186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

88E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, “Monreal-Ibargoiti 3. zirk. goi-tentsioko aireko linearen eta Venta Judas-Loiti 1. zirk. goi-tentsioko aireko linearen arteko loturako 20 kV-eko aireko linea elektrikoa” egiteko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udal-mugarteetan. Sustatzailea I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2019ko urriaren 2an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposatutako jarduketaren bidez, erdi-tentsioko aireko linea berri bat eginen da “Monreal-Ibargoiti 3. zirk.” eta “Venta Judas-Loiti 1. zirk.” 13,2 kV-eko aireko lineak ixteko. Gaur egun antenan amaitzen dira, eta, hurrenez hurren, Izkon eta Aldunaten kokatutako transformazio zentroak elikatzen dituzte.

Hasiera batean, sustatzaileak zirkuitu bakuneko aireko linea berri bat proposatzen du linea berria egiteko. Haren trazadura Izkoren ingurutik joanen litzateke, oraingo A-21 autobiaren hegoaldetik, Olatz mendilerroaren behealdetik, NA-2420 zaharra gurutzatuko luke, Eskargaizko sakanaren ingurutik joanen litzateke eta, “Zangoza-Cordovilla” 66 kV-eko aireko linea gurutzatu ondoren, autobiaren ertzean, lotunera iritsiko litzateke Aldunaten (Urraulbeiti), herriaren iparretik.

Proposamenaren tamaina dela-eta, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Iragarki hori 215. zenbakian argitaratu zen, 2019ko urriaren 30ean.

Jendaurreko informazio epea iraganda, Irunberri, Ibargoiti eta Urraulbeitiko udalek, Izkoko Kontzejuak eta Izkoko eta Aldunateko auzotarrek aurkeztutako alegazioak jaso dira.

Oro har, bat datoz alegazio horiek, eta linea berria egiteko ordezko trazadurak aztertzeko eskatzen dute, A-21 autobidearen iparretik, dauden beste linea elektrikoekiko paraleloan. Alegazioetan arrazoi hauek ematen dira jendaurreko informazioan erakutsitako trazaduraren ordez beste aukera bat proposatzeko: lurraldearen gaineko eraginak murriztea, Urraulbeitiko mugartean zatiketa ez areagotzea, lineak biztanleguneetatik urruntzea, Izkon etorkizuneko garapenei ez eragitea, Urraulbeitin nekazaritza, abeltzaintza eta turismo jarduerei eragin berriak ez sortzea eta, Aldunaten bereziki, paisaiaren balioa babestea. Izkoko auzotar baten alegazioan, proposatutako trazadura baztertzearen osagarri, aukerak ematen dira Izko inguruko trazaduraren zati baten ordez, Izko eta Ibargoitiko gainerako alegazioetan adierazitako helburu berarekin, eta euskarriak soro landuen ertzetako aldeetan kokatzea proposatzen da.

Sustatzaileari helarazi zitzaizkion alegazio horiek, aintzat har zitzan. 2020ko martxoaren 6an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk ordezko proposamen bat aurkeztu zuen, funtsean alegazioetan jasotako proposamenekin bat datorrena:

–Goi-tentsioko linea berria eramanen da Ibargoititik Venta de Judasera Tabarko mendilerroaren hegoaldetik zeharkatzen duen “Zangoza-Cordovilla” 66 kV-eko aireko linearen euskarrietan, eta zirkuitu bakuneko oraingo linea zirkuitu bikoitzekoa izanen da Ibargoititik Urraulbeitira.

–Proposamen berrian, A-21 autobiaren iparrean dagoen “Monreal-Ibargoiti 3. zirk.” 13,2 kV-eko aireko linearen 605. euskarriko konexioa, Zilegietako bidearen ondoko “Zangoza-Cordovilla” 66 kV-eko aireko linearen 249. euskarriarekin egitea proposatzen da, azken hori ordeztuz. Handik jarriko da linea berria, egungo linean horretarako prestatuta dauden euskarrien zirkuitu libretik, eta bi lineak, “Zangoza-Cordovilla” 66 kV-eko aireko linea eta linea berria, zirkuitu bikoitzeko euskarri berrietatik jarriko dira. Tarte horretan, berme berriek oraingo bermeak ordeztuko dituzte, zirkuitu bakarra baino ezin baitute eraman. Aldunateren inguruan oraingo linea 276. euskarritik 280.eraino aldatuko da, herritik urruntzeko. Azken euskarri horretatik, deribazioa eginen da “Venta Judas-Loiti 1. zirk.” 13,2 kV-eko aireko linearen 5404. euskarriri lotzeko.

–Lineak euskarri bat izanen du ebakitzeko eta maniobratzeko, eta hor OCR (Sarea Ebakitzeko Organo) bat jarriko da. 264. edo 263. bermea proposatzen da, inguruan dagoen GSM estalduraren arabera.

Monreal-Ibargoiti 3. zirk.” 13,2 kV-eko aireko linearen 601. euskarritik 606. euskarrirainoko tartea ez da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren titulartasunekoa eta, beraz, proposamenak aurrera egin ahal izateko, titularrak tarte hori laga behar du.

Bestalde, abifauna babesteko neurri hauek proposatzen dira: lokailuko isolamendua, U70YB66P AL motako isolagailuen bidez, isolagailua metro bat baino luzeagoa izanik, eta U70AB30 motakoarekin isolamendu esekirako; bermearen gurutzetaren azpitik geratuko diren zubi lasaietako 3 faseetan CUP 16 F motako estalkiak jartzea; grapak eta eroaleak estaltzea, graparen albo bakoitzean metro 1, esekitzeko euskarrietan, eta eroaleen arteko, eta haien eta hegaztiak bermeetan pausatzeko eremuaren arteko tartea 1,5 metro eta metro 1 baino handiagoa izatea, hurrenez hurren.

Espedientean Urraulbeitiko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, 2020ko maiatzaren 26an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, eta bateragarritzat jo du proiektuaren eremuko ingurumen eta paisaia balioei eustearekin, dokumentazioan eta ebazpen honetan jasotako neurri zuzentzaileak sartuz gero.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Monreal-Ibargoiti 3. zirk. goi-tentsioko aireko linearen eta Venta Judas-Loiti 1. zirk. goi-tentsioko aireko linearen arteko loturako 20 kV-eko aireko linea elektrikoa” egiteko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udal-mugarteetan. Sustatzailea I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Izapidetutako dokumentazioan inguruko basa abifaunaren elektrokuzioa ekiditeko isolamendu eta babesari buruz jasotako neurriak beteko dira, bereziki:

  • Lokailuko isolamendua U70YB66P AL motakoa izanen da, isolagailua metro bat baino luzeagoa izanik. Isolamendu esekia U70AB30 motakoa izanen da.
  • Lokailuko bermeetan CUP 16 F motako estalkiak jarriko dira zubi lasaien 3 faseetan. Zubi horiek euskarrien gurutzetaren azpitik geldituko dira, behar adinako tartearekin, goiko aldean pausatzen diren hegaztiek ez dezaten ukitu tentsio elementurik.
  • Esekitzeko bermeetan grapak eta eroaleak estaliko dira, graparen albo bakoitzean metro 1.
  • Bermeetan, eroaleen arteko eta haien eta hegaztiak pausatzeko eremuaren arteko tartea 1,5 metro eta metro 1 baino handiagoa izanen da, hurrenez hurren.
  • Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.

–Aireko linea berri osoa hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko ondoz ondoko bi balizaren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Linea horretan balizak jarriz “Cordovilla-Zangoza” 66 kV-eko aireko linean talka egiteko arriskua ere murriztuko da, linea bateratuaren tartean.

–Obrek ukitutako lurrak era egokian lehengoratuko dira, obrak baino lehen zeukaten erabilera eta egoera berreskuratzeko.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Linearen lehen baoetan zuhaitz aleren bat moztu behar bada, Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da lehenago.

–Ingurumena Zaintzeko Atalari (“Agoitz” 8. Koordinazio Unitatea, 948 334213, gmaaoiz@navarra.es) abisua eman beharko zaio, gutxienez obrak hasi baino 72 ordu lehenago.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bereziki, eta Herri-lurren Atalaren 2019ko abenduaren 20ko txostenarekin bat etorriz: “Proiektatutako linea elektrikoak igarotzen den toki erakundeen herri-lurrei eragiten die. Horregatik, obra lizentzia eman aurretik, eragindako toki erakunde bakoitzak okupazio espediente bat izapidetu eta hura onartzea lortu behar du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri lurzati bakoitzean eragindako azalerak zehaztu ondoren eta derrigorrezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharreko baimenean ezartzen diren determinazioak bete beharko dira, A-21 “Pirinioetako autobia”ren 532+600 KPko bidegurutzeari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera baimenaren ondorioak bukatu dira eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 20.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoera bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udalei, Ingurumena Zaintzeko Talderi (8. Koordinazio Unitatea, “Aoiz-Agoitz”), alegaziogileei eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008057