186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARROITZ

Udal ordenantza, laguntzak arautzen dituena COVID-19ak sorturiko osasun-krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Behin betiko onespena

Arroizko Udalak, 2020ko maiatzaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen COVID-19ak sorturiko osasun krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Erabaki hori 2020ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 9an.

Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta haren testu osoa ematen da jarraian, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Arroitzen, 2020ko uztailaren 24an.–Alkatea, Antonio Ángel Moleón Segura.

ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA COVID-19AK SORTURIKO OSASUN-KRISIAREN ONDORIO EKONOMIKOEI AURRE EGITEKO

ZIOEN AZALPENA

Azken asteetan pairatzen ari garen aurrekaririk gabeko egoera eta inguruabar ekonomikoak direla eta, komeni da Estatuak eta, haren adar betearazlea den aldetik, administrazio publikoak premiaz neurriak hartzea eta abian jartzea, COVID-19ak sorturiko osasun-krisiak ekonomiaren gainean eragiten eta eraginen dituen ondorio kaltegarri eta motelgarriak arintzeko. Neurri horiek, hain zuzen, lagundu behar dute ekonomia-krisi berriaren ondorio galgarriak ahalik eta gehiena saihesten.

Igartzekoa da alarma-egoera eta pandemia honek hondamenezko ondorioak izanen dituela arlo ekonomikoan. Horren aurrean, ezinbestekoa da, ahal den heinean eta gure eskumen-esparruaren barnean, toki-entitateok bultza dezagun ekoizpena susper dadin ordezkatzen eta zerbitzatzen dugun komunitatean, neurri osagarriak hartuz horretarako, alegia, foru administrazioa eta administrazio zentralak dagoeneko hartzen ari direnak osatzeko neurriak.

Kezkaturik ekoizpen-jarduerak estatuan, oro har, eta gure udalerrian, bereziki, izanen duen etorkizunaz, behar-beharrezkoa deritzogu gure herrian premiazko eta presazko neurriak hartzeari, aurreko guztiaren ondorio negatiboen inpaktu gutxi-asko suntsigarria minimizatzeko.

Egoera ekonomiko ezin okerrago horri aurre egiteko, elkarlana du berezko esparrutzat Konstituzioaren hainbat xedapenetan aipatzen den sustapen-jarduera administratiboak, eta jarduera hori toki-entitateei esleitzen die Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak. Hori gauzatzeko modua da toki-administrazioa beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta partikularrekin elkarlanean aritzea bizilagun-komunitatearen interes publikoen kudeaketan, laguntza ekonomikoak emanez zerbitzuak egiteko edo jarduerak gauzatzeko, administrazio horren eskumenak osatu edo ordezteko xedez. Horretarako, betiere, publikotasunaren printzipioa, tratu-berdintasunaren printzipioa eta bitartekoen eta horiek justifikatzen dituzten helburuen arteko kongruentziaren printzipioa bete beharko dira dena den.

Sustapen-jarduera da administrazioaren jarduera bat, helburutzat duena babestea eta sustatzea partikularren jarduera, establezimendu edo aberastasunak, behar publikoak betetzen baldin badituzte edo onura orokorrekotzat jotzen badira, derrigortu gabe eta zerbitzu publikorik sortu gabe. Administrazioak partikularrari pizgarriak emateko xedez egiten du jarduera hori, administrazioaren ikuspegitik interes publikoari komeni zaion era jakin batean joka dezan.

Oraingo egun hauetan, aukera bat baino gehiago botere publikoen betebehar bat da jarduera hori, esparru jakin batera bideratua: tokiko ekonomia suspertzera, enplegurik ez desagertzera, aberastasuna gehitzera eta, azken batean, komunitate gisa iraun dezagun begiratzen eta bermatzen duen ehun soziala bultzatzera.

Helburua da ondorio negatibo horiek iragankorrak izatea, inpaktu iraunkorragoa edo estrukturalagoa gertatzea saihesturik. Azken hori etorriko litzateke eskariaren eta ekoizpenaren beherakaden gurpil zoro batetik, eta, ezbairik gabe, halakoa pairatzen ari dira dagoeneko zenbait autonomo-talde, besteak beste, ostalaritzan, dendetan, ile-apaindegietan, turismo-zerbitzuetan, kirolean, kulturan eta hezkuntzan.

Une honetan baimendurik ez dauden jardueretan diharduten edo ekonomiaren hibernazioak kalte egin dien langile autonomo, mikroenpresak eta enpresa txikiak dira, hain zuzen, laguntzak arautzeko ordenantza honetan jasotzen den neurri-multzoaren kolektibo onuradunak (enpresatzat jotzen da hemen ekonomia-jarduera bat egiten duen zeinahi entitate, haren izaera juridikoa eta haren finantzabideak gorabehera). Ordenantza salbuespenez onesten da eta indarraldi mugatu baterako, eta haren xedea da suspertze ekonomikoa gerta dadin, behin osasun-larrialdiak onera egiten duenean.

Ordenantza honen arau-esparrua honako hauek babesten eta ezartzen dute: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa osatzen eta, zenbait alderditan, aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; eta 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko.

Laguntza hauen bidez lortu nahi da langileak eta familiak babestea, saihestea kolektibo kaltebera berrien agerpena eta, orobat, iraupena sustatzea ekoizpen-jardueraren nahiz enpleguaren aldetik.

Ordenantza honetan bi neurri-mota ezartzen dira. Batetik, zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko zuzkidura bat dago, eta horiek ordainketa bakarrean eta behin bakarrik emanen dira. Bestetik zeharkako laguntza bat dago, ekitaldi honetara mugatua, eta haren bidez salbuespenezko dirulaguntza bat emanen da, aplikatuko dena ekonomia-jardueren gaineko zergaren kuotan eta, jatetxeen eta ostalaritzako zerbitzuen terrazen kasuan, eremu publikoa okupatzeko tasan.

Toki ogasunak ordenantza honetan jasoriko laguntzen gastua ordaintzeko eta bere gain hartzeko ahalmena izateari dagokionez eta aintzat hartuz Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturik dagoena, badago horretarako behar den kreditua, eta hura aipatu helbururako baliatzeak ez du eragozpenik sortuko aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak/betebeharrak betetzeko, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Legean arautu bezala. Izan ere, ez da gaitu beharko aparteko krediturik helburu horretarako, finantzatuko baita maiatzeko festetarako partidatik transferentzia eginez, partida horretan soberakina izanik aurrekontu-kontsignazio osoa, egungo egoeraren ondorioz.

Jasangarritasunari dagokionez, larrialdietarako laguntzak direla kontuan hartu beharko da, hau da, izaera puntualekoak eta errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzekoak ez direnak.

1.–Xedea.

Laguntzak emateko deialdi honen xedea da COVID-19ak sorturiko ekonomia-krisiaren ondorioak arintzea eta halakoei aurre egiteko berehala esku hartzea, bai eta jarduera ekonomikoa bultzatzea ere Arroizko udal-mugartean, herriko negozioei eta ekoizpen-jarduerei likidezia emanez, laguntzeko enpresa-betebeharrak betetzen, jarduerari eta enpleguari eusten eta diru-sarreren berebiziko murrizketa arintzen.

Asmoa da Arroizko herritarren interes orokorra babestea, eta, horretarako, laguntza emanen zaie autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei, COVID-19ak eragindako ekonomia-krisiaren ondorioak arintzeko, eta osasun-alarma bukatutakoan, gure udalerriko ekonomia ahalik eta lasterrena suspertzea lortzeko, ondorio horiek gehien pairatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoekin jardunez zuzenean.

2.–Onuradunak.

Dirulaguntza hau eskatzen ahalko dute pertsona fisikoek eta juridikoek, ondasun-erkidegoek, sozietateek edo nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuek, baldin legez eraturik badaude eta alarma-egoerak ukitutako enpresa-jarduerak gauzatzen badituzte, alegia, arrazoi direnak bai laguntza ekonomikoa emateko, bai dirulaguntza emateko ekonomia-jardueren gaineko zergaren kuotarako (EJZ) eta eremu publikoa okupatzeko tasarako (jatetxeen eta ostalaritzako zerbitzuen terrazen kasuan).

Halaber, kooperatibek eskatzen ahalko dute, betetzen baldin badituzte jarduera eteteagatik onurak hartzen dituztenei eskaturiko baldintzak.

Kanpo uzten dira administrazio publikoak, haien erakunde autonomoak, enpresa publikoak eta beste entitate publiko batzuk, bai eta elkarteak, fundazioak eta, oro har, irabazi-asmorik gabeko erakundeak ere, halakoekin lan egiten duten langile autonomoak barne.

3.–Baldintzak.

Ordenantza honetan jasoriko laguntzak hartzeko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki batek gauzatzea dena delako ekonomia-jarduera; horretarako erabiliko diren definizioak izanen dira Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ematen direnak.

b) Ekonomia-jarduerari erabateko jarduera-eteteak eragin izana, premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuak hala ezarrita.

Halaber, laguntza hauek hartzen ahalko dituzte erabateko eteteak eragin ez dien enpresek, baldin haien fakturazioa, gutxienez, %30 murriztu bada, aurreko paragrafoan aipatu arauan ezartzen denaren arabera.

Pertsona fisiko edo juridikoak jarduerari alta eman zionetik ez badira iragan diru-sarreren murrizketa egiaztatzeko eskatzen diren 6 hil naturalak, jarduera gauzatu den aldiari dagokionez eginen da balorazioa.

Baldintza hori justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat eginen da, eskabideari erantsiko zaiona, deialdi honen 6. puntuan eskatzen diren agiriekin batera.

c) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan edo kasuan kasuko lanbide mutualitatean, bai eta Nafarroako Foru Ogasunean ere, eskabidea aurkezten den unean.

d) Arroizko udal-mugartean izatea egoitza fiskala, bai eta jarduera gauzatzen den lokala ere, halakoa izanez gero.

e) Zorrik ez izatea Arroizko Udalarekin eta egunean izatea Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko tributu-betebeharrak. Baldintza hori bete beharko da eskabidea aurkezten denetik harik eta, bidezko bada, laguntza ordaintzen den egunera arte.

f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean ere.

g) Pertsona bat izendatzea, hala behar denean, ordezkari ahalduna izan dadin, entitate eskatzaileari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

4.–Laguntzen zuzkidura.

Ordenantza honetan jasoriko laguntzak bi motatakoak dira:

–Zuzeneko laguntza ekonomikoak.

–Tributuen arloko dirulaguntzak.

4.1.–Zuzeneko laguntza ekonomikoak.

Alarma-egoeraren ondorioz establezimendua ixteak eta erabateko jarduera-eteteak eragin ala ez, horrexen arabera zehaztuko da laguntza horien zenbatekoa. Hartara, kopuru hauek ezarri dira:

–Establezimendua ixteak eta erabateko eteteak eraginiko jarduerak: 800 euro.

–Establezimendua ixteak eta erabateko eteteak eragin gabeko jarduerak, baldin fakturazioan %30 edo gehiagoko murrizketa izan badute: 500 euro.

4.2.–Tributuen arloko dirulaguntzak.

Ekonomia-jardueren gaineko zergaren tasan %100eko laguntza emanen da, bai eta eremu publikoa okupatzeko tasan ere, jatetxeen eta ostalaritzako zerbitzuen terrazen kasuan.

Salbuespenezko neurri horren aplikazioa 2020ko ekitaldira mugaturik egonen da.

5.–Epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek I. eranskineko eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, eta harekin batera, II. eranskineko zinpeko deklarazioa eta hurrengo apartatuetan azaltzen diren agiriak.

6.1.–Pertsona fisikoak:

–Nortasun Agiri Nazionala, edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia pasaportearekin batera.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiri eguneratua, honako hauek adierazirik: jarduera ekonomikoa, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Gizarte Segurantzako altaren ziurtagiria, langile autonomoen araubidekoa, edo dagokion mutualitate profesionaleko altarena.

–Fakturazioa dagokion ehunekoan murriztu izana justifikatzen duen kontabilitate-informazioa, establezimendua itxi den ala ez eta jarduera erabat eten den ala ez kontuan hartuta, eskatzailea egon den egoeraren arabera, alegia.

Jarduera eten dela edo, bestela, murriztu dela justifikatzeko, hurren adierazten diren elementuetako bat aurkeztuko da, salbu eta jardueraren bolumena egiaztatzen duten liburuak eramatera behartuta ez dauden pertsona fisikoak badira, zuzenbidean onartzen diren frogabideetako edozein baliatzen ahalko baitute halakoek.

–Eman edo hartutako fakturen erregistro liburuaren kopia.

–Diru-sarreren eta gastuen liburu egunkaria.

–Salmenten eta diru-sarreren erregistro liburua.

–Erosketen eta gastuen liburua.

–Baldin eskatzaileari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

–Eskabidea aurkezteko ahalordea, hala behar denean.

6.2.–Pertsona juridikoak, sozietateak, ondasun-erkidegoak eta nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuk:

–Identifikazio fiskaleko kodea (IFK), dena delako pertsona juridiko, sozietate, kooperatiba, ondasun-erkidego edo nortasun juridikorik gabeko entitatearena.

–Pertsona juridikoaren eratze eskritura eta estatutuak, eguneratuak eta bidezko den erregistroan inskribatuak.

–Administratzailearen ahalordeen egiaztagiria, bai eta eskabidea aurkezten duenarena ere, pertsona bera ez badira.

–Administratzailearen Nortasun Agiri Nazionala, edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia pasaportearekin batera, bai eta eskabidea aurkezten duenarena, pertsona bera ez badira.

–Ekonomia-jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiri eguneratua, honako hauek adierazirik: jarduera ekonomikoa, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Administratzailearen Gizarte Segurantzako alta, bidezko den araubidekoa.

–Fakturazioa dagokion ehunekoan murriztu izana justifikatzen duen kontabilitate-informazioa, establezimendua itxi den ala ez eta jarduera erabat eten den ala ez kontuan hartuta, eskatzailea egon den egoeraren arabera, alegia.

Jarduera eten dela edo, bestela, murriztu dela justifikatzeko, hurren adierazten diren elementuetako bat aurkeztuko da, salbu eta jardueraren bolumena egiaztatzen duten liburuak eramatera behartuta ez badaude, zuzenbidean onartzen diren frogabideetako edozein baliatzen ahalko baitute halakoek.

–Eman edo hartutako fakturen erregistro liburuaren kopia.

–Diru-sarreren eta gastuen liburu egunkaria.

–Salmenten eta diru-sarreren erregistro liburua.

–Erosketen eta gastuen liburua.

–Baldin pertsona juridikoari, sozietateari, kooperatibari, ondasun-erkidegoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

7.–Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ordenantza honetan salbuespenez arautzen diren laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ororekin, baldin laguntzen zenbatekoak, guztira, ez badu gainditzen eskatzaileak 2019an batez beste izaniko hileko fakturazioa.

8.–Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Laguntza ematen zaiela jakinarazi ondoko 12 hilabetean segitzea dagokien Gizarte Segurantzako araubidean alta emanda, bai eta ekonomia-jardueren gaineko zergan ere, halakoei loturiko enpresa-jarduera mantenduta.

Ez bada betetzen aurreko paragrafoan ezartzen den aldi osoa, bete ez denari dagokion laguntza-zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak.

b) Men egitea egiaztapeneko eta finantza-kontroleko jarduketei, dirulaguntzen arloan indarra duen araudian xedatuaren arabera.

c) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan; bereziki, dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako egiaztapen eta finantza-kontrolen aurrean jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa agertzen denean.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, aplikatzekoak direnean.

e) Dirulaguntzaren ezaugarriak direla eta, salbuespenez, onuradunak salbuetsita daude emandako dirulaguntzari publizitatea egiteko betebeharretik.

9.–Eskaera-prozedurak ebazteko epea eta agiriak aurkeztea.

Eginiko eskaeren prozedurak ebazteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazioaren isiltasunak ezespen-ondorioak izanen ditu, baldin ebazpenik ematen ez bada ezarritako epean.

Laguntza ematen bada, zazpi egun balioduneko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, erantzukizunpeko adierazpenaren 5. eta 7. apartatuen ordez, organo eskudunek emaniko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta ordezkariaren alde emaniko ahalordea ere.

10.–Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan arauturiko neurri bereziak honako hauen babespean onetsi dira: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko; 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta aurrekontuak betearazteko oinarrietako 30. oinarria.

Hartara, ordenantza honek arautzen ez duen orotan, aipatutako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

ERANSKINAK

I.eranskina (eskabide-eredua) eta II. eranskina (erantzukizunpeko adierazpenaren eredua) deskargatu (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2008216