186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OROTZ-BETELU

Zalduko josteta eremuaren erabilera arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Orotz-Beteluko Udalak, 2020ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zalduko josteta eremuaren erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Orotz-Betelun, 2020ko uztailaren 29an.–Alkatea, Javier Larrea Reta.

UDAL ORDENANTZA, ZALDUKO JOSTETA EREMUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

“Zaldu” izeneko alderdian den josteta eremua urte osoan zehar eta bereziki udan erabili ohi da aisia eta atsedenleku gisa. Bertan, edonork goza dezake naturaz Irati ibai-bazterrean, betiere gainerako erabiltzaileak errespetatuz. Eremuan badira igerilekua ibaian eta barbakoetarako gune bat.

Eremu horren erabilera arautzearren onetsi da ordenantza hau.

ORDENANTZA, ZALDUKO JOSTETA EREMUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio epea.

Ordenantza honek Zalduko josteta eremuaren erabilera arautzen du, Orotz-Beteluko (Nafarroa) katastroko 4. poligonoko 152-B lurzatian dagoena, eta haren aplikazioak urte osoa hartzen du.

2. artikulua. Sua.

Sua egin daiteke soilik Udalak ezarritako barbakoatan, eta erabat debekatua dago bestelako tokietan edo barbakoa eramangarri eta antzekoetan egitea.

Barbakoak erabili ahal izateko, aldez aurretik baimena eskatu beharko zaio Orotz-Beteluko Udalari. Honek eskubidea gordeko du baimena emateko edo ez, kontuan hartuz goragokoek ezartzen dituzten debekuak sua egiteko, edo segurtasun arrazoiak direla medio.

Erabili ondotik, sua erabat itzali behar da eta txingarrik gelditzen ez dela ziurtatu. Halaber, edozein hondakin edo zabor bildu behar da, paperezko musuzapiak, kartoiak, paperak eta hondakin organikoak barne, eta dagokien zaborrontzian botako dira, behar bezala birzikla daitezen, naturaren gozamenarekin bat etorriz.

3. artikulua. Lagun egiteko animaliak sartzea.

Debekatuta dago lagun egiteko animaliak sartzea josteta eremu osoan, ekainaren 1etik irailaren 30era.

4. artikulua. Mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, olanak, karpak eta antzeko elementuak ezartzea.

Mahaiak eta aulkiak ezar daitezke soilik barbakoen ondoko eremuan, eta debekatuta dago horiek jartzea ibaiko igerilekuaren inguruan.

Debekatuta dago olanak, karpak eta eguzkitakoak jartzea josteta eremu osoan.

5. artikulua. Ibilgailuak.

Ibilgailu motordunek eremutik kanpo egon beharko dute, konpondu, muntatu eta abarretarako behar direnak izan ezik.

6. artikulua. Zaborrak eta hondakinak.

Josteta eremuaren erabiltzaileek bilduko dituzte sortzen dituzten zabor eta hondakin mota guztiak, musuzapiak barne, eta gure herrian barna dauden zaborrontzietan botako dituzte, behar bezala birzikla daitezen, naturaz gozatu izanaren truke.

7. artikulua. Bolumen akustikoa eta soinu-aparatuak.

Eremuaren beraren izaera naturalari eta beste erabiltzaileei zor zaien errespetuagatik, bertan diren gainerako pertsonei traba egiteko moduko zaratak eta ahots bolumen goratuak saihestuko dira, eta zentzu horretan horiek egiten dituzten eskakizunei kasu eginen zaie. Arrazoi beragatik, debekatuta dago edozein soinu-aparatu edo instrumenturik erabiltzea, salbu eta norberaren gozamenerako direnak.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari lotuko zaio, edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari.

Indarra duen legeriaren arabera zehatuko da ordenantza honen aurkako arau-haustea, zehapen handienarekin hain zuzen, eta berehala emanen zaio haren berri agintari eskudunari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iragarkiaren kodea: L2008470