186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

479E/2020 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita finantzaketa emateko 2020. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 508947.

Ebazpen honen xedea da finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2020. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduak onetsi zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea, sostengua emateko unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari, baldin eta unitate asistentzialek ongi zehaztutako ikerketarako proposamena badute, eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak badituzte.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzako ikerketa lana areagotzeko –halakotzat ulerturik ebidentzian oinarritutako gomendioen inplementazioa eta ebaluazioa–, beharrezko jotzen da jarduera asistentzialaren zati bat kentzea hautatutako ikerlariei. Horretarako, finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horiek betetzen ez dituzten jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatu mailan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta haren ildotik aurreikusten du Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioaren zati bat finantzatuko duela, ikerketa lana areagotzen duten fakultatiboen edo erizaintzako langileen lanaldiaren erdia adinakoa, zehazki.

Azaldutakoaz baliatuta, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2020. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

2. Finantziazioa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 30.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua egotziko zaio 2020ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak” izeneko 512002 51350 4809 465102 partidari.

2020ko ekitaldian partida horretan kreditu erabilgarri gehiago izanez gero, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 31n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako erizainen berrikuntzako ikerketa lana areagotzea 2020. urtean, betiere unitate horiek hobekuntza plan bat baldin badute, ardatz hartuta Segurtasun Klinikoaren Estrategia (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsia).

2. Prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskudunak.

Arau hauetan ezarritako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

3. Onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organikoetako arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale arloko unitateak, osasun mentaleko zentroak edo lehen osasun laguntzakoak) eska dezakete beren profesionaletako bat ikerketa areagotzeko programan sartzea, baldin eta unitateek hurrengo oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate organikoek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

a) Unitate organikoaren Hobekuntza Plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio adierazleak. Hobekuntza Plan hori, funtsaturik egonen dena ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan, Segurtasun Klinikoaren Estrategian zentratuko da, zeina onetsi baitzen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez.

b) Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; oinarrizko osasun laguntzan “Akreditatua” egoera lortu izana “Akreditazioa” deritzon atalean.

3.3. Bestalde, ikerketa areagotzeko laguntzen izangaiek erizaintzako langile gisa izan behar dute lotura Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, funtzionario gisakoa, estatutupekoa edo kontratu bidezkoa izan, areagotzeko laguntza eskatzen denetik areagotzeko jarduera bukatzen den arte.

4. Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 30.000 euroko gastua gehienez ere, 2020ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasun langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak” izeneko 512002 51350 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea ikerketa lana areagotzen duten erizaintzako profesionalek utziko duten lana.

4.3. Unitate organikoari finantzatzen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 15.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak kontratatuko ditu beharrezkoak diren langile ordezkoak. 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5. Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta eta ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldiaren erdia, gehienez ere, liberatzeari dagokion denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioak etenda emandako denbora ez da berreskuratuko.

6. Eskabideak.

6.1. Deialdi honen kargura laguntzak (ikerketa areagotzeko) eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria. Liberatu beharreko profesionala atxikia duen unitate organikoaren arduradunak izenpetutako eskabidea, areagotzeko laguntzaren eskatzaileak berak sinatua, eta bertan adierazita unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzaren ikus-onetsia.

2. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren Hobekuntza Plana, ongi zehaztuta helburuak, ekintzak eta esku-hartzearen ebaluaziorako adierazleak.

3. agiria. Ikertzaileak ikerketa lana areagotzen duen denboran eginen duen jardueraren kronograma eta zehaztasunak.

4. agiria. Ikerketa areagotzeko laguntzen izangaiaren curriculum vitaea, Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan eskura dagoen ereduaren arabera betea (www.nafarroa.eus).

7. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak 30 eguneko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak aurkezteko, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan eskura dagoen esteka erabiliko da: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Halaber, aurkez daitezke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31002, Iruña). Horrek ez du deusetan galaraziko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa; lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

7.3. Eskabideak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, instrukzio organoak, jakinarazpen administratibo baten bidez, eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Honako hauek osatuko duten Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:

Ana Fernández Navascues andrea. Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzua. O-NOZ.

Ana M.ª Mateo Cervera andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Garapen eta Berrikuntzarako Erizaintza Arloko burua. ISCIII-ren ebidentzian oinarritutako osasun zainketarako Espainiako Zentroko Batzorde Zientifikoak Nafarroan duen ordezkaria.

Esther Ezquerro Rodríguez andrea. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. ISCIII-ren ebidentzian oinarritutako osasun zainketarako Espainiako Zentroko Jarraipen Batzordeak Nafarroan duen ordezkaria. Idazkaria.

Idoia Gaminde Inda andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala. Batzordeburua.

Ordezkoak:

Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Carmen Beorlegui Arteta. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

M.ª José González García andrea. Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Kalitate eta Informazio-sistemetarako Erizaintza Unitatea.

Esther Garcés Bueno andrea. Nafarroako Ospitaleguneko Neonatologiako eta Zainketa Pediatriko Intentsiboetako Erizaintza Unitatea.

9. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

9.1. Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.

a.1. Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. 10 puntu emanen dira gehienez, honelaxe banaturik:

–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 1 puntu. Gainerako egileak: 0,5 puntu.

–Beste datu base batzuetan edo beste aldizkari zientifiko batzuetan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 0,3 puntu. Gainerako egileak: 0,15 puntu.

a.2. Ikerketa proiektuetan izandako parte-hartzea, norgehiagokako deialdietan. 5 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Parte hartzea ikertzaile nagusi gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1 puntu.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.

Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.

a.3. Beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 2 puntu master bakoitzeko.

Asistentziaren kalitatearen arloko prestakuntza (5 puntu gehienez):

Etengabeko prestakuntzaren jarduera frogatuak: 1 puntu kreditu bakoitzeko.

Etengabeko prestakuntzaren jarduera frogatu gabeak: 1 puntu prestakuntzaren 10 orduko.

Esperientzia hobekuntza plan baten bultzatzaile gisa (4 puntu: bai=4, ez=0).

b) Aurkeztutako Hobekuntza Planaren balorazioa: gehienez 70 puntu.

b.1. Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: hori baloratzeko, abiapuntuko egoera, arazoa sortzen ari diren kausarik probableenak eta haren kuantifikazioa hartuko dira kontuan. 20 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan kokatuta badago: 20 puntu.

Testuinguruan partzialki kokatzen bada (arlo edo zentro batean): 10 puntu.

Testuinguruan kokatzen ez bada: 0 puntu.

b.2. Proposatutako helburuen eta ekintzen arteko egokitzapena: Baloratuko da hobekuntza ekintzak honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa aukeratzea: arazoa, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.

Proposatutako ekintzen erdia, gutxienez, ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.

Proposatutako ezein ekintzaren gomendioaren indarra aipatzen ez bada: 10 puntu.

Ekintzak helburuei loturik ez badaude: 0 puntu.

b.3. Ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan nahi den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.

Ekintzen erdiak, gutxienez, lotuta baldin badaude ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri batekin: 10 puntu.

Ekintzetako bat ere lotuta ez badago, edo ekintzen erdia baino gutxiago baldin badira lotuta daudenak ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri batekin: 0 puntu.

9.2. Finantzazioa lortzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte proiektuek.

10. Areagotzearen onespena.

10.1. Batzordeak, 9. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz, dirulaguntza emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamena Nafarroako Atarian argitaratuko da (tramiteen katalogoan).

10.2. Argitaratu ondoren, 10 egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

10.3. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita izangaiek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez, instrukzio organoak behin betiko proposamena eginen du laguntzak emateko eta ukatzeko.

10.4. Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, zehaztuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zer unitate organikok jasoko duten ikerketa lana areagotzeko laguntza, instrukzio organoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duten legeetan ezarri bezala, ikerketa lana areagotuko duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei eta ikerketa eginen den zentroko zuzendariari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

11. Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitutako zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari ordainduko zaio (Q3150004D IFZ), finantzaketaren xedeko gastuak ordain ditzan, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak” izeneko 543000 52200 4410 000000 partidan.

12. Proiektua gainbegiratzea.

Proiektuak behar adinako kalitatearekin gauzatuko direla bermatzeko, Segurtasun Klinikoaren Estrategiaren arduradunak eginen du hobekuntza zikloen aurrerapenaren ikuskapena eta tutorizazio jarraitua (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsi zen estrategia hori).

13. Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.

13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkeztu den dokumentazioan aurreikusitako moduan.

13.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak.

Frogatzen bada ez direla bete, osorik edo partez, deialdi honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintzak, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, jardueraren finantzazioa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

14. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren amaiera eta justifikazioa.

14.1. Areagotzeko jarduera amaitzen den egunetik hurrengo hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren ikuskapena eta tutorizazio jarraitua egiten dituen arduradunak, unitate organikoaren arduradunarekin batera, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari igorri beharko dio amaierako memoria bat, bere baitan duena berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

14.2. Areagotu beharreko jarduera garatzeari begira beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari eskatzen ahalko dio, arrazoituta, epea luza dezala proiektua gauzatzeko edo azken memoria aurkezteko, behar bezala arrazoituta, gauzatzeko epea bukatu aurretik, edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

15. Gainerako konpromisoak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, areagotzearen espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

Iragarkiaren kodea: F2008803