakoitzean eta konexio grapak babestu eginen dira grapak estaliz Halaber, beste tentsio elementu batzuk forratu eta babestu eginen dira, esaterako autobalbulak, terminalak, etab.

– Eroaleen arteko gutxieneko tartea eta horien eta euskarrietan hegaztiek atseden hartzeko zonaren arteko gutxieneko tartea 1,50 eta 0,70 metrokoa izanen da hurrenez hurren; ezinezkoa bada, eroaleak behar bezala forratuko dira.

–Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.

–Hariteria berri osoa eta deribazioak hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar dira; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Linearen lehenengo baoetan zuhaitzen bat bota behar bada, horren berri emanen zaie basozainei, Ingurumena Zaintzeko Taldeari, “Lizarra iparraldea” seigarren koordinazio unitateari (948 554824, gmaestellanorte@navarra.es).

–Ordeztu beharreko linea tartea desmuntatzean sortutako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, indarrean dagoen hondakinei buruzko legeriarekin bat etorriz.

–Obrek ukitutako lurrak lehengoratuko dira, eta obrak baino lehen izandako erabilera eta egoera berreskuratuko dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik harguneak egitea.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko dute, proiektatutako linea elektrikoak gurutzatzen duen Arberoko errekaren ibilguaren polizia eremuan zutoin elektrikoak jartzea aurreikusi baita.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 8.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Aranaratxeko Udalera, Eulateko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (“Lizarra iparra” 6. Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008210